1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

9. ATALA

 

         Ryukichi gimnasiotik eraman baino bizpahiru egun lehenago gertatu zen. Lau edo bost egun aurretik Kinoshita izeneko langile bat galdekatu eta 1 zenbakidun ziegan sartu zuten. Sindikatutik ezagutzen zuen burkidea. Gaueko hamarrak aldera, Kinoshita gimnasiotik etorri zen polizia batekin. Haren gauzak jasotzen hasi zirenean Ryukichi esnatu egin zen.

         — Kaixo —esan zion baxu.

         Kinoshita, Ryukichiri begira, buruaz baietz egiten bezala ari zen.

         — Sapporora bidaliko naute —esan zuen isilean.

         Ryukichiri “E?” besterik ez zitzaion atera eta, tupustean eta bortitz bihotza atzaparrekin estutu baliote bezala sentitu zen. Sapporora bidaltzeak esan nahi baitzuen puska baterako harenak egin zuela.

         Gimnasiotik galdeketara eraman aurretik, Kinoshitak ile luzea zuen, baina orain motz-motza zeukala konturatu zen Ryukichi, buruko azal zuria agerian.

         — Eta ilea? —galdetu zion.

         Kinoshitari aurpegia goibeldu zitzaion.

         — Tiraka gogor ekiten ziotenez, moztu egin dut.

         Gauza guztiak pakete batean bilduta, poliziak buruarekin ateratzeko keinua egin zion. Irteterakoan Kinoshitak zerbait esan zion poliziari duda-mudatan bezala. Poliziak, Ryukichirengana inguratu eta nagi bota zion:

         — Esaten du tabakorik baldin baduzu, emateko.

         “Bai! Akordatu naiz!”. Sindikatuko bulegoan ere, Kinoshita beti tabako eske ibiltzen zen, bati bat eta hurrengoari bi zigarro eskatuz. Eta gogo handiz, gozatuz erretzen zuen. Sapporora zihoan kideari tabakoa emateak poza sortu zion Ryukichiri, une hartan beste ezer baino pozgarriago gertatzen zitzaion aukera hura. Aztoratu samar, bere gauzak zeuzkan tokira korrika joan, eta presaka haztatu zuen Batto pakete baten bila. Eta, zer diren gauzak! Pakete bakarra dago-eta! Gainera ez dauka pisu handirik! Zori txarreko garaian dena ateratzen zaigu gaizki… Hiru zigarro! Hiru zigarro besterik ez zeuden. Ryukichik, bihurrikeria galanta egindako umea balitz bezala asko sentitzen zuela adierazi zion:

         — Hiru besterik ez daukat.

         — Ondo, ondo! Nahikoa da! Eskerrik asko, eskerrik asko! —Kinoshitak, umeek zerbait eskatzen zutenean bezala, bi eskuak bata bestearen gainean jarrita luzatu zizkion.

         — Batekin nahikoa duzu!

         Eta ikusterako bi zigarro kendu zizkion ondoan zuen poliziak. Bi atxilotuak sor eta lor geratu ziren.

         — Erretzeko edo pipatzeko baimena ematea bera ez duzu nolanahiko mesede eta grazia!

         “Hara asto bat irrintzi egin nahian!”. Ryukichi, suminduraren suminez gorputza dardarka zuela konturatu zen. Hala ere, esan zion:

         — Mesedez! Hiru bakarrik dira! Eta Kinoshitari erretzea bereziki…

         Ez zion utzi esaldia bukatzen.

         — Hiru bakarrik direla? Eta zer?

         Kinoshita, aurpegia harria bezain zurrun, isilik zegoen. Zigarro bakarra zuen esku ahurra hosto bat bezala zuen ikara. Alde egin zutenean, Ryukichik, Kinoshita zein triste eta goibel egongo zen imajinatuz, erdi-negarrez, poliziak itzulitako zigarro biak birrindu egin zituen.

