HITZEN AZPILANA 16
Gabriel Celaya

Maquinaciones verbales 16, 1970
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Garrantzia duenaz ari naiz. Hitzak, ez ideiak.

Hitzek eraman egiten naute. Ideiek utzi egiten naute.

Ni hitzekin noa zer diodan jakin gabe.

Gauerako, harrigarrizkoren bat agintzen diet.

 

Hainbeste txori batera beldurtzekoa da nire ukabilean

horregatik dut estutzen. Hilko naiz, badakit

bat-batez irekitzen badut. Bat-bateko guztiak dira txarrak.

 

Ikusezina bihurtzen zaituen argi hori

edo urakan haizea eskeletoak biluzten

suge melodiko eta eztien erdian

ezusteko kolpetan hezur talken artean.

 

Hegaztiren batzuk ere bai. Nekea ere bada.

Edozein argitara doa, pozik eta ganorabako,

ihes egindako maitasuna, irria bertsora,

eta ni harekin noa, ezer gutxi naizelako.

 

Edozein haizek narama, aski dut irriño bat

eta hatzak ihintzetan —nireak ote hatz hauek?—

orain eskaintzen dudan adur sorta honek narama

auskalo zer zeru, gerokoak gero.

 

Hitzak eta negarra ez baina

luxuzko zerak diruditen malkoak ditut soineko:

izarrak goian eta hemen bisuteria,

ederki kostata urririk ematen dudana.

 

Batez ere gauean, batez ere

gardentasun guztiek lur jo eta

hitzak direnean jaun eta jabe, barregura ematen dute ideiek.

 

HITZEN AZPILANA 16
Gabriel Celaya

Maquinaciones verbales 16, 1970
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016