Ez ikusia
Langston Hughes

Passing, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus., 2013

 

     Ama maitea,

     Jakinen bazenu zeinen dohakabe sentitu nintzen atzo arratsaldean, hirian, hitzik egin gabe gurutzatu behar izan zintudanean. Zu, zoragarri portatu zinen zu. Ezagutuko ez baninduzu bezala egin zenuen, ni, zure semea, ezagutzen ez. Neska gazte hori izan ez balitz nirekin, ama, hitz eginen genukeen. Karrikan beltzen batekin egiten badut topo eta hizketalditxoa egiteko gelditzen baldin banaiz berarekin, ez nau kezkatzen, orain, beltza naizela pentsatuko ote duten. Ezin zait atzeman: oroit zaitez zeinen zaila zen nire irakasleak konbentzitzea, ikasle nintzenean. Zu ikusi ondoren ere, nire esana ezin sinetsian jarraitzen zuten. Inondik ere ama mulatoa nuela esanen zuten, besterik gabe. Neure burua zuritzat aurkezten dudanez gero, inork ez du dudarik egin nire kolorearen zinezkotasunaz. Hegoaldekoa dut ugazaba, eta atertu gabe madarikatzen ditu beltzak nire aitzinean. Mila legoatara dago beltza naizela sumatzetik. Barrez lehertzekoa da!

     Bitxia dena, ama, zenbait zurik beltzenganako duen herra da. (Horrela ez balitz ez nintzateke behartua egonen itxura egitera lanpostua gordetzearren). Sutu egiten nau gai honek: zakurrarenak esaten dituzte beltzengatik, tuberkulosiak, sifiliak eta gainerakoak ustelduta omen gaude. Propaganda zikin honekin, nola nahi duzu beltz batek lanposturik aurkitzea? Zuria nintzelakoa egiten hasitakoan ikasi ditut gutaz esaten dituzten gaiztakeriok. Beren bizimodua egin behar izan dut eta beren solasak entzun behar izan ditut.

     Baina ez dut sufritzen, ama. Eta zeinen eskuzabala izan zinen, neure azal laruarekin eta nire ilearekin "zuria" izan nendila esaten zenidanean. Horri esker eskuratu ahal izan dut lanpostu bat, ama. Astean 65 dolar irabazten ditut, krisian gauden arren. Eta idazkariburua izanen naiz Weeks jaunak Washingtonera alde egindakoan. Ikusten dudalarik bulegoak erratzatzen dituen atezain beltza, azal laru hau izan ez banu horrelaxe ibiliko nintzela ni esaten diot neure buruari. Behar bezainbeste konpetentzia edukiagatik, ez ninduten hartuko beren bulegoetan lan egiteko. Mandatuak egiteko, gehienez. Horregatik gertatzen zait batzuetan ezin eramana: behar nioke hitz pare bat esan patroiari, ez dezala dudarik eduki idazkari beltz bat daukala.

     Baina atzo arratsaldean, ama, pena hartu nuen. Lehen aldia da horrelako bat gertatzen zaigula. Zuriarena egiten dudanean, horixe izaten da hain zuzen gogorrena: familia jendaurrean ukatu beharra. Badakit, noski, ados gaudela gu biok, eta hobe dela horrela. Baina izugarria da hala ere. Maite zaitut, ama, eta nazka ematen dit ez ikusia egiteak, garrantzirik ez daukala esanen badidazu ere.

     Zer iruditu zitzaizun aldean neraman neska gaztea? Bera hartu nahi dut emazte. Ez al da polita, ama? Neska ona da. Dirudunak ditu gurasoak. Germano-amerikarrak dira, ez dute batere aurreiritzirik koloreaz. Jaialdi beltz bat ikustera eraman nuen iragan astean: zoragarria iritzi zion. Honela esan zidan: "Hainbeste grazia eta alaitasuna dute beltzek!". Neure buruari galdetzen diot zer esanen ote zidan esan izan banio beltza nintzela ni, edo erdi beltza; aita zuria nuela baina zu ez. Ez dut horrelakorik eginen. Zurien gisa bizitzea erabaki dudanez eta leku bat hartua naizenez (leku on bat), zergatik kezkatu arraza istorio hauekin? Pozik naiz horrelakorik egin behar ez izanda, horixe da nik dakidana.

