Idazteaz
Raymond Carver

The New York Times Book Review, 1981
euskaratzailea: Jose Mari Pastor
Susa aldizkaria 27, 1991

 

     1960ko hamarkadan konturatu nintzen gero eta zailagoa zitzaidala neure arreta fikziozko narratiba luzean jartzea. Sasoi baten zailtasunak eduki nituen literatura mota hau irakurtzeko orduan, baita idazteko saioetan ere. Kontzentrazio ahalmenaren denbora itzalia zen nigan, ez neukan eleberriak idazten saiatzeko behar adinako pazientziarik. Istorio korapilatsua da, aspergarriegia, agian, hemen berari buruz hitz egiten hasteko. Baina badakit zerikusi handia duela poemak eta ipuinak idaztera bultzatzen nauen zergatiarekin. Sar, irten. Galapan joan. Aurrera segi. Esan liteke neure amets eta desio handienak galdu nituela denbora berean, hogeitamar urte betetzear nengoenean. Halaxe gertatu bazen, hainbat hobeto niretzat. Anbizioa eta zorte apurra onuragarriak izaten zaizkio idazle bati aurrera egiteko. Anbizio handiegia eta zorte txarra —edo zorterik eza— heriotza izan daitezke. Talentua behar beharrezkoa da.

     Zenbait idazlek talentua dauka. Ez dut idazlerik ezagutzen halako dohainik ez daukanik. Baina gauzei begiratzeko behar den bide zehatz eta bakarra beste kontu bat da. Baita behatzeko modu horri eman beharreko espresiobidearen kontestu egokia aurkitzea ere. The World According to Garp John Irving-i dagokion mundu miragarria da, noski. Badago, egon, beste mundu bat Flannery O'Connor-en arabera, eta beste batzu, William Faulkner eta Ernest Hemingway-ri dagozkienak. Autore beste mundu dago: Cheever, Updike, Singer, Stanley Elkin, Ann Beattie, Cynthia Ozick, Donald Barthelme, Mary Robison, Willliam Kittredge, Barry Hannah, Ursula K.Le Guin. Idazle haundi bakoitzak, oso onak direnak barne, bere bereak diren zehaztasunez osatu ohi du mundua.

     Ez da estilo kontua soilik. Idazleak izkiriatzen duen guztian utzi ohi du bere sinadura berezia, eta hau nahastezina da. Bere berea da mundu hori, beste inorena ez. Talentuak ez, honexek bereizten du idazle bat beste batengandik. Talentu mordoa dago inguruan. Baina idazle bat, gauzei modu bereziaz so egin eta begiratzeko era horri adierazpide artistikoa ematen diona... idazle hori ez da agian beti aurkituko inguruan.

     Isak Dinesen-ek esan zuenez, egunero apurtxo bat idazten zuen, esperantza eta etsipenik gabe. «Egunen baten idatzi egingo dut postal baten eta mahai ondoko orman eskegiko dut. Orain baditut halako bost jarririk orman.» «Esan eta adierazpenen oinarrizko zehaztasuna da idaztearen moralitate bakar bakarra», esan zuen Ezra Pound-ek. Ez da «dena edozein medioren bidez» baina idazle batek bere adierazpenetan «oinarrizko zehaztasuna» badauka, bide zuzenean doa.

     Nik beste postal bat dut hor goian Txekhov-en ipuin batetako esaldi honekin: «... eta bat batean argitu egin zitzaion guztia». Hitz hauek mirari eta posibilitatez beterik daude nire irudiko. Maite dut beraien argitasun soila, eta inplikatzen duten errebelazio iradokizuna. Misterioa ere hor dago. Zer egon da ilun lehen? Eta zergatik ari da orain argitzen? Zer gertatu da? Eta orain, zer? Derrepenteko esnatze horietatik ondorio batzuk daude. Nik lasaitasun eta antizipazio dartada bizia sentitzen dut.

