MENDEBALDEKO EMAKUMEEN HAREM-A 38 TALLA DA
Fatima Mernissi

Le Harem et l'Occident, 2001 (Albin Michel)
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2017

 

      Aurreneko aldia zen nire tallari buruz halako ergelkeria bat esaten zidatela. Marokoko kaleetan gizonek nire aldaken zabala dela-eta esandako piropoek eramana ninduten pentsatzera planeta osoak berdin pentsatzen zuela. Egia da adinean gora noala gero eta piropo gutxiago entzuten dudala medinatik pasatzen naizenean eta, jakina, ohartu naiz isiltasuna handiagoa dela merkatuan nabilelarik. Baina denbora da neure buruarekiko segurtasuna indartzeko formak kanpoan bilatzeari utzi niola; izan ere, nire neurriek ez dute bat egin izan edertasunaren tokiko estandarrekin, eta maiz denfendatu behar izan dut nire burua zirafa (alegia, jirafa) deitzen zidaten gizonengandik, lepo luzekoa bainaiz. Paradoxikoki, Rabatera ikastera joan nintzenean deskubritu nuen besteei eragiten nien erakargarritasun handiena zela, hain zuzen ere, nigan garatua nuen konfiantza nartzisista. “Edertasunaren xantaia” deitzen nion hartatik babesteko garatua nuen konfiantza horrixe. Neure kideek ezin zuten sinetsi bost axola izatea nire fisikoari zer iritzen zioten.  “Hara, Karim maitea, bizitzeko behar dudan bakarra ogia, olibak eta sardinak dira. Lepo luzeegia dudala pentsatzea zure arazoa da, ez nirea”. Dena den, medina batean edertasunari buruzko ez komentarioak ez piropoak dira zerbait absolutu edo serioa; dena negozia daiteke. Baina saltoki erraldoi amerikar haietan kontuak desberdina zirudien.

      Nire ohiko konfiantza galdu egin nuen inguru newyorktar hartan, onartu beharra daukat. Ez da kontua uneoro nire buruarekin seguru sentitzen naizenik, baina ezta ere kalean edo unibertsitateko pasalekuetan noanean nitaz besteek zer pentsatuko duten zalantzan joanen naizenik ere. Jakina, piropo bat entzutean nire egoa gazta-souffle bat bezala puzten da, baina ez dut gehiegi espero. Goiz batzuetan itsusi ikusten dut neure burua, nekatuta edo motel sentitzen banaiz, baina beste batzuetan izugarri eder sentitzen naiz, eguzkia atera duelako edo parrafo on bat idaztea lortu dudalako. Eta bat-batean, denda estatubatuar handi eta isil hartan, non aire nagusiz sartua bainintzen dirua gastatzera doan kontsumitzaile beregainaren estatus zilegiaz gozatuz, era bortitz batean eraso egin zidatela sentitu nuen. Nire aldakak, ordura arte helduaro nare eta desinhibitu baten sinbolo, tanpez deformazio bihurtu ziren.

      — Eta jakin al liteke nork erabakitzen duen zer den normala eta zer ez? —galdetu nion saltzaileari, arauak zalantzan jarriz nire segurtasuna berreskuratzeko asmotan. Sekula ez dut uzten inork ebalua nazan eta erabaki dezan polita naizen edo ez, beharbada bai Fezen, umetan, ez nuelako sekula edertasun moldeekin bat egiten eta beti esaten niolako nire buruari altuegia nintzela, iharregia, masailak markatuegi neuzkala eta begiak zorrotzegi, non eta opil-aurpegiko neskatila gizentxoak laudatzen ziren hiri tradizional batean. Senarrik ez nuela aurkituko-eta deitoreka zebilen ama, eta horregatik animatzen ninduen ikastera, hainbat trebetasun hartzera, ipuinak kontatzetik hasi eta josteraino, mundu honetan biziraun ahal nezan. Nik beti esaten nion: Alak halakoa egin banau, nolatan erratuko zen, ama? Horrek bolada batez isilarazten zuen, erantzungo balit Gure Jaunaren aurka egingo baitzuen. Nire itxura arraro hura opari jainkotiar gisa laudatzeko taktitka horrek lagundu zidan hiri tradizional eta ikuspegi estuko hartan aurrera egiten; are, hala zela sinesten ere hasi nintzen. Ia nire buruarekin ziur sentitu nintzen. Eta ia diot, ezen norberarenganako segurtasuna ez baita ezer ukigarri eta egonkorra, urteak pasatuagatik maizten ez den zilarrezko iduneko bat bezala. Norberarenganako segurtasuna agertu eta desagertzen den argitxo ahul bat bezalakoa da, beraz etengabe zaindu beharrekoa. Nahikoa litzateke inork itsusia naizela esatea, prozesu osoa berriro auzitan jartzeko. Eta horixe gertatu zitzaidan magazin estatubatuar haietan.

