ODOL HOTZA BEHAR
Jean Jaures

1914-07-31
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2014

 

            Gauzak okerragora eraman ditzatela nahi badute, behar diren neurriak har ditzatela hipotesirik izugarrienen ikuspuntutik, baina otoi atxik dezagula han eta hemen gogoaren gardena, arrazoiaren tinkoa. Ezagutzen ditugun osagarri guztien arabera, ez dirudi nazioarteko egoera esperantzarik gabekoa denik. Larria da segurik, baina ez da oraino guztiz suntsitu bakezko konponbide baten aukera.

            Batetik, begi bistakoa da guri oldartzeko xedea ukan balu, tupusteko oldar ospetsuaren legean jokatuko zatekeela Alemania. Egunak iragaten utzi ditu ordea, eta hala Frantziak nola Errusiak aldeko bihurtu ahal izan dute epe hau, batak, Errusiak, mobilizazio partzial bati ekiteko, besteak, Frantziak, bakearen iraunaraztearekin bat datozen ahal bezainbat prekozione hartzeko.

            Bestetik, Austria eta Errusia hasiak ditugu negoziaketa zuzenetan. Errusiak galdatu dio Austriari nolako jokabide daukan erabakia Serbiarengana. "Lurraldearen osotasuna" begiratuko diola arrapostu du Austriak. Errusiak uste du hori ez dela aski, "Serbiaren subiranotasun eskubideak ere" bermatu behar direla.

            Solasa abiatua da. Austriaren eta Errusiaren ikuspuntuen arteko desadostasuna agerikoa bada ere, ideien aldea neurtu ahal izanen da eta nondik norakoak ezagutuko dituzten arazo baten irtenbidean saia litezke. Orduan, agidanez, Ingalaterraren bitarteko asmo hori izanen da esku: nahiz eta bere moldearen, bere adierazpideen xerka dabilen, nagusitu eginen da, herrien sentimendu sakona bideratzen baitu, eta orobat, zalantzarik gabe, une batez tresna diplomatikotzat erabil zezaketela uste zuten gerraren arriskua, zigor gisa, gorantz datorkien gobernuen desira ere.

            Eta kontuan hartzen baldin badugu gerra bera zer litekeen eta zer ondorio ekarriko lituzkeen izua, etsigarrizko zurrumurruak, estura ekonomikoak, moneta larrialdiak eta gatazkaren posibilitate hutsak sortzen dituen finantza hondamendiak direla kausa, gure baitan egiten baldin badugu eguneratu egin behar direla jadanik kredituen epemugaren arauak eta prestatu egin behar dugula banku billeteen zatitxoen trukaneurria bortxaz ezartzeko, galdegin genezake gizonik zoroenak edo zitalenak gauza izanen liratekeen horrelako krisia sortzeko.

            Une honetan arriskurik handiena ez dakarte, barka bedi, gertakariek berek. Ez dakarte, litezkeen bezain errudun izanik ere, gobernuen zinezko joerek; ez dakar herrien zinezko borondateak; gainez egiten duen urduritasunak dakar, hedatzen den asaldurak, izuak, kordoka larriak, luzaturiko kezkak dakarte. Jende osteek amore ematen ahal diete halako ikara zoroei, eta ez da fidatzekoa gobernuek emanen ez dietenik. Astia ematen dute (zeregin atsegina) elkar beldurtzen eta elkar lasaitzen. Eta horrek, ez gaitezen tronpa, asteak iraun lezake. Oker daude haserrealdi diplomatikoa zenbait astetan baretzen ahal eta baretuko dela uste dutenek. Gaur egungo gerlaren batailak fronte baztergabe batean hedatzen diren bezala zazpi edo zortzi egunez, ber gisan dira hedatzen bataila diplomatikoak. Europa osoa eta nazio indartsuen tresneria ikaragarri eta anitza jokoan ezartzen duela, zenbait aste beharko ditu ezinbestean. Froga gainditzeko, zainak azkar dituzten gizonak behar ditugu, edo, izatekotz, buru sendo, argi, jabal bat. Herriaren zuhurtziaren, herriaren iritziaren laguntza behar dugu egun, baldin bere buruaren jabe izaten jarraitzea, ikarak urruntzea, asaldurak menderatzea eta gauzen eta gizonen abiada zaintzea nahi badugu, gerlaren izugarria giza-arrazatik aldentzeko.

            Arriskua handia da, baina ez da garaiezina atxikitzen ahal badugu gogoaren gardena, nahiaren sendoa, jakiten badugu bat egiten pairamenaren heroikotasuna eta ekinaren heroikotasuna. Eginbidearen argiak emanen digu betetzeko indarra.

            Dei egiten diegu Senako Federakuntzan izen emandako militante sozialista guztiei igande goizean Wagram aretoan eginen den biltzarrera etortzeko. Bertan nazioarteko egoera azaldu eta Internazionalak eskatzen digun ekina zehaztuko dugu. Bilera ugari eginen ditugu proletalgoaren pentsamendua eta nahia gauzatzeko, eta Nazioarteko Biltzarraren lanei hasiera ematearren eginen dugun, segurki eta halere, agerraldi ederra antolatzeko. Oroz gain, ekinaren jarraitasuna, langileen gogoaren eta kontzientziaren etenik gabeko atzarria dugu garrantzizkoena. Hor daukagu zinezko babesa. Hor daukagu etorkizunaren bermea.

 

ODOL HOTZA BEHAR
Jean Jaures

1914-07-31
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2014