1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

5. ATALA

 

         Hilaren hamabosteko egunsenti hartan, kapelaren hedea kokospean, polizia mordoa zebilen galdu-gordean, polizia-etxean sartu-irten etengabean; behin eta berriz gertatzen zen joan-etorria zen. Auto urdin argia ere txitean-pitean agertu, eta atarian aparkatzen zuten. Autoa martxan jartzeaz batera, polizia-etxeko atea brastakoan ireki eta poliziak ateratzen ziren korrika, sableari eskuaz helduta. Autoak, burrunba ateraz, maldan behera egiten zuen, gurpil arrastoen gainean aurrera, zabuka bistatik galdu arte. Handik gutxira berriro azaltzen zen, atzera beste polizia batzuk eramateko.

         Ziega mukuru zegoen. Han zirenak, sarraila hotsa entzutean, hizketari utzi eta isil-isilik, begira-begira jarri eta zain geratu ziren. Sartu zirenak Watari, Suzumoto, Saito eta Sakanishi zirela ohartzean, itsumustuan denak batera bibaka eta goraka hasi ziren pozarren. Zaintzan zegoen polizia, haserre, ardotako sagarra baino gorriago jarri zen, eta hanka-punten gainean zutik garrasi egin zuen isiltzeko aginduz; alferrik, baina. Ziegan bildu zirenak hamalau, hamabost bat ziren, guztiak ere elkarrekin asko ibilitakoak, eta mugimenduaren barruan beti aurreko muturrean jardundako borrokalariak. Hunkiturik eta aztoratuta, goraki hasi ziren eztabaidan Poliziaren legez kanpoko jokabide hura zela eta. Hamasei, hamazazpiren ahotsekin, ziega zarataz bete zen. Hori gutxi ez eta, burkide artean zeudelako adoretuta, oldarkor agertzeko sena piztu zitzaien.

         Saitok, gorputza gomazko pilota bat bezala kuzkurturik, ezer esan gabe, zurezko paretari eraso zion. Ezpainak estutuz, aurpegia gorri-gorri, indarka eta zezena bezala kopeta beheratuta, paretaren kontrako erasoa behin eta berriz errepikatu zuen.

         — Arraioa! —egin zuen, eta alferrik ari zela konturatu zenean, ostikoka hasi zen zaldiaren pare. Beste batzuk ere Saitoren antzera hasi ziren, zurezko pareta batzuk eskuz eta besteak hankarekin kolpatzen. Ishida, berriz, besoak antxumatuta, ziegaren erdi inguruan zebilen hara eta hona, tarteka bakarrizketan.

         Atea berriz ireki zuten. Suzumotori eta Watariri deitu eta beste nonbaitera eraman zituzten.

         — Zer gertatzen da? —lidertzat zituzten bi kide haiek gabe, animoa makaldu zitzaien besteei. Aurrena batek utzi zion pareta jotzeari, gero beste batek, hurrena beste bik, ondoren beste batzuek…

         Ishida konturatu zen, Ryukichi gelako zoko batean zegoela begiak itxirik, hankak luze-luze eginda eserita. Ishidarentzat, Ryukichi atxilotuta ikusteak, sarekada hura izugarri zabala izan zela esan nahi zuen. Beste alde batetik, ordea, Ryukichi lagun handia zuenez, harekin batera egoteak adorea ere eman zion.

         — Ogawa —Ishida hurbildu egin zitzaion.

         Ryukichik burua altxatu zuen.

         — Zergatik izan da sarekada hau? —galdetu zion Ishidak.

         — Neuk ere ez dakit. Watariri edo, galdetu nahi nion.

         — Gaurko gobernuaren kontrako zera hori…

         — Baliteke. Baina horregatik balitz, atxiloaldia egun batekoa izango litzateke, baina…

         Beste denek inguratu zituzten Ryukichi eta Ishida. Oso haserre zeuden, txakurrak balira bezala sartu zituztelako ziegan. Ryukichi bera ere halaxe zegoen, suminduta.

