BIZI NAHI
Jack London

Love of Life, 1905
euskaratzailea: Gillermo Etxeberria
Hordago, 1981
armiarma.eus, 2016

 

      Mendian behera zetozen bi gizonak. Herrenka eta ezinean. Une batean lehenengo zetorrenak estropezu egin zuen arroka batzuetan ia erortzeraino. Nekatuta eta ahulduta, zoritxar kate luze baten urrats garratza nabari zen haien aurpegian. Uhalez lotutako zama pisutsuak zeramatzaten bizkar gainean. Okertuta pisuaren eraginez, burua makur, lurrera begira.

      — Ai hemen bagenitu ezkutalekuan gordeta dauzkagun bi kartutxoak —esan zuen bigarrenak.

      Espresiorik gabeko ahots monotonoz hitz egiten zuen. Aurretik zetorrenak, herren eta arroka gainetako ur apartsuetan hankak nolabait tinkatuaz, ez zuen erantzunik eman nahi izan.

      Orpoz orpo jarraikitzen zion besteak. Ez ziren mokasinak ez galtzerdiak kentzeko gelditu, nahiz eta orkatilak mindu eta hankak jelatu arterainoko hotzak egon. Zenbait lekutan izugarrizko indarrez erasotzen zuen urak, eta mozkorrak bezala balantzatzen ziren, berriro ekilibrioa lortu arte.

      Bigarren zihoana, harri batean irristatu zelarik erortzeko zorian egon zen. Baina ahalegin bizi bat eginaz ostera ekilibrioa lortu zuen minez beteriko keinu tartean. Nekatuta eta mareatuta sentitzen zuen bere burua. Balantzatzen zen bitartean, hutseko helduleku bati zabaldu zizkion besoak. Zutitu, berriro ere estropezu egin eta lurrera erori zen. Geldi-geldi, lagunari begiratu zion. Honek, ordea, ez zuen bururik ere atzera mugitu.

      Lurrean josita geratu zen minutu luze batean, bere buruarekin borroka bizian. Gero deiadar egin zuen:

      — Bill, orkatila kolokatu zait.

      Billek, ordea, aurrera jarraitu zuen esnezko ur hartan estropezuka. Ez zen itzuli. Betiko hoztasunez urrutiratzen ikusi zuen, baina bere begirapena basahuntz zauritu batena bezalakoa zen.

      Lagunak aurrera jarraitu zuen mendiko maldetan gora, aurrera, ezertarako ere atzera begiratu gabe. Tinko begiratzen zion hankak lohian zituelarik. Ezpainak eta bibote ugariak dardarka. Mingainarekin busti zituen ezpainak.

      — Bill —deitu zuen.

      Arriskuan dagoen gizon indartsu baten erregua zen, baina ez zen Bill itzuli. Mailo baten mugetan oinkada dardaratiz mendia igoaz herrenka urrutiratzen ikusi zuen, mailoaren gailurra igo eta desagertu zen arte. Gero begiak itzuli eta Bill ezkutatu zen unetik bera bakarrik utzi zuen ingurune zabalari begiratu zion.

      Zerumugaren inguruan, zehaztasunik gabeko ur-laino eta lurrun artean eguzkia ia desagertua geratzen zen. Gizonak, hanka onaren gainean atseden hartu eta erlojua atera zuen. Laurak puntuan ziren eta agun haiek uztaileko azkenekoak eta abuztuko lehenengoak zirenez gero (ez zekien zehatz eguna, baina kalkula zezakeen nahiko justu), eguzkiak gutxi gora behera ipar-mendebaldera begiratu behar zuen. Hegora itzuli zuen burua. Bazekien mendixka lehor haien bizkarrean zegoela Hartz Handiaren lakua; era berean bazekien iparburuak bere bide beldurgarri eta lehorra zabaltzen zuela. Han zegoen errekastoa, Kobre Mina ibaiko adar besterik ez zen, Koronazio itsas_golkoan itsasoratzen baitzituen hark bere urak.

      Ez zituen leku haiek ezagutzen, baina noizbait Hudson Badiako Konpainiako nabigazio kartan ikusia zuen.

      Berriro ere, inguruan hedatzen zen zirkulu zabala begiztatu zuen. Ez zen ikuskizun suspergarria. Alde guztietatik, zerumuga leun bat. Mendixka txikiak. Ez zegoen zuhaitzik, zuhaixkarik, belarrik... ezer ez, beldurgarrizko bakardade ikaragarri bat besterik.

      — Bill! —murmurizatu zuen behin eta berriro—, Bill!

      Esnezko urgainean kuzkurtu zen, lurrandiak indar gogorki egingo balio bezala eta bortxaz zapalduko balu bezala eragiten zuen beldurrak. Gaixoa bailitzan hasi zen, eskopeta eskuetatik labaindu eta zipriztinez uretara erori zitzaion arte, dardarez. Jausiak iratzarri zuen. Beldurraren aurka borrokatu zen; bere buruaz jabetu eta itsumustuka berreskuratu zuen arma. Orkatila bihurritua arintzeko, bizkarrean zeraman fardela aldameneratu zuen. Minez kuzkurturik, kontuz eta poliki jo zuen urbazterretik aurrera.

      Ez zen gelditu. Eromenerainoko desesperazioz, minari kasurik egin gabe, bere laguna ezkutatu zen mendixkaren mailora igo zen azkar. Alabaina, bere herrenkura aurrekoarena baino komikoagoa, tragikoagoa eta baldarragoa zen. Gailurrera iristean, bizirik gabeko ibai lehor bat begiztatu ahal izan zuen. Berriro ere beldurrari aurka egin, menderatu, fardela ezker alderago jarri eta mendi magala estropezuka jaitsi zuen.

      Ibarraren hondoa, goroldioak esponja bezala mantentzen zuen ur lohitsuz putzutua zegoen. Pauso bakoitzean ur zurrusta berriak eragiten zituen eta hanka jasotzen zuen bakoitzean xurgaldi berri bat osatzen zen, goroldioak bere ur lohitsua birbereganatu nahi balu bezala. Putzuz putzu, lagunaren oinkaden atzetik jarraitu zuen, irlattoak bezala goroldiotik goraltxatzen ziren arroka zorrotz artean.

      Beharrik zegoen, baina ez galduta. Bazekien aintzira bat mugatzen duten pinu eta izai txiki eta iharretara iritsiko zela, bertakoek “tittxinnitxilie” edo “Txotxen lur” deitzen dioten lekura. Aintzira hartan desagertzen zen ur gardenezko errekasto bat. Urbazterrean (ongi oroitzen zen), zumea zegoen, ez zuhaixkarik. Hari jarraikiko zitzaion ubide banaketa batetara iritsi arte, eta banaketa hori jarraituz mendebaleko ur hari meheena aurkitu. Eta bide hartatik Dease ibaiaren bokaleraino. Han zeuzkaten berak eta bere lagunak, azpiz gora jarritako txalupa baten azpian janari eta hornidurak, harriz estalita. Ezkutaleku hartan bazegoen bere eskopetarentzat munizioa, amuak, kanaberak eta sare txiki bat... ehizarako, nahiz janaria lortzeko behar hainbat tresna. Han, baita ere, aurkituko zituen irina (ez asko), urdai zati bat eta babarrunak.

