IGERILARIA
John Cheever

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.eus, 2012

 

     Udako domeka tipiko bat zen, mundu guztia eseri eta esaten duenean, “Gehiegi edan nuen bart”. Entzun zenezakeen elizatik ateratzen zirenek horixe xuxurlatzen, entzun zenezakeen apaizaren beraren ezpainetan, sotanarekin borrokan ari zela arropategian, entzun zenezakeen golf-zelaietan eta tenis-kantxetan, entzun zenezakeen erreserba naturalean, non Audubon taldeko buruak biharamun itzela zeukan. “Gehiegi edan nuen”, esan zuen Donald Westerhazyk. “Denok edan genuen gehiegi”, esan zuen Lucinda Merrill-ek. “Ardoa izango zen”, esan zuen Helen Westerhazy-k. “Ardo gorri gehiegi edan nuen”.

     Hori Westerhazytarren igerilekuaren ertzean zen. Burdina-eduki handia zeukan putzu artesiar batek hornitzen zuen igerilekua eta berde argia zen. Ederra zen eguna. Mendebaldean kumulu-hodeien multzo handi bat zegoen, distantziatik —gerturatzen ari den itsasontzi baten brankatik— ikusten den hiri baten hain antzekoa ezen izena ere izan zezakeen. Lisboa, Hackensack. Berotu egiten zuen eguzkiak. Neddy Merrill ur berdearen ondoan eseri zen, esku bat uretan, baso bat ginebra bestean. Gizon lerdena zen —bazirudien gaztaroko lerdentasun berezia zeukala— eta gaztea izan ez arren goiz hartan barandaren gainean irrist egin zuen behera jaisteko eta ipurdiko bat eman zion sarrerako mahai gaineko brontzezko Afroditari, eta gero jangelatik zetorren kafe usainerantz joan zen. Udako egun batekin aldera zitekeen gizon hura, batez ere eguneko azken orduekin, eta tenis-erraketarik edo marinel-poltsarik ez bazeukan ere, ematen zuen irudia benetan gaztearena, kirolarena eta eguraldi barearena zen. Igerian ibili zen eta orain arnas estua eta sakona zeukan, birikekin une horretako osagai guztiak, eguzkiaren berotasuna, bere plazeraren intentsitatea, irentsi balitzake bezala. Bazirudien dena isurtzen zela bere bularrean. Bullet Park-en zegoen haren etxea, hamahiru kilometro hegoaldera; bertan egongo ziren bere lau alaba politak, bazkaltzen eta agian tenisean jokatzen. Orduan otu zitzaion hego-mendebalderantz eginez uretatik hel zitekeela etxera.

     Ez zuen sentitzen bere bizitzak giltzaperatzen zuenik eta ohar horretan hartu zuen atsegina ezin zen azaldu iradokitzen zuen ihesarekin. Bazirudien kartografo baten begiekin ikusten zuela igerilekuen lerro hura, konderrian zehar okertzen zen ia-lurrazpiko korronte hura. Aurkikuntza bat egin zuen, geografia modernorako ekarpena; korronteari Lucinda izena ipiniko zion, emaztea bezala. Ez zen txantxazalea eta ez zen inozoa, baina originala eta ausarta zen, eta bera figura entzutetsua zelako ideia lauso eta apala zeukan. Eguna ederra zen eta iruditu zitzaion igeriketa luze batek edertasun hura handitu eta ospatu zezakeela.

     Sorbalden gainean zintzilik zeukan jertsea kendu eta uretan sartu zen. Mespretxu ulergaitza sentitzen zuen igerilekuetan salto egiten ez zuten gizonengatik. Crawl zakarrean egiten zuen igeri, besakada bakoitzean edo lau besakadaz behin arnasa hartuz eta bere buruko leku sakonen batean bat-bi bat-bi kontatuz, zangoen oldarrarekin batera. Ez zen distantzia luzeetarako besakada erabilgarria, baina igeriketa etxekotu zenean zenbait ohituraz bete zen kirol hori eta munduaren alde honetan crawla ohitura zen. Ur berde argiak norbera besarkatzea eta sostengatzea ez zen, antza denez, egoera naturalera itzultzea bezain atsegingarria, eta nahiago izango zukeen bainujantzi barik igerian egitea, baina hori ezinezkoa zen, bere proiektua kontuan hartuta. Beste aldeko ertzera igo eta irten zuen —ez zuen inoiz eskailera erabiltzen— eta soropilean abiatu zen. Lucindak nora zihoan galdetu zionean etxeraino igeri egingo zuela esan zion.

