1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013

 

 

Takiji Kobayashi

 

         Japoniako literatura proletarioa deitutakoaren idazle behinena da Takiji Kobayashi, Japoniatik kanpo Kanikosen, ontzi-faktoria eleberriagatik ezagun. Obra laburreko idazlea —29 urte zituela hil zuten—, langile klaseak eta mugimendu obrero eta komunistak 1920ko hamarkadan bizi izan zituenak kontatzen ditu bere literaturak.

         Mugimendu zapaldu eta jazarria, 1928ko martxoaren 15eko data efemeride lazgarria da Japoniako historian. Martxoaren 15ean hasita, eta hilabetez, milaka lagun atxilotu zituzten, torturatu eta, epaiketa luze baten ondoren, zigor gogorrak ezarri.

         Senki (Bandera Gorria) izeneko aldizkarian narrazioa argitaratu zuen Kobayashik atxiloketa eta tortura horiek azaltzen, 1928-03-15 izeneko kontakizunean hain zuzen ere —modu premonitorio batez, une batean torturen eraginez hildako burkideak aipatzen ditu narrazioan—. Hurrengo urtean, 1929an, Kanikosen argitaratu zuen, bere eleberririk ezagunena. Iparreko ur izoztuetan arrantzan diharduen ontzi-faktoria bateko langileen egoera eta lanaren latza eta motina kontatzen du. Urte haietan arrakastatsua, antzerki-lanen bat ere egin zen obran oinarrituta. Azken urteetan berriro ere sona hartu du hala Japonian nola munduko beste zenbait tokitan.

         1903an jaioa eta Merkataritza ikasketak egina, gaztetandik lotu zitzaion mugimendu proletarioari Kobayashi. Bere jarduera politikoengatik hainbat biderretan atxilotua, lanetik iraitzia, Japoniako Alderdi Komunistako kide egin zen eta 1932an klandestinitatean hasi zuen bere lan politikoa (Burkidea izeneko eleberrian kontatzen du militante komunista baten jarduera).

         Japoniako Gobernuak bere Polizia politikoaren (Tokko) bitartez jazarria, 1933ko otsailean atxilotu zuten, eta jasandako torturen eraginez hil zen, 1933ko otsailaren 20an.

         Kanikosen eleberriak berriki bizi izan du berrargitaratzea, baita Japoniatik kanpo ere, baina euskaraz ematen dugun 1928-03-15 kontakizunak ez. Hiromi Yoshidak ekarri du euskarara, japonieratik, beste hizkuntzetan, ez ingelesez, ez espainolez, ez frantsesez aurki ez daitekeen lana.

 

1928-03-15
Takiji Kobayashi

euskaratzailea: Hiromi Yoshida
armiarma.eus, 2013