1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

4. ATALA

 

         Espero baino leku gehiagotan izan zela sarekada esan zion Oyoshik Okeiri. Altzairutegi bateko langileak laneko arropekin eraman zituztela, eta portuko zamaketarien eta biltegietako beharginen artean, egunero bost-hamar bat atxilotu eramaten omen zituzten. Tartean bizpahiru ikasle ere bai nonbait.

         Sata, enpresa bateko langilea, Ryukichi Ogawaren etxean asteartero egiten zen mintegian parte hartzen zuenetako bat zen, eta hura ere handik bi egunera atxilotu zuten.

         Sata, batzuetan kexu agertu ohi zen Ryukichiren eta beste burkideen aurrean, etxean zeukan arazoarengatik. Izan ere, Satak ama bere kargu hartua zeukan. Semea mugimendu politikoetan sartzen ari zela ikusi zuenean, ama barru-barruraino tristatu zen. Emakume hura zortzi urtez aritu zen lanean eten beharrean semea Komertzio Institutura bidaltzearren, eta horren ondorioz, gorputza trapu zaharraren pare hebaindua zeukan. Esan zitekeen Satak, neurri handi batean, amak sasoia galtzearen kontura burutu ahal izan zituela ikasketak. Amak espero zuena zen, semeak eskola bukatu eta banketxe edo enpresa batean lanean hasiko zela, auzoko lagunei harro-harro kontatuko ziela semeak zenbat diru irabazten zuen, egunak lagunekin tea hartuz kontu-kontari lasai igaroko zituela, urtean behin edo Naichiko jaioterrira bisitan joan, eta ordainsari bereziarekin aldiro bainu-etxeren batera edo joanda ederki biziko zela. Eta behin horretara ezkero, hileroko ordainketekin gehiago kezkatu beharrik izango ez zuelakoan zegoen, dirurik ez zeukala esaten ibili beharrik gabe, bahi-dendetara joan eta hartzekodunei ordaintzeko bere ondasunak bahi gisa eman beharrik gabe… Bazekien horrelakorik ez zuela gehiago jasan beharko. Hori guztia, bainutik atera eta barruko arropekin leiho ondoan etzatea bezain zoriontsua izatea iruditzen zitzaion. Sataren amak urte asko eman zituen sufritzen, jasandako neke haiek guztiek noizbait lasai bizitzeko aukera ekarriko ziotelakoan. Egunero lan egin, eta ordainetan hilero soldata jaso hutsik egin gabe. —Horrela bizi liteke!

         Semeak, eskolak bukatu, lanean hasi eta gutun-azal batean lehenengo soldata ekarri zionean, amak eseri, magal gainean hartu eta ez zuen zirkinik egin. Baina berehala gorputza dar-dar batean hasi zitzaion. Amak behin eta berriz kartazala bekokiaren kontra ipini zuen[5]. Hori ikustean, Sata espero gabe hunkitu egin zen, eta aldi berean, “Hori da hori antigoaleko keinu txatxua” pentsatuz goiko solairura igo zen. Behean, etxeko aldare budistatik[6], txilin hotsa entzun zen.

         Irakurtzen egon zen goiko gelan eta afaltzeko ordua iristean jaitsi zen. Mahaian, ohi baino jateko gehiago eta hobea zegoen. Aldarean kandela guztiak piztuta zeuden, eta ondoan soldataren kartazala.

         — Aitari eskaini diot —esan zuen amak.

         Ordura arte, bolada batean pozik, zoriontsu bizi izan zen Sataren ama.

         Baina semearen gela, pixkanaka, lehen ikusten ez ziren argazkiz betetzen hasi zenean gogoa ilundu zitzaion.

         — Nor da gizon hori? —galdetu zion amak, idazmahai aurreko paretan zegoen argazkikoa seinalatuz. Ainu[7] gizasemeek izan ohi zutenaren tankerako bizar handia zuen, bizar ugariaren artetik aurpegia ageri zuela. Semeak irri murritza egin zuen ahoa ireki gabe.

         — Ondo ibiliko zara, ezta? —baten batek semeagatik zerbait susmagarria esana izango zion, baina hori disimuluz galdetzekoa zen. Konturatuta zegoen azal gorriko liburuak ugaritzen ari zirela etxean. Gutun-azalean

 

                  “Langile-Nekazarien Alderdia

                  Tokiko egoitza”

 

eta gisako helbidearekin idatzitako gutunak iristen zirenean, amak aztoraturik kolkoan gordetzen zituen, eta semea etxeratzen zenean eman egiten zizkion ezkutuko zerbait beldurgarria izango balitz bezala.