      Han egongo zen Bill bere zain eta Hartz Handiaren lakura arte biek batera arraun egingo zuten. Beti hegora, Mackenzie aldera iritsi arte. Hegora bai, beti hegora, neguak alferrik jazarriko zien atzetik eta elurra zurrunbilotan bihurtuko zen eta egunak garbiagoak eta hotzagoak egingo. Beti hegoaldera Hudsongo Badiako faktorietara iritsi arte, giro epelago eta zuhaitzak altu eta emankor sortzen ziren lekura eta janari problemarik ez.

      Horrela pentsatzen zuen, bidean aurrera eta aurrera. Eta hala, gorputzarekin lan egiten zuen heinean buruarekin ere lanean ziharduen, Billek ez zuela abandonatu amets eginez, ezkutaleku batean zain egongo zela uste izanez. Hori sinistarazi, bestela alferrik zuen aurrera jarraitzea eta hobe zukeen lurrera erori eta heriotzaren zain geratu. Eta eguzkiaren borobil iluna poliki ipar-mendebalean ezkutatzen ari zen bitartean, irudimenaren bidez (behin eta berriro), berak eta Billek negua iritsi baino lehenago iragan behar zuten lur mutur bakoitza aztertu zuen. Behin eta berriro oroitu zituen itzulitako txalupa azpian, harriz estalita zeuzkaten janari eta munizioak. Bi egun zeraman ezer jan gabe eta beste asko behar hainbatik gabe. Noizbehinka, “zingirako aleak” bildu, ahoan sartu, xehakatu eta irensten zituen. “Zingirako alea”, ur tanto batean bildutako aletxoa da. Ahoan ura desagertzen da eta aleak zapore mikatz eta garratza hartzen du. Bazekien hark ez zuela janaririk, baina halata ere ezaguera eta esperientzia menderatzen zituen pazientzia eta itxaropenez beterik xehakatzen zituen.

      Bederatzietan puntuan, arroka mutur batez estropezu egin eta ahul eta nekatuta, balantzaka lurrera erori zen. Aldameneka etzanda, mugitu gabe egon zen denbora puska batean. Gero uhalak askatu eta arrastaka esertzea lortu zuen. Ilunabar luze haren argi izpiek irauten zuten bitartean, goroldio lehor muttur batzuen bila ibili zen arroka tartetan. Multzotxo bat osatu zuenean su egin zuen, garrik gabeko su zikina eta kaiku batean ura berotzen jarri. Fardela askatu eta lehenengo lana, pospoloak kontatu zituen. Hogeita hemeretzi. Ziur egoteko hiru aldiz kontatu zituen. Hiru multzotan zatiturik, bat argizarizko paperean tolestatu zuen, tabako poltsan sarturik, bestea urratutako bere sonbrailuaren zintapean eta hirugarrena bere bularraren kontra golkoan.

      Gero ordea, izu sor bat nabaritu zuen, ostera pospoloak desbildu eta berriro kontatu zituen. Hogeita hamazazpi ziren berriz ere. Sutondoan mokasinak lehortu zituen. Artilezko galtzerdiak zulatuta zeuden zenbait tokitan eta oinak, haragi bizitan odola zeriela. Min zorrotzak sentitzen zituen orkatiletan eta aztertzea erabaki zuen. Bizkarreko bi mantetako bati, artilezko zerrenda bat zarratatu zion eta beraz orkatila bendatu zuen trinkoki. Ondoren beste bi tira zarratatu eta beraiez oinak bildu zituen, mokasin eta galtzerdien eginkizuna bete zezaketelakoan. Hori egin eta ur ketsua edan zuen, ordulariari indar eman eta lauoinka manta tartean sartu.

      Zaku zahar batek bezala lo egin zuen. Gauerdi inguruko iluntasun iheskorra iritsi eta joan zen. Eguzkia ipar-mendebaldetik jaio edo hobeki esateko, koadrante hartatik sortu zen egunsentia, eguzkia laino trinkoz estalia baitzegoen.

      Seietan puntuan esnatu eta ahoz gora etzanda egon zen isilik. Zeru hodeitsuari zuzenki begiratu zion eta zeukan gose ikaragarriaz konturatu zen. Ukalondo gainean kokaturik batetik bestera itzultzerakoan kurruska bat entzun zuen eta kuriositatez begira zegoen “karibu” bat ikusi zuen. Animalia berrogeita hamarren bat metrotara zegoen eta une batean sutan erretako karibu haragi zati bat pasa zitzaion iheskor bere burutik. Errifle hutsera luzatu zuen eskua mekanikoki, apuntatu eta gatilua estutu zuen. Karibuak kurruska egin eta salto batez egin zuen ihes. Bere apoek, hankapauso arinek, danboril soinua zabaltzen zuten arroken kontra. Gizonak, madarikazioka, harrika bota zuen arma hutsa. Zutik jartzen saiatuz ahots altuan kexatu zen. Eginkizun neketsu eta geldia. Artikulazioek lizunduak ziruditen eta orpoek, marruskadura larria sortzen zioten harrixken kontra igurztean.

      Mugimendu bakoitza, bira bakoitza, borondateak eragindako ahalegin neurrigabea zen. Azkenik zutitzea lortu zuenean, minutu bat pasa zuen giza izateari dagokion posizio tentea hartzen.

      Mailo batetara igoz panorama aztertu zuen. Ez zegoen arbolarik, ez zuhaixkarik; ezer ez, arroka grisez zipriztindutako goroldio grisetik aparte, aintzira grisak eta errekasto grisak.Grisa zerua. Ez zegoen eguzkirik, ez bere arrasto txikienik ere. Ez zuen iparra non egon zitekeenaren ideia apurrenik ere eta ahaztua zuen nondik etorri zen aurreko gauean. Baina ez zen galdu. Honetaz ziur zegoen. Laster iritsiko zen “Txotxen lurraldera”. Leku hori ezker aldera zegoela sumatzen zuen ez urruti..., hurrengo muinoaz beste aldetik.

