GERTATU BEHAR DU ZER EDO ZER
Heinrich Böll

Es wird etwas geschehen
Doktor Murkes gesammeltes Schweigen und andere Satiren, 1958
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      Nire bizitzako pasarterik bitxienetako bat izan zen Alfred Wunsiedel-en lantegian gertatu zitzaidana. Izatez, lanera baino emanagoa naiz egonera eta gogoetara, baina aldian behin arazo ekonomikoek behartu egiten naute —egonak bezain irabazi murritza baitakar gogoetak— lanpostu bat esan esaten zaion horretara. Berriro ere eskasaldi horietako batean nengoenez lan agentzia batera jo nuen, eta Wunsiedel lantegira igorri ninduten beste zazpi zorigaitzeko lagunekin, bertan kapazitate froga egin ziezaguten.

      Susmo txarra hartu nion lantegiaren antzari: beirazko blokez eraikia zen osorik, eta lanari diodan hastio bera diet eraikin argiei eta eremu argiei. Hastio handiagoak heldu ninduen iritsi gineneko gosari txikia zerbitzatu zigutelarik kantina argitsu batean, kolore alaitan margotua: arrautzak, kafea eta xigortuak ekarri zizkiguten mahaizain biziki polit batzuek, eta laranja zukuz betetako pitxer dotore batzuk ere bazeuden han: urrezko arrainek berde argiko akuarioen paretetan zapaltzen zituzten bereb mutur aspertuak. Mahaizainak hain zeuden alai, iduri luke zapart egin behar zutela bozkarioz. Nahimenaren  ahalegin handi batek eragozten zien —hala ematen zuen— atertu gabe kantari ez aritzeko. Oiloak errun gabeko arrautzez bezain beteak zeuden abestu gabeko kantuz.

      Berehala ohartu nintzen zorigaitzeko lagunek, nonbait, atzematen ez zutenari: gosari txiki hura ere frogaren zati zen, eta horregatik murtxikatu nuen xeheki, gorputzari sustantzia baliotsuak ematen ari zaion pertsonaren ardura osoarekin. Bestelako egoeraren batean mundu honetako ezein indarrek eginaraziko ez zidan zerbait egin nuen: laranja zukua edan nuen baraurik, utzi nituen kafea, arrautza eta xigortu gehienak, altxatu eta kantinan goiti eta beheiti ibili nintzen bizkorki.

     Ni deitu ninduten aurrena froga egin behar zen aretora. Mahai zoragarri batzuen gainean zeuden prestatuak galderen pleguak. Paretek tonu berdea zeukaten, dekorazioaren amorratuen ahora «xarmanta» hitza azalarazteko modukoak. Ez zen inor ageri, baina hain seguru nengoen begira neuzkala, non inork ikusten ez duela uste duelarik ekintza gizon batek egiten duena egin nuen: eperik eman gabe luma sakelatik atera, zabaldu, hurreneko mahaian jarri eta neuregana erakarri nuen galdetegia, pertsona kolerikoek ostatuetako kontuekin egiten dutenaren antzera.

      Lehen galdera: Ongi iruditzen al zaizu pertsonek bi beso, bi zango, bi begi eta bi belarri besterik ez izatea?

      Noizbait jaso behar nuen nire gogoeten uzta, eta honela idatzi nuen zalantzarik egin gabe: «Lau beso, lau zango eta lau belarri ez nituzke aski nire ekinerako. Gizakiaren hornidura, alderdi honetatik, urria da».

      Bigarren galdera: Zenbat telefono erabil zenezake aldi berean?

      Honetan ere lehen mailako ekuazio bat askatzea bezain erraza zen erantzuna. «Zazpi telefono besterik ez dudanean», idatzi nuen, «urduri jartzen naiz, bederatzi behar ditut zeharo egokitzeko».

      Hirugarren galdera: Zer egiten duzu zure atseden egunetan?

      Nire erantzuna: «Ez dut ezagutzen atseden hitza. Hamabost urte betetakoan ezabatu nuen nire hiztegitik, zeren, hasieran, ekintza izan baitzen».

      Hartu nuen lanpostua. Egia esan, bederatzi telefonoak ere ez nituen aski. Oihu egiten nuen mikrofonotik: «Ekin berehala» edo «Egin ezazu zer edo zer —Gertatu behar du zer edo zer —Zer edo zer gertatzeko dago —Zer edo zer gertatu da —Zer edo zer gertatu behar luke». Baina gehien erabiltzen nuen modua aginduzkoa zen, giroari egokitzen zitzaiona huraxe zela neritzon.