     Geoffrey Wolff idazleak «tranpa merkerik ez» esan zion behinola idazketa ikasle talde bati. Honek ere halako postal baten idaztea merezi du. Gorroto ditut tranpak. Fikzio lan bati maina edo engainuren usaina hartzen badiot, azalari begiratu ohi diot berehala. Tranpak, azken batez, aspergarriak izaten dira, eta ni segituan aspertzen naiz. Honek, agian, zerikusirik izango du nire kontzentrazio ahalmen eskasarekin. Baina idazkera argi eta deigarriegiak edo pailazokeria hutsezko kontuek lotara eramaten naute. Idazleek ez dute halako tranpa edo mainarik behar. Ezta folioan lagunik dotoreenak izatea ere. Zorakeria irudi lezakeen arren, idazleak, batzutan, egonean egon behar du, besterik gabe, honi edo besteari —dela arrastiriko azken errainuei, dela zapata zahar bati— gozamen hutsean behatzeko.

     Hilabete batzuk lehenago, New York Times Book Review aldizkarian, John Barth-ek hamar urte arinagoko idazketa ikasleek «berrikuntza sakonak» bilatzen zituztela esan zuen. Ez dut uste oraingo kasua denik. Barth kezkaturik dago, gaurko idazleak ez ote diren folletinak idazten hasiko. Kexu da esperimentazio sasoia joan delakoan, liberalismoarenarekin batera. Ni artega samar jartzen naiz neure burua fikzio idazketaren berrikuntza horiei buruzko eztabaidetan aurkitzen badut. Esperimentazioa, sarriegi, aitzakia hutsa izaten da axolagabekeria, sinplekeria eta imitazioarentzat idazteko tenorean. Edo are txarrago, irakurlea zakartu edo alienatzeko lizentzia bat. Gehientsuenetan, halako idazketek ez digute munduaren berririk eskaintzen, edo ihesbide hutsa deskribatzen digute: Duna eta sugandilak han-hemenka, baina jenderik ez; giza itxurarik eduki lezakeen ezein bizilagunik gabeko leku bakana, zientifiko ahurkada bati interesatzen zaiona.

     Azpimarratu egin behar da fikzio arloko benetako esperimentua, originala, eta lan nekezaren ondorioa dela, gozamenerako arrazoia. Baina beste idazleek ez dute zertan jabetu behar beste edonork —Barthelme-k, esaterako— gauzei begiratzeko daukan moduaz. Horrek ez du funtzionatuko. Barthelme bakarra dago. Beste idazle bat Berthelmek daukan berezko sentsibilitatea edo «mise enscene» horretaz jabetzen saiatzea, berrikuntzaren izenean, kaosean murgildu eta bazterrak nahasten hastea izango litzateke. Okerrago, idazle hori bere buruarekin dezepzionaturik egongo litzateke. Benetako esperimentatzaileek BERRIA SORTU behar dute, Poundek esaten zuen antzean, eta prozesu honetako gauzak beraiek ikertu behar dituzte. Baina idazleek —erotu ez badira— gurekin harremanetan egon gura dute, beraien munduko berriak gurera ekartzeko.

     Poema edo ipuin laburretan posiblea da gauza eta objektu arruntei buruz idaztea, lengoaia bakun baina zehatzean. Baita gauza guzti horiei —aulki, leihoko gortina, tenedore, harri edo andre baten arrakadari— indar handia ematea ere, berezko boterea, irakurlea txunditzerainokoa. Posiblea da itxura baten ez gatzik ez berakatzik ez duen elkarrizketaren lerro bat idaztea eta irakurlearen bizkarrean hotzikara bat sentiaraztea, Nabokov-ek egingo zuen era artistiko gozoan. Idazkera mota honek tiratzen nau gehien. Ez dut maite manera narratsean idaztea. Berdin dit lana esperimentazio huts edo modu traketsean isladaturiko errealismoaren uzta bada. Isaac Babel-ek idatzitako Guy de Maupassant istorio labur miragarrian honoko hau irakur daiteke narratzailearen ahotan: «Ez da altzairurik, bihotza leku zuzenean kokatutako aroaren bezainbesteko indarraz zulatzen duenik». Honek ere beste postal batean egon beharko luke.

