GIZA ARRAZEN BERDINTASUNAZ
Antenor Firmin

[zati batzuk]
1885
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

      Oro dator sinetsaraztera, termino honi jakintsu gehienek ematen dioten definizioa aintzat harturik, giza espezie bakarra dagoela. Alabaina, espeziearen batasuna onartuz ere, baztertu egiten dut argiro gizaki guztiak bikote bakar batetik gatozelako jatorrizko batasunaren kontua, Adanekikoa izan edo ez. Jatorri hori hain da uztarrezina zientziarekin eta planetaren historiarekin ere, non gure eztabaida guztietatik lekora behar genukeen utzi.

      Garrantzizkoa da beraz bereiz dezagun batasunaren doktrina eta monogenismoa. Lehena guztiz ondorioztatze zientifikoa da, giza arraza desberdinen nortasun fisiko eta moraletatik sortua, batzuen eta besteen ezaugarriek ez baitute desberdintasun zehatzik erakusten. Erakusten duena da frogatua dagoela giza multzo desberdinen aldaera anatomikoak erraz argitzen ahal direla ingurugiroen eta geroago aipatuko ditugun bestelako faktoreen eraginez. Bigarrena tradizio teologikoetatik ateratako fedezko artikulua da eta bere larderia guztia erlijio sineste bat dauka berme. Horrenbestez, ez genuke poligenistei zer aurpegiraturik baldin eta, beren teoria izendatzeko hautatu duten hitzaren adiera etimologiko hutsean oinarrituz, ez balute defendatu gizakiak oro ez datozela aita bakar batetik baino, edo lurraren puntu bakar batetik baino, Bibliaren tradizioak dioskun bezala.

   Eztabaida guztietan, nahasmena beti dator edo argitu beharreko puntuen agertze oker batetik, edo gaizki definituriko hitz bati ematen zaion aplikazio behartutik, edo datu faltsutik. Horrela, giza espeziearen batasuna egia argi eta ulergarria da zientzia naturalen ikuspuntutik ikertzen dutenentzat; baina monogenismoa hitza aipatzen deneko, hor azaltzen zaigu, azpiz, nozio arbitrario bat, frogaezina, jatorrizko egia itsuski  ahultzeko. Damurik, batasunaren teoriaren defendatzaile gehienak ideia erlijiosoei atxikitako naturalistak ditugu. Ez dute bereizten ahal fedearen eta zientziaren interesak, eta haiek salbatzearren dituzte hauek ahultzen.

   «Jatorriaren desberdinak —dio Brocak—, ez du inolaz ere arrazen subordinazioaren ideia inplikatzen. Aitzitik, giza arraza bakoitza eskualde jakin batean sortu delako ideia inplikatzen du, eskualde horretako faunaren gorena izanik...». Bat nator guztiz baieztapen honekin, baina erantsiz jatorriaren desberdinak ez duela inplikatzen inondik inora desberdintasun zehatzik giza arrazen artean.

      Ezerk ez du frogatzen, egiazki, giza arraza, ludiaren puntu desberdinetan agertu delarik, egitura organiko berdinarekin azaldu ez denik, sortze bakoitzari bere nortasun tipikoa eman dion planaren batasuna agerian utziz. Lurraren azala hartzen duten bost eremu geografikoak ikertuz, puntu mordoa ageri zaigu aldi desberdinetan kokatua, baina hala ere baldintza geologiko, atmosferiko eta magnetiko berdinekoak.

 

*  *  *

 

      Brocaren beraren ikerketek irakatsi digutenez nolako jaramona egin behar zaion sudur indizeari giza arrazen ezaugarri taxologiko gisa, azter dezagun hurrengo taula, argitasun batzuk ateratzearren daukaten balioa ezarri ahal izateko.