         — Aizue, legeak dio debekatuta dagoela eguna argitu aurretik edota ilundu ondoren, norbere gogoaren kontra, aditu ondo e!, norbere gogoaren kontra, inoren etxean sartzea, salbu eta inoren bizia edo ondasunak arrisku gorrian ez badaude, edo legez kanpoko apustu edota prostituzio jarduerak tarteko ez badira. Oraingoan, gauaren erdian, lotan ginela eraso digute! Eta ziega honetara ekarri gaituzte azalpen arrastorik eman gabe! Horixe da Poliziaren estiloa!

         Langileak adi-adi ari ziren entzuten. Eta birao eta gorri hots artean, hankaz kolpatzen zuten zorua.

         Ryukichik artega jarraitu zuen:

         — Eta begira, Konstituzioan honela idatzita dator: “Ez da Japoniako herritarrik atxilotuko, ez giltzapetuko, ez galdekatuko, ez zigortuko legearen aginduz ez bada”. Eta zer gertatu da gurekin? Inoiz atxilotu, giltzapetu eta galdekatu ote gaituzte legeak eskatzen dituen baldintzak beteta? Gezurra eta zikina besterik ez daukate guretzat!

         Denak, une hartantxe, legez kontrako lakirio hartan harrapatuta, gorputza iraulkaturik, Ryukichiren hitzek barruraino erasan zituzten, hortz txantxartuetako nerbioak ziztatuko balizkiete bezala.

         — Aizue, denon artean atea botako dugu eta zergatik atxilotu gaituzten galdetzera aterako gara! —bota zuen batek.

         — Hori, hori! Goazen! —jarri ziren ados besteak, asaldaturik.

         — Ez, ez! —esan zuen Ryukichik buruaz ezetz eginez.

         — Zergatik ez? —ekin zion Saitok, sindikatuan sarri egin ohi zuen eran, sorbaldak goratuta otzanduko zuelakoan Ryukichirengana inguratu zen.

         — Hemen sartu gaituztenez gero, eginahalak eginda ere, geuk bakarrik ez dugu ezer lortuko. Aitzitik, askoz okerrago tratatuko gaituzte. Gure urrats guztiak... kalearen eta jendearen sostenguarekin egin behar ditugu! Bost, hamar lagunek sortutako istilu eta iskanbila bortitzek ez dute ezertarako balio. Ezin ditugu ahaztu geure printzipioak, eta horri eutsi behar diogu kosta ahala kosta.

         — Baina ezin dugu hortzaz gora begira egon! Zure jarduna duintasunez jantzitako teoria besterik ez da! Teoria hutsa!

         Ishidak, haien ondoan, “betiko kontua…” egin zuen bere kautan. Eta une hartantxe lau polizia sartu ziren.

         Zurtuta, gelditik geratu ziren denak. Bizar lakarreko polizia motz eta mardulak, ziega osoa begiradapean hartu ondoren, esan zien:

         — Ondo dakizue kuartelean zaudetela, ezta? Beraz zertara dator iskanbila hau? —eta atxilotu bakoitzari bultzakada eman zion sorbaldan. Saitori ekin zionean, honek pauso bat atzera egin, eta poliziaren eskuak hutsari kolpea eman eta gorputzak balantza egin zuen aurrera. Poliziak, ahots beldurgarri batekin “Kaka zaharra!” esan eta zaplaztekoa erantsi zion Saitori bete-betean. Airean zirkulu-erdia osatuz, hots baldarrarekin, Ryukichiren ondoko ohol baten kontra erori zen Saito.

         Poliziak, arnasestuka eta artega, zakar antzean hitz egin zien:

         — Pentsa gero, sesioa eta iskanbila jartzen baduzue garesti ordainduko duzuela.

         Beste polizia batek, paper bat eskuan, izen batzuk irakurri zituen, eta deitu zienei korridorera ateratzeko esan zien. Leotzeko ate nagusi alboko ataskatik atera ziren makurtuta eta marmarka. Ziegan, sei lagun geratu ziren.

         Saito, arestian erori eta artean etzanda zegoena, kakarraldo bat bezala mugituz jaikitzen hasi zenean, poliziak bi ostiko eman zizkion zapata muturrarekin.

