EMAKUME POZOITUA
Alain Fournier

La femme empoisonnée, 1909
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

      Eme Gaztea inoiz etorriko ez den herritxo batean eman beharra naiz negua. Zein bidetan zehar ote dabilkit bila, ene galdua? Haren oinek, izotzak zuritutako bide bazterretako belarretan, arrasto beltza egin dute. Zelai bateko langan bermatua da, begirale, lepoa luzaturik: baina alorrak utziak daude; bele astun bi baino ez dira hegaldatu hesi ziritsuen gainetik. Eta, galdutako bideari lotzen zaion artean, atsekabeturik, eskuak horma eginik langarrak hezeturiko longaina laburraren pean, atzematen dut gonak ateratzen duen soinu sorra bere belaunak igurtziz, eta maitatu ditudan begiak bete malko ikusten dizkiot, begi handi tinkoak, non munduko miseria guztiak etsi duen.

      Hura inoiz etorriko ez den herritxoan, ikasleak zein soldaduak preso garen herritxoan, Eme Gaztearen bila nabil zoro gisan, izotzak histu leihopeetan, inorge diren ibilbideetan. Baina neskato eri dohakabe bat baino ez dut topatu: lerroan doazen soldaduek zein ikasleek begiz jotzen duten hori, eta «ongimaitea» esaten dioten hori.

      Zaharrenek kontatzen dute ikusi izan zutela, noizbait, txikitan. Neguko goiz batez, logelatik jaisterakoan, aditu omen zuten, atezainaren  logelaren aurrean, pizten den adar su baten lurrin garratz eta hezea. Garai bateko goizez gomutatu dira, noiz ere, ume hozberak izaki, entzun egiten zuten, beren logelatik, neskamearen izotzezko zalaparta karrakatzen, tximinian, bezperako errautsa, su berria pizteko. Sutondora eramaten zituzten; aulki baten gainean zutunik eta dardaraka janzten zituzten, katiximarako...

      Beren gomutetan horrela nahigabetzen ziren artean, igarri dute, patio lauzatua zeharkatzen, pertsonaia femenino bakarra hilabeteetan, begiraleren baten alabatxoa, klasera zihoana. Mandar beltza zeukan, eta atzeraka zeuzkan ileak txirikorda motz bat ziren; mingarri zen beste honen antzekoa, bere haurtzaro osoaren miseria xarmagarria, burua jiratzeko gogoa ematen ziena, belu etorri eta geratzen zenean, arauak hartaratua, kanpaien azpian belauniko «katiximaren aurreko otoitzak amaitu arte».

      Beste zenbaitek, ikastegian aurkitu zuten, halako batez. Neskato miserableaz klase amaieran elkarri, hiruko bat, kontatzen ziotena besterik ez zekiten. Ostegun euritsu batean, ibilaldia bertan behera utzita, patioko aterpean metatu zituzten. Abiatu ziren, zer suma, eraikin heze handia ikertzen, adabakitzaileak botoiak arrajosten zituen ganbararaino. Haiekin ikusi nituen, lotegi abandonatu baten leihoetatik, euriaren emana karrika txiki hutsetan eta Ibilbideko zuhaitz handiak Eme Gazte Guztiz Maitea jesartzera inoiz etorri ez zen harrizko aulkien gainean xukatzen. Baina itzuli ginelarik, a!, ikusi genuen, bederenik, aurpegi suhartua zeukan begiralearen alaba hau lasterka iragaten linjeriako karrajuan. Gerriaren itzulian bildua zeraman jauzika aritzeko sokaren muturrek, elkar jotzen zuten. Eta, gau triste hartan, hark oroitarazi zizkigun emakume aurpegien aura zuri hura ikusi genuen ostera.

      Soldadu ginelarik, topatu egin genuen berriro ere, Guztiz Maitearen bila genbiltzala. Kasernako eme pozoitua bihurtua zen, eta, hala ere, ikusgarri geneukan eztitasun bakarra. Ileak buruko xingola batez estutuak zeuzkan eta gorritasun plaka bi, masailetan, bernizatzeko hautsarenak edo odol kutsatuarenak. Eguerdi aldera agertua zen, senarraren bila, kasernako atera. Iragan ginenean, hantxe zegoen, dena baldar, bere aterkian bermatua, eskale txiki bat iduri. Burua makurtu zuen irriz ez hastearren; eta bere kapelu handiak aurpegia estaltzen zion sudurraren azkeneraino. Irriak handitu egiten zuen ahoa ikusten genion. Hurbiletik, ondikotz, gizonek emana zioten gizagaitz horrek beruneztatua iduri zuen haren azal zurbilak.

      Ezin handiagoko izua eta ezin handiagoko eztitasuna zen; hala nola neguan, galduriko xendetan, Eme-Gazte-Guztiz-Maitatu-Handiaren bila abiatu eta azkenik aurkitzen duenarentzat, baina elurretan hilik, bide bazter batean etzanik. Begien inguruan, belarri atzean eta samaren zuztarrean, gizagauzarik hautena izanen litzateke oraino aura zuriko emakume haragia, ez balu, heriotza ematen dion elurraren gainean, hotzaren edo ustelaren kolore berde hori. Eta belaunikatu egiten da haren aitzinean. Eta hauxe dio: honela, bide galduetan eta gizon galduetan barrena, o ene galdua!, pobreziazko longaina horren azpian, enegana zara etorri! Eta ez dut jakin zu garaiz aurkitzen, ez da geratzen ustelki hau baizik besarkatzeko, begien inguruko sakonaren azal mehean, eta samaren zuztarrean, eta heriotzaren eritasunak irri egiteko bezala zurrundu eta zabaldu duen ahoaren gainean.

 

EMAKUME POZOITUA
Alain Fournier

La femme empoisonnée, 1909
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016