Gerla
Guy de Maupassant

1881
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

     Entzuten dudalarik hitz hori, gerla, aztoramendu batek hartzen nau, gauza urrun, ustel, basati, izugarri, naturaz lekorako zer edo zertaz hitz eginen balidate bezala.

     Gerla..! borrokatu!... hil!... gizakiak sarraskitu!... Eta egun badauzkagu, garai honetan, zibilizazio honetan, giza-jenioa iritsia den zientzia hedaduran eta filosofia mailan, hiltzen irakasten duten eskolak, hagitz urrundik hiltzen jende samaldak batean, gizaki dohakabeak, errubakoak, familia buruak, eta aurrekari penalik gabekoak! Eta estonagarriena da, gizarte osoak naturala ikusten duela hau guztia!

     Eta laidoztatu, uhukatu, harrikatu eginen genukeen menturaz Victor Hugok ez bestek jaurti izan balu oihu hau: "Egun, indarrak bortizkeria du izena, eta hasiak gara epaitzen; gerla akusaziopean paratua da; zibilizazioa, giza jeneroaren pleinuz, zuzemenak bideratu eta konkistatzaileen eta kapitainen txosten kriminal handia osatuz doa. Herriek ulertzera egin dute bidegabekeria baten handitzea ez litekeela izan txipitzea, hiltzea krimen bat baldin bada, handizka hiltzea ez litekeela izan inguruabar aringarria, ebastea ahalkegarri bada, inbaditzea ez litekeela izan aintzagarri. Ea! Aldarrika ditzagun egia absolutuok... desohora dezagun gerla!".

     Joko honetan biziki abila den artista batek, sarraskilari antzetsua, M. de Moltke-k, honelako gauza bitxiak arrapostu dizkie azkenaldion Bakearen Ligako ordezkariei: "Gerla santua da, Jainkoaren instituzioa, munduko lege sakratuetarik bat dugu; gerlak sentimendu handi guztiak elikatzen ditu gizakietan, ohorea, eskuzabaltasuna, bertutea, adorea, eta, hitz batean, materialismorik higuingarrienean erortzetik begiratzen ditu". (Harritzekoa da  naturalismoa esan ez izana).

     Horrela, berrehun milana gizoneko artaldetan batzea, gau eta egun atsedenik gabe ibiltzea, deus ez ikastea, deus ez irakurtzea, zikinez usteltzea, lokatzetan etzatea, etenik gabeko ergeltze batean basatiak bezala bizitzea, hiriak bipiltzea, herriak hondatzea, gero beste gizaragi multzo batekin topo egitea, hari oldartzea, odol putzuak eta gorpu metak egitea, besorik edo hankarik gabe gertatzea, zure emaztea eta zure seme-alabak goseak hiltzen dauden bitartean garuna zapartaturik zelai bazterrean usteltzea: horra zeri zaion esaten materialismorik (edo naturalismorik) higuingarrienean ez erortzea.

     Alta bagenu basatien zentzu praktikoa, guk hildako haragi hori dena erabiliko bagenu gure hazkurri gisa, gerla baldin balitz hornitzeko bidea herrialde txiroendako, esportatuko balitz gerlari gazitua Amerikak idiak eta urdeak kutxatan esportatzen dituen bezala, gaitzerdi genuke. Emaztekiek senarraren azpikia jateko arriskua, besterik ez. Bizi beharraren borroka handia izanen litzateke, abereekiko dugun eskubide bera, elikatzeko hiltzea. Baina ez. Plazeragatik dugu elkar hiltzen, ohoreagatik, eta galtzera uzten ditugun gorpu lehertu horiek oro, izurritea eta kolera hedatzeko baino ez digute balio. Horra beraz! Zinezko basatia, zibilizatua da. Munstro bat da. Antropofagoa logikoa da ordea, nik ez diot inolako erdeinurik, zibilizazioak aldatu ez duen berezko naturari jarraikitzen baitzaio.

     Baina galdegin iezaiozu urrez mukurutu jeneral bati zer pentsu duen Kanak gizajaleez!

     Gogoeta hauek eta asaldura hauek aski mardoak dira, aski enfatikoak, Afrikako itsasertzean ospatu behar dugun apalategirako gerla txipia dela-eta.

     Haatik, damak atsegintzeko gerla honetaz, nire buruari galdegiten diot, arranguraz eta pozez aldi berean, munduan inork, Gerla Ministrotik hasita (gertatzen ari denak balditua dirudienez), antzik ematen ote dion helduko zaigunari.

