DANIELEN GEOMETRIA
Robert Desnos

1939
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

KARRATU PUNTADUNA

 

Karratuak lau ertz ditu

baina lau bider da puntaduna

Mundua bezala.

Lurra biribila dela diote ordea

nire burua bezala

biribila eta biloria eta mundorria:

ipar-sartaldera doan antiziklona…

Mundua biribila da, lurra biribila da

baina izan, izan ere

lau  bider da puntaduna

Eki Ipar Hego Mendebalde
puntaduna da mundua

puntaduna da lurra

espazioa karratua da.

 

 

BIRIBILA ETA IZARRA

 

Bost adarreko izarra egiteko

edo seikoa edo gehiagokoa

biribil bat egin behar da lehenik

 

Bost adarreko izarra egiteko…

Biribil bat!

Ez dute horrelako konturik izan

hainbeste adarreko zuhaitza egiteko!

Izarrak estaltzen dituen zuhaitza!

Zuhaitza!

Beterik zaude habiaz eta txori kantariz

orriz eta adarrez estalia zaude

eta izarretaraino zara igotzen!

 

 

PLANOAN KOKATURIKO PUNTU BATETIK

 

Planoan kokaturiko puntu batetik

perpendikular bakarra pasarazi liteke plano horretara.

Hala diote…

baina nire planaren puntu guztietarik

gizaki guztiak pasarazi litezke, lurreko animalia guztiak.

Horregatik dit barregura sortzen zuen perpendikularrak.

Eta ez bakarrik gizakiak eta animaliak

baita beste gauza asko ere

harrixkak

loreak

hodeiak

aita eta ama

oihalontzi bat

labearen hodia

eta nahi izanez gero

laurehun milioi perpendikular.

 

 

MOEBIUSEN UZTAIA

 

Korrika noan bidea

ez da bera izanen bueltatzen naizenean

maite dut zuzenki jarraitzea

beste lekuren batera narama

itzulika ari naiz baina zerua aldatu egiten da

atzo haurra nintzen

orain gizondua naiz

mundua gauza bitxia da

eta bitxiloreen arteko bitxiloreak

ez du beste ezein bitxiloreren antzik.

 

 

HARTUTAKO ANGELUTIK

 

Hartutako angelutik…

Eta aurrena zer angelu?

Nik ez dut ezagutu nahi

neure burua bermatzen dudana besterik

kuku-gordeka atxikitzen natzaionean.

 

Angelu zu nire kapelu

elezaharren Angeluterra Ederra

zuk ni nauzu belutzen nauzu beldurtzen.

 

Begiak bildurik

gaua niretzat

hartutako angelutik…

 

 

PARABOLA 1

 

Parabola nire titiama…

Parabola batek gogait egin du kaiolan.

Parabola batek adarrean pausatu nahi luke

adarra sobera beheiti dago

eguzkia sobera goi

Txorien hegaldiei behatzen diet

beheiti eta gero goiti

adarra sobera beheiti dago

eguzkia sobera goi

txori arraroak dira

nonbait hor daukate habia

lurretik aski urrun

adarra sobera beheiti dago

eguzkia sobera goi.

 

 

PARABOLA 2

 

Parabola nire titiama…

Parabola batek asper egin du kaiolan.

Parabola batek adarrean pausatu nahi luke

adarra sobera beheiti dago

eguzkia sobera goi

Txorien hegaldiei behatzen diet

beheiti eta gero goiti

adarra sobera beheti dago

eguzkia sobera goi

txori arraroak dira

hor nonbait daukate habia

lurretik aski urrun

adarra sobera beheiti dago

eguzkia sobera goi.

 

DANIELEN GEOMETRIA
Robert Desnos

1939
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015