         Hiru egun, lau egun, hamar egun pasa ziren. Baina denbora luzea, mugarik gabeko zulo handia iruditzen zitzaien. Watari, Kudo, Suzumoto eta beste batzuk, ordea, leku aspergarri horretara ere ohitu samartuta zeuden. Eta, laketzen ez baziren ere, haien kirioak ez zirenez Ryukichi eta Satarenak bezain sentikorrak, errazago eramaten zuten. Sata, aldiz, lur jota zegoen.

         Sataren ziega ez zegoen Watarirenetik urrun. Gauez, bere burua non zegoen ere ez zekiela, solasik gabe, urduritasunez pozoiturik, erdi tentelduta zegoela, hainbeste ate giltzaturen ostetik apal-apal entzun zen:

 

                  Bai gauez, bai egunez,

                  Kartzelak beti daude ilun

                  Deabruak leihotik hona begira

                  Denbora guztian.

 

         Watari ari zen kantari. Zaintzako poliziek zegoeneko ez zioten eragozpen handirik jartzen.

 

                  Jagon nazazue, nahi baduzue,

                  Gu askatasunik gabe

                  Kateaz loturik.

 

         Azkeneko lerroa, “Kateaz loturik” zioen hori Watarik, ohi bezala, indarrez kantatzen zuela konturatu zen Sata. Lelo hura behin eta berriz errepikatzen zuen beti. Watariren sentimendua zorrotz sartzen zitzaion Satari barru barruraino.

         Sata beti egoten zen Watariren kantua entzuteko gogoz. Iluntzean izaten zen. Garai batean kantu mota horri “herritarren artea” deitzen zion destainaz. Baina orain ez. Kantuak ez ezik, kalean zebiltzanen oin-hotsek, eta bide elurtuetan entzuten ziren soinuek ere, arretaz entzunda, musika-eskala misteriotsuak zeuzkatela konturatu zen. Urrun galduetan entzuten ziren jendearen xuxurlek ere ñabardura musikal, delikatuak zeuzkatela. Teilatu gainean erortzen ziren elur pinporten hots atzemangaitzak aditzen ordu bete, bi ordu pasatuko zituen. Soinu horiek mila eratako irudipenekin nahasten zituen, eta hala ez zuen aspertzeko beldurrik. Satak ez zuen beste ezer behar, hotsekin aski zuen. Artean bizidun gisa jokatzeko gai baldin bazen, hori zaratei, hotsei zor zien, edozein soinu entzun orduko piztu egiten baitzen. Ziegako lagunek hainbat gorabehera kontatzen zizkioten, alproja gaztearen neskatan egiteko zertzeladak zirela, arlotearen bizitza miserablearen mami eta batez ere hezurrak zirela… Hasieran interesatzen zitzaizkion kontuok, baina bizpahiru egunen buruan nazkatu egin zen.

         Otaruko bereizgarrietako bat “iragartzailea” zen. Denda jabeek pregoilari berezi haiei eskatzen zieten euren dendaren propaganda egiteko. Pailazo jantzita ibiltzen ziren kalean jo goiak eta jo beheak, doinu barregarriz iragarkiak esaten, danborra eta txistua lagun hartuta. Egun batean, kartzela ondora azaldu ziren. Bi egur-pusketaren atabal jotzea zen hasieraren seinale, eta ondoren, hasi ziren iragarkiak esaten.

         Tximista batean oldartu ziren atxilotu guztiak goiko leihora, zein baino zein azkarrago iristeko lehian. Atzetik zetorrena aurrean zuenari bizkar gainera igo zitzaion, eta bigarrenaren gainera beste bat igo zen. “Hotsak” entzuteko irrikan zeuden denak, ez Sata bakarrik!

         Satak askotan egiten zuen amarekin ametsetan. Batez ere ama bisitan joan zitzaionetik, lo hartu bezain laster ama azaltzen zitzaion, esnatu, eta atzera lokartu orduko amarekin hasten zen berriro ametsetan… eta horrela eguna urratu arte.

         — Argaldu egin zara… eta zurbilduta zaude —esan zion amak bisitan, arnasa estuz.