      — Eta nork esan du jende orok 38 talla izan behar duenik? —txantxa egin nuen, nire ilobak, ikaragarri argala, erabiltzen duen 36a aipatu gabe.

      Une horretan emakumeak antsietate apur batez begiratu zidan.

      — Araua toki guztietan dago, maitea —esan zuen—. Aldizkarietan, telebistan, iragarkietan. Ezinezkoa da ez ikustea. Clavin Klein daukagu, Ralph Lauren, Gianni Versace, Giorgio Armani, Mario Valentino, Salvatore Ferragamo, Christian Dior, Yves Saint-Laurent, Christian Lacroix eta Jean-Paul Gaultier. Saltoki handiek modaren arauari men egiten diote.

      Tarte bat egin zuen, honela amaitzeko:

      — Hemen 46 edo 48 tallak salduko bagenitu, zuk seguruenik behar dituzunak, porrot egingo genuke.

      Gelditu egin zen une batez eta begi zorrotzez begiratu.

      — Baina, non bizi zara, emakume? —elkar uler genezakeela txinparta ikusi nuen orduan—. Sentitzen dut, baina ezin dizut lagundu, benetan —serioski gogogabetzen zela iruditu zitzaidan. Eta tanpez oso interesatua azaldu zen. Laguntza eske hurbildua zitzaion bezero bat uxatu zuen:

      —Bila ezazu beste dendari bat, ez al duzu ikusten lanpetuta nagoela? —gure elkarrizketari minutu batzuk gehiagoz eusteko ahaleginean zirudien—.

      Orduan ohartu nintzen adinkideak izango ginela, berrogeita hamaluze. Baina, nire aldean, haren gorputza nerabe batena bezain estilizatua zen. Belaun gaineko haren Chanel soinekoak, urdin ilun kolorekoa, zetazko lepo zuri ohikoa zuen, Frantziako aristokraziako mende hasierako gaztetxoen dotorezia katoliko apalaren oihartzuna. Perla-gerriko fin batek haren gerriaren argala nabarmentzen zuen. Diseinuzko kizkurrekiko ile motzekoa, makillaje sofistikatuz, nire adinaren erdia zuela begitandu zitzaidan hasiera batean.

      — Emakumezkoen arropetan neurririk ez dagoen herrialde batetik nator —erantzun nion—. Nik neuk erosten dut oihala eta auzoko jostunak edo artisau batek egiten dit eskatzen diodan gona, zetazkoa edo larruzkoa. Bisita bakoitzean hartzen dizkidate neurriak. Ez jostunak ez nik dakigu egin behar didan gonaren neurria, inoiz ez. Josten ari delarik deskubritzen dugu. Marokon, zergak ordaintzen ditudan bitartean, inori ez zaio axola zein talla dudan. Ez dakit, egia esango badizut, zein neurri erabiltzen dudan.

      Emakumeak barre egin zuen, dibertiturik, eta esan zidan nire herriaren propaganda egin behar nuela, paradisua iruditzen zitzaiola emakume langile eta estresatuentzat.

      — Esan nahi duzu ez duzula pisua zaintzen? —sinesgogor itaundu zidan.