     Ni sinetsia nago, aitzitik, inork ez dakiela zehazki zer gerta litekeen, Tunisia edo Krumirtarrak zafratu, konkistatuko ditugun, edo gure mugak babestu baino ez.

     Boum jeneralarena ote kanpainaren plana?

     Pikor gaiztotu bat geneukan, Tunisia. Kauterizatzen ahal genuen behingoz, akabo.

     Bai zera: hazka eta hazka ari gara, kasu erisipela ez harrapatu. Beraz, zenbait bandiduk gizon banaka batzuk hiltzen dizkigute gure mugapean, eta horra herri osoa zurrumurruan. Dardara bat babalasto herri honen aldean beste. Marmarra.

     —Gerla! Gerla! Tunisia, Roustan, Maccio, Roustan!

     Eta burges buruberoak oro beren egunkaria inarrosten supazterrean mukizuei eta emazteari oihuka, zur eginiko neskamearen aitzinean:

     —Tunisiara! Tunisiara!

     Handik laster, boteredunek:

     —Kasu eman behar zaio iritzi publikoari.

     Eta erregimentuak arma, zeharralda, transatlantikoak errekisa, deabruzko zalaparta egin, pentsamendu gorde honekin:

     —Geroak erakutsiko zer gertatuko den.

     Halako batez Tunisiako beyak, Krumirtarrez beste eulirik ukanik uxatzeko, orrietan irakurri du armatzen ari garela. Gerlako Ministroa bera deitu eta honela diotso:

     "Jeneral jauna, armada on bat bildu eta zoaz ikertalditxo baten egitera, frantses zangar horiek zer egiten duten gure mugetan".

     Jeneral tunisiarra badoa zalukara bostehun gizonekin gutienez eta, gogor harriturik, zalantzaz josirik, bera baino argituagoak ez dauden jeneral frantsesengana egiten du. Eta bi alderdiek galdegiten diote beren buruari jazar egin behar duten edo elkarrekin abiatu, ukaldika hasi edo besarkatu. Arazoa egun argia baino gardenagoa da. Non gobernua ez bada behartu gobernu zaharren premia honetara: gerla egitera. Hordiak, zuzendu nahirik, puska bat egiten duenean edan gabetarik, ez du haboro irauten ahal eta berretura bat oparitzen dio bere buruari. Zera, txopera bat edo beste baino ez, mozkorraldi txipi bat, alegia.

     Horretan ote gara?

     Fortuna "huts ala kausi" jokatzen den bezala egiten dute gerla gobernuek. Hemen, hala ere, txipia izan da parioa. Ez du axola, loria, itzala, kukurusta ekarriko du. Gidatzen dutenei zorabioa ematen dien osina da gerla, eta hartara dira amiltzen ezin ihardukizko gisan.

     Baina nik ez dut inoiz ahantziko goiz batez ikusi nuen atso laborari normandiar hura, errepide nagusian geldirik, eskuetan otarre zabala eta aterki alimalekoa, zelai batean maniobratzen zuen infanteria konpainia bati so. Aldamenetik iragan nintzenez, niregana itzuli eta honela esan zidan damutu, gaitzitu, sumindu eta nahigabetu aire batean:

     —Horra, jauna, irakasten dieten guztia! Ez dea ahalkegarri? Bahitzen dizkigute bost urtez horretarako, eta etxeratutakoan ez daukate deusen ofiziorik! Bestenaz ere aski miseria eta eritasun eta denetarik ez eta, jendea hiltzera behartzen dituzte!

     Aitzin-gibel zebiltzan soldadu txipiak, eskuineko hanka jasotzen zuten orok bat, gero ezkerrekoa, burua itzul, putinka ari ziren, inozoak iduri begiak tinko. Instruktorearen ahots ozena goizeko zeruan goiti altxatzen zen, eta lotinant bat promenatzen ari zen itun, eskuak bizkarrean.

     Errepidean, harri-apurtzaile txiro batek atertu gabe jarraitzen zuen bere egiteko ñimiño eta betiberan. Eta nik atsoari:

     —Bai, emakumea, baina herria defendatzen ere ikasten dute.

     Eta honela ihardetsi zidan xumeki:

     —Ikusten duzu, jauna, piztiak baino gaiztoagoak gara.

     Nahi nuke mundu guztiak ukaitea Camille Lemonnier idazle belgikarrak argitaratu liburua, Les Charniers izenekoa.

     Sedangoaren biharamunean adiskide batekin bertaratu zen, eta hilkintzaren alderdi hura bisitatu zuen oinez, bataila zelaien eskualde hura. Giza lokatzean barna ibili zen, garun sakabanatuetan lerratuz, ustelki eta infekziotan gaindi egun osoz eta legoa osoz. Lokatzetan eta odoletan jaso zituen "paper mutur zimur eta zikin horiek, adiskideen gutunak, amen gutunak, andregaien gutunak, aitatxi-amatxien gutunak".