         — Lehenbailehen irten zaitezen egunero egiten diot otoitz Budari —esan eta aurpegia estali zuen zapi zimurtu, zikin batekin. Buda zioenean Sataren aita zena esan nahi zuen. Ama oso garbia zen, eta horren zapi narrasarekin ikusteak bihotza erdiratu zion semeari. Amak zentzurik gabeko gauzak murmurikatzen zituzten ahopean negar-zotinka. Semeak beste aldera begiratzen zuen. Amak eskuak luzatu zituen semearen atorraren lepoa txukuntzeko. Satak baldar makurtu zuen lepoa, eta geldi-geldirik jarri zen. Amaren usaina aditu zuen.

         Ziegara itzuli eta amak ekarritako paketea zabaldu zuen. Gauza askoren artean, botilatxo more bat zegoen, begietarako tantak zituena. Satak etxean ohera baino lehen begietan tantak botatzeko ohitura zuen.

         — Ama etorri zaizu? Ama bisitan etorri zaizu, ezta? —sartu zuen muturra gazteak, aldamenetik Satak paketea nola irekitzen zuen ikusten ari zela—. Nik ere bizi dut ama.

         Handik lauzpabost egunera askatu zuten Sata.

         Non zebilen ez zekiela atera zen kanpora. Dudarik gabe, kalean zegoen. Elurrak distira egiten zuen karrika batean zegoen. Kanpora ateratzearekin batera, amilizua sentitu zuen. Kalean nago! Halakoren etxea da hango hura! Zeraren denda da hori! Zerako zubia da harakoa! Dena ezagutzen dut! Ortzia, argindar-zutabeak, txakurrak! Txakurrak benetan existitzen dira! Umeak, pertsonak, askatasun osoz dabilen jendea, txoria baino libreago! Ai, itzuli naiz-eta mundura!

         Bai umeei, bai gizonezkoei, bai andrazkoei, kalean zebiltzan guztiei, hitz erdiren bat esateko, irribarre egiteko gogo bizia sortu zitzaion, baita lasterkan hasteko grina zoroa ere. Sentimendu hori ez zen desmasia hutsa. Bihotza, trumilka gorputzaren erditik sortzen ari zitzaion pozari eutsi ezinik zeukan.

         — Azkenean, azkenean atera naiz! —ustekabean negarrari eman zion. Negarrez hasita, malkoak turrustan atera zitzaizkion bihotzeko pilpira bezala taupaka. Kalean zihoazenak, gelditu eta begira jartzen zitzaizkion han zerbait desegokia balitz bezala, baina berari ez zion axola. Ozen eta zotin batean jarraitu zuen negarrez. Ez zuen ezertan pentsatzen. Bere burua ez zen beste inorentzat ez zegoen! Ez zegoen beste inorekin arduratzeko.

         — Azkenean aske nago! Azkenean!!

         Sata askatu zutelako berria, ahoz aho, ziega guztietara zabaldu zen. Watariri ez zitzaion zirrara berezirik sortu. Pozgarria zen, hala ere, kartzela ez baitzen gustuko lekua inorentzat. Watarik ez zuen Sata ondo ezagutzen. Biak mugimendu proletarioko kide izan arren, bulegariak eta intelligentsiakoak beste mundu batekoak ziren Watarirentzat. Ez zuen esango gustuko ez zituenik, kontua zen ez zitzaizkiola interesatzen haiekiko harremanak.

         Kudok, aldiz, bestela pentsatzen zuen: Ryukichi bezalako intelligentsiako asko behar zirela haien mugimendua aitzinatzeko, haiek gauza askotan jakintsuak baitziren, eta eskarmentu gutxiko burkideen jokaera monotonoak zuzentzeko gai ziren, sendotasuna eta sakontasuna erantsiz. Satak bazituen bere akatsak, hori bistakoa zen, baina baziren Satak inork baino hobeto egin zitzakeenak, eta dohain horiek erakutsiz gertatuko zen denentzat probetxugarri haren lana. Kudok, egin beharreko asko geratzen zitzaizkiela pentsatzen zuen.

