HARRIZKO HERRIA
Joseba Sarrionandia

Marginalia
Elkar, 1988
armiarma.eus, 2015

 

      Harrizko herria, The Stone Country nobela bat da. Autorea, Alex La Guma, 1925eko otsailean sortu zen Sudafrikan, Cape Town delakoan. Gizon honen bizitzari buruzko datoak ez dira aise aurkitzen, bere liburuen azaletan ez bada: 1960 urtean Shapervilleko sarraskiak agitu ondorengo emerjentzia garaian gartzelatu omen zuten, hurrengo urteetan arresto domiziliarioa eta gartzela sofritu omen zuen berriro, 1961, 1962, 1963, 1966 urteetan hain zuzen, azken gartzelaldi honetatik herbestera alde egiteko, Londresera, 1978 urtean Kongreso Nazional Afrikanoak La Habanara ordezkari gisa igorri eta bertan, sorterritik hurrin, hil omen zen 1985eko urrian. Bost nobela argitaratu zituen eta Sudafrikan debekaturik daude guziak: A Walk in the Night, And a Treefold Cord, The Stone Country, In the Fog of the Season's End eta Time of the Butcherbird. Nobela baino ipuin askozaz gehiago izkiriatu zuen. Interesgarria litzateke jenero honek Sudafrikan lortu duen hedadura eta inportantzia ikertzea. Zuriak ez diren idazleek asumitu dute, batipat, eta irakurlego progresistaren artean zabaldu da gehien. Zergatik ipuingintzaren arrakasta? Bizimoduaren zihurtasun faltarekin eta errepresioarekin erlazionatu behar da seguru asko. Estatu poliziakoaren inkisiziopean eta setio egoera etengabean aisago sortu eta gehiago irauten du ipuinak nobelak baino eta, gainera, ipuingintza beste jenero literarioak baino independienteagoa, menturazaleagoa, libreagoa da.

      Atentzioa deitzen duen kointzidentzia bat: Alex La Gumaren Harrizko Herria 1964 aldean izkiriatu zela, Gabriel Arestiren Harri eta Herri argitaratu eta, berarekin, Euskal Herrian harriaren metafora fundatzen zen aldi berean. Harrizko Herria, Alex La Gumaren beste obrak bezala, Sudafrikan agitzen da, arrazismoaren eta errepresioaren giroan, gizon arrunt bat gizarte katearik gotorrenetan harrapatua geratzen delarik, infernu zabalagoen fruitu eta ispilu den mikrokosmos den gartzelan.

      Gartzela. Arkitektura biktorianoko gartzela, aurrekalde garbi eta dotorekoa, lorez hornitua. Europar irakurle moderatuari harrigarria eginen zaio konparazioetan autorearen tremendismoa: maskara festa batetarako hornitu den borreroa, klienteren bat erakartzeko ahalik eta apainduen jantzi den puta gaisoa. Tremendismoa, sinplifikazio eta definizio zehatzak, bortitzak, batere anbiguitaterik ez.

      Gustave Flaubertek behin eta berriz errepikatzen zuen nobelistak ez duela bere eritzia ezertaz eman behar. Behialako nobelan autoreak bitarteko papera egiten zuen pertsonaien eta irakurlearen artean, omnipresentea eta epailea, bitarte kritiko bat zen. Leon Tolstoi batek, adibidez, sarritan eten egiten du nobelaren haria sermoi moralak emateko. Narratiba modernoan, autorea, desagertu egiten da, autorea ez da dramatizazioaren antolatzailea besterik izaten, eta pertsonaiak beren kabuz bilakatzen dira. Ford Maddox Ford nobelista eta kritikoaren aburuz autorearen desagerpena da nobela kontenporaneoaren ezagugarririk inportanteena. Alex La Guma kriterio honen arauera, hari zaharreko idazlea da. Badu eritzi moldatu bat munduaz, militante beltza eta komunista da, eta kondatzen dituen gauzak ere baloratuaz kondatzen ditu, ezer ezkutatu gabe.

