HIAZINTAREN PARTERREA
Robert Desnos

1939
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

MAIRULARROSA ANDEREA

 

Mairularrosa anderea ezkonberri

galdekatzen senarra

Zer urtetan gara?

Zein hilabetetan?

Zein astetan?

Zenbat egun ditu egun?

Zer orenetan gara?

Eta senarrak erantzun

Maiurrian gara

lau osteguneko astea

loriazko eguna

eguerdi.

Urte ederra, hilabete atsegina

aste xarmagarria, egun zoragarria

oren deliziusa.

 

 

ITSASOKO ERREGINA ZEN ANEMONA

 

Itsasoko erregina zen anemona

erregina da oraino bistan da

baina hain txipia galdu egin da.

Galdu egin da itsasoaren hondoan

oroit ditu bere diamantak

ortzadarrean zintzilik

ihintzetan zintzilik

eta ostrek inguruan ahozabalka

dizkiote perlak eskaintzen.

Baina itsasoaren erregina zen anemona da larri

ez da luzerako erregina burdinazko aingurak

ausiki egin dio ankerki eta hil eginen da sarri.

 

 

SOPRANO AHOTSEKO LARROSA

 

Soprano ahotseko larrosa

pianoaren gaua ari da interpretatzen.

Horrek xarmatzen ditu mendiak eta ordokiak

Rhin, Loira eta Sena

eta laminak eta sirenak

kanaberazko jauregietan.

Soprano ahotseko larrosa

ezaguna da Concarnon

Fosse-Reposen eta Locarnon

baita errebaletan ere Kovnon

eta hondartza orotan Borneon

eta artesitutako edozein xaton.

 

 

KAKTUS DELIKATUA

 

Kaktus delikatua

mutil zangarra

lukainka harrapatzaile ospetsua

kaiku galanta

orpozikina

astapistola

txotxo maltzurra

bitxia

rigoloa

astapistola baita hain zuzen

bitxia gorputzez

bihurria

basoetako almiranta

urdelarruko jenerala

hondar xehearen izua

gormutuen tenorra

baina horrek ez dizkio arazotxoak hobekitzen

eta osasuna ere ez.

 

 

ARDOA EDATEN DUEN ZUHAITZA

 

Ardoa edaten duen zuhaitza

gaitezen etzan eskaintzen itzala

xarbotez eta konkonbrez elikaturik

oreinak eta lapinak bezala.

 

Ardoa edaten duen zuhaitza

sona handiko kamarada da

ona gauerako eta ona goizerako

eta egun oroz kabalkada.

 

Ardoa edaten duen zuhaitza

aritu da goizean goiz

ez dela aztia izan behar jakiteko

ez dugula astearte egun oroiz.

 

Edaten duen zuhaitzak ardoa

isurtzen du lurrean ihintz ahala

ez da zabarra baizik bizkorra

eta berea izanen da azken itzala.

 

Eta berea izanen da azken itzala

lurraren gainean lurrik bada

eta itsaso gainean eta lur gainean

azken egunsentiaren aldaba.

 

 

BENGALAKO SALSIFIA

 

Bengalako salsifia

baratzeko temosoa

gaiztoa nola ezkabia

ergela zelan zozoa

 

Bengalako salsifia

suzko soinekoa jantzi

eta bere esku zikinak

larruetan, 1+1, 2

 

Bengalako salsifia

tarta-zeru bat goian

zigalek daramate

haren ontzia atoian

 

Bengalako salsifia

gerriko minak puskatzen

Pekineko larrosaren

petaloz da elikatzen

 

Bengalako salsifia

ongi mutil sonatua

alimaleko zirtzila

gaizto dute onartua

 

Bengalako salsifia

ez zaigu ez zuzen ari

ospitalearen aurrean

ari baitzaigu kantari

 

Bengalako salsifia

ez hari eman ezkurra

gose gorrian zelarik

jan zuen bere zakurra

 

Bengalako salsifia

egun bateko bizia

krotalo batek zanpatua

hila da oi hau patua

 

Bengalako salsifia

jostetan zen belardian

bere baloia du irentsi

patxada harrigarrian

 

Bengalako salsifia

lurrak beste iraun beharrez

bere gaitzetik arrasortuz

bere misteriotik hilez

 

Bengalako salsifia

zuhurki da elikatu

izar xuritan etzanda

kirrixkilet bat klikatu

 

Bengalako salsifia

zer hauta behar makurra

lo hartzen badu amesgaiztoa

esna bada bizi laburra.

 

HIAZINTAREN PARTERREA
Robert Desnos

1939
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015