      Lotu zuen ostera fardela bidaiarako. Oraingoan pospoloak kontatzen denborarik pasa ez arren, hiru paketeak berarekin zeramatzala frogatu zuen. Baina gazela larruzko poltsa bete baten aurrean, neurri txikiko zakutxoa, dudatan geratu zen. Bi eskuz tapa zezakeen, bazekien ordea hamabost libra pisatzen zituela (gainerako fardel guztiak haina. Eta horrek kezkatzen zuen. Azkenik alde batera utzi eta fardela lotzen hasi zen. Gazela larruzko zakuari begira jarri zen ostera. Mehatxu aire batez jaso zuen, bakardade hark ostu nahi izango balioren beldurrez eta pauso kolokaz egunaren leizean sartzeko prestatu zenean, bizkarrean fardel barruan zeraman. Ezkerrerantz jo zuen, zingirako aleak hartzeko geldituaz noizbehinka. Deslekututako orkatila txindurritu zitzaion eta herrena aurreko egunekoa baino askoz nabariagoa zuen, baina min hura urdaileko gosearenarekin konparatzeko hutsaren hurrengoa iruditzen zitzaion. Zorrotzak baitziren gosearen sastadak. Ez zioten haren marruskadak “Txotxen Lurraldera” iristeko norabidean kontzentratzen uzten. Zingirako aleak gosea ase ordez, mingaina eta ahosabaia minberatzen zioten beren zapore garratzaz.

      Azkenik eper zuriak bere dardarazko hegakadaz gainpasatzen dituen arroka eta lokaztietara iritsi zen. “Krak krak” karraska egiten zuten. Harriak bota zizkien baina ez zuen bat ukitzerik ere lortu. Utzi fardela lurrean eta katuak urretxindorrak bezala zelatan ehizatzeko jarri zen. Harri zakarrez bere galtzak zarratatzen ari zitzaizkion, belaunek odolezko arrastoa uztera arte, baina min hau, urdail hutsak ematen zion min handiagoaren barnean galtzen zen. Goroldio bustiaren gainetik arrastaka, jo zuen aurrera; bere arropak, bustiak haiek ere, gorputza hoztu zioten, baina gosea hainbestekoa zen ze, ez baitzen konturatu ere egin. Eta bitartean, eper zuriak airean altxatzen ziren, beren “ker ker ker...” burlatzat hartzeraino eta bere karraska irudikatuaz, madarikatu zituen ahots altuaz.

      Behin, erdi lotan zegoen eper baten gainera iritsi zen arrastaka. Ez zuen bere ezkutu harritsutik hegaka hasi arte ikusi. Eta aurpegian jo zuen hega batez. Eperra bezain harrituta, eskua itxi eta ukabilaren barnean hegaztiaren buztaneko hiru luma geratu zitzaizkion. Gorrotatuaz eta oker handiren bat egin izan balio bezala, begiz jarraitu zion hegakada. Atzera jo berriro eta fardela bizkarrera bota zuen.

      Aurrera zihoan neurrian, ehiza ugariagoa zen ibar eta behelurretan barna sartu zen. Beregandik ez urruti “karibu” talde bat pasa zen tirora zirikatzaile. Ziur egonik eraitsi zitzakeela, haien atzetik jarraian joateko gogo itsua sentitu zuen. Azeri beltz bat inguratu zitzaion hortzetan eper zuri bat zeramala. Garrasi egin zuen gizonak. Garrasi beldurgarria, baina azeriak ehiza askatu gabe ihes egin zuen.

      Geroago, eguerdi ondoren, ihitegi tartetik lasterkatzen zen errekasto lokaztu bati jarraiki zitzaion. Ihiak bortxatuaz, iltze baten burua baino handiago ez zen tipulatxo antzeko bat erauztea lortu zuen. Samurra zen eta zapore gustagarria eskaintzen zuen karraskotsez hortzak murgildu zituen. Baina zuntzak gogorrak izaki. “Zingirako aleak” bezala urez beteta zegoen eta beraiek bezala, ez zuen mantenugairik. Fardela lurrera egotzi eta lauoinka ihi tartera jaurtiki zen, abelgorriak bezala hausnartuaz.

      Jota zegoen eta batzuetan atseden hartzeko, tentaldia sentitzen zuen lurrean etzan eta lo egiteko, baina aurrera jarraitzen zuen. “Txotxen lurraldera” iristeko baino jateko desira gehiagoz. Putzuak aztarrikatu zituen igel bila, eta nahiz eta igel eta harrik ez zegoela lurralde haietan jakin, atzazalekin lurra hondeatu zuen har bila.

      Alferrik bilatu zuen putzu guztietan, non ilunabar luzeak inguratzen zuenean, arraintxo tipi bakarti bat topatu zuen. Besoa bizkarreraino murgildu uretan, baina arrainak ihes egin zion. Bi atzaparrez bilatu zuen eta hondoan geratuta zegoen lokatz esnetsua nahasi zuen. Bere antsibizian uretara erori zen belaunetaraino blai eginaz. Orain putzua nahasiegia zegoen arraina ikusteko eta lokatza urbehean geratu arte itxoin beharra izan zuen.

      Bilaketan aurrera jarraitu zuen berriro lokaztu zen arte ura. Baina orain ezin zuen gehiago itxoin. Fardeletik eztainuzko kuboa askatu eta urtxikitzen hasi zen, basatiro aurrena, arropak zipriztinduaz eta ura hain ingurura jaurtikiaz ezen ura berriro itzultzen baitzitzaion putzura; zuhurrago gero, bere buruaz nagusitu nahirik, bihotzak bularrean eta eskuak dardara bizia egin arren. Ordu erdi baten buruan putzua lehorra zegoen. Ez zen katilu bat ur ere geratzen. Baina arraina ezabatua zen. Harri tartean zulotxo bat aurkitu zuen nondik hark ihes egin baitzion egun eta gau osoan lehor ezin zezakeen ondoko putzu handiago batera.

      Lehenago jakin izan balu zulo honen berri, harriz estaliko zukeen eta arraina berea izango.

      Hori pentsatzen zuen bitartean altxa zen, gero lur bustira eroriaz eta han, lehenengo bere golkorako, isilik aurrena, eta gero ahots altuan, inguruan zabaltzen zen lurrandi haientzat negar egin zuen. Malkorik gabeko zotin sakonek astindu zuten, erabat.

      Sutzar bat egin zuen gero, irakindako ur pixka bat edan berotzeko, aurreko eguneko gisara arroka baten gainean kanpaturik. Egun hartan egin zuen azkeneko gauza pospoloak lehorrak zeuden ala ez frogatzea izan zen eta erlojuari indarra eman. Mantak ezkoak eta likatsuak zeuden. Orkatilak minez dar-dar egiten zion. Berak ordea, gosea bakarrik sentitzen zuen eta bere lo egonezinean, festaldi, janaldi, era eta modu guztietara gozatutako jakiekin amets egin zuen.