         Handik gutxira, polizia gehiago sartu ziren, eta atxilotu bakoitzaren ondoan bana jarri zen, elkarrekin hitz egin zezaten galaraziz.

         Ryukichi goi-goian zegoen leiho txiki baten azpian eseri zen. Argi zikin, lauso harekin guztien soslaia ilun ageri zen, eta ematen zuen itzalak euren kabuz mugitzen ari zirela. Bost minutu pasa, hamar minutu igaro —hasieran larua zen argia, gero eta ahulago bihurtzen ari zen— eta gela osoa marguldu zen eta, astiro-astiro, itsas hondoarena halako kolorea hartzen zihoan. Ryukichi konturatu zen eguna urratzen ari zela, eta mina zuen buruko alde batean. Barruraino sartua zitzaion egunsentiko hotza sentitzen hasi zen. Lo gutxi egindako batek aharrausi egin zuen gelako zoko batean; haren ondotik, bata bestearen atzetik hasi ziren aho zabalka. Ryukichik ere, bekokia zimurturik, aharrausi egin zuen. Horrek ez zion arindu, hala ere, arnasa hartzean burua eta bularra hertsatzen zizkion hondarra bezalako zera gogaikarri hura.

         Polizia-etxea isiltasunean zegoen. Isiltasun izoztu bat. Noizbehinka, korridoretik korrika eta presaka zihoazenen zapata-zarata ilaunak entzuten ziren. Oin-hotsak isildu eta atea irekitzen entzun zen, izotza haustean ateratzen dena bezalako soinuz. Horrekin batera hanka joka entzun zen, batak besteari besotik helduta, builan eta zalapartan pasa ziren ziega aurretik. Ondoren, berriro egunsentiko isiltasun estrainio samarra nagusitu zen. Kanpoan norbait igaro zen aharrausi laburra eginez.

         — Logura naiz. Ez digute utzi behar lo egiten, ala? —zoko batean xuxurlatu zuen baten batek.

         — Egunsentia da jadanik. Eguna urratzen ari da.

         Poliziek ere lo gutxi egindakoaren aurpegi hanpatu, despistatua zeukaten.

         Ryukichi begiak itxita, egurrezko paretaren kontra bizkarra bermatuta zegoen eserita. Bai gorputza bai nerbioak, ohikoa ez den moduan neka-neka eginda zeuzkan. Geldirik egon arren, barkuan zebilenean bezala, isil-isilik gorputza balantza handian sentitu zuen. Atxilotzen zuten bakoitzean, Ryukichik beti urrats bertsuei ekiten zien: loturarik gabeko gauzetan pentsatu, imajinatu eta amesteari, eta oroitzapenetan murgiltzeari; horretan aspertzen zenean, irakurrita zeuzkan liburu garrantzitsuak buruz errepasatu, eta hortik sortzen ziren arazoen teoriari jarraituz pentsatzeari lotzen zitzaion. Eta sindikatuan eta alderdian eztabaidatuak zituzten gaiak berriro ordenatu eta pentsatzen hasi ohi zen. Orduko hartan ere horretan hasi zen.

         Ryukichi orain hurrengoko mintegian, Marx-en balioak eta Austriar Eskolaren baliagarritasun marjinal kontzeptuaren gainean sortu ziren eztabaidei buruz ari zen pentsatzen, berriz ere horretaz hausnartu beharra izango zuela liburuetan ikasitakoen laguntzaz…

         Ryukichi bere senetik aterata zebilen. Prakak janzten ari zela zabu egin eta ia-ia erori zen. Jarrera hari eta bere buruari gogaikarri zeritzen. Baina, une hartan, paperezko atearen atzean zain zeukan poliziaren sablearen metal-hotsa alaba Yukikok adituko zuen beldur zen. Oso zen beldur, ezen Ryukichik bai baitzekien Yukikok hots hori entzunez gero, berari bihotza zartatuko zitzaiola.

         — Eskolako lankideekin bidaian noa.

         Yukikok begi beltz handi haiek zabal-zabal eginda begiratu zion aitari.

         — Zer opari ekarriko didazu?

         Ryukichi barru-barruraino hunkitu zen:

         — Ba, gauza politak ekarriko dizkizut; asko, gainera!