 

 

         Poliziek deabruak legez jarraitzen zuten galdeketak egiten, hemen kontatu ahal izateko episodio anker larregi sortuz. Pasadizo horiekin soilik osa zitekeen liburu bat.

         Epaia jaso zutenak, banaka-banaka Sapporoko auzitegira bidali zituzten, lehen instrukziora eramateko.

         Hara baino lehen, atxilotuei galdeketak egin zizkioten inspektoreak eta Tokkoko poliziek, beraien poltsikotik ordainduta sushi eta beste jateko batzuk ekarrarazi eta atxilotuei eman zizkieten. Bat-batean, jakiak elkarbanatuz, jatortasun izun batekin hasi ziren jokatzen.

         — Edozein modutan —bota zuten nahi gabe bezala—, hemen egindako adierazpenak berritu besterik ez duzue egin behar Sapporon. Bestela, zuen jokaera gaizki hartuko dute eta hori ez zaizue komeni…

         Eta berriro hasi ziren hitz eta pitz, eta gauza bera errepikatzen zuten.

         — Honenbeste jateko guri ematea ondo ote dago? —jukutria haren berri bazekiten Watarik, Kudok eta Suzumotok iseka egin zieten.

         — Ondo da, ados, ez dugu ezer esango. Arrazoi duzue —erdi barrez, buruaz baiezkoa egin zuen poliziak hainbat bider.

         Saitok, Ishidak eta beste batzuek, lehenengo aldiz atxilotu zituztenek, bere aldiko aurpegia jarririk, gonbidapena onartu zuten. “Arraro samarra da” pentsatzen zuten, baina ez zitzaien burutik pasa hori Tokkokoen eta inspektoreen amarru bat zenik. Zeren eta haiek idatzi baitzituzten galdeketetako txostenak; eta Sapporoko instrukzioan atxilotuek txosten horietan zegoenaren kontrakorik esaten bazuten, haien “lepoa” arriskuan jarriko zen, edo mailaz igotzeko aukerarik ez zuten izango, euren nagusien begikotasuna galdurik. Watarik dena zekien eta Sappororako bidean, tren-geltokian, bere zaintzako Tokkoko poliziari trenean jateko otordua eta gozokiak eskatu zizkion.

         — Gizajo honi ez eskatu gehiegi, e! —azkenean erreguka hasi zen Tokkokoa.

         Apirilaren hogeirako, Otaruko polizia-etxean giltzapetuta zeuden guztiak bidali zituzten Sapporora. Bat-batean hustu zen polizia-etxea. Horman idatzitako zirriborroak bakarrik ageri ziren garbi inor gabeko geletan. Atxilotuak egonak ziren ziegetako hormetan, ondoko lerroak zeuden arreta handiz idatzita, pareta guztietan berdintsu, aldez aurretik denen artean adostutakoa izkiriatu izan balute bezala.

 

                  Ez ahaztu martxoaren hamabosta!

                  Gora alderdi komunista!

 

 

  [Oharra: “Ez ahaztu x-ren x-a” esaldiak esanahi historikoa dauka Otarun. Jendeak buruan sakon irarrita baitauka Nikolaievsk-eko Sarraskia izan zenean hormetan azaldu zen odolez idatzitako esaldia: Ez ahaztu maiatzaren hogeita laua.

 

  Gogoan izan martxoaren hamabosta.

  Gora Japoniako Alderdi Komunista!

 

  1928-03-15.

  Hil dezagun Tanakaren gobernu erreakzionarioa!

 

  Gora Alderdi Komunista

  Gora langile-nekazarien alderdia

  Herri guztietako langileok, batu gaitezen

  Gogoan izan martxoaren hamabosta.

 

  Ez ahaztu martxoaren hamabosta.

  Eraiki dezagun langileen eta nekazarien gobernua.

 

  Gora Japoniako Alderdi Komunista!]

 

(1928-08-17)

 

 

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013