     Espero dut Charliek eta Gladysek ez nautela gorrotatuko. Harrigarria da hiruretan neu bakarrik izatea zuritzat har nazaketena. Charlie zu baino are beltzagoa da, ama. Badakit sufritu egiten zuela eskolan, irakasleek zuria nintzela uste zutelako anaiak ginela jakin baino lehen. Nik ere sufritu egiten nuen garai hartan. Baina orain pozik nago kuraia eman zenidalako, aitzina jotzeko eta bizitzaz profitatzeko esan zenidalako. Horixe egin behar dut, ama. Zuri batekin ezkonduko naiz eta zuriak bezala biziko naiz, eta gertatzen baldin bazait haur koloredunen bat izatea, zin eginen dut ez dela nirea. Ez dut berriro jausi nahi sasitza beltzean. Ez. Librea naiz, ama, librea naiz!

     Alabaina, Chicago hau utzi nahi nuke, New Yorkeko bulegora transferituko banindute edo San Franciscoko sukurtsalerako izendatuko banindute —atzo gertatu zena sekula gehiago gertatuko ez den edonora—. Ikaragarria izan zen zu ikusi, eta hitzik ezin egitea. Eta Gladysek eta Charliek ezagutzen banaute karrikan, ez dute agian zuk duzun manera edukiko —ez dut uste onez hartzen dutenik egiten dudana—. Zergatik ote, galdetzen diot neure buruari. Ez diet inolako kalterik egiten, dirua igortzen dizut astero eta haiek bezainbat laguntzen dizut, gehiago ez bada. Esaiezu ez nazatela estutasun txarrean jarri non edo non topatzen banaute neska gazte horrekin, ama. Ziurrenik hobe genukeen zuek hirurok Cincinnatin geratu izan bazinete aita hil zenean. Ez duzu uste hobe genukeela, hobekiago moldatuko ginatekeela hiri desberdinak hautatuko bagenitu nor bere alde jartzeko?

     Egia esan, gogoratzen naizen orotan aitak dena bere familiari laga ziola eta zuk ez duzula deus ere eskuratzerik izan guregatik, irakiten hasten zait odola zainetan. Banekien ez zeneukala inolako aukerarik Kentuckyko epai-mahai baten aitzinean, baina, menturaz, saiatu izan bazina, zuri horiek ematen ahal zizuten zer edo zer isiltze ordain. Ez zien onik eginen egunkarietan ikastea hiru neba-arreba beltz zeuzkatela. Baina sobera harro jokatu zenuen, ezta, ama? Ni ez nengoen horren harro.

     Badakit etxe bat erosi zizula eta eskolara ibili gintuela hirurok. Pozik naiz bera hil aitzin amaitu ahal izan nituelako ikasketak Pittsburgen. Zer atsekabea Charliek eta Gladysek ikasketak utzi behar izana bizimodua ateratzeko. Espero dut Charliek kausituko duela hoberik garaje batean aritzea baino. Eta konprenitzen dut arranguratzea Gladysengatik, azken gutunean esaten didazunez. Nolako ideia, Jauna!, dantzaria izan nahi South Sideko kabaret batean! Baina jakinaren gainean nago zeinen zaila den emakumezko batendako lanposturen bat eskuratzea krisi honekin, bereziki beltz batendako, baita, Gladys bezala, dotorea eta larruazal okrekoa izanik ere. Bihotzez desiratzen dut lor dezazun horrelakorik burutik kentzea eta zoko gaizto horietarik alderatzea. Behar den bezalako neska baten lekua ez da.

     Utzi egin behar zaitut, ama. Zin egina diot ene maiteari zinemara eramanen dudala. Ez ote da xarmanta bere ile blondekin eta oroilore begi horiekin? Instalatzeko proiektuak eginak gaude. Apartamentu bat alokatu behar dugu ibili garbiko auzo batean, zuhaitzak dauzkan karrika lasai batean. Postetxeko helbidera idatzi ahal izanen didazu. Beharrik, arraza kontu hauek ez dute zerikusirik postan. Besterik ezean, nahiz ez dugun ikusten ardura, idazten diogu elkarri. Ezta, ama?

     Maite zaituen zure seme

                                                                                             Jack

 

Ez ikusia
Langston Hughes

Passing, 1933
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus., 2013