         Une hartan bertan, Yukikok burua ate aldera jiratu zuen. Ryukichik eskuak burura eraman zituen. Krak! Zeramikazko zerbait hautsiaren zarata entzun zuen. Ryukichik, bere baitatik oihu bat ateratzeaz batera, alabarengana hurbildu eta haren bularra ikusteko arropa ireki zuen presaka. Mahaspasa bana zituela ematen zuten titien artean, zeramikazko platera bezalako bihotza zeukan Yukikok… eta ikusi zuen ile izpi bat bezalako pitzadura zuela!

         A, a, a… Ryukichik kontrako eztarritik pasa ezinik zerbait balu bezalako oihua atera zuen.

         Begiak irekita, ikusi zuen ziegan egunsentiko argi-errainu zurbil, lausoak sartzen ari zirela. Bere ingurukoak nekatuta, batzuk burua makurturik zeuden, beste batzuk erdi etzanda, eta beste batzuk, lo-eroan bezala, egurrezko paretaren erdi aldeari begira. Ryukichik buruarekin pareta jo zuen zenbait aldiz. Buruaren ezkerreko aldea minberatu zitzaion. Izan berri zuen ametsa, barruan tinko txertatuta geratu zitzaion, benetan bizi izan balu baino beldurgarriago.

         Hala eta guztiz ere, Ryukichi, atxilotuta ziegan botatzen zutenean, askok nozitzen zuten etsipen sentimentaletik libre zegoen. Etsipen sentimentala edonork izan zezakeen sentimendua zen, benetan edonor ero moduan jar zezakeena, eramanezinezko, irtenbiderik gabeko presio ilun halako bat. Hori eraman ezinik, jende askok utzi izan zion mugimendu proletarioari, Ryukichik bere bi begiekin ikusia zuen askotan hori. Ryukichi bera ere, mugimendu horretan txerpolariaren pare zebilen, soka gainean orekari nola edo hala eutsiz. Eta legez kanpoko zapalkuntza ankerra jasan behar zuen bakoitzean, artean osorik gelditzen zitzaizkion nerbio periferikoak azkar baino azkarrago higatzen zihoazkion. Txantxarrak jandako hortzetako nerbioak bezain sentibera zuen bere bihotz hura, delikatuegia ere bai inoiz, altzairu urtua bezain sendoa bihurtzen ari zitzaiola sentitu zuen. Hala ere, Ryukichik egun haietan bizi zuen egoera “etengabeko tortura” gisa pairatzen zuen. Hori, ordea, Ryukichirentzat derrigorrez hartu behar zuen ezinbesteko “entrenamendu” eta trebakuntza dosia zen, bera bezalako intelligentsiako kide izandako bat, mugimendu hartan, zinez, ez buruarekin soilik, baizik eta bete-betean eta “gorputzarekin” sartuko bazen. Baina, ez zen bide erraza: sigi-saga egiten zuen, malda oso gogorretan gora, eta bazirudien tximetatik helduta zeramatela arrastaka bidean aurrera.

         Jatorriz erdiko klasekoa zenez, Ryukichirentzat intelligentsiakoa izatea, airean zintzilik egotea bezalakoa zen, inon egokitu ezinik, eta nekazari-herrietan eta lantegietan entzuten ziren oin-hotsen aurrean indargabeturik erortzea besterik ez zezakeen espero. Edo bestela, intelligentsiakoak, mugimendu proletarioetan sartzea lortuta ere, hor beti sentitu behar izaten zuen proletalgoaren mundua ez zela guztiz berea. Gainera, zeuzkan ikasketak zirela medio, burgesiara jotzeko jaiera erakusten zuen, eta burgesiarenganako atxikimendua eta interesa sortzen zitzaizkion beti, batzuetan agerian eta ezkutuan bestetan.