      Izoztu eta gaixotuta esnatu zen. Ez zen eguzkirik agiri. Zeru eta lurreko grisa, bortitzagoa eta sakonagoa besterik ez. Haize gordin batek eragiten zuen eta lehenengo elur malutak mailo eta mendixkak zuritu zituen. Berak ura irakiteko sutzarra pizten zuen bitartean, trinkoago eta zuriztagoa bihurtuz zihoan airea. Elur biguna zen, erdi ura, elur bustia, eta malutak handi eta urtsuak. Elurra ukitu orduko urtzen ziren hasieran, baina laster ugaritu eta lurra zuritu zuen, sutzarra itzali eta bere goroldio lehorrezko hornidurak busti arte.

      Fardela bizkarrean hartu eta noraezeko bidaldi koloka jarraitzeko ordua adierazi zion hark. Ez zuen jadanik “Txotxen Lurrak”, ez Billek, ezta ere Dease inguruko txalupa itzuliaren azpian ezkutatuta zeuzkan hornidurak kezkatzen. Jatea zuen kezka bakarra. Erotuko zuen gose hark. Ez zitzaion bere ibilaldian ibarraren alderdi sakonena igarotzea besterik interesatzen. Aurrera jarraitu zuen elur txuri tartean “Zingirako ale” urtsuak itsumustuka bilatuaz eta ipurditik ihiak erauziaz. Baina guzti hark ez zuen zaporerik eta ez goserik asetzen. Gustu garratzezko belar bat aurkitu eta ahal zuen guztia jan zuen, ez asko, lurraren arraskan jaiotzen baitzen eta horregatik hatz beteko elurpean erraz ezkutatzen baitzen.

      Gau hartan ez zuen sutzarrik, ez ur berorik, eta gosetien lo etena izan zuen mantapean. Elurra, euri lanbro, zirimiri bihurtu zen. Sarritan esnatu zeneko bakoitzean, gora begira zeukan aurpegian nabaritu zuen. Eta egun berria iritsi zen, egun gristaka eta eguzkirik gabea. Ateri zegoen eta gosearen sastakadak ere ezabatu ziren. Halako min sor eta astun bat nabaritzen zuen urdailean, baina ez zuen horrek gehiegi kezkatzen. Berriro, buruaz nagusitu eta desira nagusia “Txotxen Lurraldera” iritsi eta Dease ondoko ezkutalekua zuen berriro. Manta baten hondakinarekin oihal zerrendak egin zituen oin odolduak biltzeko. Orkatila deslekutua ere bildu eta bidaldi luzeko egun baterako prestatu zen. Fardela lotzeko unea iristean gazela larruzko poltsa aurrean geratu zen, baina azkenik berriro ere bizkarrean hartu zuen hura.

      Elurra euriaren eraginez urtu eta mailo eta mendixkak bakarrik azaltzen zuten bere tontor zuritua. Eguzkia atera eta nahiz galduta zegoela ziur egon, puntu kardinalak aurkitu zituen. Agian, norabide jakinik gabe egun haietan ibilita, ezkerretara gehiegi desbideratuta zegoen. Desbideratze hau berdintzeko eskuinera jotzea erabaki zuen.

      Gosearen sastakak hain zorrotzak ez izan arren orain, ahulik sentitzen zen oso. Sarritan gelditu behar zuen, aleak eta ihi zuztarrak biltzeko. Mingaina lehorra eta puztuta ilaun batek estaliko balu bezala. Bihotzak zigorkatzen zuen. Pauso batzuk eman bezain laster, errukirik gabe hasten zitzaion taupakada, “tam, tam, tam, tam”, minez betetako nahasketa batean jauzika ito arte, ahuldu eta larridura etengabe batean jarri arte. Eguerdian putzu batean bi arraintxo aurkitu zituen. Astakeria zen hango ur guztia husterik pentsatzea, baina orain, lasaiago zegoen behintzat eta bere eztainuzko kuboaren laguntzarekin harrapatu ahal izan zituen. Ez ziren bere eskuetako hatz tipia baino handiagoak, baina egia esateko ez zuen gose gehiegirik nabaritzen. Urdailean sentitzen zuen mina gero eta urrunagoa eta arinagoa bihurtu zitzaion. Lokartu balu bezala. Arrain gordina jan zuen, pausaz mastekatuaz, poliki-poliki, ze jatea burulan huts bihurtu baitzitzaion. Goseak zirikatzen ez baldin bazuen ere, bazekien jan behar zuela bizi ahal izateko.

      Arratsaldez beste hiru arraintxo atzeman zuen; bi jan eta hirugarrena gosaltzerako erreserbatu zuen. Eguzkiak goroldio matazak lehortu zituen eta ur beroa edanaz berotu ahal izan zen. Egun hartan hamar miliatik gora ibili zen. Hurrengoan, bihotzaren erasoei kantu eginez, ez zuen bostetik gora aurreratzerik izan. Baina urdailak ez zion inongo nekerik ematen. Zeharo lokartu zitzaion; “karibu” eta otsoak ere ugariago ziren alderdi batetara ailegatu zen. Haien uluek bakardade hartan noraezean flotatzen zuten eta behin batez bere haietako hiru ikusi zituen ondotik ihes egiten.

      Beste gau bat. Hurrengo goizean, arrazoiaren aginduz, bizkarrean zeraman gazelazko poltsaren umelak askatu zituen. Bere aho irekitik kolore horizko hauts eta urre papur iturri bat jaurtiki zen. Bi multzotan zatitu zuen urrea, zati bat manta baten pean estali eta arroka baten azpian ezkutatu zuen eta bestea fardelera itzuli. Geratzen zitzaion mantatik hiru oihal zerrenda egin zituen oinak lotzeko. Erriflea berarekin eraman zuen, Dease inguruan iraulitako kanoa azpian munizioak gordeta baitzeuden.

      Berriro lainoz lausotutako egun bat. Gosea berriro bere barruan, esnatu zen eguna. Ahuleziaz, batzuetan zeharo itsutzerainoko zorabioak sentitzen zituen. Estropezu egin eta gero sarriago erortzen zen lurrera. Behin eper zurien habi baten gainera erori zen muturrez aurrera. Lau ume zeuden, bezperan jaiotako lau bizi tanta, mokadu bat baino handiagoak ez; ahoan bizirik sartu eta antsibiziaz irentsi zituen, eta arrautza azalak bailiran marruskatu. Eper amak karrask eginaz bortizki eraso zuen. Erriflea maratila bezala erabiliaz eraitsi nahi izan zuen, baina berak ihes egin zion ondotik. Orduan harriak eta egurrak botatzen hasi zitzaion eta haietako batek, kasualitatez, hego bat hautsi. Eperrak ihes egin zuen, hegal hautsiarekin eta atzetik gizona jazarrika. Umeek apetitua ireki besterik ez baitzioten egin. Korrika, hanka bakarrean, orkatila deslekutuaren gainean saltatuaz, harriak jaurtikiaz, batzuetan hegaztiari madarikazioka eta bestetan isilik, erortzen zen bakoitzean pairutsuki eta nolabait altxatuaz, zorabioak jotzen zuenean begiak igurtziaz. Jazarketa hark ibarraren sakoneraino eraman zuen non, goroldio hezearen gainean, oinatzak aurkitu baitzituen. Ez bereak, hori garbi zegoen. Billenak izango ziren, baina ez zuen gelditzerik izan, eperrak aurrera jarraitzen baitzuen. Lehenengo harrapatu eta gero itzuliko zen aztertzera atzera.

