1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

6. ATALA

 

         Ryukichirekin batera zegoen Saito komunera atera zenean, eta korridore barreneko gelaren aurrean entzun zen:

        — Aizak! —gela barrutik entzun zela iruditu zitzaion. Saito gelditu egin zen.

        — Aizak! —Watariren ahotsa zen. Leiho txiki batean ageri zen bere aurpegia.

        — Watari! Heu ez haiz ba! Ni nauk! Bakarrik al hago?

        — Bai, hala nagok. …Ondo zaudete denok? —galdetu zion bere ohiko ahots apalez.

         — Bai, ondo gaudek. …bakarrik hago orduan —“bakarrik” hitzak urratu zion bihotza Saitori. Polizia hurbiltzen ari zitzaionez, “Segi ondo” esan eta aurrera jarraitu zuen.

         Komunerako bidean, ez zekien zergatik baina arrisku handiren bat gertu zutela iruditu zitzaion. Ziegara bueltatu eta Ryukichiri kontatu zion. Ryukichik isilik, beheko ezpaina hozkatu zuen beti egiten zuen eran.

         Ishidak, komunean Watari ikusia zuen. Ezin izan zioten elkarri hitzik egin, baina haren betiko aurpegi sendoa, altzairuzkoa ematen zuen aurpegi gogor, aldakaitza ikusi zuen.

         — Aizak, ezagutzen al duk Bancroft? —galdetu zion Ishidak Saitori.

         — Bancroft? Ez. Komunista al da?

         — Zinemako artista duk.

         — Nik nola ezagutuko diat ba, handi-jende hori!

 

         Watari ikusi zuenean, Hanpa izeneko filmean lapur handi batena jokatzen zuen Bancroft aktorearekin gogoratu zen Ishida. Watari eta Bancroft, nahigabe tinko eta sendo lotu ziren Ishidaren gogoan.

         Watarik, isolamendu ziegan sartu zutenean (sindikatuan sartu zirenean bezala), uste izan zuen bera zuzentzen ari zen legez kanpoko mugimenduari buruz Poliziak zerbait jakin izan zuela aurretiaz. Oldozpen hori zerabilela, aurpegiko odola joan egin zitzaiola sentitu zuen. Baina hori segundo bateko kontua izan zen, izan ere, berehala suspertu eta atzera bere buruaren jabe egin zen. Gainera, leotz bakartu hartan eserita, lasai eta eroso sentitu zen, bidaia luze batetik etxeratu berritan bezala.

         Watari, beste sindikalista guztiak bezala, goizean esnatu orduko, mugimendu politikoak bereganatzen du, mugimendu hori luzaroan zelatan eta haren gose, hura noiz iritsiko, zain egona balitz bezala: esku-orriak hartuta korrika ibiltzen dira; lantegietako eta hiriko egoitzetako burkideak bisitatu, haien txostenei arreta eskaini, aholkuak eman, eta zer egin behar duten erakusten diete; buruzagitzatik txostenak iristen dira; zentrotik heldutako irizpenak, herri bakoitzeko egoerara egokituz, era askotan moldatu behar izaten dira gero; bilerak ere izaten dira; elkarrekin harrika ariko balira bezala, haserre, nekagaitz eztabaidatzen dute; agiriak multikopiatzen dituzte; sindikalisten heziketa ere hor dago; mitinak; prestaketa, esku-orriak, ihesa, hitzaldiak, atxiloketak… Haien gorputzak, gurpil zoro baten mende balira bezala, jira-bira etengabean dabiltza. Egun bakarreko salbuespenik gabe, etenik gabe, atertzeke, amaierarik gabeko frakzio periodikoa bezala, irauten du bizimodu honek ezin tinkoago. “Nahikoa da!” esateko gogoa sortzen zaie batzuetan. Sindikatuko lanean ari direla, gainera, beti agertu behar izaten dute grinatsu eta adorez gainezka. Bizimodu honetan, “txaletera joateak ” arnasa hartzeko beta izateko eta atseden hartzeko ere balio izaten du. Hori dela eta, “txaletera joateak”, zentzu ironikoaz aparte, burgesiak erabiltzen duen moduan, “atsedena” ere adierazten du. Inork, ordea, ez du hitzaren bigarren adiera hori goraki aipatzen. Bai baitakite borrokalari kaskartzat hartuko dutela hori ozen esaten duena.