         — Aizu, zu… ez zara ­shugisha[8] direlako horietakoa izango, ezta?

         Satak bazekien ama gero eta sarriago egoten zela kopetilun, eta gaua lo hartu ezinik ematen zuela ohean jira eta buelta eguna urratu arte. Lanetik etxeratzean, behin baino gehiagotan harrapatu zuen ama aldare budistaren aurrean eserita negarrez. Satak bazekien ondo hori guztia beragatik zela. Nahiko egoera berezian hazitako gaztea zenez, ama goibel zegoela ikusten zuenean, bihotza pikotxaz joko baliote bezala sentitzen zen. Satak, Ryukichi eta Okeiri askotan azaldu izan zien bere etxeko egoera, amarekin nola jokatu jakiteko aholkua eskatuz bide batez.

         Lehen ere, Sata gelan zegoenean, ama etorri ohi zitzaion. Orain, ordea, lehen baino gehiagotan igotzen zen. Eta igotzen zen bakoitzean, beti kexu berbera berritzen zion:

         — Zeure ahalegin hutsez ez duzu ezer aldatuko. Eta lana galtzen baduzu, zer egin behar dugu? Zu berez ez zinen jendea beldurtzeko gauzak egiten ibiltzen diren horietakoa, ezin liteke, zerbaitek itsututa zauzka… Egunero eskatzen diot Jainkoari eta zure aita zenari, salba zaitzatela…

         — Zuk ez dakizu ezer! —oihukatzen zuen Satak, urduri eta erdi negarrez.

         — Ez zaitut ulertzen —erantzuten zion amak, ahul, sorbaldak kuzkurtuta.

         Horrelakoetan Sata ezer esateko kemenik gabe geratzen zen, eta ama gelan utzirik behera jaisten zen. Alde egin ondoren ere, kosta egiten zitzaion bere burua lasaitzea.

         — Zein eta neure ama ez da ba niri animoa hozten didana…! Ibili-ibili eginda, ama ere gure etsai handienetako bat izango da gainera…! —pentsatzen zuen aztoratuta.

         Hurrengoan ere piztu zen betiko sesioa.

         — Nahikoa dugu ama! —bota zion brastakoan Satak, muturtuta eta zutik jarririk—. Dena lagako dut, zure esana betetzeko laga egingo dut dena! Pozik egongo zara, ezta?! Utzi egingo diot! Aski da!

         Eta ama zakar alboratuta, kanpora atera zen. Kanpoan, ordea, bestela sentitzen hasi zen.

         — Nire ama honek ez du ezer ulertzen…

         Hilaren hamaseian, burkideek esan zioten sarekada handia izan zela, bai Ryukichiren etxean eta bai sindikatuan. Baina inork ez zekien sarekada horren zergatia. Sata etxeratu eta gero, paper guztiak bildu eta auzoko etxe batera eraman zituen han gorde zitzaten. Egun hartan Satari ez zitzaion makurrik jazo. Lasaitu zenean, sindikatura joan eta zer gertatu zen ikustea erabaki zuen. Buruan asmo hori zerabilela, burkide batzuk etorri zitzaizkion, eta jakinarazi zioten kalez jantzitako polizia asko sartu zirela sindikatuko egoitzan eta alderdiko bulegoan, arriskutsua zela hara inguratzea, azaltzen ziren guztiak atxilo hartzen zituztela, nahiz sindikalistak izan ez. Hala, esaterako, hilaren hamabost arratsaldean Kobayashi txikia sindikatuko bulegora joan zenean, kalez jantzitako poliziak zalaparta batean atera eta atxilotu egin zuten. Kobayashiri ziplo atera zitzaion bera inprimategiko langilea zela, eta zor ziotena kobratzera joana zela hara. Orduan poliziek, une hartan bulegoan inor ez zegoenez, alde egiteko esan eta libre utzi zuten. Kobayashik hartu zuen lehenbiziko lana zuzenean burkideen etxeetara joatea izan zen, kontuz ibiltzeko abisatzera. Haiek kontatu ziotena entzunda, Sata lasaitu egin zen pentsatuz ederretik libratu zela sindikatura ez joanda.

