HARPA EHULEAREN BALADA
Edna St. Vincent Millay

The Ballad of the Harp Weaver, 1922
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

Seme, esan zidan amak,

ni belaun azpiko ume,

arropa behar duzu zuk eta

ez daukat trapu bat ere

 

Etxean ez daukagu ezer

zuri egiteko galtzarik

ez aizturrik oihala mozteko

ez eta josteko haririk

 

Etxean ez daukagu ezer

ogi mehea bakarra.

Eta inork ez digu erosiko

emeburuko harpa.

Hura amaren axanpa!

 

Udazkena hasi berria.

Udazkenaren azkenerantz

seme, esan zidan, zu ikusita

odola zait zainetan gatz

Arropa azpian nabarmen

omoplatoak argal txiki.

Jakaren bat non bilduko duzun

Jainkoak bestek ez daki.

 

Beharrik genuen, seme,

zure aita lurpera.

Ez da etortzen ahal bere semea

nola dudan ikustera!

Eta soinu latz bat zuen atera

 

Negua heldu zen eta

joan zitzaigun udazkena.

Ez neukan galtza parerik

ez eta brusan izena


Ezin eskolara joan

edo jolasten kalera.

Eta gainerako mutikoek

bidean gora aurrera

 

Seme, esan zidan amak,

zatoz, jarri belaunean
hezurtxo horiek laztan ditzadan
lo hartzen duzunean.
 
O, zeinen ergelak ginen

ordu erdiz eta gehiago

nik neure hanka luze haiekin

zoruan narras bi zango

 
Baratzetik akerra ken,

ken ken ken ken, ken ken ken ken!

O, ordu betearen erdian

zer zoriontsuak ginen!


Ni hantxe, mutil handi bat,

zer jendearen esana

egun osoan niri kantari ama

ni egun osoan lo

zoro

 
Negua gogorra dator,

gizon denen alamena.

Erregaia urri zebilen

eta garesti jatena

 
Haize otsomuturrak

gure atean zer ulu!

Aulki guztiak surtara

eta zoru gainean gu

 

Apurtezineko aulki bat

han geneukan bakarra.

Eta emeburuko harpa

ez zuen hartuko inork

jotzeko edo errukior.

 

Eguberri aurreko gaua!

Hotzak egin nuen negar

negar lo hartzeraino

iduri neukala urte bat

 

Eta gauaren minean

handi sumatzen nuen ama

maitasuna begietan 

goitik behatzen zidala

 

Besaulki eder batean 

ikusi nuen ama jarria,

ez dakit nik nondik sortua zen

heltzen zitzaion argia
 
Hemeretzi urteko zela
egunik ere ez gainera,
eta emeburua zeukan harpa

ekarririk bizkarrera

 

Zurda mehe altuetan zalu,

haren eri meheak

ehun-ehun-ehunka aritu ziren
gauzarik ederrenak
 
Ez ikusi nondik baina

distirazko milaka hari

iragan ziren zurdetan zehar

mehar

 

Eta urrezko hariek ziztu

amaren eskuan barna.

Oihala handitzen ikusi nuen

eta hedatzen aztarna.

 

Eta ehuntzen amaituta

horra haur baten jaka.

Zoruan ipini eta beste bat

ehundu zuen berehala.

 

Ehundu zuen ikusgarrizko

kapa gorri eder bat.

Erregearen semeak behar du 

esan nuen, ez da enetzat:

banekien zela enetzat!

Ehundu zuen galtza parea

egundoko azkarrez!

Ehundu zuen bota parea

eta kapelua hiru adarrez

 

Ehundu zuen eskularru parea

ehundu zuen brusa motz bat,

Ehundu zuen gau osoan

ilunenean, bai, hotzak.

 

Nola lan hala kantu

eta harpa zurdak mintzo

ahotsa zutela zindo

haria zutela tinko…

Goizean zer ikusiko?

 

Ama jarria zegoen

harpa ekarria bizkarrera

hemeretzi urteko zela

egunik ere ez gainera

 

Burua zeukan argiz

ezpainak zeuzkan irriz

eta harparen zurdetan eskuak

hotzaren hotzez hilik                         


Eta haren ondoan metatuak

zeruari bekoz beko

errege baten jantziak zeuden.

Ene neurri bereko.

 

HARPA EHULEAREN BALADA
Edna St. Vincent Millay

The Ballad of the Harp Weaver, 1922
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015