IDAZLE DIDAKTIKO BAT
Carlos Casares

1979
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

      Paco del Riegori ez diot sekula hitz egin hilik urteak dituen aitona-osaba bati buruz, liburu bitxi eta arrunt xelebrearen egilea, inprimatzeak merezi ote duen ez dakidana. Osaba horrek Federico zuen izena, baina Castañeta ezizena zeukan, gaur familiako inork oraindik ez dakiela ongi zergatik. Berari ez zion batere onik egiten halako iraingarriz esatea, eta noski, umeek amorrarazi egiten zuten behin eta berriro. Dendako ateraino joaten ziren bere muturrera esatearren (batzuetan, koitadu haiek, enganatzaileren batek bidalita, errespetuzko “jauna” bat eransten zioten gainera) eta gizona espaloiraino irteten zen lasterka ezpainetan zintzilik zekarrela bere hitzik maiteena: “Bujarrones!”. Argentinatik ekarria, Rosario aldetik zehazki, hogeita hamar urte eman baitzituen bertan bi egonalditan. Aurrenekoan inork uste ez zuela alde egin zuen, denek gauza handiak espero zituztenean beragandik (oso ongi pintatzen zuen, bertsoak idazten zituen eta bazekien zenbaki nagusietan), bazihoala gaztigatu gabe eta bere buruaren berri besteren bidez emanik, ihesaldi hartatik urteetara. Halako batean  heldu zen Peroxako jaun bat haren berri ematera, jakinaraziz ongi zegoela eta dirutsu. Froga gisa Armand Taylor 1738 erloju ingeles bat zekarren aitarentzat, Nortealdean erosia, hirutan egona baitzen bertan, eta urrezko belarritakoak amarentzat. Geroztik ez zuten haren aztarrenik eduki harik eta hila zelako hotsa zabaldu zen arte Isla de Pinoseko kubatar beltzaran batekin izan zuen liskarrean, aberriarekiko irain batzuk zirela tarteko. Eta hildakotzat eduki zuten urteetan, luto gogorra gordeaz, baina maiatzeko arratsalde batez hantxe azaldu zen, familia osoa bazkaltzen hasteko zegoela, lorategian barrena mamu baten antzera sartu, hatz kozkorrekin jangelako atearen beiran jo eta ku-ku, ku-ku esanez. Aitari ez zitzaion iruditu  itxura oneko sarrera huraxe, baina emakumezkoen hunkimenduak eta malkoek dena zuritu zuten, ez luzerako baina. Kontatua zeukanean kontatu beharrekoa eta agermenaren durduzamendutik bere onera etorriak zirenean, bero handia zeukala esan eta hauxe gaineratu zuen: “Dispensen, che, que afloje los cordones de los caminantes”. Aitak, herrena izaki, atzera egin zuen aulkian, heldu zuen bastoia eta ukaldi gaitz bat eman zion buruan, bertan seko uzteko adinakoa. Eta ondoren: “Horrelakorik egiteko aitzakiarik eman ez zizuten gurasoen etxetik edozein alprojak bezala ihes egitea, tira. Lehoitik ku-kuka azaltzea horren ganora eskasarekin, tira. Baina ez dizut ametituko hona etortzea zapatei bidaiantak esateko”.

 

     Gaztelania sekula utzi ez eta “che” eta “vos” esaten jarraitu zuen arren, zapatak esan izan zien ostera zapatei. Hala ere, “pulperia” esan zion dendari puska batean, eta burua adierazteko “bollo” erabili  zuen beti, Rosariora itzultzea erabaki zuen arte. Malkarrot egin zuen hiru urtean, zeukan jenio bizia zela kausa. Ezin konta ahala bezero espantitu zuen “ignorantes” esaten ziela ezerez batengatik, edo “bujarrones de un peso a la semana”, edo are okerragoak. Errenta urria atera zien ekarritako kontaduriako modernotasunei, eta berriro emigratu beharrean izan zen. Vigon ontziratua zelarik, aita kubertatik despeditzen zuela, oihu egin zuen entzun nahi lukeenarentzat: “Pueblo inculto, pueblo inculto, no os merecés ni la ignorancia que tenés”.