     Gida modura zeuzkan mapa eta plano bakarrak gogoan zituen edo irudizkoak ziren, baina aski argiak. Lehenengo zeuden Grahamdarrak, Hammertarrak, Leartarrak, Howlandtarrak eta Crosscuptarrak. Ditmar kalea gurutzatuko zuen Bunkertarren etxera joateko eta gero, bidearen zati labur bat oinez egin ondoren, Levytarrak, Welchertarrak eta Lancasterreko igerileku publikoa. Gero Hallorandarrak, Sachstarrak, Biswangertarrak, Shirley Adams, Gilmartindarrak eta Clydetarrak. Eguna ederra zen, eta urez hain eskuzabal hornitutako mundu batean bizitzeak bihozberatasuna, onginahia zirudien. Bere bihotza asaldatuta zegoen eta belarretan egin zuen lasterka. Etxera ezohiko bidetik joateak erromesa izatearen sentsazioa eman zion, esploratzailea, patua zeukan gizona, eta bazekien lagunak aurkituko zituela bide osoan; lagunek beteko zituzten Lucinda ibaiaren ertzak.

     Westerhazytarren lurrak eta Grahamdarrenak banatzen zituen hesia zeharkatu zuen, sagarrondo loratu batzuen azpitik pasatu zen, punpa eta iragazkia gordetzeko etxola igaro zuen, eta Grahamdarren igerilekuan agertu zen. “Aupa, Neddy”, esan zuen Graham andreak, “hau bai sorpresa bikaina. Zuri telefonoz deitzen ibili naiz goiz osoan. Zaude, edari bat ekarriko dizut”. Orduan ikusi zuen, edozein esploratzailek bezala, bertakoen ohitura eta tradizio abegitsuei diplomaziarekin egin beharko ziela aurre inoiz helmugara iritsi nahi bazuen. Ez zituen Grahamdarrak nahastu nahi edo haiekin lotsagabea izan nahi, baina ez zeukan han luzatzeko astirik. Igerilekua luzetara zeharkatu zuen eta haien ondora joan zen, eguzkitan; minutu batzuk geroago, Connecticut-eko lagunez beteta zetozen auto bik erreskatatu zuten. Ihes egin ahal izan zuen pertsona-multzo zaratatsuetatik. Grahamdarren etxearen aurreko aldetik egin zuen alde, heskai arantzadun baten gainetik igaro zen, eta orube huts bat zeharkatu zuen Hammertarreneraino. Hammer andrea, bere larrosetatik burua altxatuz, igerian egiten ikusi zuen, baina ez zegoen oso seguru nor ote zen. Leartarrek egongelako leiho irekien azpitik zipli-zapla pasatzen entzun zuten. Howlandtarrak eta Crosscuptarrak ez zeuden etxean. Howlandtarren etxetik irten zuenean, Ditmar kalea gurutzatu eta Bunkertarren etxerako bidea hartu zuen; urruntxo egon arren, jai baten zarata entzuten zuen bertan.

