Kalifornia Berria
Afonso Henriques de Lima Barreto

euskaratzailea: Iñigo Roque
armiarma.eus, 2014

 

1

 

     Inork ez zekien nondik etorria zen gizon hura. Postetxeko langileak bakarrik adierazi zuen Raimundo Flamel zuela izena, halakoren izenean baitzetozen jasotzen zituen gutunak. Eta asko ziren. Postaria ia egunero joaten zen hiriaren mutur horretara, ezezagunaren bizilekura, eskuan eramanez mundu osotik iritsitako gutun sorta ederrak, hizkuntza ulergaitzetan idatzitako aldizkari mardoak, liburuak, paketeak...

     Fabrício igeltseroari, herrikide berriaren etxean lanean aritu zen batean, ostatuan denek galdetu zioten ea zer lan agindua zion.

     —Labe bat egingo dut —esan zuen beltzak—, jangelan.

     Pentsa nolako zirrara izan zen Tubiacanga hiri txikian, jangelan labe bat egiteko asmo xelebrearen berri zabaldu zenean. Eta, ondoko egunetan, Fabríciok kontatu zuen zer ikusia zuen han: beirazko baloiak, aizto kamutsak, farmaziakoak bezalako ontziak; elemenia bat gauzaki fin ageri ziren mahai eta apaletan, deabruak berak lerabilkeen sukalde bateko tresnak balira bezala.

     Hiri osoa asaldatu egiten zen. Aurreratuenen iritzian, txanpon faltsuen egilea zen; sinesbera eta xinpleen iritzian, Txerrenekin tratua zuen morroi bat.

     Chico da Tirana itzainak, gurdi kirrinkariarekin gizon misteriotsuaren etxe aurretik igarotzean, aitaren egin eta kredoa ahopean esaten zuen, jangelako tximinia kea botatzen ikusteaz batera; eta, farmazialariak esku hartu ezean, gobernuaren ordezkariak susmagarriaren etxea inguratzeko aginduko zuen, populazio osoaren gogoa bahitua baitzuen.

     Fabrícioren informazioak aintzat harturik, Bastos botikariak ebatzi zuen arrotza jakintsu bat izango zela, kimikari handi bat, han aterpea hartua bere lan zientifikoak bake handiagoz egiteko.

     Gizon ikasia eta itzal handikoa hirian, zinegotzia, medikua ere bai, zeren Jerônimo doktorea, errezetatzea gogoko ez zuenez, farmaziako bazkide egin zen lasaiago bizitzeko, Bastosen iritziak kontzientziak baketu zituen, eta, haren eraginez, biztanleek miresmen isil batez inguratu zuten hirira bizitzera etorritako kimikari handiaren pertsona.

Arratsaldean, Tubiacangaren ertzean ibiltzen ikusten zuten, han eta hemen esertzen, errekaren ur uherretan begirada galdurik, ilunabarraren malenkonia sakorraren aurrean gogoetan; denek eranzten zuten kapela, eta ez gutxitan «Gabon» opatu ondoren «doktorea» eransten zuten. Eta jendeari oso hunkigarria zitzaion zeinen jator tratatzen zituen zinez umeak, nola egiten zien so, haiekin errukituko balitz bezala sufritzeko eta hiltzeko jaioak izateagatik.

     Egiaz ikustekoa zen, arratsaldearen gozotasun leunean, nola ferekatzen zituen ume beltz haiek Mesiasaren ontasunaz, hain azal leunekoak eta hain aldarte goibelekoak, beren gatibualdi moralean murgilduak, bai eta haur zuriak ere, azal margul, arrakalatu eta latzekoak, tropikoetako baitaezpadako kakexian aterpetuak.

     Aldika, gogoa izaten zuen hausnartzeko ea zergatik ahitu zuen bere gozotasun osoa Bernardin de Saint-Pierre idazleak Paulo eta Virginierekin, haien inguruko esklabuak ahazturik...

     Egun gutxiren buruan, ia biztanle guztiek miresten zuten jakintsua, eta guztiek ez, batek ez zituelako aintzat hartzen biztanle berriaren merezimenduak.

