Primo Levi. Aurkezpena
Xabier Boveda

Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

      Primo Levi 1919an jaio zen Turingo familia judu batean. Gerra betean kimika ikasketak egin zituen, eta 1943an faxismoaren eta alemaniar okupazioaren aurkako partisanoen erresistentzian parte hartu zuen. Gestapok atxilo hartu zuen, eta, jatorri judua zuela-eta, deportatu egin zuten, eta Auschwitzera bidali. Infernu hartan, produktu kimikoen fabrika batean esklabo gisa lan egin zuen. Haren taldeko 650 judu italiarren artean, bizirik atera zen 20 lagunetako bat izan zen.

      Sarraski-esparrutik askatua izan ostean, Turinera itzuli eta literatura ikasteari ekin zion. Ogibidez erretxina lantegi batean  behar egin zuen, eta kimikari lanari utzi zionean literaturari lotu zitzaion bete-betean. Jardun horretan beti izan zuen presente holokaustoaren lekukotasuna eta memoria.

      1987ko apirilaren 11n hil zen, itxuraz, bere buruaz beste eginik.

      Leviren liburu guztiek osagai autobiografiko bat dute, kontzentrazio-esparruan bizi izandakoaren gogoeta sakona, non gaitz azalezinaren azalpenaren bila murgiltzen den. Haren lanetan holokaustoaren trilogia nabarmendu behar da: Se Questo è un Uomo  (Hau gizon bat bada, 1947); La Tregua  (Suetena,1963) eta I sommersi e i salvati  (Hondoratuak eta salbatuak, 1989).

      Hau gizon bat bada. Italiara itzuli berritan idatzia. Liburu honetan, oinazea gorabehera, bizirauteari atxikita, Auschwitzen bizi izandako izugarrikeriei aurre egiten die. Sarraskiaren aurrean dagoen gizakiaren duintasuna du aztergai eleberri honek. Presoen eguneroko bizimodua kontatzen du, arauen krudelkeria, deportatuen deuseztatze psikiko eta fisikoaren bilakaera…

      Suetena. 1963an argitaratu zuen. Sarraski-esparruak askatu osteko presoen etxeratzeko odisea kontatzen du. Bidaia luze eta mingarri hau arima aldatuaren sakonean egindako barneratzea ere bada, behinola ezaguna izan zen, baina, esparruen ostean, berriz ezezaguna bihurtu den lurralderantz.

      Hondoratuak eta salbatuak. Liburu honetan biktima eta borreroez egiten du gogoeta, alemaniar biztanleen jokabideaz, bizirik irten direnen errudun sentimenduez, holokaustoaren infernuan galdu edo salbatu direnez…

      Trilogia horrez gainera, beste eleberri bi ere aipatu behar dira: Il sistema periodico (Sistema periodikoa, 1975) eta Se non ora, quando (Orain ez bada, noiz?, 1982). Sistema Periodikoak hogeita bat narrazio ditu, elementuen sistema periodikotik hartuak. Horietako bakoitza giza harremanen eta gizakiaren beraren metaforatzat har daiteke. Orain ez bada, noiz? liburuan partisano judu talde baten historia kontatzen du.

      Baina narrazioa ez eze, poesia ere idatzi zuen Primo Levik, eta bere poesiaren antologia liburu batean argitaratu zuen: Ad ora incerta (Ordu lausoan, 1984). Hona hemen liburuaren sarreran zer dioen:

       “Zibilizazio guztietan, baita idazkerarik ez dutenetan ere, itzaltsuek zein jende arruntek poesiaren bitartez adierazteko bulkada izan dute, eta harixe ekin izan diote: poesia gaia isuri dute, euren buruari, lagun hurkoari edo unibertsoari zuzendua; noiz gartsua noiz ilauna, noiz betikoa noiz galkorra. Poesia prosa baino lehenago sortu da. Nork ez du egundo bertso bat idatzi?

      Gizona naiz. Neuk ere, noizbehinka “ordu lausoan”, bulkadari amore eman izan diot: gure ondare genetikoan horrela idatzita dagoela ematen baitirudi. Noizbehinka sentitu izan dut poesia prosa baino egokiagoa zela ideia bat edo irudi bat adierazteko. Ez dakit zergatik, eta ez naiz inoiz horretaz arduratu: gutxi dakit poesiaren teoriaz, poesia gutxi irakurtzen dut, ez dut sinesten artea zerbait sakratua denik, ezta nire bertsoak bikainak direnik ere. Balizko irakurleari hauxe bakarrik ziurtatu ahal diot, une berezi batzuetan (batez beste urtean behin baino gehiagotan ez) zenbait bultzagarrik, berez-berez, itxura bat hartzen dutela, nire alderdi arrazoidunak berezkotzat hartzen ez duena”.

      Hemen dituzue ordu lauso horietako olerki batzuk.

 

Primo Levi. Aurkezpena
Xabier Boveda

Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017