Panpina-etxea
Katherine Mansfield

1922
euskaratzailea: Iñigo Roque
armiarma.eus, 2014

 

     Hay andre maitagarriak, hirira itzuli zenean Burnelltarrenean egon eta gero, panpina-etxe bat bidali zien haurrei. Hain zenez handia, gurdizainak eta Pat-ek lorategira eraman eta han utzi zuten, egurrezko bi kutxaren gainean tente, lastategiaren ondoan. Ez zen kalterako izango; uda zen. Eta beharbada pintura-usaina joango zitzaion etxe barrura sartzerako. Izan ere, egiaz, pintura-usaina zerion panpina-etxeari (“Hay andre abegitsua, jakina; maitagarriena eta eskuzabalena!”)... baina pintura-usaina aski zen edonor zorabiarazteko, izeba Berylen iritzian. Baita zakua kendu aurretik ere. Eta estalkia kendu ondoren...

     Han zegoen panpina-etxea, ziazerba-berde ilun oliotsua, beilegiz nabarmendua. Bi tximinia txiki sendoak, teilatuan kolaturik, zuri-gorriz margoturik zeuden, eta ateak, berniz horiz distirant, toffe txiki baten antza zuen. Lau leihoak, egiazko leihoak, orritan banaturik zeuden arrasto berde zabalekin. Bazen, orobat, portxe xume bat, horiz pintatua, pintura gatzatuko pinportak zintzilik zituena ertz osoan barrena.

     Ezin ederragoa zen, ordea, etxe txiki ezin ederrago hura! Nori axolako zitzaion usaina? Pozaren parte zen hura, berritasunaren parte.

     — Baten batek zabal dezala, arin!

     Alboko kakoa estu lotuta zegoen. Patek labanarekin indar eginez zabaldu zuen, eta etxearen aurrealde osoa askatu zen, eta, hara, briu-brau, han zeuden bistan sala eta jangela, sukaldea eta bi logelak. Hori da hori etxe bat zabaltzeko modua! Zergatik ez dira etxe guztiak hala zabalduko? Ez al da hori kitzikagarriagoa ateko sarrailatik kapelak esekitzeko bat eta bi aterki dituen atondo txiki soil batean kirik egitea baino? Ezta? Horrenbesterainoko jakin-mina duzu eskua aldaban jartzen duzunean. Beharbada, Jainkoak ere halaxe zabalduko ditu ateak gauaren minean isilik hara-hona dabilelarik aingeru batekin batera...

 

*  *  *

 

     — Oooooo! —oihu egin zuten Burnelltarren haurrek, atsekabeturik baleude bezala. Zoragarriegia zen; gehiegi zen haientzat. Halako gauzarik sekula ikusi gabeak ziren. Gela guztiak paperez estalita zeuden. Hormetan erretratuak zeuden, paperean margoturik eta urrezko markoz inguraturik. Tapiz gorri batek estaltzen zuen zoru guztia, sukaldean izan ezik; baziren aulki gorri dotoreak salan, eta berdeak jangelan; mahaiak, zinezko estalkiz jantzitako oheak, sehaska bat, sutegi bat, arasa bat, non plater ñimiñoak eta pitxer handi bat baitzeuden. Hala ere, Keziaren gauzarik gogokoena, kuttunena, lanpara zen. Jangelako mahaiaren erdi-erdian zegoen, eta anbarezko lanpara txiki fin bat zen, bonbilla zuri bat zuena. Argi egiteko bezala zegoen beterik, nahiz, jakina, ezin zen piztu. Bazeukan, haatik, olio moduko zerbait barruan, astinduz gero mugitu egiten zena.

     Panpina aita-amak, zeinak zurrun etzanda baitzeuden salan zorabiatu antzean, eta bi haur txikiak, goiko solairuan lo, handiegiak ziren panpina-etxerako. Ez zuen ematen hangoak zirenik. Lanpara, ordea, ezin egokiagoa zen. Bazirudien Keziari irribarre egiten ziola “Hemen bizi naiz” esanez. Lanpara erreala zen.

     Burnelltarren haurrak arin-arinka joan ziren eskolara biharamun goizean. Irrikaz zeuden denei esateko, deskribatzeko, panpina-etxeaz harrotzeko eskolako txirrinak jo aurretik.

