1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

3. ATALA

 

         Senarra eraman zutenetik, etxe hartan egotea eramanezina egiten zitzaion Okeiri, hain zen handia hark utzitako zuloa. Etxera maiz etortzen zen Kudo idazkariarenera joatea bururatu zitzaion. Hala sindikatuko jendearen berri jakiteko aukera izango zuen: zer moduz zeuden, zer gertatzen ari zen, eta beste hainbat kontu. Baina Kudo bera ere atxilotu egin zuten.

         Polizia harenean sartu zenean, etxea ilunpetan zegoen. Poliziek “Jaiki zaitezte!” esanez, argiak piztu nahian ingurua haztatu zuten. Hiru haurrak esnatu eta koruan hasi ziren negarrez. Argiaren bila ari ziren polizien eskuak, yasuna-dantzan[2] ari balira bezala mugitzen ziren airean. Halako batean, ilunpetan argiaren botoiaren kliska entzun zen.

         — Zer gertatzen da?

         — Ez dago argirik.

         Ordura arte isilik egona zen Kudoren hitzak izan ziren, polizien aztoramenaren tartean oso tonu lasaian esanak, gorrotoa adieraz zezaketen lasaitasun batekin jaulkiak.

         Kudoren etxean bi hilabete zeramaten argindarrik gabe, ez zutelako argia ordaintzen. Hori gutxi ez eta, ez zeukaten kandelak erosteko adina, ezta lanpara bat inguratzeko modurik ere. Hori zela eta, ilunabarrean umeak aldameneko etxera bidaltzen zituzten lagunekin jolasean ibil zitezen; Oyoshi emaztea, berriz, sindikatuko bulegora joaten zen. Tankera horretan pasa zituzten 60 gau ilunpean. “Argi asko, etxe alaia.” Haiek argi gutxiko bonbillarik ere ez zeukaten, ordea, eta esaera hark ez zien haizea hartzeko ere balio.

         — Lasai, ez dut ihes egingo —esan zuen Kudok irribarrez.

         Oyoshik, berriz, haurrei hitz egin zien:

         — Lasai, ez da ezer berezirik gertatzen, betikoak dira barren. Ez egin negarrik —umeek bata bestearen ondoren utzi egin zioten negar egiteari. Sindikatukoek, erdi txantxetan bazen ere, goretsi egiten zuten Oyoshi, haurrei ematen ziena “klase-heziketa” zuzena zela esanez. Oyoshik, ordea, arrazoi berezirik gabe egiten zuen hori.

         Akita eskualdeko nekazari pobre baten alaba gazteena zen Oyoshi. Lehen hezkuntzan bi urte egin ondoren, umezain bidali zuten bertako lurjabearen etxera, eta hamalau urte bete arte han aritu zen lanean. Oso gaizki tratatu zuten: beti bizkarrean hartuta eraman behar izaten zuen ume petral bat, noiznahi jo egiten zuen nagusiak eta haren aldean askoz ankerragoa zen etxeko andrea... bost urtean ez zioten jai egun bat ere eman, eta lanez lehertu beharrean erabili zuten. Gero, bere etxera itzuli zenean, baratzeko lanean jarri zuten. Egun osoa oker eginda jarduten zuen igitaiaren pare. Postura horretan odol guztia burura igotzen zitzaion eta masailak eta betazalak odolez hanpatzen zitzaizkion. Hamazazpi urte zituela, ondoko herrixkako Kudorekin ezkondu zen. Ezkondu eta bi egunera —nekazariek uzta bildu berria zutenez— Kudo eta Oyoshi senar-emazteek auzoko lantoki batera joan behar izan zuten orga txikien garraioan lan egitera. Oyoshi trapu zaharra eginda iristen zen etxera, baina etxean lana franko egoten zen haren zain. Oyoshik, lur jota, zorabiatuta, gorputza hebainduta, sukalde eta orga txikien arteko joan-etorri etengabean ibili beharra zuen. Eguerdi batez, artean ohitu gabeko ezkondu bizimoduak zekarren nekea eta hilekoa zirela medio, eguzki galdatan orga txiki bati bultzaka ari zela, konortea galdu zuen eta ahoz gora erori zen zerraldo.