      Lantzean behin imajina politak lortzen ditu. Sargoriaz, esate baterako, Yusuf turkiarrak beroaren solidotasunaz dioena: posible dela besoa luzatuaz berotasun eskukada bat hartu eta hormara jaurtitzea, eta horman itsatsirik geratuko dela. Baina autorearen helburua ez da imajina politetara iristea, Sudafrikako estatu ustelaren testigantza ematea baizik. Eta testigantza emanaz bere sorterriko jendearen askatasun burruka laguntzea.

      Izan, Sudafrikaren historia zapalketa izugarri baten historia da, XVII. mendean merkatari holandarrek beren sortalderako bidaiak laguntzeko portu bat eraiki zutenez geroztik. XIX. mendearen hasieratan kostaldea inglesek okupatu zuten, eta holandar kalbinistak ifarralderantza joan behar izan ziren, gero Transvaal eta Natal deituko ziren lurraldeetara, non zuluen erresistentzia bentzutu ondoren finkatu eta errepublika independiente batzu fundatu bait zituzten. Gero, inglesak berriz ere lurraldeok okupatzera heldu ziren, ifarralderantza eta sortalderantza, holandar boers eta afrikar bantuen aurka. XIX. mendean zehar Orange ibaian diamantea eta Transvaal aldean urrea aurkitzen zen heinean burrukak ere ugaldu eta gogortu ziren, outlander inglesen eta boersen artean eta, gainera, zuri hauen eta indigena beltzen artean. Gloete Stuartek izkiriatu duenez, bi zaldun zeuden zaldi bakar baten gainean joateko: zaldi beltzaren gainean. 1902 urtean boersek onartu egin zuten soberania britanikoa, eta Batasun Sudafrikanoa sortu zen. 1961 urtean, berriz, Commonwealth delakotik espultsatua izan zelarik, Sudafrikako Errepublika fundatu zen, elite zuri eta arrazista bat buru zuelarik. 1960 urteko populazio zentsuak datu hauek emanak zituen: beltzak 10.807.809, zuriak 3.067.638, mestizoak 1.488.267, eta asiatikoak 477.414. Minoria zuriak halaere apartheid legeak ezarri zituen, aspaldiko afrikander-en Herren Volk edo Jaunen Herri ametsa gauzatzeko. Harrezkero, bereizketa arrazial eta sozialaren datuak ikaragarriak dira. Langileak ordaintzeko diruari buruz, adibidez, urre mehategietan 1964 urtean 380.000 langile beltzentzat 120.000.000 rand ordaintzen ziren, eta 45.000 langile zurirentzat 125.000.000 rand; soldada desberdintasuna batetik hamarrerakoa zen. Lan arazoetako beste datu bat: 1936 eta 1966 artean 19.000 gizon hil zen urre meategietan, lan istripuan, hau da, turno bakoitzeko hiru, eta horietarik % 93 beltzak ziren. Osasunari dagozkion datuak ere izugarriak dira, gaisotasun epidemikoen intzidentzia beltzengan zuriengan baino ehundaka aldiz handiagoa bait da, baina mediku eta biztanle erlazioa ere adierazgarria da: 1972 urteko datuen arauera: mediku bat 400 biztanle zurirentzat, mediku bat 900 asiatikorentzat, mediku bat 6.200 mestizorentzat, eta mediku bakar bat 44.000 biztanle beltzentzat. Heziketari buruz, finean, apartheidaren lege bitxienetako baten arauera, debekaturik dago irakurtzen eta izkiriatzen irakastea, beltzei, multa eta gartzela zigorpean. Zigorra, beltza izanez gero, 200 rand eta sei hilabeteko gartzelara luza daiteke. .