         Watari bi hankak aurrera luze zituela eseri zen. Izterretatik hasita, belaunetan, zango-sagarretan eta orkatiletan masajea eman zuen, eta gero, orkatiletatik hasita izterretaraino gauza bera egin zuen. Ondoren, lepoan eta sorbaldetan kolpeak eman zituen eskuarekin, eta arnasa sakon hartuko balu bezala poliki aharrausi handia egin zuen. Orduantxe konturatu zen Watari, ordura arte aharrausi lasai egiteko astirik ez zuela izan. Barregura eman zion horrek, eta barrez hasi zen.

 

         Lauzpabost egun lehenago Suzumotok kantatzen zuena entzunez, konturatu gabe ikasi egin zuen. Bai gauez, bai egunez, kartzelak beti daude ilun kantua apal abestuz, eta abestu ahala kantuaren hitzak dastatuz eta gozatuz, gela bakarti txikian bueltaka ibili zen. Watarik buruan ezer ez zeukala esan zitekeen. Baina, egun hartan Japonia osoan gobernu erreakzionarioa iraultzeko egitekoak ziren mitinak bertan behera geratu izanak, eta beraien mugimendua momentuz etenda zegoela pentsatzeak gero eta pena handiagoa sortzen zioten. Ordea, pena hori, Watarik, lokartzeko zorian zegoen hartan, oraintxe bai eta hurrena ez, loturarik gabe, ager ostenka misteriotsuan zerabilen.

         Txistuka gelan bueltaka zebilela, pasaeran eskuaz zurezko paretak batzuetan kolpatu eta besteetan igurtzi egiten zituen. Baketsu sentitzen zen oso. Normala zenez, kartzelan jende asko lur jota edo goibel egoten zen, baina Watari ez zen horrelakoa. Hasiera beretik inoiz ez zuen izan horrelako sentimendurik. Ez zituen neskatxa ikasleen tankerako nerbio delikatu, finak. Beretzat beste adar batzuk zituen bizi zuten egoerak: aurrena pentsatzen zuen beraiek misio historiko bati ekiten ari zitzaizkiola adoretsu, eta lan horrek noizean behin kartzelan egon beharra zuela ordaindu beharreko bahi gisa; bigarrenik, bizi zuten kinka gogor horrekin asko sufritzen zutenez, ataka horretatik irteteko borrokan segitzea beste biderik ez zeukaten. Bi pentsamendu horiek Watariren baitan bat egiten zuten arazorik gabe. Inoiz ez zioten nahi zuena egitea eragotzi bere printzipioek eta doktrinek, eta ez zen horregatik errudun sentitu egundo. Gainera, ez zuen pentsatzen bere burua sakrifikatzen ari zenik, ezta justizia sozialaren alde borrokatzen ari zenik ere. Gorroto hutsagatik ari zen borrokan ahalegin berezirik gabe. Gorrotoa, barru-barrutik sortzen zitzaion. Horretaz aparte, izatez saiatua zen Watari. Bai jende aurrean, bai ezkutuan, zernahitan ari zela ere gorputz eta arima saiatzen zenez, batzuetan burkideek konfiantza itsua izaten zuten harengan, baina beste batzuetan, zenbait sindikalistari ezinikusia eta amorrua eragiten zizkion. Kudo, alderdi askotan, Watariren tankerakoa zen, baina ez zen hau bezain monotonoa, eta ez zituen bere pentsamenduak beti horren gordinik agertzen. Horregatik erdi txantxetan esaten zioten bera zela Watarik aldamenean behar zuen Engels bat. Watarik inoiz ez zituen izaten elkarren kontrako “bi ideia”. Ideia batek zerbait egitea agintzen zionean, beste ideia batek ez zion inoiz galaraziko, edo inoiz ez zen erneko zalantzarik bi ideia horien artean. Berez halakoxea zenez, batzuei iruditzen zitzaien Watarik burdinazko borondatea zuela. Edozer gauza zalantza izpirik gabe, geratzeko zirkinik egin gabe burutzen zutenetakoa zen. Watariri ileak bekokian traba egiten zionez, burua astinduz atzera bota zuen ilea, eta isolamendu gelan bueltaka jarraitu zuen. Hanka mardul, labur antzekoak, judo egiten dutenenak bezalako uztai itxuran zeuzkan. Horregatik, bere gorputz-enborra zimendu sendoaren gainean ipinita zegoela ematen zuen. Watarik, orpoetan indar eginez, urratsez urrats, poliki ibiltzeko ohitura zeukan. Zapata zoruak, orpo ertzetatik hasten ziren gastatzen beti. Gelan bueltaka ari zela, burkideak zer moduz ote zeuden pentsatu zuen. Jasaten ari ziren zapalkuntzari beldurra baldin bazioten, zer pasako zitzaien? Kezka horrek hartu zion burua. —Atxiloketa honek luze jotzen badu, gero eta beldur handiagoa izango dute… Watari konponbideren baten bila hasi zen bere kautan.