 

Platirrinoak                                       Sudur indizea

  16 Hotentote                                     58,38

  08 Tasmaniar                                      56,92

  83 Beltz afrikar                                   54,78

  22 Nubio                                           55,17

  14 Australiar                                      53,39

  66 Kaledonia Berritar                            53,06

 

Mesorrinoak

  29 Javar                                            51,47

  11 Laponiar                                        50,29

  41 Perutar                                          50,23

  26 Polinesiar                                       49,25

  11 Mongoliar                                       48,68

  27 Txinatar                                         48,53

 

Leptorrinoak

122 Paristar moderno                               46,81

  53 Frantses euskaldun                           46,80

  53 Espainiar euskaldun                           44,71

  17 Guantxe                                          44,25

  14 Inuita                                             42,33

 

      Taula honi lehen begiratu bat emanik, badirudi gaitzeko dedukzio bat sortzen dela. Arraza beltzeko herri guztiak platirrinoen artean daude; arraza horiak edo malaisiarrak, eskimalak salbu, mesorrinoetan daude; arraza zuriko ordezkari gisa ikusten ditugun guztiak, leptorrinoetan. Lehen aldia dugu prozedura kraneometriko batek halako adostasuna dakarrela teoria antropologikoekin; eta prozedura honi berari buruz, hain zuzen, zuhurtziarik handiena, mesfidantzarik handiena gomendatzen digu zientziaren maisuak! Kuntua bitxia da, bitxirik bada, eta merezi du azter dezagun. Tenorea heldu da, menturaz, zientziak erabiltzeko ikerbideetan antropologiazaleek hain goi ezartzen duten batez besteko emaitzen gezurrezko aplikazioa salatzeko [...].

      Horrela, taulako arrazarik platirrinoenak, Hotentoteek, 47,17ko sudur indizea daukate minimum, mesorrinoen mailakoa; eta Guantxeek, sudur indize txikiena dutenek, mesorrinoen mailan sartzen diren zenbait maximum ematen dute. Baina zer gertatzen ote da alderaketa berdina egiten baldin badugu Afrikako beltzen eta Paristar modernoen  artean? Lehenentzat aurkitutako minimum-a 43,13raino jaisten da, Gauantxeek emandako batez bestekoaren azpitik, leptorrino jatorrenen artean sartzeko; bigarrenen maximum-a 53,33ra igotzen da, Hotentoteen batez bestekoa! Horrelako kordokak dauzkagula, nola nahi dugu sudur indizeak inolako garrantzi zientifikorik, inolako balio zootaxikorik edukitzea? [...].

      Beste ohar bat. Sudurarren morfologiak, M. Topinard jakintsuak dioen bezala, tximinotik gizakirako pausoa ezartzen duten ezaugarrietako bat baldin bada, ez genuke arazorik sinesteko leporrinoetan sailkatutako arraza zuria gizakien eta tximinoen arteko tipoa da. Zeren, sudurraren forman oinarritu sailkapen batean (anatomia konparatua eginez, ikuspuntu honetatik, gizakiaren eta tximino antropomorfo handien artean), txinpantzeen hurrengo dator zuria.

 

*  *  *

 

      Arraza zuriko herriak azao trinko batean, famila amankomun batean batzeko irudikatu duten jatorrizko loturak, hizkuntza arioerak, galdua du gaur egun hasierako prestigio hura, begiramenez makurtzera behartzen gintuena. «Hizkuntzalari bakan batzuk baino ez dira oraindik ausartzen aurkezten gure Europako hizkuntzak, dio Rosny jaunak, sanskritoaren edo arioera esaten zaion hizkuntza hipotetiko eta apur bat fantasiazkoaren alabatzat. Hipotetikoa deritzot hizkuntza horri ez delako oinarritzen ezin testutan, ezein inskripziotan, ezein hitz zinez historikotan, baizik uste batean bakarrik, hots, hizkuntza arioen zenbait erro zahar hizkuntza galdu batenak ote diren, zeinagandik sortuak liratekeen aipu ditugun multzoko guztiak. Erants nezake hizkuntza horren izena bera ez dela ageri historian eta asmakuntza guztiz moderno bat, moraltasun zientifiko dudagarrikoa, duela jatorri. Doktrina onartu bakarra da sanskritoak, persierak, grekoak, latinak, hizkuntza germanikoek eta hizkuntza eslaviarrek osagarri amankomun ugari samar dauzkatela hala lexikografian nola gramatikan, eta elkarren arteko mailegua ukaezina dela. Baina ezin ahala konta hizkuntzak egin dizkiote maileguak elkarri, batere jatorrizko ahaidetasunik behar izan gabe».