      Alex La Gumaren nobelako protagonista herri horretan bizi da, herri horretako gartzela batetan hain zuzen. Honela deskribatzen da:

      «Funtzionarioak zein presoak, beste herri, beste mundu batetako biztanle bortxatuak dira. Edertasunik gabeko mundu bat, harriaren, altzairuaren eta ate hertsien hilargi antzutasunarekin. Mundu honetan ez da zuhaitzik hazten: itzal bakarra harresietako harriak ematen du, perfume bakarra alkantarilatik eta komun gisa erabiltzen diren galdaretatik dator. Udan irakin, neguan izoztu, eta arauek zilegi uzten duten musika bakarra oin biluzien eta bota gogorren hotsa da, agindu eta oihuekin, ate hots eta giltz astunen tintinarekin kontrapunduan. Gainerako edozerk errebeldia usaina du.»

      Eta hor dago gizona. Errekuento berezi batetara deitzen dutenean, dutxatik funtzionarioen dei urdurietara sikatu gabe joan behar denean, oin bustiak zapatetan sartu eta kordak lotu gabe doalarik, gizon horrek maradikatzen ditu funtzionarioak, maradikatzen du gartzela, eta herri guzia maradikatzen du, bere herria gartzela bat besterik ez delako.

      Presoak, gartzelara sartu zirenean, arrazaren arauera berezi zituzten:

      — Ez gara elkarrekin egongo, ez? —galdetu dio lagun batek besteari.

      — Ez —erantzun du—, lastima. Gartzela hau herri guziaz egin nahi dutenaren muestra tipi bat duk. Dena berezirik: zuriak, afrikarrak, mulatoak. Dena zehatz arauturik, eta ugazaba zuri bat bere pistolarekin eta here makilarekin.

      Mundu arrazaren arauera berezi eta tratatuak. Goizean goizik, gosaria desberdina dute. Sukaldariek, orduak lehenago jeikiak, gosarirako azpil handiak ateratzen lan gehiago dute zurien galeriarako. Zuri ez direnentzat arto irina besterik ez dago, preso zurientzat arto irinaz gainera esne, azukre eta ogi zati bana kargatu behar dute.

      Bitxia bada ere, heriotzera kondenaturiko beltzen janaria zurienaren modukoa da.

      Gartzela guzietan bezala funtzionarioen joan etorri eta presentzia etengabea, oin hotsak pasiloetan, eskaileretan, burdinezko ateetan, ate ireki eta zarratuetan.

      «Ireki eta zarratu —pentsatzen du George Adamsek, eta Joseba Asensiok, Kirrulik, behin batean ia hitzez hitz komentario berbera egin zidala oroitzen dut— tipo hauek egiten duten bakarra irekitzea eta zarratzea duk, ariketa intelektual gogorra.»

      Gartzelaren alboan ia parentesi bat irekiaz, interesgarria da kulturari, bortxari eta krimenari buruz gogoeta egitea. Zer da kultura? Gizartea osatuaz doan heinean bere lengoaia eta portaerak instituzionalizatuz doaz, halako haroan eta halako lekuan bizi den gizarteko ohitura, leku komun, automatismo kontzeptual eta eritziak dira bere kultura. Zer den bortxa? Espazio bereberean pertsona edo talde biren artean gatazka bat sor daiteke zerbait norena den erabakitzeko, pertsonarik edo talderik indartsuena jabetuko da, eta bere eritzia inposatuko dio besteari, honek haren dominazioa onartuez gero bakeak iraunen du, baina dominazio hierarkia zalantzan jartzen den heinean jabea bortxaz nagusituko da berriz ere. Eta krimena zer da? Zein da pertsona edo talde batzu preso atxekitzeko arrazoia? Kriminalak legeak transgreditzen ditu, hau da, gizartean ezarritako kultura eta dominazio hierarkiak ez ditu haintzat hartzen, sistemaren atalak arriskuan jarriaz. Horixe da krimena, delinkuentzia, subersioa. Estatua, egitura abstraktoa, ukaezina, gizarteko kultura eta dominazio hierarkikoen instituzionalizazioa da. Klase nagusiek estatuari ahalmenak oro eman dizkiote, biolentziaren monopolioa esate baterako, kultura eta dominazio hori iraunerazteko.