     Pelino kapitainak, eskolako maisua eta erredaktorea Tubiacangako kazetan –hiriko egunkaria, alderdi situazionistari lotua–, begitan hartua zuen jakintsua. «Ikusiko duzue —zioen hark—, nor den morroi hori... Iruzurgile bat, abenturazale bat edo, beharbada, Rio-tik ihes egindako lapur bat».

     Haren iritziak ez zeukan oinarririk, edo oinarri bakarra bekaitza zen, ohartua baitzen bere jakintsu-ospeak aurkari bat zeukala lurrean. Pelino ez zen kimikaria, ez, baina jakintsua zen: gramatikaria zen. Tubiacangan idazten zuten guztiek hartzen zuten Pelino kapitainaren makiladarik, eta Rioko gizon izen handiko batez mintzatzean ere berdin-berdin esaten zuen: «Argi dago. Badu dohainik, baina ‘guzti hau’ idazten du, eta ‘beraiek’...» Eta ezpainak zimurtzen zituen, zerbait mikatza irentsi balu bezala.

Tubiacangako hiri osoa ohiturik zegoen begirunez hartzen Pelino solemnea, nazioko loriarik handienak zuzentzen eta maiseatzen zituena. Jakintsu bat...

     Iluntzean, Sotero, Cândido de Figueiredo edo Castro Lopes-en zerbait irakurri ondoren, eta ilea berriz ere tindatu eta gero, eskolako maisu zaharra astiro irteten zen etxetik, meatzari-olanazko jakako botoiak samaraino loturik, eta Bastosen botikarantz abiatzen zen, hitz-aspertu bat egitera. Solastatzea esateko modu bat da, Pelino zekena baitzen hitzekin: entzun baizik ez zuen egiten. Inoren ahotik hizkuntza-akatsen bat ateratzen zenean, ordea, hitza hartu eta zuzendu egiten zuen. «Ziurtatzen dizut…», esaten zuen postetxeko langileak. Eta, hara, eskolako maisuak eteten zion otzantasun ebanjelikoz: «Ez esan 'ziurtatu', Bernardes jauna; 'hitzeman' behar du».

     Eta elkarrizketak segitzen zuen zuzenketaren ondoren, harik eta beste hutsegiteren batek berriz eteten zuen arte. Halakoengatik eta antzekoengatik, lagun asko aldendu ziren solasaldiotatik, baina Pelinok, ezaxola, bere betebeharretan sendo, jarraitzen zuen jatortasunaren aldeko apostolutza-lanetan. Jakintsua iritsi ondoren, baina, apur bat zokoratu zuen bere misioa. Bere ahalegin osoa ezustean sorturiko arerio hari aurka egitera bideratu zuen.

     Alferrekoak izan ziren haren hitzak eta etorria: Raimundo Flamel, bere kontuak egunean ordaintzeaz gainera, eskuzabala zen, pobreziaren aita, eta botikariak haren izena balio handiko kimikari gisa aipaturik ikusi zuen aldizkari espezializatu batean.

 

2


     Urteak ziren kimikaria Tubiacangan bizi zela, Bastosek botikara sartzen ikusi zuenean hura. Berealdiko poza hartu zuen botikariak. Ordura arte jakintsua ez zen inorenean izan bisitan, eta egun batez, Orestes sakristaua beraren etxera sartzen ausartu zenean, Gure Ama Sorkundekoaren festarako amoina bat eskatzeko, kimikariak nabarmen haserre hartu zuen.

     Hura ikusirik, Bastos salmahaitik atera zen, arinka joan zen hari abegi egitera, norekin ari zen ondo zekiela erakutsiz, eta ia heiagoraka esan zion:

     —Doktorea, ongi etorri.

     Jakintsua, agidanez, ez zen harritu farmazialariaren begirune-erakustaldiarekin, ez eta unibertsitate-tratamenduarekin ere. Lipar batez medikamentuz beteriko biltegira begiratu zuen sotilki, eta erantzun zuen:

     —Pribatuan hitz egin nahi nuke zurekin, Bastos jauna.

