ETXEA
Langston Hughes

Home, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma, 2017

 

I


      Itzuli zenean, etiketa biziz eta gurasoek konprenitzen ez zituzten mintzaira arrotzez zigilatuak zeuden bere puskak eta bere biolinaren estutxea. Aduana eta muga urrunetako markak ziren, Europako hotel handietakoak eta itsasoa zeharkatzen zuten pakeboteetakoak, Hopkinsvilletik lekutara. Egiazki, zigilu haiek zirku eta alaitasun kutsua ematen zieten larru koloreko puskei eta biolinaren estutxe beltzari. Horrek harrituak zeuzkan treneko zuriak, eta nor ote egiten zioten galde bere buruari maleta haien jabea zen azal iluneko gazte hura. Eta Missouriko herri txiki bateko geltokian jaitsi zelarik, jendetza bildu zitzaion inguruan, jakin-minez.

      Roy Williams etxera itzulia zen atzerritik, ama, arreba eta oraino etxean zeuden anaien bisitatzera. Roy zazpi-zortzi bat urtez ibilia zen kanpoan, munduan barrena. Biziki dotoretua zetorren, baina arrunt argaldua. Ondoezik zetorren.

      Bere eritasuna izan zen itzularazi zuena etxera, hain zuzen. Hil behar zuelako ustean zen, eta ama ikusi nahi izan zuen. Iduritu hori handitu eta handitu egiten zitzaion hiruzpalau urtez geroztik. Vienan zelarik gertatu bide zitzaion, Erteuropako hiri alai baina hilurran hartan, hainbeste jende baitzeukan goseak, nahiz eta Royren orkestrak jotzen zuen gau-klubetan bazen aski dirudun kabiar, xanpain eta emaztekien erosteko.

      Royren jazzaren errezela dirdaitsuetan, heriotza zegoen brodatua. Vienako karriketan jendea konortea galtzen ikusteak beste batzuk asean bizi ziren artean, eritu egiten zuen. Atsekabetu egiten zuen gau beranduan etxeratzen zelarik ezetza eman beharrak jatekoren baten ahoratzearren bere gorputza eskaintzen zioten emazteki gazte zuriei.

      Vienan gela bat zeukan beretzat bakarrik, artea perfekzionatzen saiatzen zenez klaseak hartzen zituelako biolin irakaslerik onenetako batekin. Baina zaila zitzaion lanpostua zeukan gizonen bati gorputza emateko prest zeuden emazteki eder eta gosetuak beregandik urruntzea, zeren, trukean, gizonak uzten ahal zien bere gelan lo egiten edo ematen ahal zizkien bilete batzuk guraso gosetuentzat.

       “Jendeak infernua dauka Europan”, esaten zuen Royk bere baitan. “Ez dut inoiz ikusi halako gosean den jenderik, ezta gure herriko Negroetan ere”.

      Baina are okerragoa izan zen orkestrak Berlinera egin zuenean. Hiriburu handiaren sendotasun itxuraren ostean, turistek inoiz bulkatzen ez zituzten ateen ostean, ulertu ezin zitekeen gosea eta sufrikarioa ezkutatzen zen. Eta poliziak egurtu egiten zuen protestan, ebasketan edo eskean ari zena. Royk biolina jotzen zuen kabaretean, jende mordoak xahutzen zuen bere urrea oraino. Irri eta dantza egiten zuen arrats oroz askorik pentsatu gabe kanpoan atarien gerizpean lo egiten zuten haurretan, paketatzeko kutxekin etxeak egiten zituzten gizonetan edo tratua egiteko kalean zebiltzan emakumeetan.

      Berlinen astun zamatu zuen Roy tristurak. Eta hantxe hasi zen eztulka. Gau batez, Pragan, hemorragia bat izan zuen. Parisera heldutakoan, bere neskalagunak artatu eta hobera egin zuen. Baina geroztik, beti, heriotza hurbil zuelako susmoa hartu zion. Eztula joaten ez, eta tristura ere ez. Etxera itzuli zen beraz, ama ikusteko.

      Hoover lehendakariak gerlari ohiak Washingtondik kasatu zituen egunean lurreratu zen New Yorken. Egun pare bat egin zituen Harlemen. Bere lagunetarik anitz, musikari zein aktore, goseak eta langabe zeuden. Roy horren dotore ikusirik, dirua eskatu zioten. Gauean, emaztekiek xuxurla egiten zioten kalean: “Zatoz, enetxo. Zurekin hitz egin nahi dut, laztana”.

      “Ustel usaina edonon”, Royk bere artean. “Etxera joan nahi dut”.

      Harlemeko azken gauean, ezin izan zuen begirik bildu. Ama zeukan gogoan. Goizean telegrama bat igorri zion, bidean zela esanez.

 

ETXEA
Langston Hughes

Home, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma, 2017