AITA
Raymond Carver

The Father, 1961
euskaratzailea: Paul Beitia Ariznabarreta
Lekore, 4. zkia, 2017

 

      Haurra ohe ondoko otartxo batean zetzan, txano eta pijama zuriz jantzirik. Otarra margotu berria zegoen, eta azpian edredoi urdina eta alboetan zinta urdinak zeuzkan jarrita. Hiru arrebak, ama, ohetik jaiki berri zegoena eta oraindik guztiz bertan ez zegoena, eta amona, bostak zeuden haurrari begira, nola geratzen zen begiak zabal-zabal eta nola altxatzen zuen batzuetan ukabila bere ahora. Ez zuen ez irribarrerik ez barrerik egiten, baina noizbehinka begiak kliskatu eta mingaina astintzen zuen neskatoetako batek masaila ferekatzen zionean.

      Aita sukaldean zegoen eta entzun zitzakeen etxekoak haurrarekin jolasean.

      — Zein maite duzu, txiki? —esan zion Phyllisek masaila kilimatuz.

      — Denok maite gaitu —esan zuen Phyllisek— baina aitatxo asko maite du, aitatxoren umetxoa delako!

      Amona ohearen ertz batean eseri zen eta esan zuen:

      — Begira bere beso txikiari! Bai potoloa. Eta atzamar txiki horiei! Bere amaren berdin-berdinak.

      — Ez al da maitagarria? —esan zuen amak—. Osasuntsua gainera, nire txikia —eta aurrerantz makurtuz musu eman zion haurrari kopetan eta haren beso gaineko manta ukitu zuen—. Guk ere maite dugu.

      — Baina zeinen antza dauka, zeinen antza dauka? —oihukatu zuen Alicek, eta denak hurbildu ziren otartxora zeinen antza ote zeukan ikustera.

      — Begi politak dauzka —esan zuen Carolek.

      — Ume guztiek dauzkate begi politak —Phyllisek.

      — Bere aitonaren ezpainak dauzka —esan zuen amonak—. Begira ezpain horiei.

      — Ez dakit ba nik... —amak–. Ez nuke esango.

      — Sudurra! Sudurra! —oihukatu zuen Alicek.

      — Zer du sudurrak? —galdetu zion amak.

      — Norbaiten sudurraren antza dauka —neskatoak erantzun.

      — Ez, ez dakit —esan zuen amak—. Ez dut uste.

      — Ezpain horiek... —xuxurlatu zuen amonak—. Atzamar txiki horiek... —esan zuen haurraren eskuen gainetik manta kendu eta atzamarrak zabaltzen zizkiola.

      — Zeinen antza dauka umeak?

      — Ez dauka inoren antzik —esan zuen Phyllisek. Eta are gehiago hurbildu ziren guztiak.

      — Badakit! Badakit! —esan zuen Carolek—. Aitatxoren antza dauka! —Are gehiago hurbildu ziren, haurra hobeto ikusteko.

      — Baina, eta aitatxok, zeinen antza dauka? —galdetu zuen Phyllisek.

      — Zeinen antza dauka aitatxok? —errepikatu zuen Alicek, eta guztiek begiratu zuten sukalderantz, alta haiei bizkarra ematen eserita zegoen tokirantz.

      — Ba inorena ez! —esan zuen Phyllisek eta begiak umeldu zitzaizkion.

      — Ixo —esan zion amonak eta ingurura begiratu zuen eta gero berriz haurrari.

      — Aitatxok ez dauka inoren antzik! —esan zuen Alicek.

      — Baina norbaiten antza eduki behar du! —esan zuen Phyllisek, zinta urdinetako batekin bere begiak lehortzen zituela. Eta guztiek, amonak izan ezik, begiratu zioten mahaian eserita zegoen aitari.

      Aulkian buelta emana zen eta aurpegia zuri eta soraio zeukan.

 

AITA
Raymond Carver

The Father, 1961
euskaratzailea: Paul Beitia Ariznabarreta
Lekore, 4. zkia, 2017