      Azkenean eperra leherrarazi zuen, baina bera ere lehertuta geratu zen. Eperra, orain, lurrean aldameneka etzanda zegoen. Bera ere bai, handik hamabi pausotara, eperrarengana inguratzeko ezgauza. Indartu zenean eperra ere indartu. Bere gain atzaparra jaurtikitzean, hegaztiak ihes egin ahal izan zuen atzaparka goseti hartatik. Berriro hasi zen ehiza. Finean, gaua iritsi eta eperrak ihes egin zuen. Gizona balantzaka ahuldadez lurrera erori zen, fardela bizkarrean, masailean min hartuaz.

      Luzaro egon zen lurrean geldirik. Gero itzuli, aldameneka jarri, erlojuari indar eman eta han bertan zegoen bezala eta hurrengo goizera arte, loak hartu zuen.

      Egun hodeitsua. Egunaren erdia oinetako bendak egiten erabili zuen. Ez zuen Billen oinatzak aurkitzerik ahal izan. Ez zitzaion axola. Goseak, aukera bakar bezala, aurrera bultzatzen zuen, baina... Bill bera ere galdu ote zen galdetzen zion bere buruari.Eguerdi aldera fardelaren pisua astunegia bihurtu zitzaion. Berriz ere, urrea zatibitu zuen eta oraingoan ezkutatzen kezkatu gabe, lur gainean abandonatu zuen erdia. Arratsaldean gaineranzko dena agurtu zuen. Eztainuzko kuboa eta manta erdia geratzen zitzaizkion bakarrik.

      Liluraldi batek oinazetzen zuen. Ziur baitzegoen kartutxo bat geratzen zitzaiola. Erriflearen kargarian bide zegoen eta ez zen horretaz konturatu. Pentsakizun hauekin jirabiraka, baina ziur zekien kargaria hutsa zegoela. Bat-batean ireki eta frontez fronte aurkitu zen errealitate gogorrarekin. Hutsa zegoen. Hain handia izanik bere desadorea, edonork pentsatuko baitzukeen benetan kargaria beteta zegoela uste zuela.

      Oinez, ozta-ozta jarraitu zuen eta handik ordu erdira, lilurak eraso zuen ostera. Berriro borroka egin arren, lilura hark gainditu zuen, azkenean konbentzitzeko erriflea ikusi zuen arte. Noizbehinka bere buruari zorabioak eragiten zion. Orduan, automata huts batek bezala ekiten zion bideari, bere burua harrigarrizko ideia eta irudimenez karraskatuaz. Baina zorabio horiek motzak izaten ziren, zeren gosearen eztenkadek errealitatera itzultzen baitzuten berriro. Behin ikuskizun miragarri batek atera zuen bere irudimenen mundutik, ia zentzua galtzeraino. Hankek balantza egiten zioten eta estropezu egin eta ia lurra jo zuen mozkor batek antzo. Bere aurrean zaldi bat zegoen! Zaldia! Ezin zuen sinistu. Argi puntuz jositako laino arin batek bainatzen zituen biak. Begiak basatiro igurtzi eta ikusi zuena, ez zen zaldi bat. jakin-min borrokazalez begiratzen zion hartz bat baizik. Senak erriflea hartzera eragin zion. Mugimendu automata hartara, alferrik zela konturatu arte. Hura jaitsi eta gerritik, zenbakiz betetako zorrotik zintzilik zeraman labana atera zuen. Bere aurrean bizitza eta haragia zegoen. Hatzandiaz igurtzi zuen. Zorrotz zorrotza zegoen. Punta ere bai. Hartzaren gainera jaurtiki eta akabatuko zuen. Baina taupada dorpez bularra zigortzen hasi zitzaion bihotza: tam, tam, tam... Bular barruan jauzi amorratu bat nabaritu zuen, taupada nahasketa, kopetako sukarra, burdinazko gerriko batek estutu eta bere buruaz zorabioa nagusituko bailitzaion.

      Beldurraren eraginez ezabatu zitzaion ausardia etsia. Hain ahula zegoenez gero, zer gerta zekiokeen animaliak erasoko balu? Altxa eta ahal bezain jarrera ikaragarrienarekin labana eskumuturrean eta begiak kliskarazi gabe hartzari begiratu zion. Animaliak bizpahiru pauso eman baldarki, apur bat gibeleratu eta etsaiaren asmoak ezagutzearren, kurruska jaurtiki zuen. Gizona mugitzen bazen, atzetik etor zekiokeen. Baina ez zen mugitu. Beldurraren kuraiak eragiten zuen. Berak ere kurruska egin zuen, basatiro, ikaragarriro, bizitzarekiko atxikitasuna eta lotura sakonaren sakonena aidaraziaz.

      Hartzak mehatxuka kurruska egin eta misteriozko sorkari tente eta beldurgabeko haren aurrean harriturik aldameneka jo zuen. Baina ez zen mugitu gizona. Harrizko irudi bat bezala, arriskuak alde egin zuen arte. Orduan bai, dardarak menderatu eta goroldio bustitan hondoratu zen.

      Lasaitu azkenik eta bestelako beldur batez nagusiturik bere bideari jarraiki zitzaion. Ez zuen jadanik ahulduraz pasiboki hiltzeko beldurrik. Bizinahiak eragiten zion orain; azken kuraia galdu baino lehen, bortxaz hiltzeak izutzen zuen. Inguruan zebiltzan hartzak. Haien uluek bakardade hura hain beldurgarriro betetzen zuten, ze haizeak zigortutako oihal denda baten azala aldameneka kendu nahi balu bezala, bi besoak zoroki eraginez aurkitu baitzuen bere burua.

      Behin eta berriro gurutzatzen zitzaizkion bidean otsoak, binaka nahiz hirunaka. Baina ikustean ihesari ematen zioten. Ez zihoazen noranahi, karibu xaloaren atzetik baizik, ez horzka edo harramazka egin zezakeen sorkari haren bila.