         Hormetan, azkazalez, arkatzez edo auskalo nola egindako mota askotako zirrimarra eta idazkunak zeuden. Aspertzen hasten zenean, forma haiek banan-banan, zehatz-mehatz ikusi eta irakurtzen zituen. Nonahi ikus zitezkeen gizon zein emakumeen sexu– organoen marrazki handiak.

         “Ni lapurra naiz.” “Kaserna honetako buruak hazpegietan ezagun du sablez hilko dela. Frenologoa”. “Sutea, sutea, sutea, sua, sua. (Futurismoko artista batena bezalako letraz idatzita!)” “Gazte golfoa izatea zer da? Bizitza serioena daramana ez bada? Kar-kar-kar!” “Sozialistak zaretenok, salbatuko gaituzue!” “Hi izan hadi sozialista!” Gizonezko sexu-organo bat eta emakumezkoarena elkarren parean marraztuta zeuden, eta horren alboan, “Bizitza honetako tragikomedia, batean hasi eta beste batean bukatu? Ai ene.” “Nik ez daukat bizitzeko modurik.” “Komisario jauna, zure alabarekin zorri piztu bat bizi da”. “Zerritoki honetaz futitzen naiz. Nork dio beldurra leku madarikatu honi?”. “Langileok, izan indartsu!” “Gela honetara zatozten guztioi abisatu nahi dizuet: utz diezaiogun zirriborroak egiteari, lotsagarria da eta.” “Jan ezak kaka!” “Legez kontra askatasuna kendu eta hona ekarritakoontzat, pareta hau da paradisua bezalako leku aske bakarra. Gela honetara zatozten guztioi abisatu nahi dizuet: egin itzazue nahi adina zirriborro hemen.” “Langileak azken bolada honetan harropuztuta dabiltza.” “Zital hori, esan berriz! Hilko haut! Langile bat.” “Polizia jauna, Yamada auzoko Kiyo Yoshida izeneko emazteak, hiru maitale omen dauzka, eta kondoia hartuta bi egunetik behin banan-banan bisitatzera joaten omen da. Ikertu, mesedez.” “Hi hiru horietako bat haiz?” “Emaztea eta umeak ditut. Goseak gaude. Jendarte honi gorrotoa diot.” “Bai, gorrotatu, gorrotatu asko!” “Lan egin ezak!” “Lan egiteko? Hik zer uste duk, lan eginda bizitza erraztuko zaigula gauden mundu honetan? Hitz egin aurretik pentsa ezak, aldrebes arraio hori!” “Gora sozialismoa!” ……

         Watarik, ziegan sartzen zuten bakoitzean, hutsik egin gabe zirriborratzen zuen zerbait. Beti egin izan zuen idazkunen bat.

         “Azkenean poliziekin harremana izan dut. Gizon tristea”. “Polizia batzuen emazteak, pobrezia dela medio, 3 yenen truke lan lizunetan ari dira. Horrelako zortzi daude Otarun. Zulo hau ezagutzen duena”.

