FORTUNAREN DAMA ETA ERROMESA
Ambrose Bierce

euskaratzaileak: Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Hamairu ate, Elkar, 1985

 

«Ardau sikua gozoa baino,

zentzua sendimendua baino,

zuhurtasuna umorea baino

eta inglesera garbia hizketa arruntak baino

nahiago dituzten arima argituentzat

egiten ditut ene idazlanak.»

A.B.

 

 

 

FORTUNAREN DAMA ETA ERROMESA

 

            Erromes akitu bat bide bazterrean etzan eta loak hartu zuen, osin sakon baten ertzean. Fortunaren damak aurkitu zuen han.

            — Tonto hau —pentsatu zuen Fortunaren Damak— amets nahasi bat heldu eta osinera eroriko balitz, gizasemeek neuk erorarazi dudala esango dute. Mingarria da enetzat arrazoirik batere gabe sala nazatela; edozer egiteko gertu nago hori gerta ez dadin.

            Horixe esanaz, erromesa osin barrura bultzatu zuen.

 

OTSO ETA ZAKURRAK

 

            — Zergatik izan behar dugu elkarren etsai? —esan zieten otsoek ardiei—. Zakur lotsagabe horiengatik da, ohil ditzagun eta bakea ukanen dugu gure artean.

            — Zuek —erantzun zuten ardiek—, badirudi zakurrak ohiltzea erraza dela uste duzuela.

 

GIZASEMEA ETA ANTZARAK

 

            — Begira itzazue urrezko arrautza miresgarriok —esan zuen gizaseme batek, antzara bat erosi ondoren—. Horrelako arrautzak egiten dituen antzarak urre meategi bat eduki behar du bere barruan.

            Orduan, gizaseme hark hil egin zuen antzara hura, baina ikusi zuen beste edozein antzaren gisakoak zituela barruak.

            Gainera, eginda utziriko arrautzak berriro ikerturik, arrautza haiek ere beste edozein arrautzaren gisakoak zirela ohartu zen.

 

FORTUNAREN DAMA ETA ERROMESA
Ambrose Bierce

euskaratzaileak: Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Hamairu ate, Elkar, 1985