      Azkeneko orduan, lehentxeago otsoak triskantza bat egindako leku batetara iritsi zen, non begiztatu baitzituen han-hemenka zenbait hezur. Hezur garbi eta leunak, oraindik ere hil gabeko zelulaz gorrituak. Eguna bukatzerako hori bera gertatuko ote zitzaion berari? Bizitzaren legea. Bizitzaren gogorra. Amets huts et iheskorra. Bizitza galtzeak ematen zion beldur, ez beste ezerk. Heriotzak ez zuen minik. Hiltzean lokartzen zen. Hiltzeak atsedena adierazten zuen. Zergatik, orduan, ez heriotzan etsi?

      Ez zen, hala ere, moralizatzen egon luzaro.

      Kukubilka zegoen goroldioaren gainean, oraindik bizi tanta batez hornituriko hezur haietako bat xurgatuaz. Haragiaren zapore gozo, arin eta iheskorrak erotu zuen. Estutu zituen masailezurrak hezurraren aurka. batzuetan haiek deseginez eta bestetan bere haginak, mastekatzen jarraitu zuen. Gero harriz xehakatu zituen gainerako hezurrak ore antzeko zerbaitetan bihurtu arte eta irentsi egin zituen. Behatzak ere maztrakatu zituen inoiz bere lehian, baina horrek minik ematen ez ziola konturatu zen harriturik.

      Elurrez eta euriz betetako egun ikaragarriak iritsi ziren. Ez zekien jadanik noiz kanpatzen, noiz abiatzen zen. Egunez nahiz gauez ibiltzen zen. Nonahi hartzen zuen atseden eta bere gain zeraman bizitza hondarra apurtxo bat suspertzean, arrastaka jarraitzen zuen. Ez zuen gizon bezala borrokarik egiten. Beregan zeraman bizitza apurrak, hiltzera etsitzen ez zuen hari hark eragiten zion bidean aurrera eta aurrera. Ez zuen jada sufritzen. Nerbioak lokartuta, txindurrituta zeuzkan, eta harrigarrizko bisio eta ametsez beteta burua.

      Baina karibu hezurrak xukatu eta mastekatuaz jarraitu zuen. Ez zuen gehiago mendi ez ibai zulorik gurutzatu, aitzitik ibar zabal eta sakon batetik isurtzen zen erreka zabal bati automatikoki jarraitu zion. Ez zuen errekarik ez ibarrik ikusten. Bisioak bakarrik. Gorputz eta arima batera zihoazen, hobeki esan, arrastakatzen ziren, bata bestearen ondoan, eta zatibiturik hala ere, hain hutsala baitzen elkartzen zituen haria.

      Zeharo argi esnatu zen, ahoz gora arroka baten gainean. Eguzkiak distiratzen zuen eta bero zegoen. Urrutian karibukumeen marrua entzun zuen. Euri, haize eta elurren oroimen ilun bat zeraman gogoan, baina ez zekien bi egun ala bi aste iraun zuen ekaitzak.

      Denboraldi batean geldirik egon zen, eguzki lagun hura bere gain isuri eta bere gorputz ahul hura epeldu zezan. Eguraldi ona dago —zioen bere golkorako—. Azkenean, zuzen bideratu zitekeen agian. Ahalegin neketsu baten bidez bere gain biratu zen aldameneka etzan arte. Bere oinetan erreka zabal eta alfer bat isurtzen zen. Zeharo ezezagun iruditzean, harritu zuen. Mailo eta mendixketako inguru-minguru karabilkatuak begiz jarraitu zituen, sekula ikusiak baino bakarti eta lehorragoak. Poliki, hozki eta emoziorik gabe, arduragabezia osoz ia, errekaren bidea jarraitu zuen zerumugaraino eta han ozeano argi eta distiratsu batean itsasoratzen ikusi zuen. Ez zen ikaratu. Bai gauza arraroa, pentsatzen zuen, agian bisio bat besterik ez da. Ez, bisio bat izan behar zuen inola ere, nire buru galduaren ateraldi bat. Ozeano erdian ainguratuta zegoen itsasontzi batek bere ideian indartu zuen. Begiak itxi eta berriro ireki. Harrigarriro bisioak, ametsak iraun egiten zuen. Baina, ez zitekeen beste ezer izan. Bazekien lur lehor haren bihotzean ez zegoela itsasorik eta barkurik, lehen bere erriflean muniziorik ez zegoela zekien bezain ziur.

      Bere atzean arnas hotsa nabaritu zuen bat-batean, eztul baten antzeko arnasestua. Hainbestekoa baitzen bere ahulezia eta bere soinadarren gogortasuna, arrunt astiro itzuli zen atzera. Ez zuen ezer ikusi, baina patxaran itxoin zuen. Berriro arnasestua eta eztula entzun zituen eta finean, bi arroken tartean, hogeiren bat pausotara otso gristaka bat begiztatu zuen. Ez zituen bere odoleko besteak bezala belarriak tente. Begiak itzalirik eta odolduak; eta burua aldameneka zintzilik. Animaliak, eguzkiak itsututa, keinu egin zuen. Gaixo zegoela zirudien. Begiratzen zuen bitartean berriro eztula egin zuen.

      Hura, gutxienez, erreala zen, esan zuen gizonak eta gero errealitate horrek ahaztarazi zion beste errealitatera zuzendu zituen begiak. Baina itsasoak dir-dir egiten zuen urrutian eta barkua klarki nabaritzen zen. Azken finean, egia ote zen? Luzaro begiak itxi, pentsatu eta bat-batean ulertu zuen. Ipar-sortaldera jo zuen, Deas ibaitik urrutiratuaz eta bestalde, kobrezko meatze ibarrean barnera sartuaz. Ibai zabal eta geldo hura kobre mehatzekoa zen. Itsaso argi hura Artiko Ozeanoa zen eta barku hura Mackenzie ekialdeko ahora desbideratu eta “Koronazio Golkora” desbideratu zen baleaontzia bat. Aspaldian Hudsoneko badian ikusitako nabigazio agiria gogoratu zuen eta bat-batean dena argi eta garbi iruditu zitzaion. Eseri eta hurbil zeuzkan arazo larrienen begira jarri zen. Bere hankak odolez betetako haragi itxuragabekoak ziren. Manta zatiaren hondakinak bukatu zituen eta erriflea eta labana ere galduak zituen. Zintapean pospolo paketetxoa zeraman sonbrailua ere galdu zuen, baina bular ondoan zeramatzanak, lehorrak, argizarizko estalki barruan eta tabako poltsa barruan jarraitzen zuten. Orduari begiratu zion. Hamaikak puntuan ziren eta aurrera jarraitzen zuen. Dudarik gabe, ez zuen egun batean ere indar ematea ahaztu.

