Alderatzearen Metodoa
Jean Jaurès

1911
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

     Duela zenbait aste miresteko parada izan dut, Euskal Herrian, nola mintzaira zahar bat, zein familiari lotu ez dakiguna, desagertua zen. Donibane Lohizuneko karriketan, hala burgesia nola herria, ez da euskaraz besterik hitz egiten entzuten, eta iragan sakon eta misteriotsu baten etxekotasuna bezalako bat zen, eguneroko bizian ekarria. Zein mirarik iraunarazten du beste guztiez hain bestelakoa den hizkuntza hau lur puska honetan? Baina hizkuntza honen mekanismoa ikasi nahi izan nuelarik, ez nuen neholako laguntzarik kausitu. Ez euskal gramatikarik ez euskal hiztegirik, alabaina badaude liburudenda onak Donibane Lohizunen. Hondartzan jolasean ari ziren haur euskaldunei galde egiten nienean, ezin handiagoko plazerez izendatzen zizkidaten beren hizkuntzan zerua, itsasoa, harea, giza gorputzaren atalak, etxeko gauzak. Baina ez zeukaten den mendreren ideiarik beren hizkuntzaren egituraz, eta, haietarik batzuk gure eskola laikoetako ikasle onak baldin baziren ere, ez zitzaien nehoiz burura etorri txipitarik hitz egiten zuten hizkuntza zahar eta originalari aplikatzea frantses mintzairari aplikatzen usatuak ziren aztertzeko prozedurak. Bistan da irakasleek ez dietela horretarako gomitik egiten. Zergatik hori, eta nondik dator halako utzikeria? Haur horiek bi hizkuntzatan mintzo baldin badira, zergatik ez zaie irakasten bata bestearekin alderatzen, bata besteaz ohartuz? Ez dago hoberik espirituarendako, alderaketa hauek baino; ongi ezagutzen dugun analogien eta desberdintasunen bilaketa gairik onenetarikoa da adimenaren prestakuntzarako. Eta espiritua hunkiberagoa bihurtzen da euskal mintzairaren edertasuna beste mintzaira batekin alderatuz, hobeki atzematen du bakoitzaren nortasuna, sintaxiaren berezitasuna, batasun organikoa ematen dioten zati guztien gainean agintzen duen barne logika.

     Euskarari buruz egia den hau, egia da bretoierari buruz. Hezkuntza indargarri eta malgugarria izanen litzateke halako bat espiritu gazteendako, baita bide urratu bat, ikuspegi historikoaren zabaltzeko.

     Baina zeinen den are egiago eta ikusgarriago gure mintzaira meridionaletarako, lumisin, okzitaniera, proventzalarendako! Frantsesa bezala, jatorri latinoko hizkuntzak dira, eta interes handiena behar genuke espirituak ohitzeko antzekotasunetan eta bestelakotasunetan, ulerbide ezagunen bitartez bereizteko Iparraldeko mintzaira frantsesaren eta Hegoaldeko mintzaira frantsesaren osatzea bideratu dituzten arauak. Neska-mutiko gazteek, maisuen gidaritzapean, aurkikuntza zoragarriak egitearen poza edukiko lukete beti ere. Hala berean edukiko lukete hegoaldeko zibilizazioa izan denaren sentimendu zehatzagoa, biziagoa, eta Midiaren jenioaren obra xarmantetan laketuko lirateke, hartuko balitz obra horiek doi bat eguneratzeko lana, aldaketa arin batzuk medio, proventzal modernoa eta okzitaniera modernoa hurbiltzearren.

     Latina ikasi behar izanik gabe ere, haurrek ikusiko lukete, Iparraldeko mintzaira frantsesaren eta Hegoaldeko mintzaira frantsesaren azpian, alderaketaren eraginez, latinotasunaren funts amankomuna azaltzen, eta gure herri frantsesaren sustrai sakonak erakutsiko lituzke horrela herriak berak, argitasun barnagarriz. Abia litekeen zibilizazio lanik handienetarikoa da herriak eta arrazak beren buruaren kontzientzia osora eramatea. Nola produkzioaren eta jabegoaren antolaketa kolektibistak suposatzen duen gizabanakoen heziketa handi bat, ahalegin indibidualen eta eskubide indibidualen berme sistema bat, hala gizateriaren batasuna ez da handia eta emankorra izanen herriek eta arrazek handitzen eta osatzen ez badute, indarrak elkartuz, bakoitzaren kultura besteen kulturaz, ez badute mantentzen eta sustatzen beren kontzientzia historikoaren autonomia eta beren jenioaren berezkotasuna Gizateriaren Nazioartekotzan.

     Harritu egin nau ikusteak, herrialde latinoetan gaindi egin bidaian, ezen, analogietan usatua izanik, frantsesa eta okzitaniera konbinatuz, egun gutiren buruan konprenitzen nituela portugesa eta espainiera. Irakurri, ulertu eta miretsi ahal izan ditut, astebetera, poeta portugaldar handiak. Lisboako karriketan, oinezkoak solasean entzunik, iragarkiak irakurririk, Albin edo Toulousen nengoela iduri zuen. Baldin frantsesaren eta okzitanieraren edo proventzalaren alderaketaz, herri haurrek, Frantziako Midi osoan, ikasiko balute hitz berbera kausitzen bi forma desberdintxoren azpian, beren esku edukiko lukete berehala italiera, katalana, espainiera, portugesa neke handirik gabe irekiko liekeen gakoa. Eta harmonia naturalean, harreman errazean sentituko lirateke egun hegoaldeko Europan eta Latinoamerikan hainbeste indar eta esperantza ausart garatzen duen arraza latinoen mundu zabal horrekin. Hedapen ekonomikorako zein Frantziaren Midiaren handitze intelektualerako, munta handieneko arazo bat daukagu hor, eta irakasleen arreta ekarri nahi nuke horretaz.

 

                                                                     Revue de l'Enseignement Primaire

                                                                                                    1911-X-15

 

Alderatzearen Metodoa
Jean Jaurès

1911
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013