 

     Bigarren bidaiatik xahartua eta diru apurreko heldu zen, baina honetatik eta horretatik salduz, estuasunik gabe iragan zituen azken urteak. Nik ezagutu nuenean joana zeukan  jenio bizia eta irakurtzen ematen zituen egunak, bere burua gizon hauta eta ikasitzat baitzeukan, eta kontaduria tratatu bat bertsotan idazten, amaitua utzi zuena eta jatorrizkoa Xulio Alonso-Losada adiskideak, Ourensekoa, daukana, berarekin solasean aritzea maite zelako azken garaian. Izenburua, La contabilidad por el método argentino al servicio del comercio orensano, gallego, español en general y también de Ribadavia. Folio erdiko liburuxka da, ehun eta hogei orrialdekoa luma koroidunaz egina kaligrafia ingelesean, eta burukoak tinta gorrian. Lehen orrialdean ex-librisa dakar, alegia, tipula bat pertsonaz mozorrotua, begidun, burudun, eta honela dioen legendak inguratzen duela: “Más mató la cena que curó Avicena”. Eta ondoren liburuaren mamiari eginiko atarikoa, honelako doktrinan ekiten diola:

 

Sepa siempre el carnicero

que donde hay vegetarianos

sería su errar primero

vender chuletas de cordero.

 

     Gero aholku baliagarri mordoa elikadura saileko negozio mota desberdinetarako, eta teoria bihurri samar bat ehuneko hainbesteaz. Ondoren, eta irudiz apainki hornitua, “Tratado sobre los peces y las aves y de qué manera resulta racional su aprovechamiento total, venciendo supersticiones y consejas basadas en la ignorancia milenaria de nuestras gentes aldeanas” ageri da. Badakar “Estudio de la regla de interés al alcance de zotes y zonzos” ere, eta “El arte de hacer números y cuentas sin necesidad de saber leer ni escribir o cómo se escribe la palabra pollo sin saber”. Nolanahi ere, zatirik interesgarriena “De las trampas y sus sanciones morales y por ley, y de cuáles son permisibles y cuáles no lo son, y de hasta cuánto es lícito trampear por día, mes y año, sin incurrir en pecado grave” izenekoa da. Osaba Federicoren arabera, iruzurra legezkoa da pertsona bakar bati kendutakoak aberastasuna ekartzen ez badu, “aunque la constituya lo trampeado a muchos puesto junto”. Eta biktima pertsona landua balitz (baina ez fraide), dendaria edo tratularia, ez da beharrezkoa kuxidadearen arauak gordetzea (bai zuhurtziarenak): lapurtu lotsarik gabe. Azken zatia Ribadaviako merkataritzaren historia bat da, frantsesen inbasiotik 1874 arte, bertan On Luis Meruendano del Campo figura eredutzat hartzen duela, gaur egun ahaztua, erdi dendari erdi abokatu, Lehen Errepublikaren azkenaldian Franceloseko Kantonamendu Independentea deklaratu zuena, zoroaldiak iraun zuen egun eta erdian prezioak hainbeste merketuz non tarte horretan nahikoa denbora izan baitzuen hamar mila erreal eta gehiagoko zorra egiteko.

 

     Esandakotik ateratzen ahal denez, disparate hutsa eta kamutsa da, probetxu murritzekoa. Hala ere, hementxe dago emana haren berri, interesik duenik balego. Halako batean editatuko balitz —ez ahal da horrelakorik gertatuko—, espero dut Paco del Riegoren eskuzabaltasun aipatuak inposatuko duela —hartara ezkero adituek nahi dutena esaten dutela—, inposatu behar dena: aurkezpeneko hitzaurre edo sarrerako jakingarrietan ez dadila azaldu osaba Federicok, bego bakean, ezin eraman zezakeen Castañeta gaitzizena.

 

IDAZLE DIDAKTIKO BAT
Carlos Casares

1979
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017