SUGARRAK, HAUSTERREAK, DESMEMORIA
Juan Goytisolo

Ardores, cenizas, desmemoria
Salto de Página, 2012
euskaratzailea: Rikardo Arregi Diaz de Heredia
armiarma.eus, 2017

 

      Hemen bilduta dauden bederatzi poema hauek, gonbidapenik gabe, bisitatu nindutela esatea egiarekin bat dator zehaztasunez. Egia da, halaber, Don Julián idatzi nuenetik nire eleberri-lanaren zati handi bat aldi berean dela hitz lau eta poesia. Ahots narratiboen erritmoa belarri literario eta musikalaren dohaina duen irakurlearen gaitasunei egokitzen zaie; irakurketa ideala, beraz, entzunaldia izango litzateke, ozenki irakurritako testuaren entzutea. Egia da, era berean, El sitio de los sitios eleberriaren bukaeran eduki oso desberdineko bi poema-bilduma dagoela appendicula bezala. Baina kasu horretan poemok idatzi nituen eleberriaren gertakizun-hariak hala eskatzen baitzuen, pertsonaia bikoitz misterioz desagertutakoari erantzuteko. Poesia, horrela, berezko bulkadarekin zerikusirik ez zuen beste zerbaiten arabera sortu zen.

      Poesiaren azaleratzea, eskuetan duzun liburutxoaren orrialdeetan, ustekabekoa izan zen. Paseatu, irakurri edo artikuluren bat idazten ari nintzela agertu zitzaidan bertsolerroen forman eta berehala idazten nituen bertsolerrook edozein papertxotan bolalumaz, ezabatu eta ahantziko nituela beldur bainintzen. Gero bat-batean etortzen ziren, boladaka, zuzendu eta handituak, nire buruan bizkarroi egun osoan, lo sustan eta loalditik ateratzean, bere gau-lan geldia, nik inolako kontzientziarik ez nuelarik, segituko balute bezala. Horrela idatzi nituen, esku hartze txikiaz, 2010eko udazkenean (soilik bat sortu zen urtebete lehenago bakarti eta ezustean). Polinizatze ugalkorra izan zuten hilabete horien ostean poemok utzi zioten ni bisitatzeari. Lagun batek gehiago idaztea proposatu zidan aurkezteko moduko liburua osatu arte. Nire erantzuna biribila izan zen: bederatzi dira eta ez dut bat bera ere gehituko. Bisiten ordutegi ustekabekoa bukatuta zegoen.

      Letra etzanez idatzita dauden eta izartxoa duten bertsolerroak Telón de boca liburuan agertzen den demiurgorenak dira edo adar sekularrera utzitakoen zenbait inkisizio-epaiketatan agertzen dira. Formulazio zehatza Vitali Xentalinski-k estalinismoaren purga eta hilketez idatzi zuen Crimen sin castigo liburuan aurkitu nuen.

      Euskara, katalan eta portugesezko itzultzaileei eskertzen diet haien lan baliotsua, eta uste dut irakurleak eskertuko didala edozein kasutan poema-liburuaren laburra. Nire Céline miretsi eta politikoki higuingarriak esan zuen bezala, eskuetatik erortzen bazaio norbaiti, ez dio, behintzat, minik egingo oinetan.

 

SUGARRAK, HAUSTERREAK, DESMEMORIA
Juan Goytisolo

Ardores, cenizas, desmemoria
Salto de Página, 2012
euskaratzailea: Rikardo Arregi Diaz de Heredia
armiarma.eus, 2017