     — Neuk esango dinat —esan zuen Isabelek—, zaharrena naizelako. Eta zuek biok gero konta dezakezue. Baina neu izango naun lehena esaten.

     Ez zegoen zer esanik. Isabel agindu-nahia zen, baina arrazoi zuen beti, eta Lottiek eta Keziak ondotxo zekiten nolako eskumenak zekartzan zaharrena izateak. Errepide-ertzeko urrebotoi ugariak laztanduz segitu zuten aurrera, ezer esan gabe.

     — Eta neuk aukeratuko dinat nor etorriko den lehenbizi panpina-etxea ikustera. Amak esan zidanan nik erabakitzeko.

     Izan ere, hitzartua zuten panpina-etxea lorategian egon bitartean eskolako neskak gonbida zitzaketela, binaka, hura ikustera. Tea hartzera geratu gabe, jakina, edo etxean barrena hara-hona ibili gabe. Gonbidatuak lorategian egongo ziren isilik, Isabelek etxearen ederra erakutsi eta Lottie eta Kezia atseginez begira egon bitartean...

     Ahalik eta zaluen joanik ere, mutilen jolastokiko hesi breaztatura iristerako, kanpaia jotzen hasi zen. Kapela erantzi eta ilaran jartzeko astia izan zuten ozta-ozta, gelarako deia entzun aurretik. Ez zitzaien axola izan. Isabel egoerari gaina hartzen saiatu zen, harro eta misteriotsu itxurak eginez eta ondoko neskei “Jolasorduan zerbait esan behar dinat” ahopeka esanez.

     Jolasordua iritsi zenean, Isabel inguratuta zegoen. Gelako neskak ia borrokan ari ziren hari besoarekin sorbalda inguratzeko, harekin urruntzeko, hari lausengari irribarre egiteko, haren lagun min izateko. Talde handixko bat batu zen pinu erraldoien azpian, jolastokiaren hegal batean. Ukondoka, batera irrika, neskatilak bil-bil eginda zeuden. Eta biribiletik bazter zeuden bakarrak beti bazterrean egoten zirenak ziren: Kelveytar txikiak. Ondo ikasia zuten Burnelltarrengana ez hurreratzen.

     Kontua zen Burnelltarren haurren eskola ez zela haien gurasoek hautatuko zutena, beste aukerarik izanez gero. Ez zegoen beste aukerarik, ordea. Eskola bakarra zen hainbat miliatan. Eta, ondorioz, auzoko haur guztiak nahasian zeuden ezinbestean: epailearen neskatilak, medikuaren alabak, dendariaren haurrak, esnezalearenak. Ezin ahaztu, gainera, bazirela beste horrenbeste mutiko trauskil eta hezikaitz. Muga bat ezarri beharra zegoen, haatik, han edo hemen. Kelveytarrak ziren muga. Haur askori, baita Burnelltarrei ere, ez zieten uzten haiekin hitz egiten ere. Kelveytarren ondotik buru-tente igarotzen ziren, eta haiek zirenez zernahi jokabidetarako eredua, denak ibiltzen zitzaizkien iheska Kelveytarrei. Irakasleak berak ere bazuen ahots berezi bat haientzat, eta irribarre berezi bat erakusten zien beste haurrei, Lil Kelveyk lore arruntezko sorta tamalgarri bat uzten zuenean beraren mahaian.

