Historiarik gabeko bidaia baten kronikak
Alejo Carpentier

Carteles, 1934-01-07 eta 14
euskaratzailea: Koldo Izagirre

 

  

I. BORDELETIK HONDARRIBIRA MADRIL BIDEAN

 

      Bordelen itzarri naiz egunsentian. Bagoiaren gurpilak trumoika doaz Siberiako ibaiak bezain geldoa eta ur handikoa den ibai baten gainetik metalezko hezurdura daukan zubian barrena. Hirugarren aldia da bizi dudala sarrera hau ardoaren metropolian, masta eta kai, barrika muino eta atoiontzi kearen aurkintzari so, begiak oraino gaizki  pausatuak, loerdian emandako gau baten ondotik, automatikoki itzarri bainaiz trenaren leiho aitzinean kartel batzuk zutitzen zirelarik, burdinbideko epigrafiaren karaktere luzetan, Orleans, Tours, Poitiers, Angouleme baieztatuz...

      Bordeleko geltokiaren beirazko bobedaren azpian presaka gosaltzeko tartea, eta trenera berriz! Arcachonen egin beharreko geldialdia eta gero, lokomotorak, lurrunez hordi, zorabiatzeko gisan ekin dio lasterka Landetan zehar, kuaternarioko gizakiaren ikustateak antzekotzen dituzten oihan aurkintza hauetan. Begiek hartu ahala, pinuak. Ordokiaren jabe egindako pinuak, landarezko armada irudi. Gizakia aitortzen ez duten pinuak, ezpada erretxina preziatua biltzeko enborra zauritzen duten arrailduraren orpoan eskegi metalezko kubiletearen medioz besterik. Aski ote da gizateria osoa erauzkin lodi eta lurrintsu honekin betetzen diren biriketarako toniko poto guztiak kontsumitzeko? Egia esan, ez da giza silueta bakar bat ageri gorputz lirain eta adats biribileko zuhaitz hauen gerizpean. Arcachon eta Akize bitartean ikusten diren etxeak, motz, lurrean zapal, ez dira iristen bi zifrako kopurura... Gauez, oihaneko galbarrak animatu egiten dira lastozko kapelu zabalez estaliak eta hankapalu alimaletan jasoak diren lagun erraldoi eta misteriotsuen agertzearekin, lau metroko urratsak eginez etxeratzen ari. Baina argi-urratzeak ez digu erakutsi horrelako konpas ibiltaririk. Izerdi eta ezkai, menda eta belatxetaren usaina dauka aireak. Eguzkia hosto errezelen gibelean ezkutatua da oraino, eta sufrezko tximeleta saldo batzuek baizik ez dute kolorearen aldarri egiten...

      Godalet bat ardo zuri Akize, ur termalen gunea, jo dugula ospatzeko. Eta gertaldi pizgarri honen ondoan aurkintza lehengo tonuan azalduko zaigu, bere burua biderkatuz hazkunde geometrikoan, Aturriren ur horixka eta baketsuak ikusi ahal izan arte. Maletak desfilatzen tren geltokian. Baionan gaude, hiri txipi eta alegera, mahai gainekoaren bikainak ospetsu egina. Hemendik beheiti mundu guztiak ulertzen du gaztelania. Hiria gaztelu historiko batek gaintzen du, Pedro Ankerraren eta Palafox-en itzalen bizilekua da oraino eta Pio Barojak asmakeriazko oroitzapenak idatzi zizkion Aviraneta ekintza gizona-ren lagunak aterpetzen eta konspiratzen zuten bertan.

