1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

1. ATALA

 

         Okeirentzat horretara ohitzea lan zaila eta nekagarria zen. Hainbestetan bizitako egoera izan arren, hori gertatzen zen bakoitzean, harritu, izutu eta aztoratu egiten zen. Ryukichi senarrak lasai hartzeko esaten zion, baina emakumeentzat oso kolpe gogorra izaten zen.

         Okei eta Ryukichi Ogawa senar-emazteen etxean, sindikatukoak bilduta, honetaz eta hartaz ari zirenean, Okei tea zerbitzatzera igo ohi zen. Eskaileratan gora zihoala, senarraren hizketa entzun zuen:

         — Emaztearen pentsaera aldaraztea asko kostatzen zait...

         Senarra gisa horretan hitz egiten entzuna zeukan behin baino gehiagotan.

         — “Iraultza sukaldean hasten da”... Hori bai dela ezinbesteko printzipioa! Eta Ogawa, zu ez zara kontu horretan bereziki zorrotza!

         — Bai, egia esan, ez dago emaztea gainditzerik...

         — Emaztearekin eztabaidan beti zara galtzaile —lagunek barre egin zuten. Ematen zuen Ryukichi lotsaren lotsaz kuzkurtu egin zela.

         Goizean, Ryukichi hortzak garbitzen ari zen. Haren ondoan, Okei ur beroz betetzen ari zen musua garbitzeko palankana.

         — Ezagutzen al duzu Rosa? —galdetu zion halako batean gizonak ahoan txotxa mugituz.

         — Rosa?

         — Bai, Rosa.

         — Lenin bai, ezagutzen dut, baina Rosa...

         — Tuntun halakoa... —esan zuen senarrak ahopean.

         Okeik inoiz ez zuen izan horrelako gauzak ikasteko gogorik, eta inoiz ez zen saiatu ere egin. Ikusten zuen bere burua ez zela horrelako gauzak ikasteko gai, eta iruditzen zitzaion nahiz eta ikasi, ez ziola ezertarako balio izango. Lenin eta Marx-en izenak ere, alaba Yukikoren bidez ezagutu zituen. Izen horiek ikasi eta gero, etxera maiz etortzen ziren sindikatukoek —Kudo, Sakanishi, Suzumoto—, eta baita bere senarrak ere, izen horiek sarri askotan aipatzen zituztela konturatu zen. Behin, Okeik honela esan zuenean:

         — Marx langileentzako jainkoa bezalakoa da, ezta?

         Senarrak, harritu aurpegiarekin begiratu eta goretsi nahian-edo galdetu zion:

         — Zuk non ikasi duzu izen hori?

         Senarrari ondo iruditu bazitzaion ere, Okei ez zen bereziki poztu.

         Hala eta guztiz ere, Okeiri ez zitzaion batere gaizki iruditzen bere gizona eta sindikatuko jendea egiten ari zirena. Hasieran, egia esan, beldurra ematen zion sindikatuko jendeak: itxuraz zarpail samarrak, eta eite beldurgarria zeukaten. Jende harengana hurbiltzea erraza ez zelako aierua sortu zen Okeiren baitan. Beste alde batetik, ordea, eskolako maisuekin alderatuta —senarraren lankide ohi haiek, batzuetan ezpainetan irribarre desatsegina zutela hartzen zuten eta besteetan izugarrizko kortesiarekin hitz egiten zioten Okeiri—, sindikatukoak askoz atseginagoak ziren. Haiek ez ziren tematsuak, ezta kexatiak ere. Zenbaitetan, umeak balira bezala, barre eragiten zioten, eta hasieran, jateko zerbait eskaintzen zienean, lotsatuta bezala hartzen zuten, baina bigarren alditik aurrera, beraiek eskatzen zioten jatekoa. Jatordua ez ezik, bainulekura joateko eta tabakoa erosteko sosak ere eskatzen hasi zitzaizkion. Horiek guztiak ez ziren batere eskaera desegokiak Okeirentzat, oso eskaera sinple eta asmo txarrik gabe egindakoak baizik. Eta pixkanaka, gero eta jatorragoa begitandu zitzaizkion sindikatuko kideak.

