Alexandria
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Herri-mina dizuet kantatuko

ez egin barre lotsa banaiz

ez zaizkit akorduak zahartu

herri-minetan naiz oraino.

 

Alta badira hogeita bost urte

bizi naizela sorlekutik urrun

hogeita bost negu luze

oroimen minbera hau harrotzen:

Alexandria hiriaren

lurrina, usainak, deiadarrak

nire haurtzaroa suntsitu den

karrikak erretzen zituen eguzkia.

 

Kantua, bostetako otoitza

bihotzera zetorkigun bakea.

Ametsezko oturuntza zitzaigun

tipula gordina eta baba platera.

 

Ur pipa kafetegietan

eta agureekin, zoroekin,

jakintsuekin filosofatzeko astia,

eta iragaitzaz ziren atzerritarrak

arabiarrak, grekoak, juduak, italiarrak

denak mediterraneotar jatorrak

denak ontzi bereko:

amodioa eta zoramena oroz lehen.

 

Moustaki esaten ez zidaten

haientzako nahi dut kantatu.

Jo edo Joseph esaten zidaten

eztiagoa zen, laburragoa zen.

 

Karrikako edo lizeoko lagunok

iraganaldi ederreko lagunok

neskatoak genituen emazte

isilekoak ziren gure amodioak

besarkatzen genuen ikasten

ezin inoiz nahikoa jakin

aspaldi handi du, lagunok,

haurtzaroak utzi nauela.

 

Mamu baten gisa zait itzultzen

bere erresumara nau eramaten

ezer aldatu izan ez balitz bezala

denbora gatzatu izan balitz bezala.

 

Nire hamasei urteak dakarzkit

oraingo aldi honetan dizkit paratzen

barka ezazue xoxokerietan ari banaiz

ez dut oraino antidotoa kausitu

nire herri-mina sendatzeko,

ez egin barre lotsa banaiz

konprenituko nauzue, badakit,

nor bere zauriak bizi du:

galdu duen paradisuko txoko hura

bere lorategi debekatua.

Nireak Alexandria du izena

han nonbait da, Parisetik urrun.

 

                                  Alexandrie, 1976

 

Alexandria
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013