     Hura izan zen hura botikariaren larritasuna. Zertan lagundu ziezaiokeen berak mundua korritutako eta berripaperek hain goraki aipatzen zuten gizon hari? Dirua ote zen? Beharbada... Errenta ordaintzeko atzeratuta ibil zitekeen, nork jakin. Eta kimikaria etxe barrura sartu zuen, ikastunak larriturik begira zegokiola, hain larriturik ezen pixka batean «eskua» egonean utzi baitzuen motrailuan, egoskin bat xehatzeari utzirik.

Azkenean, atzealdera iritsi ziren, atze-atzera, azterketa mediko sakonenetarako edo ebakuntza txikietarako erabiltzen zuen gelara, zeren Bastosek ebakuntzak ere egiten baitzituen. Jesarri ziren, eta Flamel berehala hasi zen hizketan:

     —Jaunak jakingo duenez, kimika dut lanbide, eta nire izenak entzute handia du jakintsuen munduan...

     —Ondo dakit, doktorea; adiskideak jakinaren gainean jarri ditut hemen, gainera.

     —Mila esker. Harira: aurkikunde handi bat egin dut, miragarria...

     Jakintsuak, bere suhartasunak lotsaturik, eten bat egin eta segitzen du:

     —Aurkikunde... Baina ez da komeni, oraingoz, jakintsuen munduari horren berri ematea. Ulertzen duzu?

     —Ederki.

     —Horregatik behar ditut izen oneko hiru lagun, esperimentuaren lekuko izan daitezen eta hari buruzko ziurtagiri formal bat sina dezaten, nire asmakariaren lehentasuna gordetzeko... Jaun horrek badakienez: ustekabeko ezbeharrak izaten dira, eta...

     —Hala da! Ezbairik gabe!

     —Eman dezagun, jauna, urrea egitea dela kontua...

     —Nolatan? Zer? —galdetzen du Bastosek, begiak zabalduz.

     —Bai! Urrea! —dio, errime, Flamelek.

     —Nola?

     —Jauna ohartuko denez —dio kimikariak hotz eta motz—, oraingo kontua da saiakuntzan lekuko izango direnak bilatzea, ezta?

     —Benetan ezinbestekoa da zure eskubideak gordeta egotea, zeren…

     —Zu zeu zara horietako bat —eten zion jakintsuak—; besteak nor izan daitezkeen esango al didazu, otoi, Bastos jauna?

     Botikariak gogoeta egin zuen pixka batean, bere ezagunak aintzat hartuz, eta, hiru minuturen buruan, galdetu zuen:

     —Balio al dizu Bentes koronelak? Ezagutzen duzu?

     —Ez. Badakizu, jauna, ez dudala harremanik hemengo inorekin.

     —Hitzematen dizut gizon arteza dela, aberatsa eta oso diskretua.

     —Sinestuna al da? Galdetzen dizut —erantsi zuen berehala Flamelek— hilen hezurrak erabili behar ditugulako, horiek bakarrik balio baitute...

     —Baita! Ia ateoa da eta...

     —Ederki! Onartuta. Eta bestea?

     Bastos gogoetari lotu zitzaion berriro, eta orduko hartan lehen baino gehiago luzatu zen bere oroimenean aztarrika... Azkenean, hitz egin zuen:

     —Carvalhais tenientea izango da, zerga-biltzailea. Ezagutzen al duzu?

     —Lehen esan dizudanez...

     —Egia. Fidatzekoa da, arteza, baina...

     —Zer du, ba?

     —Framazona da.

     —Hainbat hobe.

     —Eta noiz izango da?

     —Igandean. Igandean, etxera etorriko zarete hirurok saiakuntza ikustera, eta espero dut ez diozuela uko egingo ziurtagiria sinatzeari nire aurkikundea ontzat emateko.

     —Ados.

     Igandean, agindu bezala, hiru tubiacangatar zintzoak joan ziren Flamelenera, eta, handik egun batzuetara, gizona aienatu egin zen, misterioski, aztarnarik edo bere desagerpenari buruzko argibiderik utzi gabe.

     Tubiacanga hiri txiki bat zen, hiru edo lau mila biztanlekoa, oso baketsua, eta haren geltokian trenak lantzean behin gelditzen ziren jentilki. Baziren bost urte han ez zela lapurretarik edo ebasketarik. Ate eta leihoak bakarrik erabiltzen zituzten... Rion erabiltzen zituztelako.