         Portu inguruan greba orokorra izan zenean, Okeik “zurrumurru beldurgarri” asko entzun zituen. Berarentzat ulergaitza zen sindikatuko Kudo, Suzuki eta besteek zuzentzen zituzten grebak eta “greba beldurgarri” haiek gauza bera zirela kontsideratzea.

         — Zeinentzat dira beldurgarriak grebak? Aberatsentzat edo pobreentzat? —galdetu zion gizonak. Baina Okeik ez zuen ondo ulertu.

         — Kontua ez da teoria hutsa —erantsi zuen senarrak.

         Egunkarietan, letra larriz grebari buruzko albisteak zetozen egunero samar. “O.ko hiria argirik gabe utziko dute, dirudunen etxeak erretzeko”, “Poliziekin borrokan jardundakoak atxilotu egin dituzte (tartean zeuden Watari eta Kudo)”, “Greba orokor hau hiritar guztien madarikazioa da”, eta abar... Okeiren senarrak ere, grebak iraun zuen bitartean sindikatuko bulegoan sartuta eman zituen gauak eta egunak, eta horrek kezka sortu zion emakumeari. Senarra, lo gutxi egindako aurpegi hanpatu, zurbilarekin itzuli zenean, Okeik galdetu zion:

         — Ondo al zaude?

         — Nire atzetik zelatari bat zetorren, eta nola edo hala ihes eginda iritsi naiz.

         Hori esan eta lastaira gainean etzan zen.

         — Bostetan esna nazazu, mesedez.

         Okei senarraren ondoan eseri zen eta han egon zen tarte batean. Horrelakoetan, Okeik inoiz ez zion senarrari ezer aipatzen sartuta zegoen mugimendu politikoari buruz. Baina bere baitarako askotan gogoetatzen zuen. — Hainbeste sufrituz eta euren burua tamaina horretaraino sakrifikatuz ari dira borrokan, baina, horrek benetan balio al du ezertarako? Ez zait iruditzen sindikatukoen ekinbideak jendea xarmatzeko moduko gizartea —proletarioen gizartea— aise ekarriko duenik.

         Hor zegoen Yukiko ere, alaba bakarra, eta espero zuen senarrak erokeriarik ez egitea. Iruditzen zitzaion senarra gizartearen onerako egiten ari bide zenak, pobrezia besterik ez zekarkiela etxera, horregatik kexatu gura izaten zen, etxe hartako emazte eta ama zen aldetik.

         Hala eta guztiz ere, sindikatukoak zer egiten ari ziren ikasi ahala, eta langileek zeramaten bizimodua zein gordina zen jabetu arau, astiro bazen ere ulertzen hasi zen Okei:

         — Langile jendea sufritzen ari da. Horregatik sortzen zaie inongo arrazoirik gabe dirua kentzen dien aberatsen aurka borrokatzeko gogoa. Sindikatukoak langileen borroka bideratzen, zuzentzen eta zabaltzen ari dira.

         Nahiz eta etorkizuna argi ikusi ez, bere senarra eta lagunak egiten ari ziren lan handiaz pentsatzean, harrotasun antzeko sentimendua ere sortzen hasia zitzaion Okeiri.

         Ryukichi, hirugarrenez atxilotu eta gero, eskolatik bota zuten, eta familia aurrera ateratzeko kinkila-denda jarri zuen. Zerabilen martxan lehenago edo geroago senarra lanetik botako zutelako ustea izan arren, gertatu zen unean zorabio modukoa sentitu zuen Okeik, kolpe handi bat hartu izan balu bezala. Hala ere, jadanik ez zen kexu senarra kaleratu zutelako.

