Hilketa mexikanoak
Max Aub

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Hamahiru ate, Elkar, 1985.

 

          Zein akabatu, horixe zen ene zalantza bakarra: linotipista ala zuzendaria. Hauxe hautatu nuen, entzunagoa. Zetatik zotara dagoen aldea.

 

* * *

 

          Ez, nik ene burua hil behar nuen. Baina pistola enkaskillatu zitzaidan. Benetan, neuretzat zen azkenengo bala. Zer axola baten batzuk ene aurretik eramatea? Han, leihotik, ez zen batere salbatzen. Ene ehiztari denboran bezala.

 

* * *

 

          Jainkoa hil gauza guzien gainetik, eta lagun hurkoa ere akabatu ahalbait, harik eta mundua esku ahurra bezain garbi geratu. Bertan harrapatu ninduten. Futbol zelai hartan: hainbeste idiota eserita! Eta ni ametrailadoraz segan, segan, segan. Lastima, amaitu orduko harrapatu nindutela.

 

* * *

 

          Bere izena oroitzen ez nuelako hil nuen. Zu ez zara sekula izan Zeremonialeko nagusiordea, ni bai, nagusi funtziotan gainera. Eta Lehendakaria ene aldamenean, ni ilaran zetozenak aurkezten, eta pertsonaia hura, ilaran, iristen, iristen...

 

* * *

 

          Nik laugarren tomoa berari utzi niola, eta berak ezetz erantzuten zidan! Eta ene liburutegian liburu haren hutsunea, hilobi bat bezala...

 

* * *

 

          Betokerra zen eta bekaitzez so egiten ninduela iruditu zitzaidan. Bekaitzez begiratzen ninduen! Hemen, edozein hilda ere, zerraldo dagoela esaten da.

 

* * *

 

          Hainbeste istorio! Zer axola bata ala bestea! Klienteak zeuk hautatzen dituzu ala?

Niri asko gustatzen zait zinema. Ni funtzioa hasten deneko ordu exaktoan ailegatzen naiz beti. Eseri, lasaitu, finkatu eta hitz bat ere ez dut galtzen, sarrerako txartela ene diruz ordaindu dudalako, gainera ikastea asko gustatzen zaidalako. Ez dut eragozpenik nahi, eta ilararen erdian esertzen naiz, horregatik, ene aurretik inor iragan ez dadin. Ez dut aguantatzen! Eta bikote hura zurrumurruka egon zen notiziero unibertsalaren denbora guzian. Ene desatsegina erakutsi nien, neurrian. Nahiko isilik egon ziren marrazki animatuen filmean zehar, ez zen hain ona eta gainera ikusirik nuen (ez dago hori emateko eskubiderik, estreinuko zinetoki batean). Dokumentalean zehar solasean aritu ziren berriro. Asaldaturik itzuli nintzen eurengana, eta bost minuturako isildu ziren, baina filma hasi zenean, ordukoa jadanik ezin zen aguantatu. Inguruko guziak enekin ados zeudela iruditu zitzaidan, eta seseka hasi nintzen. Orduan ene aurka jarri ziren guziak. Injustoa zen hura. Oraindik ere mintzo zen bikoteari zuzendu nintzen, oihuka:

          — Isilduko ote zarete inoiz!

          Orduan, gizon hark gordinkeria bat esan zidan. Niri! Orduantxe atera nuen nik ene burdinatxoa. Hari eta besteei, ea isiltzen ikasten zuten.

 

* * *

 

          Nik semea nahi nuen, jauna! Laugarren alaba erditu zidanean, akabatu egin nuen.

 

* * *

 

          Urdaileko mina nuela hil nuen.

 

Hilketa mexikanoak
Max Aub

euskaratzailea: Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Hamahiru ate, Elkar, 1985.