BILAUAREN AITORPENA
Sergei Jesenin

euskaratzailea: Roberto Serrano / Juan Ramon Makuso
Senez-41, 2011
armiarma.eus, 2015

 

Edozeinek ez daki abesten,
edozeini ez dagokio sagar moduan
beste baten hanketan erortzea.

Horixe da bilauak egin lezakeen
aitorpenik handiena.

Apropos noa orraztu gabe,
burua, sorbaldetan
keroseno argia bezala.
Hostorik gabeko udazkenean gustatzen zait
zuen arimak ilunpetan argitzea.
Gustatzen zait, harrizko irainak niregana hegan datozenean,
ekaitzaren kazkabar korrokaria moduan,
putzuki moduko nire ileak
eskuez sendoago estutu baino ez dut egiten.

Orduan hain gustura gogoratzen dut,
putzu handitua eta haltzaren hots marrantatua,
nonbait nire gurasoak bizirik daudela,
nire poema guztiez axolarik ez dutela,
maite nautela, zelaia eta fruitua bezala,
udaberrian belartza estaltzen duen euria bezala.
Sardeaz etorriko lirateke zuek sastatzera
niri jaurti didazuen oihu guztiengatik.

Nekazari gaixoak!
Zuek, ziur aski, itsusi bihurtu zarete,
izan zaitezte jainkoaren eta lur paduratsuen beldur.
Oh, jakingo bazenute,
zuen semea Errusiako
poetarik onena dela!
Zuen bihotza ez litzateke hoztuko haren osasunagatik,
udazkeneko putzuetan oinutsik alderrai zebilenean?
Eta orain txisteraz jantzita dabil
eta oinetako distiratsuez.

Baina berean bizirik dago herriko ume bihurriaren lehengo adorea.
Harategiko txartela daraman edozein behiri agur egiten dio urrutitik.
Eta, plazan gurdizainak topatuta,
sorterriko simaurraren usaina gogoratuta,
zaldi guztien isatsa eramateko prest dago,
ezkontza jantziaren isatsa bezala.

Aberria maite dut.
Oso maite dut aberria!
Bertan zumearen herdoila tristea izan arren.
Atsegin ditut txerrien mutur zikinak
eta gaueko isilunean durunditzen duen apoaren ahotsa.
Goxoki gaixotzen naiz haurtzaroa gogoratuz,
apirileko arratsaldeetan amets egiten dut laino eta hezetasunaz.
Lau hankatan berotzera etorri balitz bezala
guregana astigarra, iluntzeko sutegiaren aurrean.
Oh, zenbat arrautza lapurtu nituen bertatik,
lapurtzen nituen! adarretatik igota.
Hura bera al da, burua berdeduna?
Lehen bezalako azal gogorra al dauka?

Eta zu, txakur maitea,
leiala eta onbera!
Zahartzaroan karrankari eta itsu geratu zara
eta patioan alderrai zabiltza, herrestan isats apala,
usnaz ahaztuta, non dagoen atea eta non ogia.
Oh, nola maite ditudan bihurrikeria guzti haiek,
amari ogi puska kenduta,
biok koska egiten genionean batera,
behin ere elkarri atzamarka egin gabe.

Ni berbera naiz.
Bihotz bera daukat.
Lore urdinak buztinean bezala, aurpegian begiak loratzen zaizkit.
Poemetako alfonbra gaiztoa luzatuta,
zerbait goxoa esateko gogoa daukat.

Gabon!
Guztioi gabon!
Ilunabarreko segak durunditzen du belarrean…
Biziki nahi dut gaur
leihotik ilargia…

Argi urdina, argi hain urdina!
Urdin honetan hiltzeak ere ez dit penarik ematen.
Beno, hala ziniko ematen dut,
Argia ipurdian lotuta!
Pegaso zahar, onbera, ziztrin,
nik behar ote dut zure zapasalto biguna?
Aditu zorrotz bezala etorri naiz,
Arratoiak goratu eta laudatzera.
Nire gaina, abuztua bezala,
Ardoaz ile zalapartatsuetan urtzen da.

Bela horia izan nahi dut
nabigatzen ari garen herri hartan.

 

BILAUAREN AITORPENA
Sergei Jesenin

euskaratzailea: Roberto Serrano / Juan Ramon Makuso
Senez-41, 2011
armiarma.eus, 2015