     Urak ahotsen eta barreen soinua errefraktatzen zuen eta airearen erdian eskegitzen zituela zirudien. Bunkertarren igerilekua muino batean zegoen eta eskailera batzuk igo zituen terraza bateraino; bertan edaten ari ziren hogeita hamar edo hogeita hamabost andre-gizon. Uretan zegoen pertsona bakarra Rusty Towers zen, gomazko koltxoneta baten gainean. Ai, zeinen ederrak eta oparoak ziren Lucinda ibaiko ur-bazterrak! Gizon eta emakume dirudunak zafiro koloreko uren ondoan biltzen ziren eta jaka zuridun zerbitzariek ginebra hotza ateratzen zieten. Zeruan, de Haviland markako hegazkin bat, entrenatzeko modelo gorri bat, bueltaka eta bueltaka zebilen, ume batek txinbo batean daukan pozaren antzeko zerbait erakutsiz. Ned-ek maitasun iragankorra sentitu zuen eszena horren inguruan, bildutakoenganako samurtasuna, ukitu zezakeen gauza bat balitz bezala. Urrunean trumoia entzun zuen. Enid Bunkerrek ikusi bezain laster, txilioka hasi zen: “Oh, begira nor dagoen hemen! Hau bai sorpresa maitagarria! Lucindak esan zuenean ezin zinela etorri, hil egingo nintzela pentsatu nuen”. Jendearen artetik egin zuen bidea beregana heltzeko, eta musuak ematen bukatu zutenean andreak barrara eraman zuen, baina astiro joan behar izan zuten, zortzi edo hamar emakumeri musu ematen eta beste horrenbeste gizoni eskua ematen geratu baitzen. Hamaika jaitan ikusia zuen tabernari irribarretsu batek gin-tonic bat eman zion eta barran geratu zen une batean, bere bidaia atzera zezaketen elkarrizketetan ez nahasteko kezkarekin. Jendeak inguratu egingo zuela zirudienean igerilekura salto egin eta ertzetik gertu joan zen, Rustyren koltxonetarekin topo ez egiteko. Igerilekuaren beste aldean Tomlinsondarren ondotik igaro zen irribarre handi batekin eta lorategiko bidexkatik joan zen korrika. Harri-kirriek oinak zauritzen zizkioten baina horixe zen gauza desatsegin bakarra. Festa igerilekuan zen, eta etxera hurbildu ahala ahotsen soinu distiratsua eta urtsua ahuldu egin zen, eta Bunkertarren sukaldetik zetorren irrati baten zarata entzun zuen; baten bat baseball partida entzuten ari zen. Domeka arratsaldea. Aparkatutako autoen artetik igaro eta sarrerako bidexkaren ertz belartsutik joan zen Alewives kalera. Ez zuen nahi inork errepidean bainujantziarekin ikusterik, baina ez zebilen autorik eta Levitarren sarreraraino zegoen distantzia laburra egin zuen. JABETZA PRIBATUA zioen seinale bat eta The New York Times uzteko tutu berde bat zegoen. Etxe handiko ate eta leiho guztiak zabalik zeuden baina ez zegoen inoren seinalerik; txakurrik ere ez zen zaunkaka entzuten. Etxea inguratu zuen igerilekura joateko eta ikusi zuen Levitarrak zuela gutxi joan zirela. Edalontziak eta botilak eta fruitu lehorrez betetako platerak zeuden mahai baten gainean, sakonean; etxola edo estalpe batean Japoniako kriseiluak zintzilikatzen ziren. Igerilekuan igeri egin ondoren edalontzi bat hartu eta edari bat atera zuen. Laugarren edo bosgarren kopa zen eta Lucinda ibaiaren ia erdia egina zuen. Nekatuta, garbi sentitu zen, eta une hartan bakarrik egoteaz pozik; denarekin zegoen pozik.

     Ekaitza zekarren. Kumuluen multzoa —hiri hura— altuago eta beltzago zegoen, eta bera han eserita zegoen bitartean trumoiaren perkusio-hotsa entzun zuen berriro. Artean zeruan bueltaka ari zen de Haviland entrenamendurako hegazkina eta Ned-i iruditu zitzaion ia-ia pilotua entzun zezakeela barreka, pozik arratsaldean; baina beste trumoi bat entzun zenean etxerantz abiatu zen. Tren baten txilibituak jo zuen eta zer ordu ote zen galdetu zion bere buruari. Lauak? Bostak? Probintziako geltokia etorri zitzaion burura, ordu horretan zerbitzari bat, esmokina gabardina baten azpian ezkutatuta, ipotx bat egunkarian bildutako lore batzuekin, eta negarrez aritu izandako emakume bat aldiriko trenaren zain egongo ziren. Bat-batean iluntzen ari zen; une horretan badirudi txori kokoloek kantua antolatzen dutela ekaitzaren hurbiltasunaren onarpen zoli eta jakintsu moduko batean. Gero uhaldi baten zarata ahul bat izan zen, atzean zeukan haritz baten adaburutik, txorrota bat zabaldu izan balitz bezala. Orduan, ur-zorrotaden zarata zuhaitz handi guztien adaburuetatik etorri zen. Zergatik maite zituen ekaitzak, zein zen bere zirrararen esanahia atea brastakoan zabaltzen zenean eta euri haizea eskaileretan gora zihoanean itsumustuan, zergatik zirudien egokia eta presazkoa etxe zahar bateko leihoak zarratzeko ataza sinpleak, zergatik ekaitz haizearen lehen nota urtsuek albiste onen, poztasunaren, berri alaien soinu berezia zeukaten berarentzat? Gero eztanda bat etorri zen, bolboraren usaina, eta euriak kriseilu japoniarrak astindu zituen, Levy andreak urtebete lehenago erosi zituenak, ala urte bi lehenago izan zen?

