ALMADIA BAKARTIA
Ciro Alegria

Urrezko sugea nobelaren XIV. kapitulua
1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

      “Marañon, ibai horrek, utzi pasatzen”.

      Kantua ekartzen digu akordura palen plaustada egoskor eta indartsuak.

       “Marañon, ibai horrek, utzi pasatzen”.

      Jasotako mahukek agerian uzten dituzte besaurre beltzaran sendoak. Giharrak hatsanka ari dira puztutako zainen azpian eta palak marmario batean hondoratzen dira —harakoan edo honakoan— almadiari aitzina tiratuz... baga ilunetan kulunkatuz, adarren bat ozta agertzen dutela urpean ezkutatzen diren zurtoin maltzurrak saihestuz, lasterrak gaindituz eta arroka gordeak albo utziz, karraskan, dardaran... beti aitzina.

       “Marañon, ibai horrek, utzi pasatzen”.

      Soinenbor malgua makurtu egiten da apur bat uraren gainean. Kobre aurpegiak irmotasun keinutan uzkurtzen dira, eta gainera datozkie ile sorta beltz eta kizkurgeak, eguzkitan distiratsu edo euritan beltzago.

       “Marañon, ibai hori, pasa egin behar dut”.

      Eta belaunak otoitzean bezala tolestuak egur tarteetan tinko, eta egurrak honezkero astun, urez bete baitira tai gabeko batera-besterako honetan, eta iduri luke erdian doazen pasaiariek aho batez dutela esaten ibai harrotu, artega, gosetuari begira:

       “Marañon, ibai horrek, utzi pasatzen”.

      Hauxe da behin eta birritan berritzen den ikusmena.

      Eta horra non, halako arratsalde batez, Cajamarquillara doan guardia zibil bat ikusten dugun, Celendinoko merkatari bat eta indio bi. Ertz honetara iritsitakoan zurrupitan zeuden, haien bila beste ertzera arribatu ginenean hasi baitzuen botatzen. Pasaiariek lehenbailehen nahi dute beren ostatura eta halaxe egin dute oinek lehorra zapaldu duteneko, baina guk almadia atera behar dugu oraindik. Lerrarazi dugu habeetan eta, luze gabe, ibaitik franko urrun geratu da, ahuakate bati estekatua badaezpada.

      Eta gu ere alde egiteko gaudela non ikusten dugun, ibaiaren erdian, almadia bat pasatzen. Ez doa zeharka, aurreraka baizik, uraren joanean behera, eta gainean inor ez daukala.

      Jainkoak dakien nondik datorren eta non amaituko duen almadia bakartia. Ausaz, korronteak are alborago eraman eta ertzetan edo bihurguneetan azaltzen diren harritzarren kontra zartatuko du behin eta beste, estekak askatu eta zatikatuz. Baliteke almadiari batzuk ibaia pasatzen diharduten unean etorri eta haiek geldiaraztea, edo gerta liteke igeri jator dakien inork badatorrela une egokian ikusi eta ibaira murgil eginik heltzea. Baina orain gure parean dago eta hartara igeri saiatzea alfer lana izango litzateke.

      Eta ezertxo ere ez zabuka doan armazoiaren gainean. Begia zorrozten dugu ongi atzemateko eta beti ondorio bera ateratzen dugu. Ez pontxorik, ez zakutorik, detaile bat bera ere ez gizakiaren aztarna adierazteko. Urrundik dator agidanean eta asko busti da, egurren arreak tonu iluna hartu duenez.

      Zer gertatu ote zaio?

      Ausaz, ezusteko goraldi batek atrakalekutik eten. Edo hesi-ohol askatu multzo batek harrapatu, tripulatzen zutenek uretara egin behar eta —ohol eta arbazta anabasan igeri— hil edo salbatu egin ziren, trebetasunaren eta adurraren arabera. Ausaz, honen gainean zetozen ibaian behera eta arrokatzar baten kontra lehertu, edo isurki edo zurrumilo  batean gertatu, eta horregatik bakarrik.

      Uhinduratan egiten du aitzina baltsak. Urrunduz doa. Urruntasunean ezkutatzen ari da, aldeak eta ibaiaren jauntasun zabalak txikiagotua. Azkenik bat egin du ilunabarraren ilunarekin eta uren uherrarekin, eta orban bat besterik ez da gure begietan.

      Etxeratutakoan kontatu egin dugu gertatua eta ahoan jatena samin dela sentitzen dugu denok, eta adierazteko hitzik ez daukagun errespontsu bat bihurtzen zaigula bizitza osoa.

      Ibar hauetako gizonok soilik, Marañongo kristauok soilik dakigu eta konprenitzen ahal dugu jitoan doazen egur lotu batzuen, almadia galdu bakarti baten mezu tragikoa.

 

ALMADIA BAKARTIA
Ciro Alegria

Urrezko sugea nobelaren XIV. kapitulua
1935
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017