      Lasai eta bare zegoen. Ahulezia larrian egon arren, ez zuen minik sentitzen. Goserik ere ez. Jaten pentsatzeak ere ez zuen liluratzen eta bere jokabide guztia arrazoiaren eragina zen. Galtzak belaunetaraino zarratatu eta zarpa zaharrekin hankak bendatu zituen. Zorionez eztainuzko kuboa berekin zeraman oraindik. Barku aldera ibilaldia, bidaia izugarria izango zelakoan, ur bero pixka bat edan zuen. Nagi mugitu zen. Gaixo batek bezala egiten zuen dar-dar. Goroldio lehor pixka bat bildu nahi izan zuenean, ezin zitekeela oinez jarri konturatu zen. Behin eta berriro saiatu zen eta azkenik lauhankan abiatu zen. Behin, otso gaixoari inguratu zitzaion. Animaliak aldameneka jo zuen, mingainez bere eztarrizulo eta muturra milizkatuaz, berriro ere bere lekura biltzeko indargabeko mingainez. Beste honelako animaliek bezala ez zeukala gorria konturatu zen. Marroi horizta baizik eta aholegar hori eta lehor batez estalia.

      Ur bero pixka bat edan eta nolabait zutitu zen, heriotzear dabilen ibiltari baten gisa. Minuturo gelditu eta atseden hartu beharra izaten zuen. Bere pausoak otso jarraitzailearenak bezain zalantzatsu eta kolokatsuak ziren eta gau hartan, iluntasunaren mantupean desagertu zenean, lau milia besterik ez zituela ibili konturatu zen.

      Gau guztian entzun zuen otso gaixoaren eztula eta noizbehinka karibuen marrua. Bere inguruan bizitza indartsu, osasuntsu eta kementsua hedatzen zen. Bazekien otso gaixoak, gizon gaixoen pausoetara lotzen direla, finean hau lehenago hilko delako esperantzarekin. Goizean begiak irekitzean malenkoniaz eta gosez beteta begira zeukala topatu zuen. Txakur triste eta lurjotako baten gisa, buztana hanka tartean bilduta eta kuzkurtuta zegoen. Goizeko haize hotzarekin batera dar-dar egiten zuen eta gizonak ahots ilun eta zakar batez hitz egin zionean zentzugabeko keinu bat egin zuen.

      Eguzkia distiratsu altxa zen eta goiz guztian gizon gizagaixoa, arrastaka eta eroriaz barkurantz joan zen. Eguraldia ezin hobea zen. Alderdi haietan San Martinen udatxoa deitzen diotena. Agian aste bat edo agian egun bat edo beste iraun zezakeen.

      Arratsaldean, gizonak hankamarkak topatu zituen. Oinez ez, arrastaka baizik zihoan norbaiten seinaleak. Agian Billenak izan zitezkeen, pentsatu zuen zehaztasun eta indiferentzia osoz. Ez zuen kuriositate zipitzik sentitzen. Ez zuen emozio edo zentzueraginik nabaritzen. Sentiberatasun guztia galdurik zuen. Urdaila eta nerbioak loakarturik zeuzkan, baina bizitzak eta bizitzaren indarrak aurrera bortxatzen zuen. Jota zegoen baina ez zuen hiltzera etsi nahi. Horregatik, hain zuzen, heriotzari kontraeutsiaz “zingirako aleak” jaten jarraitzen zuen, arrain txikienak irentsiaz eta mesfidantzazko begirapenez otso gaixoari begira.

      Aurreko gizonaren arrastoari jarraiki zitzaion eta laster iritsi zen sakanera: hezur fresko pila bat, zeinaren inguruan otso ugariren oinatzak begiztatu baitzitezkeen goroldio artean. Orduan larruzko poltsa zarratatua, berearen bizkia ikusi zuen. Nahiz pisu hura gehiegi izan bere behatz ahulduentzat, jaso zuen. Billek azkeneraino eraman zuen. Bera bizirik irtengo zen eta itsaso distiratsu hartan aingura botatako barkuraino eramango zuen. Bere algara belatzar baten karraska bezala, zakar mozorrozkoa zabaldu zen eta otso gaixoak ulu ilunbez erantzun zion. bat-batean isildu zen. Nola egin zezakeen barre Billen bizkar? Eta hezur distiratsu eta arrosa haiek benetan bere lagunarenak baziren, zer?

      Bizkarra itzuli zuen. Billek abandonatu bazuen ere, ez zituen bere hezurrak txupatuko, ez bere urrea lapurtuko. Nahiz eta kontrako kasuan, Billek hori egingo zuela ziur egon, bere pentsamenduen arabera.

      Laster, ur putzu baten ondora ailegatu zuen. Arrain posibleren baten bila makurtzerakoan, atzera bota zuen bere burua, ziztada bat hartu izan balu bezala. Bere aurpegia ikusi berria zuen uretan islatua. Hain ikaragarria izan zen ikuskizuna, ze une batean bere sentsibilitate guztia esnatu baitzitzaion. Hiru arraintxo zeuden uretan, baina handiegia zen ura kentzeko. Kuboaz arrantzatzen saiatuta gero, etsi zuen. Ahulik zegoen eta uretara erori eta ito zitekeen. Horregatik hain zuzen ez zuen, trabatutako enbor baten gainean zangalatraba jarri eta ibai korrontearen eraginez joan nahi.

      Egun hartan hiru milia bakarrik hurbildu zen barkurantz eta hurrengoan bi, ze orain Bill bezala arrastaka joatea beste erremediorik ez baitzuen. Bosgarren eguneko gauak barkutik zazpi miliatara topatu zuen eta eguneko milia bat ibiltzeko gauza ez zela.

      Baina San Martingo udatxoak jarraitzen zuen eta berak ere aurrera nolabait, arrastaka, zentzua galdu eta ostera bere onera etorriaz,eztulka eta bere pausoen usainean jarraitzen zion otsoa bijilatuaz. Belaunak eta hankak haragi bizitan zeuzkan, eta alkondarari kendutako adabakiz bilduak eraman arren, odol zurrusta bat uzten zihoan arroka eta goroldio gainetan. Behin, itzuli eta bere odol arrastoa milizka aurkitu zuen otsoa eta ondo konturatu zen, zein izan zitekeen bere azkena... berak aurretik otsoa akabatzen ez bazuen behintzat. Honela hasi zen lur azal gainean sekula ikusi ez den moduko bizibehar tragiko eta ikaragarria;gizon gaixo bat lurrean arrastaka, gaixo eta herren zegoen otso baten aurrean. Bi izaki elkar bultzaka, elkar aztarrika, bere hezur haragi deseginen tartetik.

      Gutxienean otsoa osasuntsu egon bazen, ez zitzaion hainbeste axola izango, baina hiltzear zegoen konkor ilun haren janari izateak, atzera eragiten zion. Bere burua, ostera, zorabioka hasi zitzaion, liluramenduak gero eta gehiago izan ohi zituen eta argiuneak gero eta gutxiago.

