IZEBA SUEREN ISTORIOAK
Langston Hughes

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017

 

Izeba Suek istorioz beteta du burua.

Izeba Suek istorioz beteta du bihotza.

Udako gauetan etxeko atarian

izeba Suek ume mutur-ilun bat biltzen du altzoan

eta istorioak kontatzen dizkio.

 

Esklabo beltzak

eguzki galdatan lanean,

eta esklabo beltzak

ihintzak hartutako gauetan oinez,

eta esklabo beltzak

ibai indartsuaren ertzetan min kantak abesten

goxotasunez nahasten dira denak

Izeba Sue zaharraren ahotsaren jarioan,

goxotasunez nahasten dira denak

Izeba Sueren istorioak

gurutzatu eta bergurutzatzen dituzten itzal ilunetan.

 

Eta ume mutur-ilunak, adi-adi,

badaki Izeba Sueren istorioak benetakoak direla.

Badaki Izeba Suek ez dituela bere istorioak

inongo liburutik atera,

baizik eta zuzen-zuzen datozela

berak bizitakotik.

 

Ume mutur-iluna isilik dago

udako gau batez

Izeba Sueren istorioak entzuten.

 

IZEBA SUEREN ISTORIOAK
Langston Hughes

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017