ELEFANTEA
Primo Levi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017

 

Zula ezazue: nire hezur absurdoak

topatuko dituzue leku elurrez bete honetan.

Nekatuta nengoen zamaz eta bideaz

berotasuna eta belarra falta nituen.

Txanponak eta arma punikoak topatuko dituzue

elur-jausiek estaliak: absurdoa, absurdoa!

Absurdoa da nire historia eta Historia:

Zer axola zitzaizkidan niri Kartago eta Erroma?

Orain nire marfil ederra, gure harrotasuna,

bikaina, uztaitua ilargia bezala,

ezpaldurik datza errekako uharrien artean:

ez zegoen korazak zulatzeko egina

ezpada sustraiak lurpetik ateratzeko eta emeak gogatzeko.

Gu emeengatik baino ez gara borrokatzen,

eta zuhurki, odolik isuri gabe.

Nire historia jakin nahi duzue? Laburra da.

Indiar maltzurrak xarmatu eta bezatu egin ninduen,

egiptoarrak gatibatu eta saldu egin ninduen,

feniziarrak armaz estali ninduen

eta dorre bat ezarri zidan zerra gainean.

Absurdoa da ni, haragizko dorre hau,

zaurtezin, baketsu eta izugarria,

mendi etsai hauen artean ibiltzera beharturik,

zuok inoiz ikusi gabeko izotzean labaintzea.

Guretzat, jaustean, ez dago salbaziorik.

Itsu ausart batek lantzaren puntarekin

bilatu zidan bihotza luzaroan.

Ilunabarreko gailur ubel hauei

jaurti diet nire alferrikako

orro hilzorikoa: “Absurdoa, absurdoa”.

 

ELEFANTEA
Primo Levi

euskaratzailea: Xabier Boveda
Labayru, 61 zkia, 2017
armiarma.eus, 2017