         Ryukichik, eskolarekiko lotura eten ondoren, gogo handiagoarekin ekin zion mugimendu politikoari. Orduan, espioi edo zelatari asko hasi ziren azaltzen. Dendaren aurrean usnan zebiltzan ezezagunak ikustean, hotzikara izaten zuen Okeik. Hori besterik ez balitz, hala ere, gaitz erdi izango zen; batzuetan zelatariren batek, atariko izen-deiturak irakurrita, dendan sartu, eta “Polizia-etxera joan behar duzu” esanda, senarra eramaten zuen. Bi gizonen artean Poliziarengana zeramatelako eszena hori ikustea eramanezina zitzaion. Etxeko bakardade hartan, Okei barruan zulo handi bat zuela gelditu ohi zen. Beharbada normala baino bihotz ahulagoa zuelako-edo, taupadak ez zitzaizkion baretzen. Papera bezain zurbil, bular gainean antxumatuta eskuak, gelan hara eta hona ibiltzen zen etengabe.

         Ezin zuen horretara ohitu. Hainbestetan jazoagatik, harrituta, izututa eta aztoratuta geratzen zen beti. Aldiro, lasai egoteko esaten zion Ryukichi senarrak, baina emazteentzat ikaragarrizko sakada zen hura... Okeirentzat hala zen behintzat.

 

 

         Martxoaren 15ean, goizean goiz, bat-batean esnatu eta etxe osoa arakatu zuten. Senar-emazteei elkarrekin hitz egiten utzi gabe, senarra eraman zuten bospasei polizia eta epaitegiko funtzionario batzuen artean. Okei burua galduta bezala gelditu zen, eta ohe gainean egon zen luzaz. Gero negarrari eman zion.

         Goiz hartan, zarata entzun eta iratzarria zen Yukiko. Begiak zabal-zabal eginda, konturatu gabe, gela osoan begiratu zuen. —Zer ordu da? Egunsentia da? —pentsatu zuen. Alboko gelan bospasei jenderen hizketa hotsa entzuten zen. Gauerdia balitz, ez zatekeen horrelako hizketa hotsik entzungo. —Baina, argia piztuta dago. Horrek esan nahi du ez duela eguna urratu. Zer gertatzen ote da? Zoruan jende zarata entzuten ari naiz...

         — Aldameneko gela ere arakatu egin behar dugu —esan zuen ate ondoan ahots ezezagun batek.

         — Aldamenekoa logela da. Hor ez dago ezer —esan zuen amak baxu hitz eginez.

         — Araka dezatela nahi badute! —aitaren ahotsak.

         — Yukiko esnatu egingo da...

         Yukikok hori guztia zatika entzun zuen. Hala ere pentsatu zuen zer gerta ere, hobe izango zuela lo plantak eginda.

         Apaletatik gauzak kentzean atera zuten zaratak, egunkariak eskuztatzean atera zuten zaratak, zoru azpiak arakatzean atera zuten zaratak... —Eta tiradera guztiak irekitzen ari dira! Zazpi tiradera atera dituzte! —Horiek ziren Yukikok aditu zituenak. Bere baitan kontatzen ari zen zenbat zarata mota ateratzen ari ziren. Halako batean sukaldeko armairuak miatzen hasi ziren. Yukikok hotzikara sentitu zuen barru-barruan. Gorputza kuzkurtuta ere, eskuinera eta ezkerrera buelta asko emanda ere, hotzikara ez zitzaion joaten, eta dardarka hasi zen. Dardarka, ustekabean hortz– eta hagin-hotsa ateratzen hasi zen. Kokotsarekin indarra eginez, hortzetako karraska isildu zuen. Aitaren eta amaren ahotsik ez zen entzuten. —Nola ote daude? Besteak bakarrik aditzen ditut...

         Etxean jende asko sartu ohi zen, baina egun hartan etorri zirenak ez ziren besteetan bezalakoak, oso desberdinak eta oso beldurgarriak iruditu zitzaizkion Yukikori.