     Levytarren estalpean geratu zen ekaitza igaro arte. Euriak airea freskatu zuen eta dardaraka zegoen. Euriaren indarrak hosto gorri-beilegiak kendu zizkion astigar bati eta belarraren eta uraren gainean sakabanatu zituen. Uda bete-betea zenez gero, zuhaitzak zimelduta egon behar zuen, eta hala ere tristura bitxia sentitu zuen udagoienaren seinale haren aurrean. Besoak flexionatu, edalontzia hustu eta Welchertarren igerilekurantz abiatu zen. Horrek esan nahi zuen Lindleytarren ekitazio-pista gurutzatzea eta harrituta geratu zen belarrez beteta eta salto egiteko hesiak desarmatuta aurkitu zituenean. Lindleytarrek zaldiak saldu ote zituzten edo udarako alde egin eta norabait eraman ote zituzten galdetu zion bere buruari. Lindleytarrei eta euren zaldiei buruz gauzaren bat entzun izana gogoratu zuen, baina oroimena ez zen argia. Aurrera egin zuen, oinutsik belar bustiaren gainetik, Welchertarrenera; han, igerilekuak ez zeukan urik.

     Bere ur-katearen huts hark etsipen absurdoa ekarri zion, eta esploradore baten moduan sentitu zen, iturburu oparo baten bila dabilenean eta korronte lehorra aurkitzen duenean. Desengainatuta eta dudatsu zegoen. Oso ohikoa zen udan alde egitea baina inork ez zuen igerilekua husten. Argi zegoen Welchertarrek alde egin zutela. Igerilekuko altzariak plegatuta, pilatuta eta olana batekin estalita zeuden. Aldatzeko etxolako atea giltzaz itxita zegoen. Etxeko leiho guztiak zarratuta zeuden, eta aurreko sarrerako bidexkara joan zenean SALGAI zioen kartela ikusi zuen zuhaitz bati iltzatuta. Noiz entzun zuen azkenengoz Welchertarrei buruz hitz egiten —hau da, noiz bota zuten azkenengoz atzera berak eta Lucindak haiekin afaltzeko gonbidapen bat?—. Bazirudien zuela astebete-edo izan zela. Bere oroimena huts egiten ari zen ala oroimen hori hainbeste trebatu zuen gertakari gogaikarriak itotzeko egiaren zentzua ere hondatu egin zuela? Orduan, tenis-partida baten soinua entzun zuen urrunean. Horrek poztu egin zuen, bere beldur guztiak ezabatu zituen eta ardurarik gabe begiratu ahal izan zion zeru goibelari eta aire freskoari. Neddy Merrill konderria igerian gurutzatzen ari zen eguna zen. Egun horixe! Bidearen zatirik zailenari ekin zion.

     Domeka horretan, arratsaldean paseo bat ematera irten bazina, han ikusteko aukera izango zenukeen, ia-ia biluzik, 424 errepideko bazterbidean zutunik, gurutzatzeko unearen zain. Galdetu zenezakeen broma gaizto baten biktima ote zen, bere autoa hondatu egin ote zen edo, beste barik, zoroa ote zen. Oinutsik errepidearen zakar-multzoen gainean —garagardo latak, trapuak eta gurpil lehertuak— mota guztietako isekak jasotzeko moduan, errukarria zen. Hasi zenean bazekien hori ibilbidearen zati bat zela —bere mapetan zegoen— baina autoek udako argian zeharka-meharka egiten zituzten joan-etorrien aurrean, ez zegoela prest konturatu zen. Barre egin zioten, oihu egin zioten, garagardo lata bat jaurti zioten, eta ez zuen eduki duintasunik edo umorerik egoera hari aurre egiteko. Atzera egin zezakeen, Westerhazytarrengana joan, han egongo zen Lucinda oraindik eguzkitan. Ez zuen ezer sinatu, ezer zin egin, ez zuen ezertarako hitzik eman, ez eta bere buruari ere. Zergatik, gizakiaren burugogortasunaren era guztiek zentzura etortzeko joera zeukatela sinesten baitzuen, zergatik zitzaion ezinezkoa atzera egitea? Zergatik tematu zen bere bidaia bukatzen nahiz eta bere bizitza arriskatu? Zein puntutan bihurtu zen gauza serioa bihurrikeria hau, broma hau, txorakeria hau? Ezin zuen atzera egin, Westerhazytarren igerilekuko ur berdexka, eguneko osagarriak arnastearen sentsazioa, gehiegi edan zutela esaten zuten ahots adiskidetsu eta erlaxatuak ere ezin zituen argi gogoratu. Ordubetean, apur bat gorabehera, egin zuen distantzia kontuan hartuta, ezinezkoa zen itzultzea.

     Agure zahar batek, autobidetik orduko hogeita bost kilometroko abiaduran zetorrena, errepidearen erdira joaten utzi zion; belarra zegoen erdibitzailean. Han, iparralderantz zihoazen autoen isekak aurkitu zituen, baina hamar edo hamabost minutu geroago bidea gurutzatu ahal izan zuen. Handik Lancaster herriko kanpoaldean zegoen Jolas Zentrotik tarte laburra baino ez zeukan, non eskubaloi pistak eta igerileku publikoa zeuden.