      Baionan, txapelak eta espartinak Euskal Herria iragartzen dute. Parisen debaldetan xerkatuko genukeen garbitasun etnikoaren ezaugarriak ageri dituzte aurpegiek. Eliza batek, zurrun, honako irakurgarriarekin hartu gaitu irudiek errealismo lotsor bat ageri duten arren:

 

                  Desonest jantzi emaztekiek

                  ez dira elizan sartzen ahal

 

      Baina, zeri esaten ote dio parroko zintzoak «desonest janztea»? Zeren, egungo hondartzetan ezarri moda anitzaren arabera (ez ahantz Miarritzetik kilometro batzuetara gaudela!), gaitza baita gaurgero jakitea non hasten den ongia eta non gaizkia. Soineko femeninoari gagozkiola, ezin barkatuzko mojakeria bilakatu zaigu orain zenbait urte guztiz desonest zena. Desonest besoak huts, zangoak galtzerdirik gabe? Zer esanen luke Baionako apaiz ezin onberagoak sartuko balitzaizkio elizan short delakoaren zaletu neska gazteak, alegia, Europako hondartza guztietan aurten aparrean egon den galtzatxo motz horrekin? Ene, jauna! Zeinen ilunak diren Jainkoaren asmoak!...

      Aitor dut Miarritzek ez nauela betetzen. Espainiako aireak arnastu beharrean naiz. Horretaz gain, beti egin izan diet ihesi, ikara santuz, Mdivani printzearen, lady Owenen kidekoen, finantzen erregeren batek handizki gobernaturiko zinema izar bat edo besteren exhibiziorako aitzakia besterik ez diren hondartza horiei, anartean Galesko printzeak bere knicker-bockerrak promenatzen dituela Sporting Clubeko golfean, janaritzen dituen gizarteari apaingarri bezain alferreko zaizkion zenbait jaunen konpainian. Beti izan zait urrikalgarri goi mailako zokormazokeria garaikide honen aitzinean txundiduraren lerdea darion jendea. Ni behintzat ez naute epatatuko. Sobera aukera ukan dut bere hustasun erremediorik gabekoaz, bere intelektualtasun nobelako eta orratzez jositakoaz, bere usteltasun fisiko eta moralaz lekukotza emateko. Konpon dadila Antoine ileapaintzailea jende horiekin! Izanen da, bestalde, beren silueta nagiak

oihalean atxikiko dituen margolari mundanoren bat, etorkizuneko belaunaldien onbiderako. Izanen da Pierre Frondaieren bat ere, eztijarioko nobeletan goresteko. Eta horrenbestez beren bizia alaitzeko modua ukanen dute, kanoi eta torpedo salmentatik zeharrez bildu mozkinekin egun zoriontsu berriak bizi ahal izatea ekarriko dien beste gerlaren baten aiduru...

      Nola ez deitora horrelako gizafaunak aurkintza zabartzea! Frantziako alderdi honetan, izan ere, aurkintza ederra baita izugarri. Proventza urrunaren xarma osoa dauka, Itsasertz Urdinaren soberazko gozotasuna gabe. Bitxia eta kolorez betea da, Pirinioetako gailurren hurbil harroak eransten dion halako seriostasun batekin. Kostaldeak, neguan kementsu azaltzen dakien itsaso baten uhinek haginka ausikiz moldatua, ezin konta ahala bihurgune, golko, labar dauzka, hondartza ñimiño eta zoragarriak kukutzeko. Mendialdeak, berdetasun jarraitu bat, Euskal Herriko etxeen arkitektura geometrikoa nabarmenagotzen du beren teilatu gorriekin eta urdin anileko haberiazko teoremekin... La Negresse, loturako geltokia, pegar itxurako aintzirarekin; Bidarte, zakur finen hazitegiarekin; Getaria, euskal pilota frontoiarekin; Donibane Lohizune, etxeak oro baitak edo eneak dituena, kolore anitzeko txalupaz betetako portutxoarekin, Jainkoa lagun gainditu omen ekaitzen oroitzapen gisa eskaini zurezko belaontziek apaintzen duten eliza daukan Ziburu arrantzale herritik  bereiztearren. Hemen arte modernoak bere eskubideak ibili ditu Mallet Stevens-ek karebeltz armatuan eraiki kasino batekin eta bi etxerekin, musikari ospetsu banarenak: Maurice Ravel eta Joaquin Nin, gure aberkidea.