         Atea ireki zen. Bat-batean argi distiratsu, zabala sartu zen zeharka. Yukikok azkar itxi zituen begiak. Bihotza taupaka hasi zitzaion. Gorputza jiratu eta begiak erdi-ireki zituen. Ama, eskuak bularrean, lo zetzan alabari begira zegoen. Aurpegi zurbila zuen, beldurgarri samarra. Aita ama baino urrutixeago zegoen, gauzak miatzen ari ziren gizonen eskuei begira. Argiaren ondo-ondoan zegoen, beharbada horregatik, aitak bekozko beltza zuela ematen zuen.

         Bost ziren. Bat biboteduna, nagusia ematen zuena, eta karpeta beltza eskuan zuela, miaketa lanean ari zirenei zerbait esaten ari zitzaien. Besteek nagusiak agindutakoak betetzen zituzten. Bi poliziak ziren. Beste bi kaleko janzkeraz jantzita zeuden. —Aitak zer egin ote du? Eta gizon hauek zer nahi dute? —Arrotz haiek Yukikoren eskolako gauzak ukitu, liburuak banaka-banaka orrikatu, eta mota askotako jostailuak lurrean sakabanatu zituzten inongo erreparorik gabe. Yukiko pixkanaka alditxartzen hasi zen. Eta zirgitaldiak begietan malko tantak sortu zizkion.

         — Hemen alabaren gauzak besterik ez daude... —esan zuen amak apal. Arrotzek ahopean zerbait erantzun zioten modu ulertezinean, eta araketarekin jarraitu zuten.

         Bukatu zutenean, gelari hondar gainbegiratua eman eta atera egin ziren. Atea itxi zuten. Gela ilunpetan geratu zen. Yukiko negarrez hasteko zorian zen.

         Aita eta karpeta zuena hasieran ahopean arituak ziren hizketan. Baina, gero eta ozenago ari zirenez, Yukiko ere argi aditzen hasi zen haien hizketa.

         — Dena den, gurekin joan behar duzu —esan zuen karpetadunak.

         — Zer da “dena den” hori? Ez dut ulertzen.

         — Ez daukat hemen esplikaziorik eman beharrik. Gurekin joatea nahikoa duzu —gero eta kortesia gutxiagorekin, gero eta hizkera zakarragoarekin ari zen.

         — Zein da arrazoia?

         — Ez dakit.

         — Orduan, ez daukat zuekin joan beharrik.

         — Beharra duzun ala ez duzun, guk...

         — Ba al dakizu esaten ari zaren hori legez kanpoko astakeria bat dela?

         — Bai zera! Ez da astakeria inondik ere! Esaten dizut gurekin joaten bazara, dena argituko dugula.

         — Betiko trikimailua da hori.

         — Trikimailua den edo ez, ez da zure kontua. Gurekin joan behar duzu eta kito!

         Aita bat-batean isildu egin zen. Atea indarrez ireki eta Yukiko zegoen gelan sartu zen. Haren atzetik zetorren ama. Beste bostak ondoko gelan zeuden zutik hona begira.

         — Prakak! —esan zion aitak amari muker antzean. Amak, isil-isilik, prakak eskura eman zizkion. Aitak hanka bat sartu zuen praketan, baina, bestea sartzerakoan, orekari eutsi ezinik, balantza egin zuen. Ondo kostata jantzi zituen. Urduritasunak masailak dardararazten zizkion aitari. Alkandora janztea eta gorbata lotzea ere ikaragarri kostatu zitzaion. Gorbata lotzeak izugarrizko lanak eman zizkion. Amak, hori ikusita, lagundu nahian eskua luzatu zion.

         — Eeeez! —aitak zakar alboratu zion eskua amari. Asaldatuta zegoen. Urduri, amak ere zerbait esan zion aitari.

