LA NAN M.-REN HERIOTZA
John Berger

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

Ezin izan zuenean

oiloentzako zahia egin

edo zoparako

patatarik zuritu

jangartsu bihurtu zen

eta ez zuen aurrerantzean

ia mokadurik hartu

ezta ogia ere

 

Gizonak beltzez margotu zuen bere burua

abarren gainean erroiei begiratzeko

ordurako oso gora ez zabiltzanak

lurraren gain-gainean baizik

 

Supazterra baino txikiago

jesartzen zen leiho ondoan

kanpoan, porruak hazten ziren

 

Pilatutako egurraren ondoan

—emakumeak lepo gainean

eroan izan zituen txapar mazelak—

gizona makurtu eta

zur egiteko motzondo bihurtu zen

 

Errainak

oiloak gobernatzen zituen

jaten ematen zion suari

 

Gauean emakumearen ohea kiskaltzen zuen

suaren albo batera eta bestera etzaten zen

Kontrakoa ote zen eskatzen ari zitzaiona?

Esnea, erantzuten zuen gizonak irritsez

 

Sukaldean bilduta

auzokoek emakumeak arnasaren alde

zeraman borroka jarraitzen zuten

 

Goian mendian

gizonak elur-izotzen gainean

pixa egiten zuen

uhaitza urtzeko

 

Emakumea erosoagoa zegoen

burua besaulki gainean

etzaten bazuen

 

Haren gernuak

izotz-kandelaren itxura zuen

eta kolorgea zen

 

Eskuan

zapi bat gordetzen zuen emakumeak

hura hurreratzen zuen ahora

garbitu nahi zuenean

 

Ispilu beltzean

ez zen hatsik inoiz

 

Bazihoazenean

bisitariek bekokian ematen zioten musu

eta emakumeak ahotsetik ezagutzen zituen

 

Orgatxoari bultzaka

izoztutako simaurraren gainera

irauli zuen gizonak

artean epel zango biak

 

Ezkontzako

hirurogeita hamargarren urteurrena

sukaldean kuzkurtuta

eman zuen emakumeak

tartean behin semeari deika

abizenez hots egiten zion

txapinetan hartz bat bezala

kulunkatzen zen hari

 

Akats bat egin zenuen

Herio ez dabil egundo txantxetan

ez zenuen zahartu behar

 

Ni ez naiz lapurra erantzuten zuen

 

Hilik garaia zirudien

ohean luze etzanda

emaztegaitan bezala

soinekoa eta botak jantzita

baina eskubiko sorbalda

eroriagoa zuen ezkerra baino

karreatu izan zuen guztiagatik

 

Haren hiletan elurrak

zulogileak baino arinago

ehorzten zuela ikusi zuen herriak

 

LA NAN M.-REN HERIOTZA
John Berger

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017