     Evan Conell-ek antzina esan zuenez, ipuin labur bat bukatua zuenentz jakiteko testuko koma guztiak kendu eta istorioaren irakurketan buru belarri sartzen zen komak berriz jartzeko. Komak jatorrizko lekuetan ipintzea lanaren txukuntasunaren froga zen. Alde batetik laket dut lan egiteko tankera hau. Errespetatu egiten dut egiten ari garenari zor zaion begirunea, arreta. Azken batez, hitzak besterik ez dugu eta hobe da hauek zuzenak izatea, puntuaketa dagokion hutsunean jarrita, honela berba hauek beraien esanahia hobeto adieraz dezaten. Hitzak leunak ez badira idazlearen beraren emozioekin edo, beste arrazoiren bat dela medio, zehaztasun zorrotza ments badute —hitzak nola edo hala lainotsuak badira—, irakurlearen begiak beraien gainetik labainduko dira deusik berenganatu gabe. Ez zaizkio irakurlearen berezko zentzu artistikoari atxikiko. Henry James-ek «zehazpen motela» iritzi zion dohakabeko idazkera honi.

     Baditut lagunak, liburuak bukatzeko arin-arinka ari izan direla esan didatenak. Sosa behar izan dute, editorea presaka joan zaie, edo andreak bertan behera uzteko mehatxatu ditu. Zenbaitetan oso ongi idatzi ez izanaren aitzakia izan da: «Askoz hobea izango zatekeen behar adina patxadaz egin banu». Eleberriak idazten dituen adiskide batek ahoa hortzez bete utzi ninduen zera esan zidanean: «Uste dut oraindik banaizela izan nahi ez dudana. Hau ez dut neure neurea». Baina ez badugu ahal bezain ongi izkiriatu, zertarako idatzi orduan? Ahalik eta ondoen ihardun izanaren poztasuna eta lan honen frogak dira, azken batez, hilobira eraman ditzakegun gauza bakarrak. Lagunari esateko egon nintzen joan, bai, joan eta egin bestelako zerbait. Egon egingo da, bai, bizimodua irabazten saiatzeko modu aiseago eta zintzoagorik. Edo kea atera zeure dohainei, profita ezazu beste eremu batetan daukazun iaiotasuna eta ez zuritu zeure burua nire aurrean. Ez zaitez kexu, ez azal ezer.

     Writing Short Stories entseiu motzean Flannery O'Connor-ek aurkikuntza ekintzatzat jotzen du idaztea. O'Connorrek dioenez, berak askotan ez zekien nora zihoan istorio labur bat osatzeko asmoz esertzen zenean. Bere duda mudak dauzka idazle frankok nora doan ba ote dakien zer edo zer hasten duenero. Andre honek Good Country People izeneko ipuina darabil adibide gisa, ia bukatu arte amaiera ezezaguna zuen istorioa nola moldatu zuen adierazteko:

     «Istorio hau idazten hasi nintzenean, ez nekien filosofia doktoresa bat izango zenik, egurrezko hanka eta guzti. Halako goiz baten nonbaitetik ezagutzen nituen bi emaztekiren deskripzioa egiten ikusi nuen neure burua eta, erreparatu aurretik, haietako bati egurrezko hankadun alaba bat emana nion. Biblia saltzailea ere asmatu nuen baina geroago zer egingo nion jakiteke. Ez nuen jakin egurrezko hanka ebatsiko zuenik harik eta berak hamar edo hamabi lerro lehenago halaxe egin arte, baina hori gertatzear zegoela ohartu ahala kontu egin nuen hori nahitaezkoa zela».