     Udal-hauteskundeen karietara gertaturiko hilketa bat zen poliziaren artxibo urrian jasotako krimen bakarra; baina, kontuan izanik hiltzailea gobernuaren alderdikoa zela eta biktima oposiziokoa, gertakari hark ez zuen batere aldarazi hiriko bizimodua: hiriak kafea esportatzen segitu zuen, eta etxe baxu estuak ikusten hari izena emandako ibaiko ur meheetan.

     Beraz, hiriko biztanleak harritu ziren, harritu, jakitean inoizko krimenik okaztagarrienetako bat gertatua zela han! Ez zen laurdenkatze bat edo parrizidio bat: ez zen familia oso baten hilketa edo zerga-bulegoaren kontrako lapurreta bat; are okerragoa zen, erlijio eta kontzientzia guztien begietara sakrilegoa: «Bake-leku»ko, hiriko hilerriko, hiriko ortu santuko, hilobiak bortxatuak ziren.

     Hasieran, lurperatzaileari begitandu zitzaion txakurrak zirela, baina, harresia ondo miaturik, zulo txiki batzuk baizik ez zituen aurkitu. Itxi egin zituen; alferrik. Biharamunean, panteoi bat hautsirik agertu zen, eta hezurrak osturik; beste egun batean, hezurtegi bat eta lurreko hobi bat. Jendearen edo deabruaren eginak ote ziren? Lurperatzaileak ez zuen bere kontura ikertzen segitu nahi izan, gobernuaren ordezkariarengana jo zuen, eta albistea hiri osoan zehar zabaldu zen.

     Hirian suminak izaera eta gogo guztiak hartu zituen. Heriotzaren erlijioa beste guztien aurretikoa da, eta seguruenik azkena izango da hiltzen kontzientzietan. Profanazioaren kontra hots egin zuten sei presbiterianoek –biblikoak esaten zien herriak–; hots egin zuen Nicolau topografoak, kadete izandakoa eta Teixeira Mendes-en errituko positibista bera; hots egin zuen Camanho maiorrak, Esperantza Berria logiako presidentea; hots egin zuen Miguel Abudala turkoak, eta Belmiro eszeptikoak, ikasle izana eta sororik soro zebilena paratia klikatzen tabernetan. Trenbideko ingeniari egoiliarraren alaba bera ere, zeinak tokitako punta hura gutxiesten ematen baitzuen denbora osoa, hiriko maiteminduen hasperenei ohartu ere egin gabe, trenak printze bat ekarriko zuelako esperantzan berarekin esposatzeko, Cora polit destainaria ere, ezinbestez, partaide zen gertakariak lekutako punta hartako biztanleei eragindako suminduran eta hotzikaran. Zer dela eta axola zitzaizkion, bada, esklaboen eta laborari apalen hilobiak? Zergatik zitzaien interesekoa beraren begi eder arreei hain hezur apalen patua? Lapurreta haiek galaraziko al zioten bere ametsa betetzea, alegia, bere ahoaren, begien eta bularraren edertasunari distiraraztea Rioko kaleetan?

     Egiaz, ez; baina Herio zen, Herio errukigabe eta ahalguztiduna, eta haren esklabo sentitzen zen, egun batez beraren burezurtxo ederra eramango baitzuen hilerriko betiereko bakera. Oi, Corak bakean nahi zituen bere hezurrak, geldi eta katabut itxuroso batean atseden betean hilobi seguru baten barruan, beraren haragia harretarako atsegin eta plazer izan ondoren...

     Suminduena, halere, Pelino zen. Irakasleak editorial bat idatzi zuen, hoska, orroka, aldarrika: «Krimenaren historian —zioen berak—, berez gertakari nardagarritan aski ugaria izanda ere (esaterako, Maria de Macedo-ren laurdenkatzea edo Fuoco anaien itotzea), ez da egundo izan 'Bake-leku'ko hilobien harrapaketaren parekorik».