      Hautsia dugularik hizkuntza indoeuroparren jatorrizko batasuna, nahi eta nahi ez  behar dugu onartu ezagutzen ditugun hizkuntzak erabiltzen dituzten herrien adierazpen soziala besterik ez direla, alegia, hizkuntza horien perfekzio maila handi edo txikia herri horien beren zibilizazio mailari dagokiola. Tesi honek, egia da, uztarrezina dirudi hizkuntzen eboluzio morfologikoaren teoriarekin eta egokitzen zaizkion gertakari historikoekin. Baina ez ote genuke galdetu behar Jacob Grimmen sistemak ez ote dituen merezi aldaketaren batzuk? Sinestera emanak gaude, egitura fonetikoaren ikuspuntutik  morfologiak hizkuntzen mailakatze erreal bat ageri duen arren, ez duela nagusitasun absoluturik ezartzen forma batetik bestera. Sailkapen handi bakoitzak —minosilabikoak, agluninatzaileak, inflexiboak— gai dirudi berea duen eboluzio bat egiteko eta hartan lortzeko perfekziotik, hots, giza hitzaz daukagun idealetik hurbileko egokitasun bat. Erraz sortzen zaigu horrela ukaezineko errealitate bat:  Grimmen teoriaren arabera azpiko mailetan egonagatik halako edo bestelako hizkuntza aglutinatzailearekiko, txinerak lortu du, bere eboluzioaren zirkuluan eta hizkuntza artifiziala den neurrian, begi bistako nagusitasuna duten obrak produzitzea.

 

*  *  *

 

      Giza arrazen desberdintasunak, egiazkoa balitz, hain ongi zilegituko luke esklabotza non, era nabarmen batean, esklaboaren jabeak ezin bailuke hartu esklaboa bere parekotzat aldi berean kontzientziaren higuinak akuilatu eta ito gabe.

      Bitxia da. Erromatarrek, sailkapen naturalez batere arduratu agbe, arazoa ikuspuntu juridiko eta filosofikotik harturik, fikzio enganagarri batez arautu behar izan zuten gizakiak zeukan eskubidea gizakiaren jabe izateko. Konkistatzaile nekagaitz hauek  ezaugarri horixe ageri dute beren historia luzean zehar, alegia, gauzen ordena zuzen eta berdin bat saiatu izan direla ezartzen bazter guztietan, armen indarrez mundu osoari eman behar omen zioten bake egonkorraren berme!

 

   Hœc tibi erunt artes, pacique imponere morem...

 

      Beraz, esklabotza zilegi bihurtzearren eskubide zibilak nabarmenki hausten baitira, ez zitzaien besterik bururatu, esklaboa gizateriaren gainerako taldekideak baino beheragoko izaki bihurtzea. Horrela, erromatarren zuzenbideak honelako termino adierazgarriekin definitzen du esklabotza: capitis diminutio. Esklaboek, diminuti capitis, nortasun osagabe eta beheragoko bat zeukaten. Horrela beheratu gizakia erraz hartzen ahal zen komertziorako gai bezala, haren jabe izatea beste edozein gauzaren jabe izatearen antzekoa zen. Alderdi moral eta intelektuala da esklaboarengan ezeztatua uste dena, horretatik baitator nagusiki giza nortasuna. Esklaboa endekatze sakonean jausia den arren, jabeak beti hartu izan du zitaltzat baino zozotzat. Non tam vilis quam nullus esaten zen, hari buruz.

      Honek esplikatzen du dena. Egiazki, ez dago ezin onargarriagorik gizakia gauza bat bihurtzeraino beheratzeko fikzio hau baino; baina logika hutsaren ikuspegitik, kontu eginik esklabotza egon bazegoela, ezinbestekoa zen arrazoiren bat aurkitu beharra instituzioa lege barrukoa izateko, eta sekula ez da arrazoi argiagorik asmatu beheragokotasun intelektual eta morala baino (diminutio capitis), ustez, juridikoki, horixe zela esklaboaren izate naturala.

      Erromatarrek aitzinago jo zuten ezarririko printzipioaren ondorio logikoetan. Esklaboak gainerako gizakiak baino beheragokotzat hartu ez ezik, espezie desberdin batekotzat ere hartu zituzten, esklabotzaren aldeko amerikarrek baino zatiaz lehenago. Florusek hitzez hitz aitortzen du. Historialari honen arabera, esklaboak bigarren giza espezie bat bezala ikusten zituzten, quasi secundum hominum genus sunt.