     Orain urte batzuk hau leitu nuenean, harritu egin ninduen berak, edo beste batek, istorioak halako prozeduraz idazteak. Hau neure sekretua zela pentsatzen nuen orduan eta egonezinak barrena jaten zidan. Seguru nengoen ipuinetan lan egiteko era honek neure akatsak isladatzen zituena nolabait. Oroitu ere egiten dut zeinen animoso sentitu nintzen berak gai honetaz kontatzeko zuena irakurri nuenean.

     Behin batean jezarri nintzen gero istorio dexente ona izango zena idazteko asmoz, hastapenetan ipuinaren lehen lerroa baizik ez nuen arren. Zenbait egunez ondoko esaldia erabilia nuen bueltaka buruan: «Aspiradora pasatzen ari zen telefonoak jo zuenean». Banekien bertan istorio bat zegoela, eta istorio hori kontatu beharrekoa zela. Zainak eman zidan istorio batek izan behar zuela nonbait halako hasiera batekin, baldin eta nik behar bezala idazteko betarik banuen. Aurkitu egin nuen denbora —egun osoa, hamabi ordu, baita hamabost ere—. Goiz baten eseri eta idazteari ekin nion: lehen esaldia lehendabizi, eta beste guztiak beren kabuz hasi zitzaizkidan irteten geroago. Ipuina poema bat egingo nuen bezala osatu nuen: lerro bat, beste bat jarraian, gero ondokoa e.a. Ez nuen denbora luzea pasatu behar izan istorioa atzeman ahal izateko. Eta neure ipuina zela jakin nuen, aspalditik idazteko gogoak egon nintzena.

     Gustuko dut istorio motzen eraikuntzan mehatxu zentzazioa, arrisku edo beldur antzeko sentimendu mota izatea. Osagai honetako apur bat primeran dago ipuinetan. Zirkulazioari onuragarri izaten zaio behinik behin. Tentsioa, zerbait gertatzear dagoen seinalea, gauzen joan-etorrien etengabeko emozioa beharrezkoak izaten dira, bestela ez da istoriorik izango gehienetan. Fikzioan tentsioa sortzen duena, neurri handi baten, hitzak elkarri lotzeko modua da, hitzok istorioaren ekintza soila marraz dezaten. Baina alde batera utzi duguna ere kontutan hartzekoa da, paisaia hori, gauzen azal leun baina zenbaitetan urratu eta astinduaren azpian dagoena.

     V.S. Pritchett-en esanetan, istorio laburra «pasatzeko liparrean begi ertzaren ñirñirraz harrapatu dugun zerbait da». Azpimarragarria dira ñirñir honen aldeak. Lehen ñirñirra. Gero ñirñirrak sortu duen bizitza, une hori argitzen duen zerbait bihurtuko dena, eta agian, zorterik izatekotan —berriz berba hau— ondorio eta esanahi mamitsuagoak erakarriko dituena. Istorio labur idazlearen funtzioa ñirñirra ahal duenik eta era txukunenean janztea da. Argitasun eta literatur ahalmenaren bidez eutsi egingo dio talentuari, eta gauzen proportzio eta egokitasunaren zentzuari: Jakin egingo du gauzak nolakoak diren bere baitatik at, eta hark berak nola ikusten dituen, beste inork ez bezala. Eta hau hizkera argi eta zehatzari esker lortzen da, irakurleari istorioa argituko dioten xehetasunei bizia ematen dien lengoaiaren bidez. Idazkerak argia, konkretua izan behar du zertzelada hauek zehatz eta mamitsuak izateko eta barnean esanahirik edukitzeko. Eleak hain zehatzak izan daitezke non desafinaturik irudi bait dezakete, baina ez dute, hala ere, edukia galduko; eta zuzen erabiliz gero, nota guztiak joko dituzte.

 

                                                                                       Fires (1983) liburutik

 

Idazteaz
Raymond Carver

The New York Times Book Review, 1981
euskaratzailea: Jose Mari Pastor
Susa aldizkaria 27, 1991