NEGUA KORSIKAN
Santu Casanova

L'Invernu in Corsica, 1930
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Ibarrak estaliz dute galdu

lirioek beren apaindura

ezkon berritan daude

gure mendi guztiak

ispilua bezala distiraka

gure erreketako ura

 

Tramontanarik ankerrena

ekaitz izugarrian joka,

hegaztiak izoztuta

gailurretatik ihesean

eta harrapatu okela

herrestan lukiak zulora

 

Nola bizi ote aberatsak

etxean itxita neguan?

Ez ditut salatzen

elur handiak gainditzeko

esperantza bihotzean

ari direnak kantuan

 

Zorionez kobratzailea

ez da orain azalduko,

kukuarekin batera dator

maiatzaren aurrenean

bere orri horiek dute

arrosa jelosian galduko

 

Ez baduzu txanorik

ahuntz larruko kaparik

hurrera zaitez sutara

amarik gabeko haurren aita,

baina ez ekarri lapikoa

harategia itxia baita.

 

Hasten ahal zara oraintxe

garizumarena betetzen

baraua luzea izango da

eta inauteria laburra guztiz

Korsikan ez da Bazkorik

ez Eguberri oturuntzik.

 

Baldin bagina gezurtiak

zenbait diputatu bezala,

baldin baletor urrea!

Hasperen eginez gaude zain

gure nahirik maiteena

denak aberatsak izatea.

 

Desira hutsak dira ordea,

buruaren asmakeriak.

Nork ez amets aberastasuna

nork ez gazteluren bat

kamainan lo zegoela

manta baten azpian?

 

O, denok dagigu amets

maite ditugunen alde!

Adur ona diegu opa

aldareetako intsentsua

titulurik berezienak

eta ereinotz koroak

 

Baina ohean egindako

ametsak eta kimerak

eguna argitu orduko

suntsitzen dira ondorio gabe

aberastasun mendirik ez

baina bai ordoki erreak

 

Zaudete sutondoan

pildak josi eta josi

izan ere anbizio itsua

ez da etzaten txurikinetan,

jende pobrea darabilten

gezurtiekin da bizi.

 

Korsikar zintzoen legean

itzazue seme-alabak hezi

Aberriaren, Gurutzearen

Bizitzaren eta Ohorearen alde

hiltzeko beldurrik ez zeukan

herri honek ez dezan etsi

 

Orain, hotza dela nagusi

bil zaitezte sutondora

kanta itzazue Sampieru

Sambucucciu, Paoli

eta Nabulioneren kantuak,

Korsikaren kondaira konta

 

Motzagoa izango da negua

eta hotza ez horren gogorra

haurrak adi egongo dira

ingurukoak entzule

eta etxeko atea jende pobreari

zabaltzen ikasiko dute.

 

NEGUA KORSIKAN
Santu Casanova

L'Invernu in Corsica, 1930
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016