         Umea jaio ondoren, gero eta estuago zebiltzan diru aldetik. Kudok egoerari nola aurre egin ez zekiela, Oyoshik eta biek ihes egin zuten herritik, bizkarrean zumezko fardel bana hartuta. Gau iluna zen, elur-ekaitza ari zuen, eta mendiek orro egiten zuten. Horrela iritsi ziren Hokkaidora.

         Otarun biak hasi ziren errementari. Baina, Naichiren[3] eta Hokkaidoren artean ez zegoen alde handirik. Oyoshi eta senarrarentzat Hokkaido ere ez zen bizitzeko leku erraza. Baina nora joan behar zuten?

         — Ba al dago beste lekurik? Proletarioak, edonon sardinzarra edo soja hostoak bezala hertsatzen dituzte! —Oyoshik, eskuak gorputzaren neurrirako handiegiak izanik, karramarroaren haginak bailiran zeuzkan sorbaldatik zintzilik. Azala, berriz, zuhaitz zuztarra bezain lakarra zuen, eta erdokak belztuta zeukan. Hain barrura sartuta zeukan zikina, ezen ematen baitzuen bizi artean ez zitzaiola kenduko. Haurrak buruan azkura bazuen, Oyoshik azkazalekin egin partez, ahur lakarrarekin egiten zion hazka. Eta haurrari atsegin zitzaion.

         Oyoshik, ordura arte izandako esperientzia luzearen bidez, ondo zekien “berak gorroto ezin-handiagoa ziona” zer zen. Batez ere senarra sindikatuan sartu eta mugimendu politikoan hasi zenetik, gero eta argiago zeukan kontua zen hura.

         Senarra, sindikatuan sartu ondoren, beharrik gabe geratu zen; sindikatuko lanak egiten astebete inguru etxetik kanpo pasatzen zuen askotan. Hori zela eta, berak bakarrik lan egin eta umeak hazi beharrean gertatu zen. Baina, lehen ez zeukan sentimendu batekin egiten zuen orain beharra. Oyoshik, hondartzara harrikatza garraiatu, biltegi batean almidoia eta zerealak gordetzeko zakuak josi, fabrika batean esportatzeko ilar aleak sailkatu... edozer lani heltzen zion. Txikiena sabelean zuela, bederatzi hilabeteko tripa handiarekin, harrikatz zakuak bizkarrean hartu eta gabarratik biltegira eramaten zituen. Zaintza lanetan zebilen polizia batek, errieta eman zion beharginen buruari, ikusi zuenarekin txundituta.

         Etxeko shoji-ateek[4], paperez gabetuta, zurezko egitura besterik ez zuten. Haize hotza sartzen zen, baina ez zeukaten paper berria erosteko dirurik. Horregatik, sindikatuko bulegotik ekarritako Proletarioen Egunkaria eta Nekazari-langileen Egunkaria-ren ale zaharren orriak jarri zituzten. Grebei buruzko artikulu zirikatzaileak eta “sua” pizten zuten irudiak, batzuk zutik eta zeharka ipinita, batzuk buruz behera, batzuk besteen azpian erdi estalita. Oyoshik, denborapasa, irakurri egiten zituen, pixkanaka. Umeek “Zer da hau?” eta “Zer da hura?” galdetzen zioten, eta egokiera baliatuz irakurri egiten zizkien. Etxeko hormetan, hauteskundeetan erabilitako afixak, propaganda-orriak, aldizkarietako iragarki orriak ipini zituzten. Watarik eta Suzumotok-eta, etxe hartara joaten zirenean, goresmen asmoz han eta hemen hormei begira egon ondoren, “Hauxe da gure etxea!” esaten zuten pozik. 

