OLDARREAN DATZALA
Henri Michaux

Qu'il repose en révolte
euskaratzailea: Itxaro Borda
armiarma.eus, 2018

 

Ilun pean,

Arratsean izango da bere memoria,

Sufritzen duenean, izerditzen denean

Bilatzen eta aurkitzen ez duenean

Hondartzan hiltzen doan gabarran

Bala hatz egilearen abiatze txistukarian

Sufre uhartean izango da bere memoria.

 

Sukarra berean edukiko duenean, murruak axola

Ez zaizkionean

Jauzi egin eta hormen aurka baizik ihardoki ez duenean

Damutzen ez den gaizkilean

Beti zalantzaz dagoen ahulean

Gorputzak ihes egiten dion maitalean

Espazioak karruskatzen duen ibiltarian.

 

Tunelean

Bere baitara biribilkatzen doan oinazean

Hilerriak zimurtzen ausartzen denean.

 

Zartatuz elkar jotzen duten astroen

Orbita sutsuan

Ontzi inguman, andregai zimelduan

Arrastiriko kantan izango da bere memoria.

 

Itsasoaren presentzian

Epailearen distantzian

Itsutasunean

Pozoi kikaran.

 

Zazpi itsasoen kapitainean

Ezpata garbitzen duenaren ariman

Herri oso baten alde negar egiten duen seskazko organoan

Eskaintzaren gaineko tuaren egunean.

 

Neguko fruituan

Berriz hasten diren borroken birikan

Txalupa barneko eroan.

 

Nehoiz asetzen ez diren desioen beso bihurtuetan

Izango da bere memoria.

 

OLDARREAN DATZALA
Henri Michaux

Qu'il repose en révolte
euskaratzailea: Itxaro Borda
armiarma.eus, 2018