BARRUKO PERTSONAK ZERGATIK DIRUDIEN ELBARRI DEFORMATU BAT
Sakutaro Hagiwara

Hiroaki Satoren ingeles bertsiotik
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

Parpailazko errezelaren gerizpean nago,

horregatik da lauso nire aurpegia.

Teleskopioa daukat eskuetan

urrun aldera behatzen dut hartarik

nikelezko zakur eta bildotsak eta haur burusoilak doazen

basoei so

horregatik ematen dute apur bat ketuak nire begiok.

Goizean gehiegixko hartu dut aza erretilutik,

eta bestalde leihoaren beira hau maina handiz egina da,

horregatik dago hain deformatua nire aurpegia.

Egia esanen dizut,

sasoiko nago, sobera sasoiko menturaz,

eta hala ere, zergatik behatzen didazu urrun horretarik?

Zergatik halako irri bitxia?

O, noski, gerriz beherako nire gorputz aldea da kausa.

Esaten baldin baduzu alde hori ez dagoela garbi,

kontu ergel samarra da,

noski, alegia, leiho laruko paretatik hurbil

zutik nago etxe barruan.

 

BARRUKO PERTSONAK ZERGATIK DIRUDIEN ELBARRI DEFORMATU BAT
Sakutaro Hagiwara

Hiroaki Satoren ingeles bertsiotik
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017