YAGUAÍ
Horacio Quiroga

1913
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

      Han besterik ezin zitekeen egon ordea. Yaguaík harria usnatu zuen —burdin mineraleko bloke gotorra— eta itzuli zuhur bat egin zuen haren inguruan. Misioneseko eguerdiko eguzkiaren pean, aireak dardara egiten zuen harkaitz beltzaren gainean, fox-terrierrari batere atsegin ez zitzaion fenomenoa berau. Dena dela, azpi hartan zegoen sugandila. Beste jira bat egin zuen inguruan, putz egin zuen arrakala batean eta, arrazaren ohorerako, harramazka egin zuen bloke sutu hartan une batez. Hura eginik etxera hartu zuen pauso nagitan, albo bietara usnaka hala ere.

  Jangelan sartu zen arasaren eta paretaren artean etzateko, beretzat bezala zeukan aterpe freskoa etxe osoaren iritzia aurka zeukan arren. Baina txoko ilun hura, zoragarria giroaren depresioari aire eskasia batzen zitzaionerako, egongaitza bihurtzen zen ipar haizeak jotzen zuen egunetan. Harro zegoen fox-terrierra bere jakinduriaz, herrialde epelaren herentzia bizirik baitzuen —Buenos Aires, aitona-amonen eta beraren sorlekua—, han alderantziz gertatzen zelako hain zuzen. Kanpora irten zen beraz eta laranjondo baten azpian jesarri zen arnasketa guztiz errazten zuen suzko haize barruan. Eta zakurrek arrunt gutxi izerditzen direnez, behar adina eskertzen zuen haize xukatzailea, haren etorreran ateratzen zuen mihia dantzari.

      Termometroa 40 gradutara iritsia zen orduantxe. Baina jatorri oneko fox-terrierrak bereziki gezurtiak dira geldirik egoteko promesei dagokienez. Suzko eguerdi haren pean, hondar gorriak are beroagoa bihurtzen zuen meseta bolkanikoaren gainean, bazen sugandilarik.

      Oraingoan ahoa itxirik, burdinarizko ehuna igaro eta ehiza eremu batean azaldu zen Yaguaí. Irailetik ez zuen bestelako zereginik lortu siesta latzetan. Geratzen ziren sugandila bakanetatik lauren aztarrena atera zuen, hiru harrapatu, bat galdu, eta bainatzera alde egin zuen.

      Etxetik ehun metrora, mesetaren oinarrian eta bananadiaren ertzean, bazen harri biziko putzu bat, molde eta faktura berezikoa, bada profesional batek dinamitaz hasia afizionatu batek amaitu baitzuen pala mokodunarekin. Egia da bi metro baino ez zituela sakonean, alde batetik ezponda luze batek eusten zuela, hesi moduan. Azalean bazegoen ere, iturburuak bi hilabeteko idorteari egiten zion aurre, meritu handikoa Misionesen.

      Han bainatzen zen fox-terrierra, mihia lehenik, gero sabela uretan jesarririk, igerian egindako zeharraldi batez amaitzeko. Etxera itzultzen zen aztarnaren bat gurutzatzen ez baldin bazitzaion bidean. Arratsapalean  putzura ostera; harritzekoa zen beraz arkakusoak edukitzea, eta erraz pairatzen zuen bero tropikala, bere arraza hartarako sortua ez zen arren.

      Fox-terrierraren borrokarako sena, oro har, orbelen aurka ageri zen. Tximeleten eta haien itzalean gauzatu zen gero, eta sugandiletan finkatu zen azkenik. Azaroan bertan, etxeko arratoi guztiak estu zeuzkanean ere, saurioak ziren haren poza. Hau zela edo bestea zela siesta orduan etortzen ziren peoiek beti miretsi izan zuten zakurraren seta, leizetxoetan arnasestuka suzko eguzki baten pean, nahiz eta haien miresmena ehizaren esparruko baino ez izan.

      — Zera horrek —esan zuen behin haietako batek, zakurra adierazten zuela buruaren itzuli batekin—  ez du balio xomorroetarako besterik...

      Entzun egin zuen Yaguaíren jabeak:

      — Baliteke —arrapostu zuen—, baina zuen zakur ospetsu horietako bakar bat ere egiteko gauza ez dena egiten du honek.