      Kointzidentziaren bitxia! Ez ote da harrigarria desberdintasun etnikoaren eta giza espezien aniztasunaren kontu hauek agertzea antropologiaren zientzia sortu baino horren lehenago? Baina oroitzekoa da, batez ere, antzinateko esklaboak jabeen arraza berekoak izaten zirela ia beti, eta nazio berekoak gehienbat. Zuria zen zuriaren esklabo, eta egun eskubidez berdinak ziren herritarrak gerta zitezkeen bihar gauza-jabe herremanetan.

      Antzinakoek justifikazio indartsu bat asmatu behar izan zuten, beraz, goragoko gizakiek beheragokoak menperatze natural eta mugabakoa legeztatzearren zuzenbidearen fikzioa hain urruneraino bortxatzeko kuraia bildu ahal izateko, errealitatea ideia horretatik ateratzen diren printzipioetara egokitu ahal izateko. Halako kointzidentziak frogatu egiten du, begi bistako egiteraino, esklabotzaren aldekoek beren buruarekiko direla bakarrik koherenteak espezien aniztasunaren teoriatik sorturiko giza arrazen desberdintasunaren teoriari atxikiz.

 

*  *  *

 

      Lan honetan hasi nintzelarik, zin egin nuen inolako suharrik ez haserrerik gabe aritzeko. Zientziaren hizkera zehatz eta zurruna da esku artean daukagun arazo garrantzitsua bezalakoak argitzeko behar duguna. Minerva ez zen panpinatzen. Ikus dezagun bada giza espeziearen multzo koloretsuetan hierarkia marka atzeman uste den beste ezaugarri antropologikoetako bat. Kopetaren gutieneko zehartasunaz ari naiz. «Neurtzen da, dio Topinard jaunak, gandor tenporaletik hurbilen diren bi puntuetatik, betzuloen kanpo apofisien gainean». Bi puntuoak atzemateko, aski da, erhi arina eta erpurua eskuaira gisan kopetaren gainaldeko bi alboetan dauzkagula, beherantz ekartzea batera lerratuz eta goitik beherantz. Diametroa mehartu egiten da nabarmenki, bekain-arkuek geldiarazi arte. Neurri hau hartzen ahal da garunaren bolumenaren indizeetako bat bezala, aurreko oinarriaren zabalera baitu ematen. Hona hemen Topinard jaunaren emaitzak:

 

 

384 Paristar                                         95,7 mm.

  88 Auverniar                                      97,7

  60 Frantses euskaldun                         96,1

  58 Espainiar euskaldun                         96,2

  69 Galo-Bretainiar                               98,0

  63 BeherekoBretainiar                          97,3

  18 Caverne de l'Homme-Mort                92,0

    8 Laponiar                                     100,0

  28 Txinatar                                        92,5

  15 Inuit                                             94,1

  82 Afrikako beltz                                 94,2

  22 Nubio                                            93,2

  54 Kaledonia Berritar                            93,5

    8 Tasmaniar                                     94,0

  12 Australiar                                      92,7

 

      Taula honi buruzko debaldetako solasik ez egiteko, nahikoa da ohartematea elkarrengana gehien hurbiltzen diren batez bestekoak Frantses euskaldunak, Espainiar euskaldunak, Paristarrek, Afrikako beltzak eta Inuitak direla. Hurreratze hau lortzeko, Paristarrak hartu ditut batez besteko alderagarri. Hautu hau are arrazionalagoa da ikusirik, bitxia benetan!, 95,7 mm. kopurua, Paristarren batez bestekoaren ordezkari, hala berean dela taula osoko batez bestekoari gehien hurbiltzen zaiona, hau da, 95,2.

      Zer ondorio atera genezake emaitza hauetaz? Atzeman ote genezake ezaugarri hierarkikorik batere? Bitarteko kopuruak arraza guztiz desberdinen artean sakabanatuak ageri zaizkigu, eta Inuitek beste multzoena baino batez besteko goragokoa dute izugarri, eta Australiarren gibeletik datoz Txinatarrak. Nonahi desordena bera. Natura futitu egiten da antropologiazaleez, tronparazten dituela beren neurketa jakintsuak egiten dituzten unean berean, ez baitira, egiazki, ume jolasak baizik, denbora-pasako jarduna,  eta ez ikerketa seriosa.

 

GIZA ARRAZEN BERDINTASUNAZ
Antenor Firmin

[zati batzuk]
1885
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016