      Eta isilaldi labur baten ondoren, ozen erantsi baina bere kautan hizketan ari balitz bezala.

      — Emakume askok oso ondo ordaindutako lanpostuak dituzte, modaren munduaren baitan, eta kanporatuak izan litezke dieta zorrotz bat jarraituko ez balute.

      Haren hitzak hain ziren argiak eta zerien mehatxua hain zen krudela ezen ohartu bainintzen lehenengoz agian 38 talla zapi musulmana baina debeku bortxazkoagoa izan zitekeela. Agur esan nion, ez denbora gehiagoz okupatzearren eta ez sartzearren elkarrizketa agian emozionalegi eta ez oso ongietorri batean; ez hastearren adina medio murriztutako soldatei buruzko sekretu-trukean. Seguruenik segurtasun-kameraren bat ere grabatzen ariko zitzaigun.

      Nire enigmari erantzuna aurkitu niola, hori bai, hori pentsatu nuen. Gizon musulmanak bere nagusigoa espazioaren erabilerarekin ezartzen du (emakumeari plaza publikoa galaraziz), eta, haren aldean, mendebaldeko gizonak denbora eta argia manipulatzen ditu. Honek esaten du emakume bat ederra dela 14 urte izateko itxura daukanean. Bat ausartzen bada 50 edo, are okerrago, 60 urte izateko itxura edukitzen, hori onartezina da. Haur irudi horri inportantzia gorena eman eta edertasun-ideal gisa ikonografian txertatzean, emakume heldua ikusezintasunera kondenatzen du. Hortaz, Immanuel Kantek XVII. mendean esandako teoriak berresten ditu mendebaldetar modernoak: emakumeek eder itxura izan behar dute. Baina hori infantila eta ergela da. Emakume batek heldutasuna eta bere buruarekiko konfiantza izateko itxura ematen badu, eta beraz nireak bezalako aldaka zabalak edukitzeagatik lotsatzen ez bada, itsusia delakoan kondenatzen da. Eta honela, harem europarraren mugak bereizketa egiten du edertasun gazte bat gustu txarrekotzat jotzen duen edertasun heldu batetik.

      Mendebaldeko jokabidea, dena den, musulmana baino arriskutsuagoak eta maltzurragoa da, emakumeen aurka baliatutako arma denbora delako. Denbora zerbait ikusgaitzagoa da, espazioa baino fluidoagoa. Mendebaldetarrak fokuekin eta iragarkietako irudiekin izozten du edertasun femeninoa, haurtzaro idealizatu moduan, eta emakumeak behartzen ditu adina, hau da, denboraren joan naturala, debaluazio lotsagarri gisa bizitzera. Dinosaurio bat ez naiz bada orain!, esan nion neure buruari, ozen, dendako gona-ilarak korritzen nituela dendariari oker zegoela erakusteko itxaropenarekin. Baina ordu erdi batean onartu behar izan nuen ez nuela balioko zidan ezer topatuko. Denboraren patroiarekin moztutako chador mendabaldetarra ayatolek inposatzen duten espazioarekin egindakoa baino zentzugabeagoa zen.

