Désiréeren umetxoa
Kate Chopin

1893
euskaraizalea: Ana I. Morales
armiarma.eus, 2013

 

     Egun atsegina zenez, Madame Valmondé L´Abrira joan zen Désirée eta umetxoa ikustera.

     Barre egin zuen Désirée umetxo batekin gogoan hartzean. Zera, ematen zuen atzo bertan izan zela Désirée bera umetxoa baino handixeagoa; Monseiurrek zaldi gainean Valmondéko sarreratik pasatzean aurkitu zuenean umetxoa lotan harrizko zutoin handiaren itzalpean.

     Txikia haren besoetan esnatu zen eta negarrez hasi zen "aitta"ri deika. Hori baino ez zekien egiten edo esaten. Batzuek uste zuten agian bere kabuz helduko zela hara, tipi-tapa ibiltzeko adinean baitzegoen. Uste orokorra zen texastarren talde batek utzi zuela nahita han, haien karreta olanaz estaliak, ilunabarrean, Coton Maïs-ek plantaziotik harago zeukan ferrya hartu zelako. Denborarekin Madame Valmondék bazter utzi zituen espekulazio guztiak, hau izan ezik: Désirée Probidentzia ongileak bidali zuela bere bihotzeko umea izan zedin, haragiko umerik ez zuela ikusita. Izan ere, hazi zenean neska ederra eta goxoa, maitetsua eta zintzoa egin zen, Valmondéko idoloa.

     Ez zen harritzekoa egun batean, harrizko zutoinaren ondoan zegoela, zeinaren itzalpean lo egona baitzen hamazortzi urte lehenago, Armand Aubigny zaldi gainean handik pasatzean neska ikusi eta berarekin maitemintzea. Halaxe maitemintzen ziren aubignytar guztiak, tiro batek jota legez. Harritzekoa zen lehenagotik maite ez izana; izan ere, neska ezagutzen zuen aitak Parisetik ekarri zuenetik, zortzi urteko mutikoa zela, ama han hil zenean. Egun hartan neska atean ikustean esnatutako pasioa elur jausi baten moduan gaineratu zitzaion, edo zelaietan hedatzen den sutea bezala, edo oztopo guztiak gaindituz buruz aurrera nagusitzen den edozer bezala.

     Monseiur Valmondé praktiko jarri zen eta gauza guztiak ondo aztertu gura izan zituen: hau da, neskaren jatorri iluna. Armandek neskaren begiei so egin eta berdin izan zitzaion. Gogorarazi zioten neskak ez zuela abizenik. Zer axola zion abizen batek berak eman ahal zionean Louisianako abizen zahar eta harroenetako bat? Parisen enkargatu zuen corbeillea, eta ahal zuen pazientzia guztiarekin eutsi zion bere buruari hura ailegatu zen arte; orduan ezkondu egin ziren.

     Madame Valmondék lau aste zeramatzan Désirée eta umetxoa ikusi barik. L´Abrira heldu zenean hotzikara izan zuen ikusi eta batera, betiko legez. Itxura tristeko lekua zen, urte askoan ugazaba andre baten presentzia goxoa ezagutu ez zuena, Monseiur Aubigny zaharra Frantziara ezkondua baitzen eta hantxe lurperatua baitzuen emaztea, hark gehiegi maite zuen-eta bere herria bertatik aldentzeko. Teilatua malkar eta beltz zetorren goitik behera, kaputxa baten moduan, eta iztukuz estalitako etxe horiaren inguruko galeria zabaletatik harago hedatzen zen. Aritz handi eta solemneak zeuden etxetik gertu, eta haien adar luze eta hostotsuek hileta mantua bezalako itzala egiten zioten. Gainera, Aubigny gaztea agintari zorrotza zen, eta haren menpeko negroek ahaztua zuten alaiak izaten, ugazaba zahar hurbilerraz eta esku bigunaren garaian izan ohi ziren bezala.