      Itsasoa kukumikuka ari da burdinbidearekin. Muino biren artean ageri zaigu, galkor. Olibondoen gibelean ostentzen da [1]. Gure eskuinean daukagu berriro, boluta joniarren fugan uztartzen diren uhinetan... Nahiago dut, bere berde harroan, Mediterraneoaren urdin sobera perfektua baino: menturaz pentsatzen dudalako itsaso hau bera dela gure Amerika ezagutzen duena, eta aski izanen genukeela zerumugarainoko marra zuzen bat egitea, gure mundu berriaren bazterrera iristeko... Tanpez, itsasoa nardatu egin da gure irrikarekin jostatzen. Hona hemen betea, osoa, biribila, uzkurtasunik gabe, Hendaiara, linearen azken herri frantsesera, heldu garela ohartarazteko. Eta berarekin —bihotz-hunkigarri— Pirinioak, gure behakoen aitzinean zut guztizko bikaintasunean. Nola ez ukan miresmenez oihuka hasteko gogoa mendien betiereko harrigarriaren aurrean! Ene adiskide Atl doktoreak, urte osoak eman zituena Mexikoko sumendien mazeletan, Lord Dunsanyk narratzeko gisako istorio bat kontatu zidan behiala: herri sedentario bat, estepetan finkatua menderik mende, goilautada batera eramana gatibu, belauniko jausi zena mendiak bazirela ikusirik... Hiru urte nituen zinezko mendirik ikusteke. Eta aitor dut berriro ikusitakoan mekanikoki etorri zitzaidala burura Atl doktorearen kontakizuna. Eta berarekin, ideien kateatzez, haitz harresi haren irudia, hodeiak zituela gailur, Orizabatik Esperanzara, panoramarik miragarriena sortuz... 

      ...Hendaia, hondartza sotila, Espainiako hondartzaren ezaugarri ororekin, non Unamunok, herbesteratua, honela ziostan arratsalde batez, mugako zubi ondoan:

      —Ikusten duzu... Espainiaren giltzari nago!...

      Bidasoa, ur motelekoa. Eta etxe samalda bat zuhaitzen artean sakabanatua, Irunen mugapeko. Espainian gaude! Lehen karrika batean aitzina abiatu bezain arin nabaritzen dugu giroa aldatu egin dela kolorez. Eskaintza bereziz hartzen gaituzte ultramarinoek. Tabernak kantxil polikromoz daude apainduak. Jendeek tranbien plataformetarik deitzen diote elkarri. Ateneoa eta parrokia daukate. Armarri zaharreko etxeak. Bestelako nolakoa du emakumezkoen soak. Tropikoa atzematen dugu ostera beren gorputzen arkitektura bikainean, ez baitute pairatzen argaltasun artifizialaren bortxazko estilizazioa...

      —Atzo Hondarribira joan ginen Pilirekin eta Jesusarekin! —dio neskato batek

 balkoitik, lagunarekin oihuka mintzo.

      Pozez bete nau zartzuelako ihardespen honek. Madrileko tonua antzeztuz esan ditu hitzak, probintzianismo atsegin bat ageri dutela euskal lur bazter honetan... Eta luzeago itxaron gabe, itsasoaren ondoan, haitz kono baten erpinean kanpandorrea erakusten duen Hondarribira eramanen nauen auto batean kokatu naiz...