     Ama garbitzaile ttiki bixi bat zuten, egun osoa etxerik etxe ematen zuena. Lotsagarria zen. Baina non ote zegoen Kelvey jauna? Inork ez zekien xuxen. Hala ere, jende guztiak uste zuen kartzelan zegoela. Beraz, garbitzaile baten eta preso baten alabak ziren. Konpainia ederra besteren haurrentzat! Horretaz jabetuta zeuden. Zaila zen ulertzen zergatik eramaten zituen hain nabarmen jantzita Kelvey andreak. Izan ere, amaren etxeetako jabeek emandako “pusk”ekin janzten ziren. Lil, esaterako, orin handiko neska sendo xaloa hura, Burnelltarreneko sarga berdezko zamau batekin eginiko soineko bat eramaten zuen eskolara, zeinak Logandarren errezeletatik ateratako felpazko mahuka gorriak baitzituen. Haren kapela, bekokiaren goialdearen tontorrean pausaturik, andre heldu baten kapela zen, behiala Lecky andrearena izandakoa, postariaren emaztearena. Atzealdea altxatua zuen, eta luma gorrimin batekin apainduta zegoen. Txorimalo txiki bat ematen zuen! Ezin zenion barreari eutsi. Eta haren ahizpa txikiak, Else gureak, soineko zuri luze bat eramaten zuen, oheko atorra bat zirudiena, eta mutiko-bota batzuk. Guztiarekin ere, Elsek, zernahi jantzirik ere, itxura xelebrea zuen. Neskatila txatxarra zen, ile labur-laburrekoa eta begi arranditsu erraldoikoa: hontz zuri txiki bat. Inork ez zuen inoiz barrez ikusi; hitz egin ere, gutxitan hitz egiten zuen. Lili oraturik ibiltzen zen bizitzan barrena, Lilen gonaren zati bat eskuan estuturik. Lil nora joan, Else gurea haraxe joaten zen. Jolastokian, eskolarako eta eskolatiko bidean, Lil beti aurretik joaten zen, eta Else gurea hari heldurik atzean. Elsek, zerbait nahi zuzenean edo arnasa falta zuenean, orduan baino ez, tirakada bat ematen zion Lili, eta Lil gelditu eta biratu egiten zen. Kelveytarrek beti-beti ulertzen zioten elkarri.

     Orain, bazterrean zeuden suman; ezin haiei entzutea galarazi. Neskatilek, buelta harturik, iseka egin zietenean, Lilek, beti bezala, bere irribarre inozo lotsatua erakutsi zien, baina Elsek begiratu besterik ez zuen egin.

     Eta Isabelek, harropuzturik, segitu zuen kontari. Tapizak zirrara handia eragin zuen, baina baita benetako estalkiak zituzten oheek ere, eta sutegiak ere bai, zeinak labe-ate bat baitzeukan.

     Hark amaitutakoan, Kezia hasi zen erasian:

     — Ahaztu dun lanpara aipatzea, Isabel.

     — A, bai —esan zuen Isabelek—, eta jantokiko mahaian bada lanparatxo ñimiño bat, dena kristal horiz egina eta bonbilla zuri bat daukana. Ezin bereiz liteke benetako batetik.

     — Lanpara da denean onena —oihu egin zuen Keziak.

     Iruditzen zitzaion Isabelek ez zuela behar adinako ahaleginik egiten lanparatxoa goresten. Inork ez zion jaramonik egin, ordea. Isabel aukeratzen ari zen zer bi ikaskide joango ziren haiekin etxera eguerdian etxetxoa ikustera. Emmie Cole eta Lena Logan aukeratu zituen. Hala ere, gainerakoek jakin zutenean denek izango zutela horretarako modurik, dena izan zen koipe eta lausengu Isabelekin. Banan-banan, denek Isabeli heldu zioten gerritik, eta zoko batera eraman zuten. Denek bazuten zerbait hari ahopean esateko, sekretu bat. “Isabel eta biok adiskideak gaitun”.

     Kelvey txikiak baizik ez ziren aldendu, bazterturik; ez zeukaten beste zer entzunik han.

     Eguna joan eguna etorri, gero eta haur gehiagok ikusia zuen panpina-etxea, eta haren ospea zabaldu egin zen. Hizpide nagusia zen, boladan zegoena. Galdera bakarra zera zen: “Ikusi al dun Burnelltarren panpina-etxea?”. “Ez al da ederra?”. “Ez al dun ikusi? Itzela!”.

     Afalordua ere atzeratzen zen horretaz jarduteko. Neskatilak pinuen azpian eseri ziren, haien ardiki-sandwich lodiak eta gurinez beteriko pastel zati handiak jateko. Halakoetan Kelveytarrak ahalik eta hurbilen esertzen ziren, Else Liliri oraturik zegoela, biak adi beren marmelada-sandwichak murtxikatu bitartean, tanta gorri lodiz beteriko egunkari-orri batetik atera eta gero.

     — Ama —esan zuen Keziak—, gonbida al ditzaket Kelveytarrak behin bada ere?

     — Ez horixe, Kezia.