     Ama gaztea astiro indartzen ari zen, eta etzanda zegoen, muselina eta farfail zuri leunetan, sofa baten gainean. Umetxoa ondoan zeukan, besoaren gainean, lo geratua baitzen bularra hartzen. Umezain beilegia leiho baten ondoan jesarrita zegoen, bere burua abanikatzen.

     Madame Valmondék bere figura dotorea makurtu zuen Désiréeren gainean eta musua eman zion, une batez besarkada xamurrean bilduta. Gero umearengana jiratu zen.

     "Hau ez da gure umetxoa, baina!", hots egin zuen, txunditu doinuaz. Egun haietan frantsesez egiten zuten Valmondén.

     "Jakin dut zur eta lur geratuko zinela", esan zuen Désiréek barreka, "zelan hazi den ikusita. Ai, gure cochon de lait! Begira zelako hankak, ama, eta eskuak eta atzazalak... benetako atzazalak. Zandrinek moztu egin behar izan dizkio goizean. Ez da egia, Zandrine?".

     Emakumeak buru durbanteduna makurtu zuen maiestatez, "Mais si, Madame".

     "Eta zelan egiten duen negar", jarraitu zuen Désiréek, "edonor gortzeko moduan. Lehengo egunean Armandek La Blancheren txabolatik entzun zion".

     Denbora horretan guztian Madame Valmondék ez zituen begiak umearengandik apartatu. Besoetan hartu zuen eta argi gehien zegoen leihora eraman zuen. Gertutik aztertu zuen, gero Zandrineri begiratu zion miaketa keinu beraz, baina hark beste aldera zeukan aurpegia, zelaietatik harago.

     "Bai, umea hazi egin da, aldatu da", esan zuen Madame Valmondék astiro, umea amaren ondoan utziz berriro. "Zer dio Armandek?".

     Désiréeren aurpegia piztu zen zoriona bera zen distiraz.

     "Ai, barruti osoan ez dago aita harroagorik, nik uste batez ere mutila delako, eta bere izena eramango duelako, nahiz eta berak dioen ezetz, berdin-berdin maiteko zuela neska balitz. Baina badakit ez dela egia. Badakit niri gustua emateko esaten duela. Eta ama", gehitu zuen, Madame Valmondéren burua berarengana hurbilduz eta ahopeka hitz eginez, "ez du bakar bat ere zigortu, ezta bakar bat ere, umetxoa jaio zenetik. Ezta Négrillon ere, itxura egin zuenean hanka erre zuela lanera ez joateko... barre baino ez zuen egin, eta esan zuen Negrillón alproja hutsa dela. Ai, ama, oso zoriontsua naiz; beldurra ematen dit".

          Désiréek esandakoa egia zen. Ezkontzak, eta semearen jaiotzak gero, asko bigundu zuten Armand Aubignyren izaera agintzaile eta zorrotza. Horrek egiten zuen hain zoriontsu Désirée goxoa, itsuki maite baitzuen senarra. Hark betozkoa jarri eta Désirée dardarka jartzen zen, baina maite egiten zuen gizona. Hark irribarre egiten zuenean, Désiréek ez zion Jainkoari bedeinkazio handiagorik eskatzen. Baina betozkoek ez zuten oso sarri Armanden aurpegi ilun eta ederra desitxuratu Désiréerekin maitemindu zen egunetik.

     Umetxoak hiru hilabete inguru zituenean, egun batean Désirée esnatu zen konbentziturik airean zeozer zegoela bere bakeari mehatxuka Hasieran sotilegia zen harrapatzeko. Iradokizun asaldagarri bat baino ez zen izan; misterio aire bat beltzen artean; urrungo auzoen ustekabeko bisitak, nekez azal zitzaketenak. Gero aldaketa bitxi, izugarri bat senarraren moduetan, zeinaren zergatia Désirée ez zen ausartu ere egin galdetzera. Senarrak berba egiten zionean, begiak apartatuta egiten zuen, eta bazirudien lehengo maitasun argia itzalia zela begiotan. Gizona desagertu egiten zen etxetik; eta bertan zegoenean, ihes egiten zien bai berari eta bai umeari aitzakiarik gabe. Eta esklaboekin zegoenean bazirudien Satanen izpirituak berak hartzen zuela gizona bat-batean. Désiréeren zorigaitza hiltzeko modukoa zen.

