Askatasun
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Askatasun,

luzaz zaitut gorde

perla bitxi modura.

Askatasun,

izan zaitut lagun

trenkatzeko loturak

joateko hor barna

nonbait galtzeraino

ausazko bidazti,

amesti hartzeko

haize arrosa bat

ilargizko izpi.

 

Askatasun,

zuk hala nahi eta

manupeko ninduzun.

Askatasun,

dena eman nizun:

non esku hutsik naukazun.

Arrunt nekatu naiz

zure nahikariak

betetzeko lehian...

Sorterria utzi

adiskiderik ez

zure izan nahian.

 

Askatasun,

eman dizkidazu

usadio berriak.

Askatasun,

maite izan dizut

bakartasuna bera,

nolako irriak

mentura eder batek

jorik azkenera.

Zuk ninduzun zaindu

zauriak osatzen

gordean nintzela.

 

Askatasun,

utzi egin zaitut

abenduko gau batez,

desertatuz

biok egindako

bide luze ezkutuak.

Mesfidatu gabe

esku-hankak lotuak

eman dut amore:

utzi egin zaitut

maitasun kartzelaz

giltzari ederraz.

 

             Ma Liberté, 1970

 

Askatasun
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013