      Irri egin zuten gizonek, erantzuteke.

      Cooper-ek ordea ongi ezagutzen zituen mendi zakurrak eta lasterrerako ehizan zeukaten gaitasun zoragarria, bere fox-terrierrak ez bezala. Irakatsi? Agian bai, baina berak ezin.

      Hain zuzen, arratsalde hartan bertan kexatu zitzaion peoi bat porotoak triskatzen ari ziren oreinez. Eskopeta behar omen zuen, zakur on bat izan arren ez baitzuen batzuetan besterik lortzen baten bat harrapatzea...

      Cooperrek eskopeta utzi zion eta gauean luberrira joatea proposatu zuen.

      — Ez dago ilargirik —eragozpen gisa, peoiak.

      — Ez du axola. Aska ezazu zure zakurra eta ikusiko dugu nireak segitzen dion.

      Alorrera joan ziren gau hartan. Peoiak bere zakurra askatu zuen eta animaliak berehala ekin zion mendiko ilunpetan aztarna bila.

      Yaguaí, laguna alde egiten ikusirik, karaguatá hesia zulatzen saiatu zen alferrik. Lortu zuen noizbait, eta bestearen arrastoari jarraitu zion. Baina bi minuturen buruan hantxe zen berriz, gaueko ibili hartaz harro. Hori bai, ez zuen utzi zulotxorik usnaka egin gabe hamar metroko inguruan. Baina ehizan egin aztarnaren bila, mendian, goizalbatik arratsaldeko hirurak arte aise iraun lezakeen trosta batean, hori ez. Peoiaren zakurrak atzeman zuen aztarna bat, urrun oso, berehala galdu zuena. Ordu bete geroago jabearengana heldu zen, eta etxera hartu zuten denek.

      Frogak, erabatekoa ez izanagatik, desanimatu egin zuen Cooper. Ahaztu egin zen hartaz guztiaz, fox-terrierrak arratoiak, muskerren bat edo azeriren bat bere leizean eta sugandilak harrapatzen zituela.

      Bitartean eguna joan eta eguna etorri astun, itsugarri, landareak dindirri ahuletan makurrarazten zituen ipar haizearen egoskortasunean, eguerdi sargorien zeru zuriaren pean. Termometroak 35-40tan irauten zuen, euriaren esperantzarik mendreena gabe. Lau egunetan astundu zen eguraldia baretasun itogarriz eta beroa handituz. Eta hilabete osoan iparretik heldu zitzaien su haize hura dena ur jauzi bihurtu behar zuelako esperantza utzi zutenean, galgarrizko idortera etsi zuen jendeak.

      Harrezkero, bere laranjondoaren azpian jesarria bizi izan zen fox-terrierra, beroak zentzuzko muga hori igarotzen duenean zakurrek, izan ere, ezin baitute arnasa ongi hartu etzanik. Mihia zintzilik eta begiak zirrituta, udaberriko kimu zen ororen heriotzaren ikuslea izan zen. Baratzea azkar galdu zen. Artoak berde laru batetik zuritasun horixkara egin zuen, eta azaroaren hondarrean zutabetxo makalduak baino ez ziren geratzen luberriko belztasunaren gainean. Maniokak, guztien arteko heroikoenak, ongi eusten zion.

      Fox-terrierraren putzuak —iturburua idorturik— egunez egun galdu zuen bere ur berdexka, eta hain beroa zegoen non Yaguaí ez zen hurreratzen goizaldean baizik, nahiz eta apereá, agutí eta hudo aztarnak atzematen zituen, mendiaren zakarrak putzura behartuta.

      Bainatu ostean, zakurra jesarri egiten zen berriro, haizea pixkanaka handitzen ikusten zuela, termometroa, bere aldetik, 15ean freskatua egunsentian, 41era iristen zela arratsaldeko ordu bietan. Haizearen sikuak ordu erdi oroz behartzen zuen fox-terrierra edatera, egarriak puskatzen baldeak hartzen zituzten liztor eta erleekin borroka eginez. Oiloak, hegalak lurjota, hatsanka ari ziren bananondoaren, glorietaren eta lore gorriko aihen-belarraren hiruko gerizan, erretako hondarrean pausorik ematen ausartu gabe, eta inurrigorriak bat-batez akabatzen zituen eguzkiaren pean.