         Hamazazpiko gaua zen, ordea, Polizia Sata atxilotzera inguratu zenean. Egunkaria irakurtzen ari zen. Inoiz horrelakorik gerta zekiokeenerako prest zegoen nonbait, eta ustekabeko patxadarekin hartu zuen gertatzen ari zena.

         Sata inoiz barre egindakoa zen, pelikuletan eta antzerki zaharretan pertsonaiak, harriduragatik edo beldurragatik, zutik egon ezinik, plot eginda ipurdi gainean jarrita nola geratzen ziren ikustean. Baina, halakorik! Gelara berokia hartzeko igo ondoren jaitsi zenean, ama ikusi zuen gelako bazter batean, zoru gainean ipurdika jarrita, besoak eta hankak urduri mugitzen zituela. Dar-dar egiten zioten ezpainek, zerbait esan nahiko balu bezala, baina ezin zuen hitzik lotu; aurpegia beldurrak zurbilduta, zurrun ageri zen, begiak ezker-eskuin eta gora eta behera dantzan zituela. Eskuak eta hankak, zerbaiti eutsi nahian ari balira bezala astintzen zituen airean. Gorputzak, ordea, ez zuen zirkinik egiten. Sata, shoji-atea erdi irekita, zutik gelditu zen zuhaitz tantaia bezala.

         Hiru poliziak inguraturik irten zen kanpora. Bidean, ama gogoan, poliziak ez konturatzeko moduko negar isilean zihoan.

         Kudoren etxetik bueltan, hiriko kalerik jendetsuena zen Hanazono-cho etorbidean zehar zihoan Okei. Gautu berria zen. Ez zuen hotz handiegirik egiten. Jende asko zebilen kale hartan, beti bezala, baita txintxarriak zeramatzaten zaldi-leren, autoen eta autobusen joan-etorri etengabea ere. Denda bateko erakusleiho argitsu baten aurrean, ezkonberria zirudien bikotea hizketan ari zen aurpegia bata bestearen kontra. Soingaineko epelez edo bufanda zabalez jantzitako emakumezkoak, gamelu-ileko berokiekiko gizonezkoak, mandatutara zihoan mutikoa, bazkaria eramateko ontzi hustua zeraman lanerako jantzitako gizona, umeak… denak zihoazen sorbalda sorbaldaren kontra, hizketan, batzuk presaka, beste batzuk lasaiago. Paisaia horri zenbat eta gehiago erreparatu, orduan eta arrotzagoa egiten zitzaion Okeiri. Une hauetan, gu denok gauden hiri honetan, hain gertaera larria ari da jazotzen, eta kale hau soraio zaio gertatzen ari zaigun guztiari. Bidezkoa al da hori? Ehunka jende ari da borrokan beren burua sakrifikatuz; baina noren patua da hori? Ez beste inorena, langile proletarioena baizik! Ez da bidezkoa haien ahaleginari muzin egitea! Okeik ez zuen ulertzen. Iruditzen zitzaion proletalgoaren borrokaren izpirik txikiena ez zela iristen kale horretara. Beharbada gobernuaren maltzurkeriagatik izango zen, prentsari debekatua baitzion zenbait berri zabaltzea. Amarru galanta!

         — Zertarako ari dira borrokan senarra eta bere lagunak! —Okei triste eta bakarrik sentitu zen. Ez zitzaion zuzena iruditzen—. Engainatuta daude! Ez, ez da inondik ere bidezkoa! Goibeldura, ordea, laketu egin zen Okeiren inguruan, euliak behorren inguruan bezala.

 

 

[5] Gutun-azala bekokian jartzea eskerrak adierazteko modu klasiko edo tradizional bat da.

[6] Aldare budista. Etxeetan egoten da aldare budista bat, budismoko jainkoa eta familiaren arbasoen arimak daudela. Beraz, kontakizunean Sataren aita zena ere aldare budistan dago eta semearen lehenengo soldata aitari dedikatzeko, aldare horretan ipiniko du amak.

[7] Ainu. Hokkaidon bizi den herri bat. Bizar handiko gizona, ainu gizonezkoaren irudirik tipokoena da.

[8] Shugisha. Shugisha hitzak, literalki itzulita, gaztelaniazko“-ista” esan nahi du, idealista, pesimista, komunista, sozialista eta abarretako hitzetan azaltzen den atzizkia, alegia. Japonierazko shugisha ere normalean atzizki bezala erabili ohi da. Nobela honen garaian, ordea, shugisha hitzak, suelto esanda, komunista, sozialista eta anarkista adierazten zituen.

 

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013