 

[1] Lapurdin kokatu ditu Carpentierrek olibondoak. Hurrengo lerroek, Menditerraneoaren aipamenarekin, apunteen edo oroitzapenen nahaste bat izan dela dirudi. [Itzultailearen oharra]

 

 

II. PIRINIOETARIK GAZTELAKO LAUTADARA

 

      Bidasoaren ur motelak eta Atlantikoaren uhinek inguratzen duten penintsula gisako batean daude altxatuak Hondarribiko etxeak. Gorantz egiten duten karrika, ezponda eta espaloi patarrak dituen muino honek, topografiaz, Frantziako Mont Saint-Michel ospetsua ekartzen digu gogora eta, honek bezala, eliza bat dauka gainean, kanpandorreak bizileku multzoaren punturik gorena adierazten duela. Hendaiatik ikusten da eliza, baina, neurri batean, berotasun espiritual berri baten ataria dugu. Ezti-egoski zuriko irudiak amorratzen ari dira betiereko beatotasunaren eta borrero asiarraren bihurreziaz Jaunak prestatu dizkigun tormentuen erdibitarteko leku haren gar jasangarriak antzeratzen dituen belus gorriko hondo baten aitzinean: Purgatorioaren koadro honek Espainiako santutegi orotan presentzia edo eragina atzemanen diogun arte jesuitar batekin egin dugula topo adierazten digu, eta apoteosia Toledoko katedralean kausituko dugu, aldare nagusiaren gibelean kokaturiko eskulturen metaketa batean, epikora edo monumentalera iristen den gustu zabar batek sortua... 

      Goizeko hamaikak dira. Beltzezko beata batzuk daude otoitzean, irudi santuen aitzinean sakabanatuak. «San Pedro Jaunaren Kofradiak» eman eta zur landu, polikromatu eta pirograbatuan egin kanderailu erraldoia gordetzen duen erakusleihoaren ondoan, Katixima errezitatzen du euskaraz mutiko talde batek, abade tripandia buru. Ilunpe arin bat nagusitu da barnean... Hostoan dauden zuhaitzek mugatu plazatxoa hedatzen da elizaren albo batean. Sargori egiten du. Maratilak emanak daude. Hutsak dirudite etxeek. Nola bentzutu bidaztiari barrika, zahagi eta pegarretan freskotasun altxorrak eskainka dagoen tabernaren tentaldia? Barne-arkupe motzak, Valdepeñaskoen promesak, gazta atal erraldoiak, urdaiazpikoak, hestebeteak, odolkiak, «libretako» ogiak, Espainiako olibak. Bandera errepublikar bat. Eta itsasoko haizeak aurpegia erretako arrantzale batzuk hitzaspertuan, godalet lodiak harrigarrizko fitean husten diren mahai baten inguruan. Nola ez urrikariz oroitu hemen Parisko bistrot tristeak, beren zinkezko mostradoreekin, beren alkohol faltsuz bete botila ikusgarrien teoriekin? Espainia da, ezagutzen ditudan herrietan, ondratuena eta nobleena jan-edan kontuan. Sukaldaritza iberiarra antzegabea dela eta ardoek ez daukatela Borgoña edo Chablis baten bouquet landua, esanen didate «mokofinek». Baina, hemen, bederenik, ekai jatorra saltzen dizute: legatza beti da legatz, urraburua beti da urraburu, betiko eltzekaria egiazko osagarriz dago egina, atondu desonest orori muzin. Ardoak mahatsaren dasta dauka. Ez daki alanbikez eta erretortaz. Okelak ez dira sodarekin samurtzen. Jakiek, kimikarik gabe, garbitasun baserritarra daukate...

       Taberna honetarik bi urratsera dauzka zabalik ateak bizargin eta albaitari baten dendak, tituluak, karaktere ikusgarritan grabatuak, nobela pikareskako gertaldiak ekartzen dizkigutela gogora:

                  ILEAPAINTZAILE ETA PRAKTIKANTE

                  EBAKUNTZAK ETA ERDITZEAK

      Gero, hondartza. Hondartza guztiak bezalako hondartza, baina ura eta harea exhibizio pintoresko eta luxumerkerako aitzakia hutsak dituzten hondartza askok ez dakiten zinezkotasuna daukana. Baiki, jendeak iodoaren, gatzaren eta eguzkiaren eragin bateratua disfrutatzera etorria dirudien hondartza. Ikuspegi garden, distiratsua, eten egiten du iparraldera, tanpez, aurkintza estaltzen duen mendi batek... Neure artean ari naiz zeinen atsegina izan behar duen, neguan, uhinek alga bidaiariak bazterrean utzi dituztenean, haize toniko eta hotz batek jotzen duela, ibilaldi azkengabeak egitea arrantzako txalupek berriro konkistatu itsasertz honetan barrena, pipa on bat eta ongi bete kebelar zorroa lagun bakar. Zer nahi duzue! Izugarri unatzen da bat azkenean neguko Paris horren sukarrezko higiduraz, bi adelatze, lau kontzertu eta zazpi vernissage eguneko!...

      Irun ostera. Azken ibili bat planoak nondik norako logikorik ez daukan hiri berezi honetan; azken itzulia parrokia astunetik. Banator trenera. Oraintxe hasi behar du Europan egiten ahal den bidaldi liluragarrienetarik batek: Pirinioen eta Euskal Herriaren zeharkatzea. Zuhaitzez beteak dauden mendiek itsutu ibar txipi, harkaitzezko korridore, amildegi eta zirkoen labirinto batean barneratzen da burdinbidea. Mugan hartu dugun Pirinio atsegin horien lehen ikustatea galdu egiten da Donostiatik harat. Zakarragoa bihurtzen da natura. Ilunagoak ageri dira pinudiak. Haitza eta legarra dauzkagu berriz, berdetasuna sakondegietan kukutzen baita. Trenbidearen albo bietan ikusten ditugun etxeetan ere gertatu da zurruntasunezko purifikatze hau. Gainbehera leuneko teilatuek eta egituraren geometriak euskal estilo arkitektonikoaren ezaugarri nagusiak gordetzen dituzten arren, desagertu egin dira, ordea, Donibane Lohizunetik Hondarribiraino hain alaiak egiten zituzten anil urdinez edo gaztainez margoturiko haberia konplexu haiek. Biluzik gelditu dira hormak. Zuri zirenak gris bilakatu dira, inguruko mendiak bezain gris... Astigarraga... Urnieta... Ormaiztegi... Tolosa... Beasain... Zumarraga... Geltoki hauen artean, inoiz geldituko ez garela badakigun auzoak han-hemenka. Ezein ibilbidetarik lekora. Eta hala ere, trenak iragan arau erakusten diguten apur hori, biziki interesgarria duzu. Elizok eta zubiok bakanak dira munduan. Eliza konikoak, azukre-opilak bezala jasoak, harrizkoak, gotorrak, ezin sinetsizko trinkotasun arkitektonikoan, kontrasteak ahalketu egiten dituen bizitegi apalen gainean. Zenbaitetan, santutegiari atxiki arkupe eta zutabe galeria batek inguratzen du kanpandorre basa. Bestetan, Bizantzioko nartex haien antza hartzen du fatxadak, aski gauza harrigarria probintzia honetan. Eta zubiak! Hala moduzko zubiak, sobera estuak orga bati bide egiteko, Pirinioetako milaka erreken gainean modurik durduzagarrienean paratuak. Zenbait kako-uztai zubitarik, pertsona bakarra pasa liteke artez... Eta honek lagundu eginen du noski bazter bietako biztanleek liskar zaharrak bizirik eduki ditzaten, jakina baita erreka batek edo ibai batek bitan zatitu herrian eskuin bazterrekoek esanen dutela beste aldekoak adardun ankerrak direla, eta ezker bazterreko emazteek berriz deabrua daukatela beste aldekoek gonapean gordea.

      Gautu egin du. Iluntasuna datorkigu bila, sekula ikusi uste dudan harkaitz puska itzelenarekin batera: zinezko harri-mahaia, epai horizontal batek gailurrean ebakia, koadrangelu zehatza zazpi kilometro eta gehiago luzatzen dela...