      Mendebaldearen ezaugarri den muga honek dakarren bortxa ikusten zailagoa da, ez diolako adinari zuzenean eraso egiten, ezpada aukera estetiko gisa mozorrotzen. Denda hartan, hain zuzen ere, ez nintzen soilik bat-batean itsusi mortal sentitu, inutil ere sentitu nintzen. Zapiaz egiten duen erabileraren arabera hartzen dute aintzat emakumea ayatolek, eta Mendebaldean haien aldaka zabalek seinalatu eta marjinatu egiten dute. Emakume tipo hau existentzia-ezaren mugan bizi da. Nerabetasun-aurreko emakumea goratzean, gizon mendebaldetarrak beste zapi klase bat ezartzen die nire adineko emakumezkoei, ongi asko estaltzen gaitu itsustasunaren chadorrarekin. Pentsatze hutsak oilo-ipurdia jartzen dit. Azala muga ikusezin horrekin tatuatzea bezalakoa da. Emakumezkoei oinak bendaz lotzearen ohitura txinatarrak berdin funtzionatzen du: gizonek edertzat zeuzkaten soilik haur oinak zituztenak. Kontua ez da txinatar gizonezkoek behartzen zituztela emakumezkoak oinak bendekin lotzera. Edertasun ideala definitzen zuten, besterik gabe. Txina feudal hartan emakume batek eder izatea lortzen zuen mugitzeko bere ahalmena sakrifikatuz gero, bere bizitzaren helburu bakarra gizonezkoak agradatzea zela erakustearren oinak mutilatuz. Eta beraz, emakume eder batentzako gona dotore bat aurkitzeko asmoa baldin badut, nire aldaken neurria gutxitu behar dut 38 talla batean sartu ahal izateko moduan. Emakume musulmanak ramadan hilabetean egiten dugu barau, baina mendabaldetar koittaduek urteko hamabi hilabeteak egin behar dituzte dietan. Quelle horreur!, errepikatzen nuen, emakume estatubatuarrak denda hartan arropa erosten ikusten nituelarik. Nire adineko denek nerabe osasuntsuak ziruditen.

      Naomi Wolfen arabera, 90eko urteetan modeloei exigitutako neurria latz murriztu zen. “Duela belaunaldi bat, modelo ohikoak emakume estatubatuar batez bestekoak baino %8 gutxiagoko pisua zuen; eta gaur egun aldea %23koa da… Miss Americaren pisua amildu egin zen, eta Playboy playmates-eko modelo tipikoarena 1970ean batez bestekotik %11 azpira egotetik, zortzi urtean %17 azpira egotera pasatu zen”. Egile honen arabera, neurri idealaren murrizketa anorexiaren eta beste osasun arazo batzuen zioetako bat da. “(…) elikatze ohituretako desordenak modu exponentzialean hazi ziren, eta janariaren eta  pisuaren inguruko neurosi asko agertu ziren, emakume askori kontrola galaraztea eragiteraino”. Bat-batean, argitua nuen harem europarraren misterioa. Munduaren alde honetan baliatzen den arma da gaztetasuna kosta ahala kosta goratzea, zahartzea kondenatuz. New Yorken denboraren dimentsioa baliatzen da emakumeen aurka egiteko, eta Teheranen  ayatola irandarrek espazioaren dimentsioa baliatzen dute emakumezkoak tokiz kanpo eta desegoki senti daitezen. Helburua berbera da kasu bietan. Bere garaia bizi duten emakumezko mendebaldetarrak, adinarekin esperientzia eta heldutasuna lortzen dutenak, itsusi kontsideratzen dituzte modaren profetek Mendebalean, Iranen eremu publikoan azaltzera ausartzen diren emakume irandarrak bezalaxe.

      Mendebaldeko gizonaren boterea da ezartzea emakumeak nola jantzi behar duen eta zer itxura izan behar duen. Gizonezkoak kontrolatzen du modaren industria bere osotasunean, kosmetikatik hasi eta barne-arropataraino. Ohartu nintzen Mendebaldea dela toki bakarra non emakumezkoen moda kontuak gizonezkoek zuzendutako negozio bat direla. Maroko bezalako herrialdeetan moda emakumeen kontua da. Ez Mendebaldean. Gizonekoek ia fetitxe diren produktuen parafernalia oso bat kontrolatzen dutela dio Naomi Wolfek: “Antsietate inkontziente batek sortutako diruarekin aurrera egin dute industria oso boteretsu batzuek (elikadura alorreko industria, 33.000 milioi dolarreko irabaziekin; kosmetikaren industria, 20.000 milioirekin; kirurgia plastikoak, 300 milioirekin; eta pornografiaren industria, 7.000 milioirekin); eta masa-kulturaren bitartez haluzinazio berori erabili, zirikatu eta indartu dute, etenik gabe hazten doan espiral ekonomiko batean”.