     Arratsalde bero batean bere gelan jesarrita zegoen, peignoirra jantzita, sorbalda gainean erortzen zitzaion zeta antzeko ile marroi luzearen xerloetatik atzamarrak sartzen gogo hilaz. Umetxoa, erdi biluzik, lo zegoen Désiréeren kaobazko ohe handian, zeina tronu handios baten modukoa zen, satinez forratutako zeru erdia eta guzti. La Blancheren mutiko mulatoetako bat ―erdi biluzik bera ere― ondoan zegoen, umetxoa astiro abanikatzen pauma hegatsezko abaniko batez. Désiréek, gogoa urrun eta triste, umetxoarengan finkatuak zeuzkan begiak, bere inguruan biltzen sentitzen zuen laino mehatxagarria zulatzeko borrokan. Umetxoarengandik ondoko mutikoarengana begiratu zuen, eta atzera berriro; eta behin eta berriz. "A!". Eutsi ezineko oihua izan zen; ohartu ere ez zen egin bota zuenik. Odola izoztu egin zitzaion zainetan, eta hezetasun hotz batek estali zion aurpegia.

     Mulatotxoari berba egiten saiatu zen, baina hasieran ez zitzaion soinurik atera. Hark bere izena entzun zuenean, gora begiratu eta ugazaba andrea atea seinalatzen zegoen. Abaniko handi eta leuna albo batean utzi eta, esaneko, isilean ezkutatu egin zen, oin puntta biluzietan zoru distiratsuaren gainean.

     Désirée geldi geratu zen, begirada umearengan iltzaturik, aurpegia izuaren erretratua.

     Bat-batean senarra gelan sartu zen, eta emakumea han zela ohartu gabe, mahai batera joan eta gaineko paper batzuen artean bilatzen hasi zen.

     "Armand", deitu zion, gizonari sastakada eman beharko zion ahotsaz, gizakia baldin bazen. Baina senarra ez zen ohartu. "Armand", esan zuen berriro. Orduan jaiki, eta senarrarengana joan zen balantzaka. "Armand", esan zuen, arnas-estuka beste behin, besotik oratuz, "begiratu gure umeari. Zer gertatzen da? Esadazu?".

     Gizonak, hotz baina kontuz, emakumearen atzamarrak kendu zituen bere besotik eta eskua baztertu zuen. "Esan zer gertatzen den!" oihu egin zuen emakumeak etsipenez.

     "Gertatzen da", erantzun zuen arintasunez, "umea ez dela zuria; gertatzen da zu ez zarela zuria".

     Akusazioak berarentzat inplikatzen zuen guztia arin harrapatzeak adorea eman zion ezohiko ausardiaz ukatzeko. "Gezurra da; ez da egia, zuria naiz! Begiratu nire ileari, marroia da; eta nire begiak grisak dira, Armand, badakizu grisak direna. Eta nire azala argia da", gizonari eskumuturretik helduta. "Begiratu nire eskuari; zurea baino zuriagoa, Armand", barre histerikoaz.

     "La Blancherena bezain zuria", arrapostu zion zital; eta joan egin zen, Désirée eta umea bakarrik utzita.

     Luma eskuan hartzeko moduan egon zenean, Désiréerek etsipenezko gutun bat bidali zion Madame Valmondéri.

     "Ama, esaten didate ez naizela zuria. Armandek esan dit ez naizela zuria. Jainkoarren, esaiezu ez dela egia. Zuk jakin behar duzu ez dela egia. Hil egingo naiz. Hil egin behar naiz. Ezin naiz hain zorigaitzekoa izan eta bizirik iraun".

     Erantzuna laburra izan zen.

     "Désirée neurea: erdu etxera, Valmondéra; zeure amarengana, maite zaituenarengana. Etorri umetxoarekin".