      Arrunt interesgarriak ziren eguerdiko tarteak, halakoetan, alaitasun isil batek inguratuta, bitaminaz aberastutako jakiak jaten genituen kantinan. Ekintza gizon handiekin gertatzen den bezala, bere bizitzaren biziak eta motelak kontatzeko amorratzen zegoen jendez gainezka geneukan Wunsiedelen lantegia. Egin dutena garrantzizkoagoa zaie beren bizitza baino, nahikoa da botoi bati sakatzea beren ekintzak laudatzen hasteko.

      Wunsiedelen apoderatua Broschek izeneko gizasemea zen, ospea zeukan ikaslea zelarik zazpi haur eta emakumezko elbarri bat mantendu zituelako gauetan lan eginez,  lau ordezkaritza eramanez aldi berean, irabazi handiekin hain zuzen, eta oposaketa bana egin zituelako urte bitan, emaitza ederrez. Kazetari batzuek galdetu ziotenean «Eta noiz egiten duzu lo, Broschek?» honela erantzun zuen: «Lo egitea bekatua da».

      Wunsiedelen idazkariak aurrera atera zituen, puntua eginez, gizon ezindu bat eta lau haur, aldi berean Psikologia eta Geografia doktoratuak eskuratuz, artzain zakurrak haziz eta ospea bereganatuz kabareteko kantari bezala Vamp 7 izenarekin.

      Itzarri orduko gauzak egiteko prest dauden pertsona horietako bat genuen Wunsiedel bera: «Ekin egin behar diot» pentsatzen dute txabusinaren gerrikoa kementsu lotzen dutelarik. «Ekin egin behar diot» pentsatzen dute bizarra kenduz eta bizar labanako bitsari eta kendutako iletxoei garaile begiratuz: ile pizar horiek dira beren ekin beharraren aurreneko biktimak. Ekintzarik intimoenek ere harrotu egiten dituzte jendeok: ura badoa, papera erabili dugu. Gertatu da zer edo zer. Ogia jatea, arrautzaren oskola haustea.

      Gertaturik hutsalenak ekintza itxura hartzen zuen Wunsiedel jaunarengan: kapelua janzteko modua, berokia lotzeko estiloa —kementsua oso—, emazteari emandako musua, dena zen ekintza.

      Bulegoan sartzen zenean, honelako diosalak egiten zizkion idazkariari: «Gertatu behar du zer edo zer». Eta hark, umore onez: «Zer edo zer gertatu behar du». Ondoren lantegiko sailak bisitatzen zituen «Zer edo zer gertatzeko dago» alaiki esanez. Denek erantzuten zioten: «Gertatu behar du zer edo zer». Eta nik ere pozik esaten nuen neure bulegoan sartzerakoan: «Gertatu behar du zer edo zer».

      Lehenengo astean, bederatzitik hamaikara handitu nuen erabiltzeko telefono kopurua, bigarrenean hamahirura, eta asko entretenitzen nintzen goizean, tranbian nindoalarik, «gertatu» aditzaren aginte era berriak asmatzen edo aldi guztietan jokatzen, subjuntiboan eta indikatiboan; bi egun eman nituen esaldi bera errepikatzen, zoragarria iruditu zitzaidalako: «Zer edo zer gertatu behar zukeen», eta beste bi egun «Zer edo zer gertatuko balitz!» esaten.

      Pozik ari nintzen egiazki nire lanpostuan, non zer edo zer gertatu baitzen zinez. Astearte goiz batean —oraindik ez nintzen erabat eseri— Wunsiedel sartu zitzaidan bulegoan zakar eta bere «Gertatu beharra da zer edo zer» bota zidanean. Baina haren aurpegian ikusi nuen ezin definituzko zerbaitek zalantza sortu zidan egokia ote zen arautua geneukan bezala «Gertatu behar du zer edo zer» alaiki eta biziro erantzutea.  Sobera luzaz egon nintzen zalantzan, zeren inoiz oihuka aritzen ez zen Wunsiedelek orroa egin baitzuen: «Erantzun ezazu! Erantzun ezazu arautua dagoen bezala!». Eta nik ahapetik eta gogorik gabe erantzun nuen, «Gaiztoa naiz» esatera behartzen duten ume gaiztoak bezala. Ahalegin handia eginez, «Gertatu behar du zer edo zer» esatea lortu nuen, eta esaten amaitu nuelarik, gertatu zen zer edo zer: Wunsiedel zoruan erori zen, pirrilaka egin zuen eta atearen aitzinean geratu zen luze. Berehala jabetu nintzen, mahaia inguratuz hurbiltzen nintzela hantxe jausia zegoen gizonarengana, neure begien aurrean gertatu zenaz: hila zen.