      Baina, zein da sistema? Zergatik onartzen dute emakumeek? Pierre Bourdieu soziologo frantsesarena da, azalpen guztien artean, gehien gustatu zaidana. La domination masculine liburukoa da: “Bortxa sinbolikoa boterea egikaritzeko modu bat da, pertsonaren gorputzean zuzenean eragiten duena, magia bitartez balitz bezala, itxuraz hertsatze fisikorik gabe”.  Bourdieu irakurtzen Mendebaldeko gizonen psikea hobexeago ulertzen hasi nintzela iruditu zitzaidan. Bourdieuk azaltzen du kosmetikaren eta modaren industriak izebergaren punta baino ez direnez, ematen duela emakumezkoek industria hauen ezarpenak onartzeko predisposizio erraz bat dutela, naturala balitz bezala. Bestela ezinezkoa litzateke ulertzea zergatik emakumezkoek hain espontaneoki menosten duten beren burua. Bourdieuk bere buruari galdera egiten dio ea emakumezkoek zergatik zailtzen duten euren bizimodua bikotea beti haiek baino altuagoa edo zaharragoa hautatuz, adibidez. “Emakumezko frantses guztiek nahi dute senartzat haiek baino zaharragoa den gizonezkoa, eta, horrekin koherentea denez,  haiek baino handiagoa, fisikoki”. Sumisio liluragarri horretan harrapatuta, haragiaren geruza misteriotsuetan txertaturiko bortxa sinbolikoaren ezaugarria baita, emakumeek uko egiten diete “hierarkia sexualaren zeinu komunei” (“les signes ordinaires de la hiérarchie sexuelle”), hala-nola zahartzea eta gizentzen den gorputz bat. Bourdieuk insistitu egiten du “bortxa sinboliko” honek eta eragiten duen lilurak zer indar duen ulertu ahal izango dugula soilik ohartzen bagara erakunde serioen eta industria, itxuraz, friboloaren artean dagoen lotura.

      Merkatu-analisietan hamarkadetan ahalegindu da Bourdieu “l´économie des biens symboliques” deritzona sartu nahian, eta horren baitan ardatzetako bat da “sinboliko” matiza. Bere analisi horiekin diskurtso ekonomikotik aldentzen da, hertsiki materialistatik, baina baita etnografikotik ere, aktoreen subjektibitatea azpimarratzen duelako trukeak menpekotasun-harremanetik sortzen diren kasuetan. Horrek era berean azaldu egiten baitu emakumeak kode kosmetiko eta modakoei, hain hertsagarriak, dieten obedientziaren izaera magikoa.

      “”Sinboliko” hitza bere adierarik ohikoenean hartuz gero, pentsa liteke “bortxakeria sinbolikoa” azpimarratzea bortxakeria fisikoari garrantzia kentzea dela, eta ahantzaraztea emakume kolpatu, bortxatu eta ustiatuak daudela; edo, are okerragoa litzatekeena, horrek indarkeria mota hori darabilten gizonezkoak errugabetzen dituela. Ez da hori nire asmoa, noski. “Sinboliko” adjektiboa ulertzen badugu ”erreal” edo “eraginkor” hitzen kontrako gisa, pentsa genezake bortxakeria sinbolikoa bortxakeria “espiritual” hutsa dela, eragin errealik gabekoa. Eta bereizketa inozoa da hori, lehen mailako materialismo bati dagokiona, eta hain zuzen ere ondasun sinbolikoen materialismoak eraitsi nahi duena (horretan nabil urtetan), eraitsi eta ordeztu menperakuntza-harremanen esperientzia subjektiboaren objektibotasunaren teoriarekin. Beste akats bat da pentsatzea etnologiari egindako erreferentziak, nik egindakoak haien funtzio heuristikoa azaldu nahian, modu bat direla “eterno femeninoaren” mitoa berrezartzeko, itxura zientifiko baten pean, edo, are larriagoa, menperakuntza maskulinoaren egitura betikotzeko asmoa dagoela, berau betierekotzat eta aldaezintzat joz. Beraz, menperakuntza egiturak ahistorikoak direla esatetik oso urrun, saiatuko naiz ezartzen egiturok erreprodukzio lan geldiezin baten emaitza direla (lan historikoa, beraz), eta lan horretan parte hartzen dutela eragile partikularrek (hau da: gizonezkoek, bortxakeria fisikoa eta bortxakeria sinbolikoa bezalako armekin) eta erakundeek (familia, eliza, eskola, Estatua).
      Sumisio magiko hau zertan den ulertzen hasi nintzenean lasaitua hartu nuen, ayatola kontserbadoreek oraindik ere ez baitute ideiarik hau badenik. Ezagutuko balute, laster lirateke metodo sofistiktuon aldera lerratuta, askoz eraginkorragoak baitira sexuen arteko berdintasuna aitzina dadin eragozteko. Buztinezko kazolan ikatzezko suarekin ordutan egondako berdura eta okelaz osatutako tagine-z betetzea edo nahi dudana jatea debekatu ahal izatea litzateke modurik onena nire pentsatzeko ahalmena geldiarazteko.