         Testu horien ondoan libre zegoen horma tartean, arreta handiz, azkazalekin marra sakonak eginez zirrimarrak egiten hasi zen Watari. Langintza horretan oharkabean joan zitzaion denbora puska. Ekintza hori atsegingarri zitzaion, marrazkiak margotzen ariko balitz bezala. Horregatik, ahalik eta idazkun luzeena egin nahi izan zuen. Sorbaldekin indarra eginez, lanari ekin zion. Eginkizun batean murgiltzen zenean, konturatu gabe mingainaren punta ezpain artetik ateratzen zitzaion. Horrela, buru-belarri, letraz letra grabatu zituen.

 

         Entzun, adiskideok!

         Ziega hau gu pobreoi sufriarazteko bakarrik existitzen da!

         Polizia, berriz, zakurra bezalakoa da, hesiz inguratutako lorategi erraldoiekiko gaztelu moduko etxetzarretan bizi diren aberatsek diru asko pagatuta enplegatzen dutena.

         Poliziek inoiz atzeman dute aberatsik?

         Eta guk, benetan, zalantzan eta urduri egoteko astirik gabe, elkartu eta hautsi egin behar ditugu ezertarako balio ez duten aberatsak, poliziak eta ezertarako balio ez duen gaur egungo politika!

         Kezkatuta eta urduri jarraitzen badugu, malkoak alferrik galdu besterik ez dugu egingo.

         Egin negar eta egin negar jarraitzen badugu, betirako zapalduta egon beharko dugu.

         Anaiok!

         Lehenbailehen eskutik helduko diogu elkarri. Sendo eta tinko helduko diogu elkarri.

         Poliziek lortuko ote dute ba, gure elkartasuna euren sable kamutsekin moztea?

         Gu langileok, beti lan eta lan, beti lanean, ia-ia ahuspez erori arte, eten beharrean beti lan egiten, eta hala eta guztiz ere pobre segitzen dugu. Hau burugabekeria!

         Mundua lan egiten dugunontzat. Mundua langileentzat eta nekazarientzat. Interesarekin eta langileei kendutako diruarekin, ezer egin gabe bizi diren aberatsek lur jota utzi duten mundua.

         Guk eraikiko dugu mundu hori.

         Aizu, lagundu!

         Heldu tinko!

         Aizu! Zuk ere bai!

         Denok! Denok!

 

         Denbora luzea pasa zuen zirriborroak grabatzen. Watarik, berriro dena irakurri eta konforme geratu zen. Txistuka, panazko praketako poltsikoetan eskuak sartuta hormatik urrunduz eta hormara hurbilduz ibili zen atzera eta aurrera.

         Egunsentia zen. Argia itzali ondoren, ordea, begiak ilunera jarri gabe artean, gela bat-batean itzaletan geratu zitzaion. Paretan idatzi zituenak ere itzali egin zituen ilunak. Goizalbako argi zuraila, leihoaren forma koadratua hartuz, behe aldetik sartzen zen hogeita hamarreko edo berrogeiko angelua eginez. Watarik brastakoan uzker ozen bat bota zuen. Segidan, gelan biraka zebilela, indar eginez puzker mordoa bota zuen. Odoluzkia zeukanez, haizeak erruz atera ohi zitzaizkion. Kirats handikoak ziren, gainera, berari ere nazka emateko modukoak. “Kaka zaharra! Kaka zaharra!” esanez, hanka bat pixka bat altxatu eta uzkerrak botatzen zituen.

         Zortzi eta erdiak inguru izango ziren. Ateko sarrailak zarata atera zuen. Atea ireki eta gerrian sablerik ez zeraman polizia bat sartu zen, galtzeta eta txankleta japoniarrez jantzita.

         — Kanpora.

         — Ni ez naiz zoo bateko piztia.

         — Ergela halakoa!

         — Askatu egin behar nauzu? Estimatzekoa da, aizu!

         — Galdeketa da —esan eta gero, bat-batean “hau kiratsa!” oihukatuz korridorera atera zen korrika.

         Watari bere kausaz zela konturatu zenean, barre-algara batean hasi zen. Izugarrizko barregura eman zion, eta gorputza bihurriturik irri egin eta irri egin jarraitu zuen. Ez zekien zergatik eman zion hainbesteko barregura halako huskeriak, baina bai, barregurari eutsi ezinik segitzen zuen barre karkailaka lehertu beharrean.

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013