 

NOKTURNO FIRRILAKARIA

      Aurkintza osoa suntsitu da jagoitik ilunpean. Treneko leihoak pantaila beltzak baizik ez dira, haietan iragaten direla, galkor, herrixkaren baten edo besteren argiak. Nire primerako konpartimentu tristean (nork arraio agindu ote dit niri printzipioz hastio dudan klase batean bidaiatzea?) hiru bidaiari ditut lagun: jauntxo bat, Donostian igo dena eta ABCren irakurketan murgildua jarraitzen duena, ingeniari frantses gazte bat eta ikasle aleman bat, bidai osoan hitzik atera ez duena. Sortzen direneko amatatzen dira solasak. Ezin gehiagoan aspertzen naiz. Halako batean, aspaldian kezkatzen bide duen galdera egin du frantsesak:   

      —Badakizu Burgosen baden dancing-ik?  

      NIK (Neurekiko). Pitoa!

      JAUNTXOAK. Kar, kar, kar!... Dancing-ik Burgosen? Tabernak, eta hainbestean! Dancing-etarako, Donostia!

      FRANTSESAK. Izan ere, Pariseko bizimoduan ohitua baldin bazaude...

      JAUNTXOAK. Madrilen bertan, dancing-ak oso txarrak dira!

      FRANTSESAK. Harritzekoa da ba...

      Alemanarekin solastatzen saiatu naiz.

      NIK. Madrilera al zoaz?

      ALEMANAK. ... (Hiru puntu hauek isiltasunik larriena adierazten dute, eta mesfidantzaz behatzen didaten begi ario pare bat).

      NIK. Interesatzen zaizu Espainia?

      ALEMANAK. ...

      NIK. (Durduzatzen hasia). Ikasle?...

      ALEMANAK. (Hanpaduraz) Naiz as-tu-di-an-te A-LA-MA-NA!

      NIK. Nazi?

      ALEMANAK. Ja! Nazi, nazi, nazi! Ja!

      NIK. Hauxe behar nian! (Kolkorako). Gizajoa! Ni ere as-tu-di-an-te! Einsteinen jarraitzailea!

      Solaskide ario hutsak espero zitekeen bezala hartu dituen hitzok esanik, banoa pasillora. Adur txarren batek kondenatu nau hirukote ergel honekin bidaiatzera!... Besterik ezean, senar maitatzailea zain daukan geltokira iritsi bitartean gerokorik gabeko flirt bat saiatzeko eragozpenik ez duten bertutezko andere horietarik bat balego bagoian!... Baina ezta antzik ere. Patuaren beltza!... Bat-batez, plataformara heldutakoan, ezusteko astrapala atzeman dut, alaiki betetzen duena hurrengo bagoia —tertzerako bagoia. Cante baten urradurak, zinkurinak, jazz diskoak, gitarra notak, errondaila koruak, txirula pastoralak. Benetako parranda bat! Eta ni denbora alferrik galtzen ikasle a-la-ma-narekin!... Tximistak erreko banindu! Hemen dago bizitza!...

      Sartu naiz bagoian. Konpartimentuak mukuru daude jende alai eta kalapitariz. Aulkietan lerroa egiten duten bederatzi seme-alabako familiak. Marinelak. Sakabanatu egin den koadrila bateko pikadoreak. Langileak. Igandez jantzi nekazariak. Feltro zabal, ordulari-kate ikusgarri eta larru horiko zapatadun jaunak. Neska politak... Eta gizateria honek guztiak kantu, garrasi, solas, edan egiten du partxoko botila handitan, «libretako» ogitan tartekotu txorizo omeletak irensten ditu, diskoak itzularazten ditu, bandurriak marruskatzen ditu. Hemen inork ez du lo egiten, inor ez delako aspertzen. Hamabi pertsonak betea daukaten konpartimentuan sartzera egin dudan orduko, zenbait litro Valdepeñas estimagarri bat daukan kantxila jasotzera gomitatu naute.

