MAITASUNA MAITE DUENA
Sakutaro Hagiwara

Hiroaki Satoren ingeles bertsiotik
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

Koloretea eman ezpainetan

eta musu bat ezki berri baten enborrari.

Gizon ederra banintz ere

nire bularrak ez dauka gomazko pilotak bezalako bularrik

nire azaletik ez da harrotzen testura meheko hautsaren lurrinik.

adur txarreko gizon zakarra naiz.

A, nolako gizon deitoragarria,

uda hasiera honen berotasunean

zuhaitz distiratsuen zabaldian

zeru-urdin eskularruak jantzi ditut

gerrian gerruntzea bezalako zerbait ipini

lepoan lepoko hautsa bezalako zerbait eman

horrela lasaiturik pose kriket bat hartu

neska gazte bat iduri

burua apur bat makurtu

ezki berri baten enborra musukatu

ezpainetan kolorete arrosa eman

eta elurretan zuri zen zuhaitz luze bati besarkatu naiz.

 

MAITASUNA MAITE DUENA
Sakutaro Hagiwara

Hiroaki Satoren ingeles bertsiotik
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017