     Désiréek gutuna jaso zuenean senarraren estudiora joan zen gutunarekin, eta gizona jesarrita zegoen mahaiaren gainean utzi zuen. Horren ostean, Désirée harrizko irudi baten moduan geratu zen: isilik, zuri, geldirik.

     Gizonak begi hotzak pasatu zituen hitz idatzien gainetik isiltasunean. Ez zuen ezer esan. "Joango naiz, Armand?" galdetu zion Désiréek, suspensearen bihotz-esturak zorroztutako doinuaz.

     "Bai, joan".

     "Joatea gura duzu?".

     "Bai, joatea gura dut".

     Armandek uste zuen Jainko Ahalguztidunak zital eta bidegabe jokatu zuela berarekin; eta, zelanbait, iruditzen zitzaion txanpon berarekin ordaintzen ari zela Jainkoari emaztearen arima horrela sastakatzean. Gainera, ez zuen jada maite, bere etxeari eta bere izenari jakingabean egindako kalteagatik.

     Désiréek buelta eman zuen kolpe batek tuntunduta bezala, eta aterantz joan zen astiro, Armandek bueltatzeko deituko zion itxaropenaz.

     "Agur, Armand", esan zuen auhenez.

     Ez zion erantzun. Hori izan zen Armandek patuari jotako azkeneko kolpea.

     Désirée umearen bila joan zen. Zandrine galeria itzaltsuan zebilen aurrera eta atzera berarekin. Désiréek ttikia hartu zuen umezainaren besoetatik azalpenik gabe, eta, eskailerak jaitsiz, alde egin zuen, haritzen adarren pean.

     Urriko arratsalde bat zen; eguzkia gordetzen ari zen. Zelai bareetan negroak kotoia batzen zeuden.

     Désiréek ez zituen aldatu soinean edukitako jantzi zuria eta zapatilak. Burua estali barik zeukan eta eguzki izpiek urrezko distira ateratzen zioten ile katramila marroiari. Ez zuen hartu Valmondéko plantazio urrunera zeraman errepide zabala, normalean jendeak erabiltzen zuena. Zelai mortu bat zeharkatu zuen, non uztondoak beltzuneak egin zizkion oin xamurretan, oinetako hain delikatuez jantzietan, eta soineko mehea urratu zion zarpail bihurtzeraino.

     Padura sakon eta geldoaren ertzetako ihi eta sahats masan desagertu zen; eta ez zen sekula itzuli.

     Handik aste batzuetara, eszena bitxi bat antzeztu zen L´Abrin. Atzeko patio ondo eskobatuaren erdigunean su handi bat egin zuten. Armand Aubigny atarte zabalean jesarrita zegoen, ikuskizunaren ikuspegi ona zegoen lekuan; eta berak ematen zien sua bizirik izateko materiala dozena erdi bat negrori.

     Sahats egurrezko sehaska dotore bat jarri zuten piraren gainean, bere apaingarri pinpirin guztiekin; layette ikaragarri preziotsuaren aberastasunak elikatua zuen sua ordurako. Gero zetazko soinekoak, eta tertziopelozkoak eta satinezkoak gehitu zizkioten; farfailak ere bai, eta brodatuak; bonetak eta eskularruak; izan ere, corbeillea apartekoa izandakoa zen.

     Bota zuten azkeneko gauza gutun multzotxo bat izan zen; ezkon denboran Désiréek berari bidalitako zirriborrotxo inozenteak. Gutun zati bat geratua zen Armandek gutunak hartu zituen tiraderan. Baina ez zen Désiréerena; bere amak bere aitari bidalitako gutun zahar baten parte zen. Armandek irakurri zuen. Amak eskerrak ematen zizkion Jainkoari aitaren maitasunagatik...

     "Baina batez ere", idazten zuen, "gauez eta egunez, eskerrak ematen dizkiot Jainko onari gure bizitzak halako moduan antolatu dituelako, non gure Armandek ez duen egundo jakingo bere ama, bera adoratzen duena, esklabotzaren markarekin madarikatutako arrazakoa dela".

 

Désiréeren umetxoa
Kate Chopin

1893
euskaraizalea: Ana I. Morales
armiarma.eus, 2013