     Uraren eragina ahotsetan, distiraren eta ziurgabetasunaren ilusioa, berdinak ziren hemen eta Bunkertarren etxean, baina hemengo soinuak nabarmenagoak, zakarragoak eta sarkorragoak ziren, eta jendez betetako esparruan sartu bezain laster arauekin egin zuen topo. “IGERILARI GUZTIEK DUTXATU EGIN BEHAR DUTE IGERILEKURA SARTU BAINO LEHEN. IGERILARI GUZTIEK OINAK GARBITU BEHAR DITUZTE. IGERILARI GUZTIEK IDENTIFIKAZIO PLAKA ERAMAN BEHAR DUTE”. Dutxatu egin zen, oinak disoluzio arre eta mingots batean garbitu zituen, eta ur bazterrerantz joan zen. Kloroaren kiratsa zeukan eta harraska baten itxura hartu zion. Sorosle bik, dorretxo banatan, polizia-txilibituak jotzen zituzten, tarte erregularretan antza zenez, eta igerilariak iraintzen zituzten bozgorailuetatik. Neddyk Bunkertarren igerilekuko zafiro koloreko ura gogoratu zuen nostalgiaz eta pentsatu zuen ilunbeltz hartan egiten bazuen igerian kutsatu egin zitekeela —bere arrakasta eta xarma kaltetu—, baina bere buruari gogorarazi zion bera esploratzailea zela, erromesa, eta hura ur geldien bihurgune bat besterik ez zela Lucinda ibaian. Ur kloratuan salto egin zuen, bekokia ilun nazkarekin, eta burua uraren gainean zeukala egin behar izan zuen igerian, talkak ekiditeko, baina hala ere jendeak tupust egin zuen berarekin, zipriztindu egin zuten eta bultza egin zioten. Sakonera gutxieneko ertzera heldu zenean sorosle biak zeuzkan oihuka: “Eh, zu, identifikazio plaka ez daukana, irten uretatik”. Irten zen, baina ezin izan zioten jarraitu eta eguzkitarako krema eta kloroaren kiratsa zeharkatu zuen, burdinazko hesia igaro eta eskubaloi-pistak atzean utzi zituen. Errepidea gurutzatu zuenean Hallorandarren jabetzako arboladian sartu zen. Ez zituzten sasiak kendu, eta oinez joatea arriskutsua eta zaila izan zen, soropilera eta igerilekua inguratzen zuen pago moztuen heskaira heldu zen arte.

     Hallorandarrak lagunak ziren, adineko bikotea, oso aberatsa, eta gozatu egiten zuten komunistak izan zitezkeenaren susmoarekin. Erreformista gogotsuak ziren, eta ez komunistak, baina subertsioa leporatzen zietenean, hala gertatzen zen batzuetan, bazirudien poza hartzen zutela eta zirrara eragiten ziela. Euren pago-heskaia beilegi zegoen eta zimeldu egin zela pentsatu zuen, Levytarren astigarra bezala. “Kaixo, kaixo” esan zuen, Hallorandarrei hurbiltzen ari zela abisatzeko, euren intimitatearen inbasioa arintzeko. Hallorandarrek, inoiz azaldu ez zizkioten arrazoiengatik, ez zuten bainujantzirik erabiltzen. Egia esan, ez zen azalpenik behar. Euren biluztasuna erreformarako zeukaten grina zorrotzaren zantzua zen eta, gizalegez, Neddyk bainujantzia kendu zuen heskaiaren irekigunetik igaro baino lehen.

     Halloran andrea, emakume sendoa, ile zuri eta aurpegi eztiarekin, The Times egunkaria irakurtzen ari zen. Halloran jauna pago-hostoak uretatik ateratzen ari zen pala batekin. Ez ziruditen harrituta edo haserre bera ikustean. Euren igerilekua inguruko zaharrena izango zen, harlauzaz egindako laukizuzen bat, errekasto batek hornituta. Ez zeukan iragazkirik edo punparik, eta bere urak errekako urre kolore opakua zeukan.

     “Konderria zeharkatzen ari naiz igerian”, esan zuen Ned-ek.

     “Hara, ez nekien hori egin zitekeenik”, egin zuen oihu Halloran andreak.

     “Bai, Westerhazytarrenetik nator”, esan zuen Ned-ek. “Sei kilometro izango dira, apur bat gorabehera”.