      Inguruan, fox-terrierrararen begiek hartzen ahal zuten guztia —burdin blokeak, harritxintxar bolkanikoa, mendia bera— dantzan ari zen, beroak zorabiatua. Sartaldean, oihan ibarraren hondoan, biko mendikatearen depresioaren azpian, Parana ibaia hilik zetzan bere zink ureko ordu horretan, arratsaren etorreraren zain berpiztu ahal izateko. Giroa, artean ketu samarra, lurrun trinkoan iluntzen zen zerumugan, eta eguzkiak, haren gibelean, odol zirkulu zehatz baten gisa eusten zion ibaira jaustean. Eta haizea osoro apaltzen zenean, eta oraino errea zen airean Yaguaík bere orban zuri txikia mesetan barrera herrestan zeramala, palmondo beltzek, errubiz gatzatutako ibaian zirkinik egin gabe islatzen zirela, oasi ilun eta luxuzko baten sentimena txertatzen zuten paisaian.

      Bata bestearen berdin egunak. Fox-terrierraren putzua agortu egin zen, eta bizitzaren lazturak, anartean Yaguaí albo utzia zeukatenak, arratsalde hartan bertan hasi zitzaizkion.

      Aspaldi zen zakurtxo zuria temaz eskatu ziola Cooperri lagun batek, oihaneko gizona, zereginezak tatetoen ondotik ematen zituena mendian. Hiru zakur bikain zeuzkan ehiza hartarako, baina koatien aztarna segitzeko zaletuak, eta horrek, ehiztariari denbora alferrik galarazteaz gain, hondamendi baten arriskua ere badakar, koatí baten haginkadak pulamentuz baitu egiten harrapatzen jakin izan ez duen zakurraren lepoarenak.

      Fragosok ikusia baitzuen behin fox-terrierra irara harrapatzen —Yaguaík guztiz geldirik egotera behartu zuen—, ondorio atera zuen gurutzearen eta zintzurraren artean ausiki egiteko talentu berezi hori zeukan zakurtxoa ez zela edozelako zakurra, buztana motz izanagatik. Hori zela-eta berritu zion hainbestetan Cooperri uzteko Yaguaí.

      — Ondo irakatsiko zioat zuretzat, patroia —esaten zion.

      — Goiz da oraindik —erantzuten zuen Cooperrek.

      Baina egun astun haietan —Fragosoren bisita gertatutakoa oroitarazten— Cooperrek zakurra utzi zion lasterrean ikas zezan.

      Lasterka ibili zen, dudarik gabe, Cooperrek berak nahi izango zukeena baino areago.

      Yebebirí ibaiaren ezkerraldean bizi zen Fragoso, eta oraino ematen ez zuen maniokadi bat landatua zuen urrian, eta hektarea erdi bat arto eta poroto, galdua zeharo. Azken honek, ehiztariari dagokiona, ez zeukan bestelako garrantzirik Yaguaírentzat, eta elikadura berriak, aldiz, erotu egiten zuen. Berak, Cooperren etxean jabea ez ofenditzearren manioka egosiaren aurrean buztana astintzen zuenak, eta sukaldariarekikoa guztiz ez haustearren lokroa hiru edo lau aldetatik usnatzen zuenak, jaten ari den nagusiarenganako begi heze eta tinkoen larridura ezagutu zuen, bere hiru lagunek garbitua zuten platera miazten amaitzeko, egun oroz ematen zioten arto erdiegosi eskutadaren zain, irrikan.

      Hiru zakurrak bere kasa irteten ziren ehizara gauez —ehiztariaren heziketa sistemaren barrua zen maniobra—; baina goseak, beste haiek mendira naturalki zeramatzanak zer janaren aztarna bila, fox-terrierra arrantxo barruan lotzen zuen, jatena aurkitzen ahal zuen leku bakarra munduan. Ehiza jaten ez duten zakurrak kazari txarrak izango dira beti; eta Yaguaí den arrazakoek, hain zuzen, sport hutsagatik egiten dute ehiza, sortu zirenetik.

      Fragosok egin zituen ikasketa saio batzuk fox-terrierrarekin, baina Yaguaík laguntza baino traba gehiago egiten zionez bere hiru zakurren lan trebeari, arrantxoan utzi zuen ikasketa hartarako garai hobeak heldu arte.

