GAUERDI
Youenn Gwernig

Hanternoz, 1961
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Gauerdi,

munduko kristauak oro dira ohean

ene Jainkoa,

zeinen kristau guti geratzen den!

jende itzarria besterik ez da ageri

bolantean

trenetan metatuak

—sardinak—

tabernak lepo daude

jendea lasterka lanera

jendea lasterka atseginetara

jendea larri helburura beharrez

jendearen Jauna, urrikari gaitzazu!

 

Gauerdi,

munduko haurtxoak oro dira ohean

mutiko hau ez beste

dena beldur

aitaren aiduru

tabernako atean

eta neskato xehatu, bortxatu bat

odol malkoak jario

hiri handiaren bihotz harrian kukutua

ankerrak

sadikoak

martiriak

jendea, jendea, jendea,

jendearen Jauna, urrikari gaitzazu!

 

Gauerdi:

ilargi betea

erregina handia hotz eta mutu

erregina garbia

ilargi betea

edertasun galdua,

jendeak ezin du haboro

—sabelak astun

okel eta gantz

arimak arin

kopuru eta kalkulu—

zure orbanbako begia ikusi:

labar erraldoiak jaso dituzte

zeruaz babesteko.

 

Gauerdi,

ordu honetan ene herrian

eguzki jaioberriak

irriz agurtzen ditu txilarra eta kukulora

baita jendea ere

bizkarrezurra makur duen jendea

ebatsi egin dioten jendea

haserre den ene herriko jendea
jendea, jendea, jendea

jendearen Jauna, urrikari gaitzazu!

 

GAUERDI
Youenn Gwernig

Hanternoz, 1961
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016