     Bainujantzia sakonera handieneko ertzean utzi zuen, sakonera gutxieneko aldera joan zen oinez, eta tarte hori igerian egin zuen. Uretatik irteten ari zela, Halloran andrea entzun zuen, “Asko sentitu dugu zure zoritxarra, Neddy”.

     “Nire zoritxarra?”, galdetu zuen Ned-ek. “Ez dakit zer esan gura duzun”.

     “Bai, etxea saldu zenuela entzun genuen eta zure ume koittaduak...”.

     “Ez dut gogoratzen etxea saldu dudanik”, esan zuen Ned-ek, “eta neskatoak han daude”.

     “Bai”, Halloran andreak zizpuru egin zuen. “Bai...”. Emakumearen ahotsak airea bete zuen tristura desegoki batekin eta Ned-ek zakar esan zuen: “Eskerrik asko igerialdiagatik”.

     “Tira, ondo joan”, esan zuen Halloran andreak.

     Heskaitik harago jantzi zuen bainujantzia eta lotu egin zuen. Laxo sentitzen zuen eta bere buruari galdetu zion arratsalde bakar batean pisu apur bat galduko ote zuen. Hotza zeukan eta nekatuta zegoen, eta Hallorandar biluziek eta euren ur arreak nahigabetu egin zuten. Igerialdia gehiegi zen bere indarretarako, baina zelan susmatuko zuen hori, goiz hartan barandatik jaitsiz eta eguzkitan eserita Westerhazytarrenean? Bere besoak ezinduta zeuden. Zangoak gomaren moduan zeuzkan eta min zeukan artikulazioetan. Txarrena zen hotza zeukala hezurretan eta inoiz ez zela berriro berotuko sentitzen zuela. Hostoak erortzen ari ziren bere inguruan eta egurraren kearen usaina etorri zitzaion haizean. Nor ote zebilen egurra erretzen urtearen sasoi honetan?

     Edateko gauzaren bat behar zuen. Whiskyak berotu egingo zuen, bizkortu egingo zuen, bere bidaiaren azken zatian eramango zuen, konderria igerian zeharkatzea originala eta ausarta zela berriro sentitzen lagunduko zion. Kanala zeharkatzen zuten igerilariek koñaka edaten zuten. Suspergarri bat behar zuen. Hallorandarren etxearen aurreko zelaia gurutzatu eta bide estu batetik joan zen Helen euren alaba bakarrarentzat eta Eric Sachs senarrarentzat etxea egin zuten lekuraino. Sachstarren igerilekua txikia zen eta bertan aurkitu zituen Helen eta senarra.

     “Oh, Neddy”, esan zuen Helenek. “Amaren etxean bazkaldu duzu?”.

     “Ez, egia esan”, esan zuen Ned-ek. “Baina ikusi ditut zure gurasoak”. Azalpen hori nahikoa zela iruditu zitzaion. “Asko sentitzen dut zuen etxean horrela sartu izana baina hoztu egin naiz. Edateko zerbait emango zenidakete?”.

     “Bai, nahi nuke”, esan zuen Helenek, “baina Eric operatu zutenetik ez daukagu edateko ezer etxean. Badira hiru urte”.

     Oroimena galtzen ari zen, gertakari mingarriak ezkutatzeko bere gaitasunak ahaztarazi zion etxea saldu zuela, bere umeek arazoak zeuzkatela, eta bere laguna gaixorik egon zela? Begiak Eric-en aurpegitik sabelera joan ziren, non hiru sutura-orban zurbil ikusi zituen, horietatik bik hogeita hamar zentimetro zeuzkaten gutxienez. Ez zegoen zilborrik eta zer, pentsatu zuen Neddyk, zer egingo zuen esku noragabeak, goizaldeko hiruretan norbere dohainak ikuskatzean, zilborrik gabeko, jaiotzarekin loturarik gabeko tripa batekin, zer egingo zuen oinordetzaren urradura harekin?

     “Ziur nago Biswangertarrenean emango dizutela edaria”, esan zuen Helenek. “Festa itzela daukate. Hemendik entzun dezakezu. Aditu!”.

     Helenek burua altxatu zuen eta errepidearen, zelaien, lorategien, basoen, lursailen beste aldetik Neddyk berriro entzun zuen uraren gaineko ahotsen soinu distiratsua. “Tira, busti egingo naiz”, esan zuen, oraindik ere bidaiatzeko baliabideak aukeratzeko askatasunik ez edukitzearen sentsazioaz. Sachstarren ur hotzetara salto egin eta, arnasestuka, ia itota, igerilekuaren alde batetik bestera joan zen. “Lucindak eta biok zuekin egon nahi dugu, benetan”, esan zuen sorbaldaren gainetik, aurpegia Biswangertarren etxerantz bueltatuta. “Asko sentitzen dugu hainbeste denbora pasatu delako eta laster deituko dizuegu”.