      Artean, iazko manioka amaitzen ari zen; azken artaburuek lur jo zuten zuri eta garaurik batere gabe, eta goseak, gogorra izanik hala jaiotako hiru zakurrentzat ere, zimiko egin zuen Yaguaíren erraietan. Bizimodu berri hartan harrigarrizko arin hartu zuen herrialdeko zakurren itxura apaldu, lausengari eta traidorea. Ikasi zuen orduan auzo arrantxoetan gauez zer-suman ibiltzen, tentuan aurreratuz, hankak toles eta zalu, murmurio etsai ñimiñoenera espartza mulu baten orpoan geldiro hondoratuz. Ikasi zuen zaunkarik ez egiten haserre edo beldur izanagatik, era bereziki sorgorrean murrungatzen arrantxoren bateko kuzkoak lapurreta eragotzi nahi zuenetan. Ikasi zuen oilategiak bisitatzen, bata bestearekin estalitako platerak muturrarekin altxatzen, eta gantza daukan lata bat ahoan eramaten, txaradiaren zigorrezan hustearren. Ikasi zuen gantzututako huaska zartailuen gustua, koipeztaturiko zapatatzarrena, lapikoaren kedar itsatsiarena, eta —noiz edo noiz— takuara puska batean bildu eta gordetako eztiarena. Hartu zuen bidaztiren bat ageri ezkero bazterrera egiteko behar zen zuhurtzia, hari begira, kukutua, belar artean. Eta urtarrilaren hondarrean, fox-terrierraren behako bizi, begien gaineko belarri zut eta buztan tente eta probokatzaileetatik ez zen geratzen hezurdura zornetsu bat baino, belarriak atzera, buztana jausi eta traidore bideetan barrena trostan, gordeka.

      Idorteak iraun egiten zuen, mendia inor gabe geratu zen apurka, erreka handiak izandako ur-harietara batzen baitziren abereak. Hiru zakurrek nolabaiteko arrakastaz lortzen zuten abereen askara zeukaten aldea gainditzea, yaguareteiek ere hartara baitzetozen maiz eta mesfidati zebilen ehiza xehea. Fragosok, luberriaren hondamenaz kezkatua eta lurjabearekin disgustu berriak hartua, ez zegoen umoreko kazari jardutearren, ezta goseagatik ere. Eta egoera larriagora ari zen lerratzen, noiz ere halabehar batek arnasa apur bat ekarri zion zakur aldra tamalgarriari.

      San Ignaciora joan beharra izan zuen Fragosok, eta lau zakurrek, berarekin joanak, hezetasun begetal bat nabaritu zuten sudur harrotuetan —ahula oso, nahi izan ezkero—baina bizitza apur bat zekarrena beroz eta idorrez osatutako infernu hartan. Baiki, San Ignacio ez zen hain zafratua izan, eta horren ondorioz artasoro batzuek, argal arren, zutik zirauten.

      Egun hartan ez zuten jan, baina honantzakoan, zaldiaren ondotik, zakurrek ez zuten ahantzi freskotasun sentipen hura, eta hurrengo gauean San Ignaciora abiatu ziren elkarrekin trosta mutuan. Yabebiríren ertzean pausaldi bat ura usnatzeko, eta muturra dardaran jasoz, beste ertzera. Orduan azaldu zen ilargia, beheraldiko argi horixkarekin. Zakurrak zuhur aitzinatu ziren ibaiaren gainean harririk harri, hemen jauzika, han igeri, ohiko urak hiru metrora hondorik ematen ez duen igarogunean.

      Bustia kasik astindu gabe jarraitu zuten hurbileneko artasororantz trosta isil eta tematian. Bertaratutakoan fox-terrierrak ikusi ahal izan zuen lagunek nola triskatzen zituzten zurtoinak haginekin, nola irensten zituzten artaburu berdeak txorokileraino sartzen ziren ausiki zehatzetan. Huraxe bera egin zuen, eta ordu betez, erretako beheraldiaren argiak are espektralagoa bihurtzen zuen zuhaitzen hilerri beltzean, zakurrak harat-honat mugitu ziren zurtoinen artean, elkarri murrungaka.

      Beste hirutan itzuli ziren, harik eta azken gauean sobera gertuko eztanda batek ernarazi zituen arte. Baina mentura honek bat egin zuenez Fragosok San Ignaciora aldatu beharrarekin, zakurrak ez ziren askorik atsekabetu.