      Behin, belarriaren ondo ondoko arnasestu batek esnatu zuen bere zorabioan. Otsoak atzera jo zuen, pausoa galdu eta ahuleziaren ahuleziaz lurrera erori zen. Ikuskizun bitxia izan arren, ez zion barregurarik eman. Ez zuen beldurrik ere nabaritu. Ahulegia zegoen horretarako. Baina une hartan burua argi zeukan eta pentsatzen jarri zen. Barkua lau miliatara zegoen. Garbi ikusten zuen begiak igurtzi zituenean eta itsaso argi hura gurutzatzen zuen ontzi baten oihal zuria ere, argi eta garbi ikusten zuen. Baina ezin zituen lau milia haiek arrastaka igaro. Bazekien hori eta ez zen horregatik batere larritu. Erokeria zitekeen hainbeste erresistitu eta gero hiltzea. Destinoak gehiegi eskatzen zion. Hiltzear egon arren ez zuen hil nahi.

      Begiak itxi eta lasaitu nahi izan zuen kontu larrienarekin. Kuraiaz bete eta bere nortasun guztia itsasgora batek bezala urgaintzen zuen bitartean, nolabait erorketa makal hartan eustera prestatu zen. Gora eta gora doan ozeano bat zen ahulezia mortal hura. Noizbehinka urazpian sentitu arren, ur ahaztuetan igeri larrian. Bestetan, bere espirituaren misteriozko eraginez kemen adabakitxo bat topatzen zuen eta berriz itzultzen zen erasora. Mugikaitz, lurrean etzanda, gora begira egon zen, otsoa gero eta gehiago, bere arnas larri eta gaixoz inguratzen zitzaion bitartean, gero eta gehiago, denbora infinitu baten bidean..., baina bera ez zen mugitzen. jadanik belarri ondoan zeukan animalia. Bere mingain zakarrak matraila lixatu zion. Gizonak otsoaren aurka jaurtiki zituen eskuak... edo hori egin nahi izan zuen behintzat. Behatzak atzaparka gisa okertu ziren, baina hutsean itxi ziren. Bizkortasunak eta trebetasunak indarra eskatzen dute eta gizonari, hori falta...

      Otsoaren pazientzia ikaragarria zen. Eta ez txikiagoa gizonarena. Egun erdia egon zen geldi, zorabioen kontra borroka, noiz otsoak bera erasoko zain, edota noiz berak otsoa erasoko. batzuetan geldotasun hauen ozeanoak gainezkatzen zuen, baina uneoro, lotan nahiz esna, arnasestu haren eta mingain zakar haren milizka zakarraren zain.

      Bat-batean arnasestua entzutea utzi zuen eta poliki-poliki bere eskuan milizka zeukan mingainaren zakartasun lehorra nabaritu zuen. Zain jarri zen. Haginak, pixkana-pixkana estutzen ari ziren; gero eta estuago; otsoaren indar ahulak, denbora luzean itxarondako ehizan finkatzen ari ziren. Baina gizonak ere luzaro itxaron zuen eta esku zauritua masailezur inguruan estutu zuen. Otsoak, makal, oso makal kontraetsi nahian eta gizonak ahuldade berdinez eusten zion bitartean, beste eskua suge gisa animaliaren lepora eraman zuen. Bost minutu geroago, gizona animaliaren gainean etzanda zegoen. Eskuek ez zuten hura itotzeko indarrik, bere aurpegia otsoaren aurpegian finkatuta zegoen eta bere ahoa ilez beteta. Ordu erdi bat geroago, gizonak likido epel bat nabaritu zuen eztarrian barna zeriola. Berun urtu antzekoa, bere urdailera nahi eta ez zetorrena, eta nahi eta ezko indar hori, bere borondatea zen. Gero, ahoz goraka etzan eta loak hartu zuen.

      Bedford belaontzian espedizio bateko jakintsuak zihoazen. Ontzigainetik zerbait harrigarria nabaritu zuten itsasbazterrean. Lehenengo unean ez zuten ezagutzerik ahal izan eta jakin-minak bultzata, txalupa bat bota zuten eta hondartza aztertzera inguratu. Han aurkitu zuten gizon itxuragabekoa. Itsua eta zorabioak emanda. Har munstro bat bezala, harean karabilka zetorren. Alferrik ziren bere ahalegin gehienak, baina berak egoskor jarraitzen zuen, itzulipurdika, orduko hogeiren bat pauso, gehiago ez, emanik.

      Hiru aste geroago Bedford baleaontziko litera batean etzanda zegoen gizona eta begiak malkoz bustirik, nor zen, bere gertakariaren berri esplikatzen.

      Egun batzuen buruan jakintsu eta marinelen mahaian berean eseri ahal izan zuen. Janari ugaritasun hark berebiziko poza ematen zion eta antsibiziz ikusten zituen gizonen ahotan irensten. Mokadu bakoitzak, hala ere, desilusio keinu bat erakartzen zion aurpegira. Zentzuzko egon arren, jatorduetan bihotzetik gorrotatzen zituen gizon haiek. Honi buruz, zerbitzariekin, sukaldariekin, kapitainarekin ere hitz egin zuen. Denek lasai egoteko agindu zioten mila aldiz, baina berak ezin zuen sinistu eta bere despentsa propioa egitea erabaki zuen.

      Laster konturatu ziren denak gizon hura gizentzen ari zela. Egunetik egunera gerrigaina gizentzen ari zitzaion, alkondara bera lehertzeko zorian jartzeraino.

      Bitartean marinelek barre egiten zuten. Berek bazekiten. Jakintsuek bijilatzea erabaki zutenean, ezagutu zuten gertakizunaren berri. Goizeko gosaria bukatzerakoan marinel batengana eskean labaintzen ikusten zuten. Marinelak irribarre egin eta gaileta puska bat ematen zion. Gizonak, pertsona zurrak bezala ukabila itxi eta gailetari begiratu zion, zurrak urreari begiratzen dion bezala eta gero alkondarapean sartu zuen. Gauza berbera egin zuen beste marinelek eman ziotenarekin.

      Jakintsuek, zuhur jokaturik bakean utzi zuten. Baina isilean bere litera aztarrikatu zuten. Gailetaz beteta zegoen. Koltxoi barrua ere bai; edozein zulo, gailetaz beteta... Eta hala ere zentzuz ondo zegoen gizona. Balizko gosealdi berri baten aurka, bada ez bada ere, neurriak hartzen ari zen. Hori zen guztia.Sendatuko da, esan zuten jakintsuek. Eta hala gertatu zen Bedford baleaontziaren aingurak San Frantzisko badian itsatsi baino lehen.

 

BIZI NAHI
Jack London

Love of Life, 1905
euskaratzailea: Gillermo Etxeberria
Hordago, 1981
armiarma.eus, 2016