     Zelai batzuk zeharkatu zituen Biswangertarren etxeraino eta bertako parrandaren soinuetaraino. Ohorea izango zen haientzat berari edari bat ematea, pozik egongo ziren edari bat emateko. Biswangertarrek urtean lau bider gonbidatzen zituzten afaltzera Lucinda eta bera, sei aste lehenago abisatuz. Beti esaten zieten ezetz baina gonbidapenak bidaltzen jarraitzen zuten, euren gizartearen errealitate zurrun eta antidemokratikoak ulertzeko gogo barik. Jende-mota hark kokteletan hitz egiten zuen gauzen prezioari buruz, afarietan dendei buruzko aholkuak ematen zituzten, eta afaldu ondoren txiste gordinak kontatzen zizkieten sexu bietako entzuleei. Ez ziren Neddyren taldekoak, ez zeuden Lucindak gabonetako postalak bidaltzeko erabiltzen zuen zerrendan ere. Biswangertarren igerilekurantz abiatu zen arduragabetasun, erruki eta nolabaiteko egonezinezko sentimenduekin, iluntzen ari zela zirudielako, eta haiek urteko egunik luzeenak ziren. Heldu zenean festa zaratatsua eta handia zen. Optikaria, albaitaria, higiezinen agentziako jabea eta dentista gonbidatzen zituen anfitrioia zen Grace Biswanger. Ez zegoen inor igerian eta iluntzeak, igerilekuko uretan islatuta, neguko bristada bat zeukan. Barra bat zegoen eta harantz joan zen. Grace Biswangerrek ikusi zuenean berarengana hurbildu zen, ez modu atseginean, hala itxaroteko eskubidea eduki arren, ezpada liskarti.

     “Tira, festa honek denetarik dauka”, esan zuen ozen, “ezkutuan sartzen diren pertsonak barne”.

     Ezin zion sozialki kalterik egin, ez zegoen zalantzarik, eta Neddy ez zen larritu. “Ezkutuan sartzen den pertsona naizenez”, galdetu zuen gizabidetsu, “merezi al dut edari bat?”.

     “Egin nahi duzuna”, esan zuen emakumeak. “Badirudi ez diezula gonbidapenei kasu handirik egiten”.

     Jiratu egin zen eta gonbidatu batzuengana joan zen, eta Neddy barrara joan eta whisky bat eskatu zuen. Zerbitzariak atera egin zion, baina modu zakarrean. Neddyren munduan zerbitzariek gizartearen egoera mantentzen zuten, eta orduka lan egiten zuen tabernari batek bera gutxiesteak esan nahi zuen gizartearen estimazio apur bat galdu zuela. Edo agian gizon hura berria zen eta ez zekien ezer berari buruz. Orduan Grace entzun zuen bere atzean: “Egun batetik bestera geratu ziren ezer barik —irabazten dutena baino ez daukate—, eta gizona domeka batean etorri zen, mozkortuta, eta bost mila dolar uzteko eskatu zigun...”. Emakume hura beti zegoen diruari buruz hitz egiten. Ilarrak aiztoarekin jatea baino txarragoa zen. Salto egin zuen igerilekura, alde batetik bestera igeri egin eta alde egin zuen.

     Bere zerrendako hurrengo igerilekua, azken hirugarrena, antzinako bere maitalearena zen, Shirley Adamsena. Biswangertarren etxean zauritu egin bazuten, hemen sendatuko zen. Maitasuna —liskar sexuala, egia esan— elixir gorena zen, mina kentzekoa, bere pausura adorea eta bere bihotzera bizitzeko poza berriro ekarriko zuen pilula koloretsua. Afera izan zuten aurreko astean, aurreko hilean, aurreko urtean. Ezin zuen gogoratu. Neddyk utzi zuen harremana, bera nagusitu zen, eta bera sartu zen emakumearen igerilekua inguratzen zuen hormako atetik bere buruarenganako konfiantza besterik ez zeukala. Neurri batean, bazirudien bere igerilekua zela, zeren maitaleak, batez ere legez kanpoko maitaleak, emakumezko ohelagunaren ondasunez gozatzen baitu ezkontza sakratuan ez dagoen agintearekin. Emakumea han zegoen, ilea brontze kolorekoa, baina haren figurak, ur argitsu eta zeru kolorekoaren ertzean, ez zion oroitzapen sakonik ekarri. Ez zen afera serioa izan, pentsatu zuen, baina emakumeak negar egin zuen berak kontua bukatu zuenean. Emakumeak harrituta zirudien ikusi zuenean eta Neddyk bere buruari galdetu zion artean minduta ote zegoen. Jainkoak gorde dezala, berriro negar egingo ote zuen?