 

      Fragosok lortua zuen behingoz hara aldatzea, koloniaren urrunenera. Takuapíz ehundutako mendiak lur bikaina zuen salatzen, eta matxeteak lurrera eratzandako banbu mataza erraldoi haiek luberri ederrak iragartzen zituzten.

      Fragoso instalatu zenean, takuapía ihartzen hasia zen. Lugorritu eta erre zuen berehala hektarea erdi bat, euri mirari baten esperoan. Eguraldia nahasi egin zen, egiazki; zerua berun bihurtu zen, eta ordurik beroenetan kumulu orla zuriek igarotzen zuten zerumuga. Haserre jo zuen ipar haizeak eta 39ko termometroak hamabi milimetro ur ekarri zuten halako batez, Fragosok, pozarren, bere artorako erabili zuena. Sortzen ikusi zuen, zoragarri hazten ikusi zuen bost zentimetrotaraino. Baina besterik ez.

      Takuapían, haren azpian eta agian haren ernamuinez elikatzen, marraskari mordoa bizi da. Ihartzen delarik, sakabanatu egiten zaizkio maizterrak, goseak alorretara daramatza ezinbestez, eta horrela Fragosoren hiru zakurrak, gauzale haiek, laster itzuli ziren mutur haginkatua igurtziz. Gau hartan bertan, bere gantz latari eraso egindako lau arratoi akabatu zituen Fragosok.

      Yaguaí ez zegoen han. Baina hurrengo gauean bera eta bere lagunak mendi barnean sartuak ziren (fox-terrierrak, aztarna bila ez zebilen arren, bazekien tatúak ederki oskolgabetzen eta urú habiak aurkitzen), noiz ere harritu egin zen lagunek egiten zuten zeharraldiaz luberria ez gurutzatzearren. Yaguaík han barrena jarraitu zuen hala ere, eta handik ezerezera haginka egin zioten hanka batean, itzal arin batzuek laster egiten zutela alde guztietara. Yaguaík ikusi zuen zer ziren, eta bat-batez, oihan tropikalaren eta miseriaren beteenean, non azaldu ziren zakur ingeles miresgarriaren begi argiak, buztan zut eta sendoa, borrokarako sena. Gosea, iraina, ikasitako bizioak, dena suntsitu zen bazter guztietatik sortzen ziren arratoien aurrean. Eta noizbait odoltsu, leher egina, berriro etzan zelarik, jauzi egin behar izan zuen arrantxoa inbaditzen ari ziren arratoien atzetik.

      Fragosok pozarren hartu zuen ahantzia zeukan zain eta giharrezko adore zakar hura, eta gogora igo zitzaion irararekin izandako borroka; ausiki hura bera zen gurutzearen gainean, masailezur kolpe zehatz bat eta hurrengo arratoiari.

      Ulertu zuen nondik sortua zen zoritxarreko inbasio hura, eta goraki botatako birao sail luze batez eman zuen galdutzat bere artasoroa. Zer egin zezakeen Yaguaík bakarrik? Luberrira jo zuen zakurra pailakatuz, eta ziztu egin zien bere zakurrei, baina tigrearen aztarna hartzen zuten haiek arratoien hortzak muturrean nabaritzen zituzteneko, oihu egiten zuten, igurtzika batzen zitzaizkion bi hankatan. Fragosok eta Yagauík egin zituzten, bakarrik, eguneko gastuak, eta aurrenak eskumuturra mindua atera baldin bazuen, bigarrenak anpulu odoltsuak botatzen zituen sudurretik arnasa hartzerakoan.

      Hamabi egunetan, Fragosok eta Fox-terrierrak eginahalak egin zituzten arren salbatzeko, luberria galdua zen. Arratoiek, martinetek bezala, txol ongi dakite oraino landaretxoari atxikia den garaua lurretik ateratzen. Eguraldiak, ostera sutan, ez zuen uzten alor berriren baten asmorik ere hartzen, eta Fragosok lan bila jo behar izan zuen San Ignaciora, bidenabar zakurra zeramakiola Cooperri, berak ezin baitzuen jadanik gobernatu, ez luze ez motz. Benetako nahigabea ematen zion, azken menturek arrunt gora igoa baitzuten, fox-terrierra berea zen ehiza eremuan jarrita, ehiztariak zakurtxo zuriari zion estimua.

