ERNESTO CHE GUEVARA
Italo Calvino

1968
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      Che Guevaraz, bizi eta hil zen moduaz daukadan miresmena adierazteko idazten ahal dudan guztia, tonuz atekoa iruditzen zait. Haren irria entzuten dut arrapostua ematen, ironiaz eta urrikalmenduz betea.  Ni hemen, neure estudioan jesarria, neure liburuen artean, Europaren bake faltsuan eta oparotasun faltsuan; neure lan lasaiaren alditxo bat hartzen dut, batere arriskurik gabe, arrisku guztiak bere gain hartu zituen hartaz, bake probisional eta itxurazkoa onartzen ez eta, gaur egin gabe utzitako sakrifizioa sakrifizio meta handiagoko batekin ordaindu beharko dugula sinetsia egonik, bere buruari eta gainerako guztiei sakrifiziorako espiritu gorena eskatzen zuen gizonaz idazteko.

      Guevara, guretzat, iraultzari eta munduaren  etorkizunari dagozkien ororen garrantzia absolutuaren deiadarra dugu, gure kontzientziak baretzeko besterik ez den aieru ororen kritika erradikala.

      Zentzu honetan, gure eztabaiden eta gure pentsamenduen erdigunea izaten jarraitzen du, bizirik atzo, hilik gaur. Axaleko baietzik eta omenezko ekitaldi ofizialik eskatzen ez duen presentzia dugu berea, eman digun ikastekoaren zorroztasun handia kamustea, edo ez ezagutzea bailitzateke. «Cheren ildoak» asko eskatzen die gizonei; asko eskatzen die dela borroka metodoan, dela borrokatik sortu behar duen gizartearen ikuspuntuan. Ideia eta bizia azken ondorioetaraino eramateko halako koherentzia eta adorearen aurrean, gauden batez ere apal eta egiati, Cheren ildoak esan nahi duenaren jakitun —gizartearena ez ezik «gizakiaren naturaren» aldaketa erradikala, geure burutik hasita—, eta horrelakorik gauzatzetik urruntzen gaituenaz jakitun.

      Hurbildu zitzaizkion guztiekin Guevarak izan zuen eztabaida, bere bizi laburra izan zen eztabaida luzea (eztabaida-ekintza, fusila inoiz utzi gabeko eztabaida), ez da heriotzarekin etengo, eta gero baino gero zabalagoa egingo da. Solaskide aldibateko eta ezezagun batentzat ere (ni neu izan nintekeena, gonbidatu multzo batean, 1964ko otsailaren arratsalde batean, Industrien Ministerioko bulegoan, La Habanan), berarekin solastatua ez liteke izan bazterreko gertakaria. Munta duten eztabaidak, gero, bakarrik gaudenean jarraitzen dutenak dira. Urrundik eta isilean, eztabaidan jarraitu izan dut Cherekin urteotan guztiotan eta, denborak aitzina egin arau, harenagoa zen arrazoia. Haren bizitzak eta haren heriotzak inork geldiarazi ahal izango ez duen borroka abiatu dute.

 

ERNESTO CHE GUEVARA
Italo Calvino

1968
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015