         — Ez hitz egin elkarri! —moztu zien zorrotz aldameneko gelatik karpetadunak.

         Yukiko lo zegoen gela berriz ere ilunpetan geratu zen. Etxe aurretik oin askoren hotsa iristen zen. Atariko atea ireki zen. Orduantxe isildu ziren oinotsak, eta xuxurla batzuk entzun ziren. Yukiko, egon ezinik, ohetik atera zen. Jaiki bezain laster, burutik hanka-puntetaraino hotza sartu zitzaion, dardarka hasteko modukoa. Atea pixka-pixka bat ireki, eta kanpora begira jarri zen. Aita atarian, eserita, zapaten lokarriak lotzen ari zen. Arrotzak atarian zutik zeuden. Ama, lehen bezala, eskuak bularrean jarrita, eta zutabe baten kontra zegoen aurpegia zurbil-zurbila zuela. Isilune arraro bat egin zen.

         Halako batean, Yukikok ulertu zuela sentitu zuen. Ulertu, dena ulertu zuela. —Lenin! —pentsatu zuen. Gertatzen ari zen guztia Leninengandik zetorrela konturatu zen. Liburu pila bat zeuden aitaren gelako paretetan, Leninen argazki asko zeuden jarrita, eta bere aurpegia argi eta garbi etorri zitzaion gogora Yukikori. Leninek, Yukikoren eskolako langile baten, Yoshida izeneko burusoilaren antza ikaragarria zeukan. Eta, sindikatukoak etxera etortzen ziren bakoitzean, aitarekin batera abesti asko kantatzen zituzten. Yukikok, ume guztiek musikarako daukaten eitea zela medio, sindikatuko inork baino azkarrago ikasi zituen Bandera Gorriaren Kantua edo Langileen Eguneko Kantua. Abesti horiek, letren esanahiaren arrastorik gabe, nonahi kantatzen zituen —berdin etxean edo eskolan—, Mandarinondoaren Kantua, Kanarioaren Kantua eta beste askorekin batera. Hori dela eta, sindikatuko jendeak askotan eztiro ferekatzen zion burua Yukikori. —Aita ez da batere gizatxarra, ezta gaizkilea ere. Horregatik, Yukikori iruditzen zitzaion gertatzen ari zen guztia Leninek eta Bandera Gorriak ekarritakoa zela. Bai, dudarik gabe! 

         Aita zutitu egin zen. Yukikori, sutea izan zen gauean bezala, kriskitinka hasi zitzaizkion hortzak. Kanpora atera ziren denak. Orduantxe higitu zen amaren aurpegi margula. Ezpainak ere, zer edo zer esan nahi balute bezala, mugitu egin zirela iruditu zitzaion. Baina ez zuen hitzik atera. Behar bada hitzen bat jaulkiko zitzaion, baina ez zuen entzun. Amaren eskuak, zurkaiztua zegoen zutabearen gainean nola zurrundu ziren ikusi zuen. Aitak kapela erantzi eta berriro jantzi zuen, eta amari aurpegira begiratu zion. Ondoren, txalekoko botoi bat askatu eta berriro lotu zuen. Eta berriz emazteari begiratu zion aurpegira. Aitaren gorputzaren erdia kanpora atera zen.

         — Kontu egin gure Yukiri —esan zion ahots zakar, lehorrez, eta eztul egin zuen gogoz kontra bezala.

         Amak atzetik jarraitu zion kanpora.

         Yukiko korrika batean sartu zen ohean, eta burkoaren kontra ahuspez etzanik, negarrari eman zion. Negarrez ari zela, aita eraman zuten gizon haiei herra hartu zien. “Horiek bai direla benetan gorrotagarriak!” pentsatu zuen. Horrela pentsatzeak negargura areagotu zion. Beldurraren beldurrez dardarka, —Aita! Aita! —oihukatu zuen behin eta berriz, eta negar egin eta egin negar jarraitu zuen.

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013