      —Sar zaitez, sar zaitez... Hamabi sartu diren lekuan, sartuko dira hamahiru...

      Politikaz diharduen apaiz baten eta nekazari familia ondratu batekin lagun giroan solasean ari den neska alegera baten artean jesarri naiz. Komunista irten zait apaiza. Sakon ezagutzen du literatura proletarioa. Rafael Albertiren Octubre aldizkaria irakurtzen du... Burgos jo dugularik, kantinara jaitsi naiz neure ardo litroak erostearren, bizitzen dakien jendearekin ibiltzeko ideia bikaina izan dudanez geroztik erritmo bizian eskaintzen didatenaren ordaina itzuli ahal izateko...

      Medina del Campon, egunsentia baino doi bat lehenago iritsirik, Goyaren oihalen batetik eskapo egin irudiko sorgin zahar bat sartu zaigu konpartimentuan. Zimurtua, zatarra, ilejario, beltzubeldua, eta begikoa hala ere. Puska gisa, zaku bat lur-sagar dakar, elikatzeko tuberkuluak arroparekin nahaste.

      —Sar zaitez, amatxi... Hamabost sartu diren lekuan sartuko dira hamasei... —bidailagunek oihu.

      Trena ozta abiatu delarik, non hasi zaigun eskean amatxi bagoian, alegia eta Madrilera doala zor dioten 80 pezetako pentsioa erreklamatzera. Baina detaile batek harritu nau. Zergatik ez dit bere historia kontatzen, buruz buru gaudenez?... Luze gabe ukan dut argibidea. Bere lekura itzulirik, soka batez gerrian lotua daukan antoxina luzatu dit amatxik, esanez:

      —Egarri naiz...

      —Esatea zenuen lehenago, amatxi!

      Zer duda egin, amatxi pertsonaia bat dugu! Upelak bezanbat edaten du, eta Macarrona-ren garaiko kopla batzuk dauzka gogoan, iradokizun sibilinoz beteak:

 

                  11k galde egin 12ari

                  non zegoen 13a.

                  Eta 14ak arrapostu:

                  galde 15ari

                  16ak baitaki...

 

      Geltoki txipi batean igo da konpartimentura (hamasei sartu diren lekuan sartuko dira hamazazpi), beltzez jantzi neska bat. Amatxik berehala kontatu dio 80 pezetako pentsioaren ipuina. Baina heldu berriak, harrizko bihotz:

      —Jainkoak lagun zaitzala, adiskide.

      Jainkoaren babesa behetik kotizatzen da ausaz bizi garen garaiotan, zeren amatxik, suak hartuta, bidaiaren sudurpean kako-esku bat estutu eta honela egin baitio garrasi batean:

      —Txerrenak janen ahal dizu jopoa!

      Algara handi batek bete du bagoi osoa. Apaizak itzuli egin dit erromintxelaz botatako madarikazio hau, ondikotz artikulu honetan ezin ezar nezakeena... Eta amatxik niregana atzera bere antoxin hutsa:

      —Egarri naiz...

      Eta ondotik:

      —Escorialera ailegatutakoan txurro batzuk erosi behar dizkidazu...

      —Zure aginduetara, amatxi...

      Baina goizalbaren marra ageri da Gaztelako lautadaren gainera. Ordu erdiren buruan Avilan izanen gara... Halako handitasuna dauka aurkintzak, halako edertasun berezia, hunkigarria, txundigarria, non utzi egin ditudan ene gau bateko lagunak, inoiz ahantziko ez dudan argi-urratze honen ikusteko...

      ...Mortu gogor, zurrun eta kartsu honetako mistiko porrokatuenen idatzien bitartez begitandu ahal izan dudan oroz gaindikoa da Gaztela...

 

 

Historiarik gabeko bidaia baten kronikak
Alejo Carpentier

Carteles, 1934-01-07 eta 14
euskaratzailea: Koldo Izagirre