     Hona hemen, miletan, ikusi zituen gauzetarik bat:

 

          "Givonneko eliza zaurituz betea zen. Atarian, lasto oinkatuak, lokatzarekin nahaste, irakiten zegoen ore bat osatzen zuen. Sartzerakoan, erizainak, mandar grisa zipriztin gorriz orbandua, hiltegietan harakinaren eskalapoiak plausta egiten duen bezalako istil kirastu bat ari ziren erratzatzen atean.

          Erlats batean zen ospitalea... Zaurituak sokekin lotuak zeuden beren kamainetan. Higitzen baldin baziren, gizon batzuek heltzen zieten zirkinik egin ez zezaten. Eta noizetik noizerat buru zuhail bat altxatzen zen erdizka lastoaren erdian eta supliziatuaren begiz egoten zen ondokoaren ebakuntza ikusten.

          Entzuten genituen gizajoak oihuka eta bihurrika zirujaua hurbiltzen zelarik, eta zutitu nahi izaten zuten ihes egiteko.

          Zerraren pean, garrasi egiten zuten ostera, sakon eta erlats, larrutuak iduri, izenik ez duen ahots batez: "Ez, ez dut nahi, ez, utz nazazue...". Hanka biak moztuak zituen zuabo baten txanda gero.

          —Barka nazazue, konpainia —esan zuen—, kendu egin dizkidate galtzak.

          Jaka soinean zuen, eta hankak estu bilduak zeuzkan, behe aldera, odola zerien pildetan.

          Osagilea pilda hauek kentzen hasi zen, baina bata besteari atxikiak zeuden, eta azkena haragi biziari itsatsia. Ur beroa isuri zuten lotura zarpail haren gainean eta, ura isuri arau, zirujauak askatu egiten zituen pildak.

          —Nork jantzi zaitu honen apain, adiskidea? —zirujauak galde.

          —Fifolet kamaradak, maior... Niri ileak orraztu zizkidan ia tiro hark... Berari zerak eraman zizkion, eta niri hankak, "Fifolet, ederki izorratu gaitiztek" esan nion, eta berak "Bai"... eta gero, kanka, non erortzen den sudurrez aurrera, erroz gora. Azkazalak lokatza urraka "Ñiu, ñiu" zioen prusiar baten kapota hartu eta burukoa egin nion harekin ahal bezain egoki. Horretan, zutitzen da eta "Kaka alu bat...!" oihu egiteko astia ukan nuen. Ni ere lurrera, Fifoletek bere jaka kendu eta hortxe eduki dut hanketan, maior...

          Zerrak, estua eta luzea, tantañoak sortzen zituen bere hortz guztietan.

          Higidura bat taldean. Zati bat laga zuten lurrean.

          —Segundo bat besterik ez, ausart hori —esan zuen zirujauak.

          Burua bizkarren hutsartean sartuta behatzen nion zuaboari.

          —Fite, maior —zioen—, uste dut mintxuria egin behar zaidala.

          Mustaxa ausikitzen zuen, hildako bat bezain zuri eta begiak burutik jalgi beharrez. Bere eskuekin eusten zion hankari, eta aldizka "Hu!" egiten zuen zerra zeure bizkarrean berean sentiarazten zizun ahots dardarati batekin.

          —Finitu dugu, otso zaharra! —esan zuen zirujauak bigarren motzondoa ebakiz.

          —Gabon —esan zuen zuaboak.

          Eta konortea galdu zuen".

 

     Poetek lauda dezatela sarraskintza afrus hau. Politikariek errepika dezatela "Gerla saihestezina da zenbaitetan. Pairatu beharra dago. Ezinbesteko izugarria da". Ados, etsi dezadan. Baina, dena den, ez abia, abestiko Malborough bezala, noiz eta nola itzuliko zareten jakin gabetarik.

     Kontuan hartu gabe Tunisia, Krumirtarrak eta abarren ondotik Flatters koronelaren heriotza mendekatu beharko dugula, eta horretarik azalduko zaigula beste salbairik zigorkatzeko. Halako gisaz non Afrikak mintegi handi bat bilakatua dirudien guk nahi bezainbat gerla emateko, eta honenbestez mantendu ahal izanen ditugula praktikanteen eskua eta nazioaren sentimendu onberak.

 

                                                                                 Le Gaulois, 1881-04-10

 

Gerla
Guy de Maupassant

1881
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013