Hiria kirioak airean zebilen. Aurpegietan ez zen sosegurik; negozioak geldirik zeuden; maite-kontuak etenik. Egunean-egunean laino beltzak igarotzen ziren etxeen gainetik, eta, gauetan, denek aditzen zituzten naturaz gaindiko hots, auhen, zaratak... Bazirudien hilak mendeku eske ari zirela...

     Harrapaketak, ordea, ez zuen etenik izan. Gauero, bizpahiru hilobi zabaltzen eta husten ziren, ehortzitako hondakinak eramanik. Biztanle guztiek erabaki zuten denak batera beren arbasoen hezurrak zaintzera joatea. Goizetik joan ziren, baina, laster, nekeak eta logaleak beraturik, bat erretiratu zen, gero beste bat, eta, goizalderako, ez zen jagolerik geratzen. Egun hartan, haatik, lurperatzaileak ikusi zuen bi hilobi zabaldu eta hezurrak norabait eramanak zituztela.

     Orduan guardia bat antolatu zuten. Hamar gizonek zin egin zuten, gobernuaren ordezkariaren aurrean, gauean hilen egoitza zainduko zutela.

     Ez zen aparteko ezer gertatu lehenbiziko gauean, bigarrenean, hirugarrenean; baina, laugarrenean, jagoleak lokartzekotan zirela, haietako batek begiztatu uste izan zuen mulko bat irristatzen lurreko hilobien alderdian. Lasterka joan ziren, eta banpiroetako bi atzeman zituzten. Ezin izan zioten amorruari eta suminari eutsi, ordura arte sentipenok lo egonak baitziren haien aldartean, eta hainbeste makilada eman zizkieten lapur makabroei, ezen zerraldo utzi baitzituzten hilen pare.

     Albistea berehala zabaldu zen etxerik etxe, eta, goizean, gaizkileen nortasuna argitzen saiatu zirelarik, hiritar guztien aurrean identifikatu zituzten Carvalhais zerga-biltzailea eta Bentes koronela, lur-jabe aberatsa eta Ganberako presidentea. Azkena oraindik bizirik zegoen, eta, behin eta berriro galdetu ondoren, esan ahal izan zuen hezurrak urrea egiteko batzen zituztela eta ihes egindako laguna farmazialaria zela.

Larridura eta esperantza. Nola egin urrea hezurrekin? Nola zitekeen? Eta, halere, nolatan makurtuko zen gizon dirudun hura, hildakoak osteraino, benetan egia ez balitz!

Halakorik egin baliteke, gorpuzki ziztrin haietatik sosik ateratzerik balego, ez al litzateke ederra haientzat guztientzat?

     Postariak, aspaldiko ametsa semeak ikastea baitzuen, berehala ikusi zuen han horretarako dirubidea. Castrioto bake-epailearen idazkariari, aurreko urtean etxe bat erosi baina hesitzeko modurik izan ez baitzuen, soroa eta abereak babesteko harresia etorri zitzaion burura. Marques etxaldekoari, urteetan bazkaleku bat erosteko zoraturik ibilia, berehala etorri zitzaion gogora Costa-ren larre berdea, abelgorriak gizentzeko eta indartzeko egokia...

     Bakoitzaren beharrizanen arabera, hezur haiek etorriak ziren haiek zerbitzatzeko, asetzeko, zoriontsu egiteko; eta bi edo hiru mila lagun haiek, gizon, ume, emakume, gazte nahiz zahar, farmazialariarenera joan ziren antxintxika, pertsona bakarra balira bezala.

     Gobernuaren ordezkariak apo-apoan lortu zuen botika txikitu ez zezaten eta plazan gera zitezen, urregorrizko sekretuaren jabe zen gizonaren esperoan. Hura handik gutxira agertu zen. Aulki batera igota, goizeko eguzki biziarekin ñir-ñir egiten zuen urrezko barra bat eskuan zuela, Bastosek errukia galdatu zien, bizia gordez gero sekretua kontatuko ziela. «Oraintxe jakin nahi dugu», egin zuten oihu. Botikariak orduan azaldu zuen errezeta idatziz jaso beharra zegoela, prozedurako urratsak aipatu, erreaktiboak… Lana handia zen, eta biharamunera arte ezin zen inprimaturik eman. Marmar-hotsa zabaldu zen, batzuk oihuka ere hasi ziren, baina ordezkariak hitz egin zuen eta bere gain hartu zuen erantzukizuna.

