Edonoren requiema
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Egur iharra bezala hil da.

Edonor izan liteke

Andaluziako haurren bat

Schveik soldaduaren anaia.

Hila da, gerra amaitu da.

Hiletak eginen zaizkio

nor bere lanera ostera.

Hila da eta ni bizirik.

 

Egur iharra bezala da hil.

Hemendik urrun gertatua.

Urrun da Afrika, urrun Asia,

mertzenarioak eta beren G.I.ak.

Bizitzen jakin ezaz da hil,

odoletan, lokatzetan, itolarrian

belauniko bizi behar zelarik.

Noizbait heriotzak egin du libre.

 

Egur iharra bezala da hil.

Edonor izan zitekeen,

Theodorakiren anaia,

Zorba Grekoaren semea.

Hila da, ni herbestean

eta berarekin naiz hiltzen

gaua datorren aldiro

apirileko eguzkiaren gain.

 

Hila da, urrikari ditut haren hautsak.

Ez da lekua ez tenorea

inori kontu eskatzeko

baina nik nahi ez arren datoz hitzak.

 

           Requiem pour n'importe qui, 1970

 

Edonoren requiema
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013