      Gartzela, estatuaren barruan, estatu bortitzago bat da. Baina mundu tipi horretan subkultura eta dominazio subhierarkia berezi batzu sortzen dira, estatu nagusiaren egituretatik aparte. Eta bitxia da munduko gartzela desberdinetan antzerako poetaerak agertzea. Esate baterako, hilketa baten lekukoa izan zarenean:

      — Hik ez duk ezer ikusi... —esanen dizute, eta zeure pausoak segituko dituzu, deusere ikusi ez bazenu bezala.

      Yusuf turkiarrak argi esanen dio George Adamsi honetaz:

      — Hi, laguna, hau gartzela duk. Badakik? Lantzean behin horrelako gauzak suertatzen dituk. Haiek ezarria duk, beraiek konpon dezatela. Arazoa hau duk, hemen barruko jendeak here artean soluzionatzen dizkik prolemak eta zuriekin ez dik apenas erlaziorik. Ez pentsa hemen han kanpoan bezala bizitzen denik...

      Semimundu horretan lege eta justizia propio batzu daude. Ezer ez salatzearen legea, adibidez, edo bengantzaren justizia. Bengantza —egonarri infinitoarekin, hari misteriotsuekin— zeldarik zelda, galeriaz galeria, gartzelarik gartzela luzatzen da, preso traidorea ez da inon ez egundo seguru egonen, ez zeldarik zarratuenean ez askatasunean, badaki ez dela luzaroan gainbiziko edo, behintzat, ez duela gainbiziko duelako lasaitasuna bularrean sekula ukanen.

      Preso arrunten eta preso politikoen artean kontradikzioak daude horretan eta beste zenbait gauzatan. Preso komunak ez du etorkizunaren ardurarik. Heldu behar dena helduko da, dio, fatuan sinesten du. Egunen batetan akabatu behar dela badaki. Bakoitzak bere data du, joateko. Ezin da deus aldatu.

      — Ezin bada deus aldatu —galdetu dio preso politikoak komunari— zergatik entseiatzen gara gauzak aldatzen?

      — Egia duk entseiatzen garela, baina gauzak ezin dituk aldatu.

      — Baina, hi, jendea aldaketaren alde ari duk.

      — Ja —dio preso komunak afrikaneraz—, eta zer lortzen dute? Ezer ere ez.

      Eta solasean jarraituko dute, gizarte egoera aldatzea posible den ala ez.

      — Hobe gaia uztea —esanen du finean mutikoak—. Hi gizon argia haiz, badituk garaunak, badakik mintzatzen, eta ondo, baina hobe gaia uztea, e? Ni urkatu egin behar niautek, eta zer?

      Heriotzera kondenaturiko preso komun bat da horrela mintzo dena.

      Polizia urdin batzuek eraman dute epaile aurpegi zuri eta solemneen aurrera. Han zeuden fiskal eta abokatuak, beren paper piloekin, paper berberak epaiketara sartzean eta epaiketatik irtetzean. Aurpegi zuriak, ia zurbilak, alkondara zuriak, traxe garbiak. Bera ez da mundu horretakoa. Bera behekaldekoa da, han azpiko pasilo ilun eta burdinezko ateetan dago bere herrialdea.

      — Jauna, esaidak —galdetu dio heriotzaren zain dagoen mutikoak—, gure jendea gobernuko partaidea izateak guri, gartzelan gaudenoi, lagunduko digu?

      Eta preso politikoak, mutiko hiltzaileari esanen dio:

      «— Dudarik gabe baietz, konprensio handiagoa edukiko da.

      — Inoiz iritsiko dela uste duk?

      — Ikusiko duk —erantzun zuen preso politikoak tristura sendituaz».

 

HARRIZKO HERRIA
Joseba Sarrionandia

Marginalia
Elkar, 1988
armiarma.eus, 2015