     Otzan, jendeketa sutuen eztitasun bereziaz, guztiak banaka etxeratu ziren, buruan pentsu bakarra zerabiltela: segituan ahalik eta defuntu-hezur gehien batzea.

Trenbideko ingeniari egoiliarraren etxera iritsi zen gertakariaren hotsa. Afaritan, ez zen beste hizpiderik izan. Ingeniariak berak ikasitakotik segitu zuen hura ezinezkoa zela. Alkimia zen, aspaldi baztertutako jakintza bat: urrea urre da, elementu bakuna, eta hezurra hezur da, konposatu bat, kaltzio fosfatoa. Astakeria bat zen pentsatzea gauza bat beste bat bihur zitekeela. Cora abaguneaz baliatu zen basajende haren ankerkeriaren kontura Petrópolisko eran barre egiteko; baina haren amak, Emília andreak, bazuen ustea egia izan zitekeela.

     Gauean, baina, ingeniariak, emaztea lo zegoela igarritakoan, jauzi egin zuen leihotik behera, eta hilerrirantz abiatu zen lasterka; Cora, oinutsik eta txapinak eskuetan, neskamearen bila joan zen, elkarrekin joateko hezurrak biltzera. Ez zuen aurkitu, bakarrik joan zen; eta Emília andreak, bakarrik zegoela konturaturik, nora joanak ziren barrundatu zuen, eta bera ere hara joan zen. Eta halaxe gertatu zen hiri osoan. Aita, semeari tutik esan gabe, irteten zen; emaztea, gizonari ziria sartua ziolakoan, irteten zen; semeak, alabak, zerbitzariak… biztanle guztiak, izar harrituen argipean, «Bake-leku»ko hitzordu satanikora joan ziren arineketan. Batek ere ez zuen huts egin. Aberatsena eta ezedukiena han ziren. Han ziren Manoel turkoa, Pelino irakaslea, Jerônimo doktorea, Camanho maiorra; Cora ere, Cora eder eta distiratsua, alabastrozko atzamarduna, han ari zen hilobietako materian aztarrika, haragia erauzten, zeina oraindik ustelik hezurrei tinko atxikia baitzegoen, eta haiekin bere altzo ordura arte agorra betetzen zuen. Bere dotea jasotzen ari zen, eta beraren sudur-zuloek, hego arrosakara eta ia gardenetan zabalik, ez zuten aditzen lurrun hatsitutan aireratzen zen ehun ustelen kiratsa...

     Istiluak laster agertu ziren; hildakoak gutxi ziren, eta ez ziren aski bizien gosea berdintzeko. Labankadak izan ziren, tiroak, kokotekoak. Pelinok turkoa sastakatu zuen, izterrezur bat zela eta; ahaideen artean ere izan ziren iskanbilak. Postaria eta haren semea izan ziren bakarrak beren artean borroka egin ez zutenak. Batera eta elkar hartuta jardun zuten, eta behin mutikoak, hamaika urteko haur bizkorra bera, aholku bat ere eman zion aitari: «Aitta, goazen amatto dagoen lekura; hain zen lodia...».

Goizean, hilerriak aurreko hogeita hamar urteetan jasotakoak baino hildako gehiago zituen. Lagun bakarra falta zen, berak ez zuen inor hil, ezta hilobirik profanatu ere: Belmiro mozkortia.

     Atea erdi irekia zuen ostatu batera sartu zen, eta, barruan inortxo ere ez zegoenez, botila bat parati hartu, eta zurrutari eman zion Tubicangaren ertzean eserita, ibaiaren urak granitozko ibi latzaren gainean mantso joaten ikusi bitartean, izarren betiereko errezelaren azpian, zeren biok, hark eta ibaiak, axolagabe ikusia baitzuten arestian gertatutako guztia, baita farmazialariaren ihesaldia ere bere urregorria eta sekretua eramanik alde egin zuenean.

 

Kalifornia Berria
Afonso Henriques de Lima Barreto

euskaratzailea: Iñigo Roque
armiarma.eus, 2014