         Hala, intelligentsiakoek maiz erabiltzen zuten garunean, euren burua hipnotizatu nahiko balute bezala, “ni ezgauza naiz, ni ezgauza naiz” leloa eta errepika, Ryukichik ondo zekien bezala, azkenerako ezer egiteko gai ez izatera etorri, eta sor eta lor geratu arte. Azken beltzean ez ziren ezer egitera iristen, eta ezer ez egiteari buruzko teorietan azalpen bila galtzeari ergelkeria hutsa zeritzon. Neurrira egindako teoria baten bila burmuinak kiskaltzen, erotu beharrean ibiltzea arriskutsua ez ezik zentzugabekeria handi samarra ere bazen. Ryukichik pentsatzen zuen hautatu zuen mugimenduan bidea aldapatsua eta gogorra izan arren, pausoa noiz luzatu egoki eta sendo aukeratuz gero gora egingo zutela, eta mugimendu proletarioan era horretan hartzen zutela parte esan zitekeela. Gisako oldozpenetan sartuta, aurpegi zuriarekin gertaerei albotik begira jarri eta ezer egin gabe, teoria hutsean murgilduta zeudenen jokaera hura ulergaitza egiten zitzaion.

         Gorputzaren oldarrik gabe, buruarekin bakarrik aritzen badira, gela batean galdutako txoritxoa bezala, lau pareta artean itotzera kondenatuko dira! Gauzak buruan bueltaka eta bueltaka ibiltzearekin gogaituta nago! Zuek “teoria” gehiegi dabilzkizue! Teoria hutsarekin inoiz ez da egin etxe bat!

         Ryukichi jada ohituta zegoen edozein unetan atxilotu eta polizia-etxera eraman zezaten. Tokioko burkideek kartzelan (gaur egun, finago adierazi nahian espetxe esaten diote!) sartzeari eta atxilotuta eramateari “txaletera joatea” deitzen zioten burgesiaren hizkera erara egokituz esamoldea. Jakina, nahiz eta proletalgoaren aldeko borrokalari porrokatuak izan, ez zuten batere atsegin txaletera joatea, hala ere, preso jaustea jende arruntarentzat oso kontu larria bazen ere, haiei ez zitzaien hainbestekoa iruditzen. Mugimendu protelarioetan gabiltzanok kartzelagatik ikaratuta bagenbiltza, doministiku bat entzun orduko beldurtu beharko genuke! Gure mugimendua ez dela asteburuko jolasa, aizue!

         Bihotzetik deblauki eta sakon zabaltzen ari zitzaion Yukikoren itzala uxatze aldera edo, aharrausi handi bat egin zuen Ryukichik. Bazter batean, Saitok, luzatuta zeukan ilea, bi eskuekin atzera orraztu zuen arrasteluaren eitean.

         Atxilotu bakoitzaren ondoan zeuden poliziei txanda aldatzeko ordua iritsi zitzaien, eta ziegatik atera ziren. Ryukichiren etxean inoiz izana zen polizia bat, Suda zeritzana, alde egitean honela mintzatu zen:

         — Aizu, Ogawa, oso gogorra egiten zait. Jai egunetan ere deitzen naute lanerako. Neka-neka eginda bukatzen dut —esan zion Ryukichiri benazko akidurak jota.

         Ez zirudien jendea joka eta ostikoka erabiltzen zuen polizia bera zenik hala hitz egiten ari zena, eta sinpatia sentitu zuen Sudarengan Ryukichik. Sudaren benetako izaera ikusi zuela iruditu zitzaion eta hori ustekabekoa gertatu zitzaion.

         — Bai ba, izan ere hainbeste lan egiten duzue —ez zen ironia, barruak aginduta atera zitzaion halaxe Ryukichiri.

         Saitok —Plazer bat izan da, milesker! —bota zuen lehor polizien bizkarrean.

         Beste polizia guztiak kanpora atera ondoren, Sudak xuxurlatu zion Ryukichiri:

         — Etxekoentzat mezurik edo bai?

         Ryukichiri ez zitzaion hitzik atera, eta itsumustuan Sudari begira jarri zen bekoz beko.

         — Ez, ezer ez… Eskerrik asko...

         Sudak buruaz baietz egin eta irten egin zen. Makurtu antzean zihoala, sorbalda biribil haiek errukarriak begitandu zitzaizkion Ryukichiri.

         — A… tabakoa erre nahi dut —esan zuen norbaitek bere kolkorako.

         — Laster urratuko du eguna.

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013