DANBOR HOTSIK GABEKO ABERTZALETASUNA
Henri Calet

Patriotisme sans tambour
Combat, 1945
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

   Irakurriak gaituzu azken egunotan Frantziako Akademiakoa den Jérôme jaunaren eta Jean Tharaud jaunaren artikulu bat, Le Figaro-n. Kronikaren izenburua: «Ahantzia dugun erresistentziako bat». Eta erresistentziako kide hori Paul Déroulède dugu.

   Ez da barre egitekoa. Aspaldi du bestalde ohitura hori galdua dugula. Haserretu ere ez gara aise egiten, horrenbeste drama ikusirik eta entzunik. Gainera, ez gara hogei urteko, eta gerrako urteak biko dira zenbatzen, orok dakienez.

   Alta, diodan kronika hori irakurriz, haserrearen antza poxi bat daukan dardara atzematen dugu. Poxi bat. Ondoren, ontsa pentsaturik, iduri luke Frantziako Akademiakoa den Jérôme jaunak eta Jean Tharaud jaunak gaizki ezagutzen duten gai bati buruz aritu zaizkigula, aski baldres aritu ere.

   Idatzi duten gisan idazteko, behar dute izan urteotako malurra beren baitan jasan gabeak, hondamendiaren jausia pairatu gabeak, erretretaren neke handia, berrogeian, beren gorputz-espirituetan sentitu gabeak, gatibutasunaren endekatzea, erbestealdiko gogoeta luzea ezagutu gabeak. Eta iragan ekaineko karra ezagutu gabeak.

   Frantziako Akademiako den Jérôme jauna eta Jean Tharaud jauna sortzez, legez ditugu abertzaleak, ezin hautsizko abertzaleak. Betidanik ditugu Frantziar onak izateari huts egin gabeak.

   Ez ekaitzek ez urteek honda lezaketen gazteluan bizi dira.

   Gauzak garbi: egun, aitortzen dugu Frantses onak ez izana iraganean. Lañoki dugu deklaratzen ez gaituela zoratu Frantziako Akademiako Jérôme jaunaren eta Jean Tharaud jaunaren aberriak. Hautsak eta bizarrak jana hautematen dugu. Eta Frantziako Akademiako Jérôme jaunaren eta Jean Tharaud jaunaren artikuluak oroitarazten digu aberri hori behin betikoz geneukala bat egina adiskidea duten Paul Déroulèderen aberriarekin, herri eskolan errejentak korneta ospetsua bortxaz ezpainetaratu zigun egunetik. Hartan sobera putz egitez, kobre gustu txar bat geratu zaigu ezpainetan.

   Fanfareen kobreak, horrexek nardatzen gintuen aberrian. Hautsak eta igeltsuzko bustoek bezainbat. Horrela erakutsi ziguten ordea aberria: gaizki heziak gaituzu.

   Guk beste norabide batean bilatzen genuen, aberri zabalago batean. Urrunerat genuen behatzen, arranguraz eta esperantzaz.

   Eta gero, gure oinetakoen zolan kausitu genuen aberria, 1940an, aberria urratsez urrats galtzen genuelarik. Kausitu baikoz galdua. Lau urtez, etxerik gabe, lagunik gabe iraun dugu, kaburik gabeko noraezean argirik ez zeukan itsasoan. Ateka gaitz horretan, aberritik urrun, maite izan dugu aberria gehien.

   Neofitoak gara, gero-helduak gara abertzaletasunera. Luzaz, ametsetan nahasi izan gara; aitor dugu, damuz. Gure herria ahultzen ikusi dugunean konprenitu dugu maite genuela oroz gain. Arnasa ezin sekretuago batek harrapatu gintuen harengana: ez genuen agerira ekarri nahi.

   Bai, itsuki maite dugu bota egin gaituzten hiri hau, askatasuna hain indartsu ernatzen duen lur ibili hau, eta hain hizkuntza kriketean mintzo diren Iparraldeko, Hegoaldeko, Ekialdeko eta Sartaldeko gizonok.

   Baina ez dugu uste maitasunak zuritzen ahal dituenik desmasiak oro. Ez dugu uste atxikimendu sakon, gogor eta tinkoa adierazi behar denik korneta deiez, karrefurretako bertso txarrez, La Vallière dukearen estiloko floka harroez eta xenila petraldunez. Ez genuke gogoko halako maskarada bat berriro jasan beharra.

   Ez genuke gogoko, heldu garen munduan, halako eredu irrigarriak irentsi beharra. Lagunarte txarrean biltzeko arriskuan ginateke.

   Maitasunaz aritu nahi izan dugu. Maitasun xume eta egiazkoaz, eta haserre justuaz. Ez ponpoidun desfile militarrez, ez ezpatak herrestan eramatez, ez berrogeita lau urtean atertu gabe urdin-zuri-gorri mailukatu aiherraz. Adore zibil batez ari gaituzu, adore herrikoi, gazte, garbi, zabalaz, ez larruzko galtza motzez, ez praka gorriz, ez belarri gaineko kepiz. Aldi honetan, egitekoa ez zen errebantxa berri bat inoiz kaburik ez daukan parioan, baina bai ahalkegarri ez hiltzea eta askatasuna berriro ikustea.

   Larria izan zen, ekainean, afixarik gabeko, espanturik gabeko, jendarmerik gabeko engaiamendu hura; nahitarako engaiamendu handia.

   Kaltegarria izaten da nahasdura. Uler gaitzatela nahi genuke: gure abertzaletasuna ez da Marches et Sonneries-en egilearena. Ez da danbor hotsean jotzekoa. Gure abertzaletasuna, ontsa definitu nahi badugu, kolore nabarmenak oro kendutako sentimena da, galoirik gabekoa, kukurustarik gabekoa. Nazionalismoaren eta belizismoaren aitzikoa, esateko maneran. Frantziarenganako arras sentimendu beratza, eta, barrikadaren batean edo beste nonbait, harengatik hiltzerainokoa, bake aroan ere diraukeena, eta gizaki guztiengana doakeena, bihar.

   Baina hona non heldu garen berriro elkar aditze unibertsalaren ameskeria zaharretara...

 

DANBOR HOTSIK GABEKO ABERTZALETASUNA
Henri Calet

Patriotisme sans tambour
Combat, 1945
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016