      Hala Naomi Wolfek nola Pierre Bourdieuk ondorioztatu dute gaur egun itxura fisikoan oinarritutako kodeek gerarazi egiten dutela botereagatik lehiatzeko emakumezko mendebaldetarren ahalmena, nahiz eta oso eskura dutela iruditu hezkuntza eta soldata-hobekuntzak lortzea. “Argaltasun femeninoarekiko obsesio kultural batek ez dauka zerikusirik edertasun femeninoarekiko obsesioarekin”, azaltzen du Wolfek. Gehiago da “emakumeen obedientziarekiko obsesio bat. Elikadura erregimenetara makurraraztea emakumeen historiako sedante politikorik ahaltsuena da; isilpean trastornaturiko biztanleria manejatzen erraza den biztanleria da”.  Wolfek dio ikerketek “baieztatu dutela emakume gehienek lehendik ere sobran zekitena: pisuarekiko kezkak berarekin dakarrela “autoestimaren eta ereginkortasunaren sentsazioaren kolapsoa” eta “murrizketa kaloriko luze eta segidako baten” ondorio izaten dela izaera berezi bat, “pasibotasuna, antsietatea eta aldaketa emozional bortitzak” bere baitan dituena”. Bourdieuk ere, zeina saiatu den erakusten mito horrek bere inskripzioak azalean suaz tatuatzen dituela, onartzen du emozionalki desestabilizatzen dela emakume bat espazio publikoan bere itxura fisikoa etengabe gogorarazten bazaio. Objektu erakusgarri huts bihurtzen baitu.

      “Gizonezkoen menperakuntzak segurtasunik gabeko egoera etengabean jartzen ditu emakumezkoak, beti besteek begiratuak eta pertzibituak izango diren objektu sinbolikoen status-era mugatuta. (…) Etenik gabe borrokatu behar dira erakargarri, eder eta beti disponible egoteko”.

      Izozte egoera honetan daudela, existentzia edukitzailearen araberako objektu pasibo gisa, gaur egungo mendebaldetar emakumeak, heziak eta ikasketadunak, harem bateko emakume esklaboen ataka berean daude.

      —Milesker, Ala, 38 tallaren harem-aren tiraniatik libro uzteagatik— marmarikatzen nuen Paris eta Casablanca arteko nire hegaldiko eserlekuan. Etxera iristeko irrikan nintzen.

      —Eskerrak Benkiki irakasleak ez dakien deus tallen inguruan. Hain gutxi 38 neurriaz. Bai ikaragarria fundamentalistek zapia ez ezik 38 talla ere inposatuko balute!!!

      Posible ote manifestaldi politiko sinesgarri bat antolatu eta kalera irtetea giza eskubideak zapaldu zaizkigula protesta egitera, oihu egitera, batek nahi duen gona aurkitzea ezinezkoa delako?

 

MENDEBALDEKO EMAKUMEEN HAREM-A 38 TALLA DA
Fatima Mernissi

Le Harem et l'Occident, 2001 (Albin Michel)
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2017