     — Zergatik ez?

     — Uztazu, Kezia; ondotxo dakizu zergatik.

 

*  *  *

 

     Azkenean, denek ikusia zuten haiek izan ezik. Halako egun batean, hizpidea motel samar zegoen. Afalordua zen. Haurrak pinuen azpian zeuden, eta bat-batean, Kelveytarrak paperetik jaten ikusirik, beti bakarrik, beti adi, maiseatu nahi izan zituzten. Emmie Colek zabaldu zuen zurrumurrua.

     — Lil Kelvey neskame izango da nagusitan.

     — O, o, hori itxuragabekeria! —esan zuen Isabel Burnellek, eta begiak epeldu zizkion Emmieri.

     Emmiek oso modu adierazgarrian irentsi zuen, eta baietz egin zion buruarekin Isabeli, bere amari halakoetan ikusia zion bezalaxe.

     — Egi-egia da —esan zuen.

     Gero, Lena Loganek kliskatu zituen bere begi txikiak.

     — Galde diezaioket? —esan zuen ahopean.

     — Ezetz egin —esan zuen Jessie Mayk.

     — Horixe baietz, ez naiz beldur —esan zuen Lenak. Bat-batean neskak oihu txiki bat egin zuen, eta beste nesken aurrean dantzan hasi zen—. Begira! Begira niri! Begira niri orain! —esan zuen Lenak. Eta irristan, labainka, hanka bat herrestan, eskuaren azpian barreka, Kelveytarrei inguratu zitzaien Lena.

     Lilek burua altxatu zuen bere janaritik. Hondarrak batu zituen arin bai arin. Elsek mamurtzeari utzi zion. Zer izango zen orain?

     — Egia al da neskame izango haizela nagusitan, Lil Kelvey? —esan zuen garrasika Lenak.

     Erabateko isiltasuna. Lilek, erantzun beharrean, irribarre inozo bat egin zion lotsaturik. Bazirudien ez ziola batere axola galderak. Lena muzindu egin zen! Neskak iji-aja hasi ziren.

     Lenak ezin zuen halakorik ametitu. Eskuak aldaketan jarri zituen, eta bota zion:

     — Baaa, hire aitta kartzelan zagon! —zezelka, gaiztakeriaz.

     Hain gauza miragarria zen Lenak esandako hura, non neskak trumilka atera baitziren lasterka, guztiz beroturik, guztiz... atsegin betean. Baten batek soka luze bat aurkitu zuen, eta saltoka hasi ziren. Eta ez zuten inoiz hain gora salto egin, batera-bestera korrika egin hain azkar, edo hain gauza ausartak egin, nola goiz hartan.

     Arratsaldean Pat Burnelltarren haurren bila joan zen jarleku biko zalgurdian, eta etxera eraman zituen. Bisita zuten. Isabel eta Lottie, bisitariak atsegin baitzituzten, goiko solairura joan ziren mantalak aldatzera. Keziak ihes egin zuen atzealdetik. Ez zegoen inor inguruan; lursaileko atetzar zurietan kulunkatzen hasi zen. Berehala, errepide aldera begira, bi mulko txiki ikusi zituen. Gero eta handiagoak ziren, harengana hurbildu ahala. Orduan ikusi zuen bata aurrean zihoala eta bestea haren ondoan baina atzean. Orduan ikusi zuen Kelveytarrak zirela. Keziak kulunkatzeari utzi zion. Atetzarretik jaitsi zen, arineketan alde egin behar balu bezala. Gero zalantza egin zuen. Kelveytarrak gero eta hurbilago zeuden, eta haien aldamenean haien itzalak zihoazen, luze-luze, errepidearen trebesean buruak urrebotoietan izateraino. Kezia berriro igo zen atera; erabaki bat hartua zuen; kanpoaldera kulunkatu zen.

     — Iepa —esan zien Kelveytarrei ondotik igarotzean.

     Hain harrituta zeuden, ezen gelditu egin baitziren. Lilek bere irribarre inozoa egin zuen. Else gureak begiratu zion.

     — Barrura etor zaitezkete, gure panpina-etxea ikustera, nahi baldin baduzue —esan zuen Keziak, eta behatz bat tatarrez erabili zuen lurrean.