      Buruari eraginik pasatu nuen hanka Wunsiedelen gainetik, Broscheken bulegora joan nintzen karrajuan barrena poliki eta deitu gabe sartu nintzen. Broschek jarria zegoen mahairen ostean, telefono bana eskuetan, boligrafo bat ahoan kaierean oharrak hartzeko, zango hutsik, mahaiaren azpian ipinia zeukan trikotatzeko makina funtzionarazten zuela behatzekin. Horrela lortzen zuen familiaren jantziak osatzea.

      «Gertatu da zer edo zer» esan nion apalik.

      Broschekek tu egin zuen boligrafoa, utzi zituen telefono biak eta kendu zituen zangoak trikotatzeko makinatik.

      —Zer da ba, gertatu dena? —galdea.

      —Wunsiedel jauna hil da —erantzuna.

      —Ez —Broschekek.

      —Bai —nik—, zatoz.

      —Ez —Broschekek ostera, baina sartu zen zapatilen barruan eta karrajuan zehar etorri zen ondotik.

      —Ez —esan zuen berriro, Wunsiedelen gorpuaren aitzinean ginela. «Ez, ez». Ez nion aurka egin nahi izan. Ahoz gora jarri zuen Wunsiedel arta handiz, itxi nizkion begiak eta begira geratu nintzaion pentsakor.

      Txera ona nion gizon hari, eta orduan ohartu nintzen, aurrenekoz, ez nuela gorroto. Lagunen argudioak sinesgarriagoak diren arren Papa Noel egoskor sinesten duten umeek daukaten zerbait zeukan haren aurpegiak.

      —Ez—Broschekek behin eta berriz—, ez.

      —Zer edo zer gertatuko da —neuk, ahapetik.

      —Bai —esan zuen Broschekek—gertatu behar du zer edo zer.

      Gertatu zen zer edo zer: lurperatu zuten Wunsiedel, eta ni izendatu ninduten zerraldoaren atzetik joateko arrosa artifizialeko koroa bat eramanik, bai baitaukat, egonerako eta gogoetarako joera ez ezik, traje beltzekin ongi egokitzen den tipoa eta aurpegia. Sinetsia nago, Wunsiedelen zerraldoaren atzetik nindoala arrosa artifizialen koroa eskuan neramala, efektu ederra egin nuela. Hileta zerbitzuko konpainia dotore batek lanpostua eskaini zidan. «Zu funtzionario sortu zinen», esan zidan konpainiako zuzendariak. «Jantziena gure gain. Zure aurpegia ezin hobea da benetan».

      Agur egin nion Broscheki aitzakia eginik han ez nengoela erabat eroso, neuzkan dohainak, hamahiru telefonoak eta guzti, alferrik galtzen zirela. Funtzionario gisa egin nuen aurreneko lana egindakoan jakin nuen: «Hauxe duk hirea, hauxe duk hiretzat berezia zegoen lanpostua».

      Zutik geratzen naiz, gogoetan baitaratua, lore sorta xume bat eskuan, hil kaperan, katabutaren atzean, Haendelen Luzea jotzen dutela, behar adina kasu ematen ez zaion musika pieza hori. Hilerriko kafetegian egoten naiz gehienetan. Han ematen dut nire jardun profesionalen artean libre dudan denbora, baina batzuetan, behartua ez nagoen arren, lurperatzeetara ere joaten naiz, erosten dut lore sorta bat neure dirutik, eta deserrian hildakoren baten katabutaren ondotik doan benefizentziaren enplegatuarekin batzen naiz. Aldian behin bisitatzen dut Wunsiedelen hilobia ere, hari zor baitiot, azken finean, nire zinezko lanbidea aurkitu izana, gogoeta komenigarria duen eta egona ezinbestekoa duen lanbidea.

      Handik luzera konturatu nintzen ez nuela sekula jakin-minik izan Wunsiedelen lantegian ekoizten zenaz. Xaboia ote zen.

 

GERTATU BEHAR DU ZER EDO ZER
Heinrich Böll

Es wird etwas geschehen
Doktor Murkes gesammeltes Schweigen und andere Satiren, 1958
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015