     “Zer gura duzu?”, galdetu zuen.

     “Konderria igerian zeharkatzen ari naiz”.

     “Jainkoarren. Helduko zara noiz edo noiz?”.

     “Zer gertatzen da?”.

     “Diru bila etorri bazara”, esan zuen emakumeak, “ez dizut zentimo bat gehiago ere emango”.

     “Edari bat eman diezadakezu”.

     “Egin nezake, baina ez dut egingo. Ez nago bakarrik”.

     “Ondo da, banoa”.

     Uretan murgildu eta igerilekuaren luzera egin zuen, baina ertzaren gainetik irteten ahalegindu zenean konturatu zen ez zeukala indarrik besoetan eta sorbaldetan, eta eskailerara zipli-zapla joan zen eta gora egin zuen. Sorbaldaren gainetik begiratuz, gizon gazte bat ikusi zuen argiz betetako aldagelan. Zelai ilunera heldu zenean urrelilien edo ilenen usaina hartu zuen —udagoieneko lurrin tematsua— gaueko airean, gasa bezain sendoa. Gora begiratu zuen eta izarrak agerian zeudela ikusi zuen, baina zergatik ikusten zituen Andromeda, Cepheus eta Cassiopeia? Zer gertatu zitzaien uda erdiko konstelazioei? Negarrez hasi zen.

     Seguruenik, heldua zenetik negar egiten zuen lehen aldia izango zen eta, benetan, bere bizitzan hain triste, hotz, nekatuta eta durduzatuta zegoen lehen aldia. Ezin zuen ulertu zerbitzariaren zakartasuna edo beregana belauniko joan eta prakak malkoekin busti zizkion maitale baten zakartasuna. Luzaroegian egin zuen igeri, luzaroegian egon zen uretan, eta sudurra eta eztarria urratuta zeuzkan. Orduantxe behar zuena edari bat zen, lagunartea, eta arropa garbi eta lehorrak, eta errepidea gurutzatuz zuzenean joan zitekeen arren etxera, Gilmartindarren igerilekura joan zen. Han, bizitzan lehenengoz, salto egin beharrean, eskaileratik jaitsita sartu zen ur izoztuan, eta agian gaztetxoa zenean ikasitako beso-erdiko besakada itxurabakoak egin zituen. Nekatuta, albo-alboka joan zen Clydetarren etxera eta haien igerilekuaren luzera zipli-zapla egin zuen, behin eta berriro atseden hartzeko geratuz, eskua ertzean jarrita. Eskailera igo zuen eta bere buruari galdetu zion etxera heltzeko indarrik ba ote zuen edo ez. Nahi zuena egin zuen, konderrian zehar egin zuen igeri, baina hain nahastuta zegoen akidurarekin, lausoa baitzirudien bere arrakastak. Okertuta, hesiko zutoinei oratuta, bere etxeko sarrerako bidean gora joan zen.

     Lekua ilun zegoen. Hain berandu zen ohean zeudela denak? Westerhazytarren etxean geratu ote zen Lucinda afaltzera? Neskatoak amarekin joan ziren ala beste norabait joan ote ziren? Ez zituzten, domeketan egin ohi zuten moduan, gonbidapen guztiak atzera bota eta etxean geratu? Garajeko atea zabaltzen eta barruan zein auto zeuden ikusten ahalegindu zen, baina giltzaz zarratuta zeuden ateak eta ugerra zeriela zeuden heldulekuak eta eskuak zikindu zituen. Etxerantz zihoala, ekaitz baten indarrak teilatu-hodietako bat askatu zuela ikusi zuen. Ate nagusiaren gainean zegoen zintzilik, guardasol baten hagatxo baten moduan, baina konpon zitekeen goizean. Etxea giltzaz zarratuta zegoen, eta pentsatu zuen sukaldari kokoloak edo neskame memelak giltzaz itxiko zuela dena, gogoratu zuen arte aspaldian ez zeukatela neskamerik edo sukaldaririk. Oihu egin zuen, atea apurtu beharrean jo zuen, sorbaldarekin zabaltzen saiatu zen, eta orduan, leihoetatik barrura begiratuz ikusi zuen hutsik zegoela lekua.

 

IGERILARIA
John Cheever

euskaratzailea: Jasone Larrinaga
armiarma.eus, 2012