      Bidean, fox-terrierrak entzun zituen, urrundik, Yabebiríko txaradien eztandak idortearen sutan, ikusi zituen behiak bide bazterrean, ezpara hodeiak pairatzen zituztela, katiguák bultzaka bularrez, enbor makurtuan gora egiteko orriak harrapatzeraino. Ikusi zituen oihan tropikaleko indipikondo zurrunak uzkur haize-oihalak iduri, eta 38-40ko arratsaldeetako zerumuga hodeitsuan berriro ikusi zuen eguzkia itorik jausten zirkulu gorri eta mate batean.

      San Ignacio jo zuten ordu erdi geroago eta, berandu izanik Cooperrenean azaltzeko, biharamun goizerako utzi zuen Fragosok bisita. Hiru zakurrak, goseak puskatzen zeuden arren, ez ziren askorik ausartu lurralde ezezagunean kusan ateratzen, baina Yaguaí bere jabearen etxera zeraman zuzen bat-batez piztu zitzaion Cooperren zaldiaren aurrean eginiko lasterken akorduak.

 

      Herrialdearen ezohiko egoerak ekarri zuen, lau hilabeteko idortearekin —eta jakin behar da horrelakoak zer ondorio duen Misionesen—, peoien zakurrek, garai oparoetan ere gosetuak, gaueko pikardia haiek jasan ezineko mailara igotzea. Cooperri gertatu zitzaion, egun argiz, hiru oilo galtzea, zakurrek mendirantz eramanda. Eta egiten badugu kontu herritar alfer baten asmamenak ematen duela  bere zakurrei halako maniobrak irakasteko lain bera ere harrapakin hartaz probestearren, ulergarria egingo zaigu Cooperren pazientzia ahitzea, bere eskopeta erremediorik gabe deskargatzen zuela gaulapur ororen gainean. Perdigoiak baino erabiltzen ez bazituen ere, leziatze latza zen haatik.

      Horrela, gau batez, oheratzerakoan, atzapar etsaien hotsa sumatu zuen bere belarri erneak, burdinariko ehundura bortxatu nahirik. Gogait aire batean jaitsi zuen eskopeta, eta kanpora irtenda itzal zuri bat atzeman zuen patio barruan etxerantz. Su egin zuen istantean, eta atzeko hanken gainean narraska zihoan animaliaren ulu urragarriak entzunik bat-bateko ikara bat izan zuen, zergatik ezin argitua eta berehala suntsitua. Bertaraino iritsi zen, baina zakurra alde egina zen, eta etxeratu egin zen ostera.

      — Zer izan da, aita? —galdetu zion alabak ohetik—. Zakurren bat?

      — Bai —erantzun zuen Cooperrek eskopeta eskegiz —. Hurre samarretik egin diot tiro...

      — Handia zakurra, aita?

      — Ez, txikerra.

      Une bat horrela.

      —Yaguaí koitadua! —jarraitu zuen Juliak— Zelan ote dago!

      Tupustean, Cooperrek berritu egin zuen zakurra uluka entzunak ekarri zion zirrara: bazen hartan Yaguaríren zer edo zer... Baina posibilitatearen urrunaz pentsatzen zuela lokartu zen.

      Hurrengo egunean, goizean goiz, odol aztarna segituz, bananadiko putzuaren ertzean aurkitu zuen Cooperrek Yaguaí, hila.

      Ezin muturtuago itzuli zen etxera, eta Juliak zakur txikerraren galde.

      — Hil egin da, aita?

      — Bai, hantxe, putzuan... Yaguaí da.

      Hartu zuen pala, eta atsekabetutako bi semeak lagun, putzura joan zen. Julia, zirkinik egin gabe begira egon ondoren, Cooperren galtzetara hurreratu zen poliki, negar egiteko.

      — Zer egin duzu, aita!

      — Ez nekien, alabatxo... Kendu momentu bat.

      Bananadian ehortzi zuen bere zakurra, zanpatu zuen lurra gainean eta guztiz gaitzitua itzuli zen, eskutik zeramatzala seme biak negar geldian, aitak suma ez zitzan.

 

YAGUAÍ
Horacio Quiroga

1913
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017