         Jaiki eta janzten hasi zen Kudo. Prestatzen ari zen bitartean, atxiloketa horrek luze joko zuela egin zuen bere kolkorako. Hala bazen, bera falta zen bitartean dirurik gabe familia nola biziko zen pentsatzean, goibeldu egin zen, bizkarrean zama astuna ezarri baliote bezala. Atxilotzen zuten bakoitzean antzera sentitzen zen, eta maiz gertatu arren, eta nahiz eta bera proletalgoa askatzeko mugimenduko borrokalari zaildua izan, familiarekiko sentimendu horretara ez zen laketzen. Goibel, zinez triste zegoen. Sindikatuko jendearekin ondo sentitu ohi zen, baina bestela, ume eta emazteagatik kezkatan zegoenean, bihotzeko herstura, mina sentitzen zuen. Izan ere proletalgoaren mugimendua ez zen jolasa, ezta arinkeriaz hartzeko kontua ere. Ez horixe!

         Oyoshik senarrari janzten lagundu bitartean hitz egin zion:

         — Tira ba, joan zaitez.

         — Ondo da.

         — Zergatik da oraingo atxiloketa? Ba al dakizu?

         Senarrak aurrena ez zion erantzun. Halako batean esan zion:

         — Moldatuko al zarete? Oraingoa luze samarra izango da.

         — Gu? Jakina, moldatuko gara —esan zion Oyoshik, beti bezalako tonu alai eta bizian.

         Zer gertatzen ari zen gutxi gorabehera ulertzen zuen ume zaharrenak esan zion:

         — Aita, ondo joan zaitez.

         — Zer familia klase da hau ordea? Ez dut ezer ulertzen! —esan zuen polizia batek harrituta—. Etxeko guztiek esaten diote joateko, huskeria balitz bezala!

         — Atxilotzen gaituzuen bakoitzean negarrez hasiko bagina, gure mugimenduak ez luke asko aurreratuko —esan zuen Kudok ahotik pozoia botako balu bezala, zegoen giro ilun, goibela ezabatu nahian edo.

         — Isilik egon hadi urde zikin hori, bestela emango diat galanta! —egin zuen garrasi polizia batek, arnasestuka.

         — Kontuz ibili —agurtu zuen emazteak.

         Kudok zerbait esan nahi izan zion, baina nola gizon isila zen, ez zuen asmatu. Emazteak gaizki pasako zuela pentsatzean (besteen emazteak ere antzera ibiliko ziren, noski), belaunetako indarra joan egiten zitzaiola igarri zuen.

         — Benetan, moldatuko gara nola edo hala —esan zion berriz Oyoshik aurpegira begira. Senarrak, isil-isilik, buruaz baietz adierazi zuen.

         Atea itxi zuten. Pixka batean kanpotik iristen zitzaizkion oin-hotsei jarri zien arreta.

         Oyoshik bazekien garaipenaren ordua heldu arte, ehunka bider berrituko zirela horrelakoak, eta hala ere ez zela nahikoa izango. —Guk, behar bada, hurrengo belaunaldiarentzat lan egin eta horrekin amaituko da gurea. Noizbait entzuna zuen inurri saldo bat bizilekuz aldatzeko bidean jartzen denean, ibai batekin topo egiten badu, aurrean doazenak ibaian sartu eta ito egiten direla, eta atzetik datozenak hilotz horien gainetik pasatzen direla...; eta sindikatuko gazteek askotan aipatzen zuten beraiek izango zirela aurrean zihoazen inurriak. Ezinbestekoa zen hori.

         — Oraindik bide luzea dago —esan zion Oyoshik Okeiri.

         Okeik, aurpegi ilunez, baina hunkituta, baietz egin zion buruaz.

 

 

[2] Yasuna-dantza. Dantza mota klasiko bat.

[3] Naichi. Japonia 4 isla nagusik osatzen dute, eta Hokkaido horietako bat da. Handiena Honshu deitzen da baina Hokkaidokoek Naichi (=barrualdea) deitzen diote.

[4] Shoji-ate. Japoniako ate mota bat, paperez eta egurrez egindakoa.

 

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013