     Horretan, Lil gorritu egin zen, eta burua ezezkoan astindu zuen azkar.

     — Zergatik ez? —galdetu zuen Keziak.

     Lilek arnasa hartu eta esan zuen:

     — Hire amak esan zionan gureari ezin digunala hitz egin.

     — O, ederki —esan zuen Keziak. Ez zekien zer erantzun—. Ez zion axola. Berdin-berdin etor zaitezkete gure panpina-etxea ikustera. Goazen. Ez zagon inor begira.

     Lilek, ordea, are biziago astindu zuen burua.

     — Ez dun nahi? —galdetu zuen Keziak.

     Bat-batean, tirakada bat, astindu bat sumatu zuen Lilek gonan. Buelta hartu zuen. Else gurea hari begira zegoen bere begi handiekin erreguka; kopetilun zegoen; joan nahi zuen. Lipar batez Lilek zalantzaz beterik begiratu zion Else gureari. Baina gero Else gureak tira egin zion berriro gonatik. Aurrera egin zuen. Keziak bidea erakutsi zien. Bi katutxo galduk bezala jarraitu zioten lursailean barrena panpina-etxea zegoen lekuraino.

     — Hemen duzue —esan zuen Keziak.

     Isilune bat izan zen. Lilek arnasa hartu zuen ozen, ia hatsanka; Else gurea harria bezain geldirik zegoen.

     — Zabalduko dizuet —esan zuen Keziak abegikor. Kakoa askatu zuen, eta barrura begiratu zuten.

     — Hemen dituzue egongela eta jangela, eta hau...

     — Kezia!

     Ene, nolako jauzia egin zuten!

     — Kezia!

     Izeba Berylen ahotsa zen. Buelta hartu zuten. Atzeko atean izeba Beryl zegoen, ikusten ari zena sinetsi ezingo balu bezala begira.

     — Nolatan ausartu zara Kelveytarren umeak gurera gonbidatzera? —esan zuen haren suzko ahots zakarrak—. Ederki dakizu ez daukazula baimenik haiekin hitz egiteko. Alde, haurrok, alde oraintxe bertan. Eta ez itzuli berriro —esan zuen izeba Berylek. Eta andrea lursailera jaitsi zen, eta uxatu egin zituen txitak balira bezala—. Ospa segituan! —garrasi egin zuen, hotz eta motz.

     Ez zieten bitan esan behar izan. Lotsaz gorriturik, uzkurturik, Lilek, ama bezala konkorturik, eta Else gureak, durduzaturik, lursail zabala zeharkatu zuten nola edo hala, eta sarrerako ate zuritik irten ziren.

     — Neskato oker bihurria! —esan zion izeba Berylek mingostasunez Keziari, eta danba itxi zuen panpina-etxea.

     Arratsaldea ezin latzagoa izan zen harentzat. Willie Brent-en gutun bat iritsia zen, mehatxuzko gutun beldurgarri bat, esaten ziona arrats hartan berarekin elkartu ezik Pulman Bush-en, beraren etxe aurrera agertuko zela zergatik galdetzera! Baina orain, Kelveytarren bi sagu txikiok ikaratu eta Keziari gogoz errieta egin ondoren, arinago zuen bihotza. Estutasun mingarria joana zen. Kantuka itzuli zen etxera.

     Kelveytarrak errepide ondoko hustubide gorri handi batean eseri ziren, atseden hartzeko, Burnelltarren etxetik behar beste aldendu eta gero. Lilek oraindik sutan zituen masailak; kapela lumaduna erantzi zuen, eta belaunean utzi. Ametsetan bezala, belardietatik harago begiratu zuten, errekastoaz haraindi, akazia batzuetarantz, non Loganen behiak jeitzi zain baitzeuden. Zer zerabilten buruan?

     Bat-batean Else gurea ahizparen ondora hurbildu zen. Ordurako ahaztua zuen andrearen sumina. Atzamar bat atera eta ahizparen luma ferekatu zuen; bere irribarre xelebrearekin egin zuen irribarre.

     — Lanpara ttikia ikusi dinat —esan zuen, emaro.

     Gero isildu egin ziren berriro.

 

Panpina-etxea
Katherine Mansfield

1922
euskaratzailea: Iñigo Roque
armiarma.eus, 2014